Iruñeko euskaldunok

Ongi egiten duzu euskaraz, Iruñekoa izanda". Horra hor behin baino gehiagotan Iruñerriko euskaldunoi egindako ganora gabeko epaia. Oro har, eremu erdaldunetako euskal hiztunoi botatako esaldi-misila. Ahoskatu orduko, solaskidearen hizkuntz harrotasuna bete-betean jotzen duen proiektila.

Bada, halaber, esaldi horren bertsio estentsiboa: "Ongi egiten duzu euskaraz, nafarra izanda". Biak ala biak, ezjakintasunaren adierazle. Eta, dena den, berdin-berdin min ematen jarraitzen dute. Zaila da euskaldun izatea legedi erdalzale baten oldarraldiei aurre eginez. Zailagoa da, baina, gure hizkuntzan egitea urgazle usteko euskaltzale orojakileen ondoan.

Euskara gure territorio libre bakarra omen da. Hala ere, konplexuek, beldurrek eta lotsak kateatuta gaude. Askatasunez solas egin ezinik. Gaizki ahoskatutako hitzak zenbatzeko eskuak libre; hitz egiteko mingainak, aldiz, estuki lotuta. Legediak mugatu ezean, inguruak; eta inguruak zalantzan jarri ezean, guk geuk paratzen dugu geure burua ikusmiran. "Hau hola da?" edo "Formalegia ote hitz hau?". Zalantza. Bitartean, badaezpada, gazteleraz eskatuko dugu okindegian.

Euskara zuzen eta egokia alboratu nahirik ez dut. Beharrezkoak zaizkigu kalitatezko idazkiak eta beharrezkoa ere ahozko hizkuntza zaindua. Eta badaude esparru batzuk, non ezin dugun baimendu lengoaia urraketarik.

Eduki genuen, behin, unibertsitatean, "belarra" eta "arbela" hitzak nahasten zituen irakasle bat —biak berdeak direlako, agian? —. "Idatzi ezazue belarrean", zioen. Beste behin, ergatiboa erabiltzen asmatzen ez zuen beste batek eman zigun klase. Ariketa guk berari eman behar genion ulertu gabe. Edo, akaso, ariketa berak guri. Edo aldrebes. Edo auskalo.

Batzuetan, batzuek museo bateko areto nagusiko koadro inportanteena balitz bezala zaintzen dute euskara. Soilik begiratzeko, ukitzeko beldur, harekin jolasteko mesfidati. Besteetan, beste batzuek, begirunerik ez, eta museoko segurtasun zaintzailea tratatuko luketen eran tratatzen dute. Zakar eta axolagabe. Ez dugu ez bata ez bestea behar. Harribitxi bat dugu esku artean, baina ukitu daitekeen obra da, hatzek markatuko ez dutena.

Euskara altxor etnikoa dela dio Koldo Izagirrek. Arrarotasunean arraro dela, alegia. Espero ez den gauza bat. Bitxikeria. Orduan, euskara Nafarroan, gainontzeko euskal lurretan baino exotikoagoa izanda, nola definituko genuke? Altxor etnikoa baino areago, xelebrekeria antropologikoa izan beharko luke?

Nafarroako Museoko erakusketetan fosil gisa egon aurretik, jolastu gaitezen euskararekin. Lotsarik gabe. Izan Iruñekoak, Tulebrasekoak edo Tuterakoak. Noizbait, Nafarroan egonen diren erdaldun gutxiek harrituta esanen dute: "Ongi egiten duzu gazteleraz, Corellakoa izanda".

Sanferminetan “saltzen den” irudiari buruzko gogoeta eskatu du oposizioak

Sanferminetako mahaiko hainbat parte hartzailek jaietan "saltzen den" irudiari buruzko gogoeta eskatu dute. Bereziki "edozer gauza egin daitekeelako" irudia bertan behera utzi behar dela nabarmendu dute mahaiko hainbat kidek. Astelehenean bildu zen, jaien ostean lehen aldiz, sanferminetako mahaia. Bertan, Enrike Maia Iruñeko alkateak jaien balorazioa aurkeztu zuen. Azken sanferminen balorazio positiboa egin zuen, hiru salbuespenekin: txupinazoko ikurrinaren ekintza, uztailaren 7ko prozesioko Curia kaleko gertaerak eta entzierroetako gorabeherak. Era berean, parte hartzaileen iritziz datozen sanferminetan hobetu beharrezko zenbait gai proposatu zituzten. Esaterako, aparkalekuak, entzierroetako masifikazioa, kaleen garbiketa eta hiritarren parte hartzea.

Iruñeko Udaleko NaBaiko zinegotzi Itziar Gomez kezkatua dago kanpoko bisitariei eskaintzen zaien jai ereduarekin. "Munduan saltzen dugun sanferminen markaren inguruan gogoeta egin behar da, XXI. mendean edozer gauza egin daitekeelako marka baita sanferminetakoa, sexismoan oinarritutakoa". Ezkerra koalizioko zinegotzi Edurne Eginok ere jaien irudi hori salatu zuen. "Iruñeko jaiak irudi sexistekin saltzen dira; baina ez da hori bakarrik, Nabarreriako iturritik salto egitea eta halako ekintza arriskutsuak txalotzen dira, bai eta entzierroetan inolako informazio eta prestakuntzarik gabe parte hartzea ere".

Entzierroetan gertatutako masifikazioa hizpide izan zuten astelehenean egindako bileran. Entzierroetako korrikalari Javier Bellosok gai horri buruzko zenbait proposamen aurkeztu zituen. Besteak beste, entzierroen aurretik ibilbidea guztiz hustea, parte hartzaileen kopurua kontrolatzea eta parte hartzeko irizpideak berrikustea. Maiak ez zuen gai horren inguruko adierazpenik egin oraindik udalak ez duelako erabakirik hartu. Urriaren 1ean entzierroaren mahaia bilduko dela adierazi du alkateak. Bilera horretan, proposamen horiek eta beste batzuk aztertuko dituzte.

3.000

Alzheimerra diagnostikatu gabe duten gaixoak. Espainiako Neurologia Elkarteak egindako ikerketa baten arabera, alzheimerra duten hamar lagunetik lauk ez dute gaixotasunaren diagnosirik. Orotara, Nafarroan 9.000 lagun inguruk dute alzheimerra. Ikerketan jasotzen denez, gutxienez 3.000 gaixok ez dakite gaixo daudela.

Hitzaren eta soinuaren bila

Urritasun ikusezina deitzen zaio sarritan gorreriari, batez ere zaila delako pertsona bat begi bistaz bakarrik gorra den ala ez ebaztea. Hala ere, urritasun hori ahalik eta goizen antzemateko programa bat dago abian Osasunbideko Nafarroako Ospitale Gunean 1999. urtetik. Izan ere, zenbat eta lehenago antzeman haur batek entzumen arazoak dituela, orduan eta lehenago hasiko da urritasun horri aurre egiteko tratamendua. Askotan hitz egiten ere ikasten dute haurrek, gurasoek eta profesionalek elkarlanean egindako lanari esker.

Gorrak gizarteratzeko, lan handia egin du Eunate Entzumen Urritasuna duten Senideen Nafarroako Elkarteak 1999. urtetik. Hain justu, bihar da Gorren Nazioarteko Eguna. Gorren errehabilitazioan sinesten dute. Horretarako, besteak beste, logopedia zerbitzua dute. Goizean 3 urte baino gutxiago dituzten haurrak joaten dira elkarteak Iruñeko Donibane auzoan duen egoitzara; arratsaldean, berriz, 3 urte baino gehiago dituztenen txanda izaten da.

Guraso askori medikuak haurra gorra dela jakinarazten dietenean, dozenaka galdera sortzen zaizkie. Galdera horien erantzunen bila jotzen dute askok eta askok Eunatera. Hala egin zuen esaterako, Ignacio Toñi egun elkarteko idazkari denak ere. Bikiak diren Martin eta Ainhoa seme-alaben aita da. Behar baino lehen jaio ziren haurrak, eta aitortu duenez, ziurtzat ematen zuten horrek haurrei kalteren bat eragingo ziela. Martinek oraingoz ez du inolako arazorik, baina Ainhoa, arreba, gorra da. Jaio bezain pronto egin zizkieten biei otoemisio azterketak —entzumen sisteman arazorik baden antzemateko probetako bat—. "Horrela jakin genuen litekeena zela Ainhoak entzumen arazoren bat izatea", azaldu du Toñik.

Dena den, horrek ez zuen esan nahi hipoakusia —gorreria— zuenik. Baina bigarrenez proba egin, eta orduan ere ez zuen gainditu. Ondorioz, mediku eta espezialistek esan zieten adi egoteko etxean, zaratarekin mugitzen zen edo ikusteko. "Guk txakurra dugu etxean, eta atea ixterakoan zarata egiten bazuen, alabak inoiz ez zuen egoera horietan erantzuten".

Ondoren potentzialen proba deiturikoa egin zioten Ainhoari. Lau hilabeterako jakinarazi zieten Toñi eta bikotekideari alaba gorra zela. Hasieran audifono bat paratu zioten. "Sei hilabeterekin Gorreria Goiz Detektatzeko Zerbitzuan hasia zen, eta ez zuen espero zen erantzunik eman". Urtebete egin, eta lehenengo ebakuntza egin zioten: kokleako inplantea jarri zioten. Geroxeago paratu zioten bigarrena.

Halako arazoak dituzten haurrentzat denbora oso garrantzitsua dela ohartarazi du Karen Azkona Eunateko logopedak. Izan ere, ahots harietan bestelako arazorik ez badute, gorreria duten haur askok hitz egitea lortzen dute. Denbora da, ziur aski, haurren zein profesionalen areriorik handiena.

Hain justu, entzumena lantzeko eta hitz egiten ikasteko joaten da Ainhoa astean bitan Eunateko logopedia eskoletara. Neska pizpirina eta argia da. Keinuen bitartez indartzen ditu Azkonak bere birgaitze eskolak: "Keinu hizkuntzako hainbat keinu erabiltzen ditugu, esaten duen hori indartzeko xedez".

Haur gorren eskolaratzea ahalbidetzeko, sare publikoan gorrentzako baliabide bereziak dituzten eskolak badira. Hala ere, mediku, irakasle zein logopedek osatutako aditu talde batek gomendatzen die gurasoei haurra zein eskolatan matrikulatu. Dena den, Toñik jakinarazi du haurren gorreriaren inguruan ezjakintasun handia dagoela. Eurek, esaterako, alaba ez dute eskola berezi batean matrikulatu, Ainhoak Martin anaia bikiarekin batera ikasteko aukera izan zezan.

Hipoakusia edo gorreriaren inguruko informazioa hedatzeko asmoz, Eunatek jardunaldi batzuk antolatu ditu. Orotara, hiru saio izango dira. Asteazkenean egin zuten lehena NUPeko Arrosadiko campusean. Hurrengoak urriaren 2an eta 9an izango dira. Batez ere, hezkuntza eremuko profesionalentzako jardunaldiak dira.

“Auzolanetik Iruñeko liburu saltzaile guztiak pasatzen dira”

Udazkeneko arratsalde epel batean, Iruñeko Alde Zaharrean pasieran ibiltzea beti da gozagarria. Ezer berezirik egin behar ez den egun horietako batean, San Gregorio kalean dagoen Auzolan liburu dendarekin topo egitea plazer txiki bat izan daiteke literaturzalearentzat. 1977ko maiatzean sortu zen, eta euskal literaturak Iruñean behar zuen lehen erakusleihoa izan zen. "Garai hartan, Iruñean bi liburu denda zeuden: Gomez eta Parnasillo. Horien aurrean alternatiba bat eskaintzeko sortu zuten Mertxe Zufiak eta Jon Mujikak Auzolan liburu denda. Euskal literatura zabaltzeko, baina baita literatura unibertsala, gizarte zientziak, artea eta beste hainbat gai lantzeko ere", horrela azaldu du Unai Pascual Loiartek, Auzolaneko langileak (Iruñea, 1976). Auzolan ireki zutenetik, 36 urte igaro dira. Pascual Loiarteren arabera, hasierako proiektuak aldaketa asko izan ditu urte horietan, baina gaur egun hasierako ideiara bueltatu dira. Gizarte mugimendu txikiekin eta liburuaren munduarekin lan egin nahi dute. Auzolan ez da liburu denda soila, gaur egun hiru proiektu baitaude liburu dendan bertan: denda bera, Denonartean argitaletxea eta formakuntza tailerrak.

"Liburu denda honetatik Iruñeko liburu saltzaile guztiak pasatzen dira: Parnasillokoak, Hormigako Atomikakoak, Elkarrekoak...", azaldu du Pascual Loiartek. Horrek erakusten du liburu dendak duen erreferentzialtasuna. Iruñeko Elkar —Zabaltzen zena— eta Pamiela argitaletxeak ere Auzolaneko biltegian hasi ziren. Urte hauetan guztietan aldaketa ugari izan ditu Auzolan liburu dendak. 1997an salto handi bat egin zuten, eta Tutera kalean —autobus geltoki zaharraren parean— ireki zuten denda handi bat. Lokal berrian paper denda bat jarri zuten, eta material pedagogikoan espezializatutako banatzaile batekin lanean hasi ziren. San Gregorio kaleko dendan, aukerako liburuak saltzen zituzten bitartean.

Garai horretan liburuaren mundua boom batean zegoela dio Pascual Loiartek. "Asko saltzen zen, liburuaren mundua burbuila batean zegoen, eta noizbait eztanda egin behar zuen". Eztanda 2007an gertatu zen; salmentak ikaragarri jaitsi ziren hainbat arrazoiengatik: testu liburuak urtero berritu beharrean lau urtean behin aldatzen hasi ziren; liburu digitala agertu zen; aukerako liburuak saltoki handietan saltzen hasi ziren; eta, nola ez, krisialdi ekonomikoak ere eragin du horretan guztian. Krisialdiak proiektuaren inguruko gogoeta eskatu zuen. Beraz, San Gregorio kaleko denda indartzea erabaki zuten, eta Tutera kaleko denda joan den urtarrilean itxi zuten. "Orain, hasierako tokian gaude berriz ere, liburuaren munduak duen prekarietatean, handik eta hemendik gauzak egiten, aurrera jarraitzen dugu".

XXI. mendeko liburugintza

Mende berriak aldaketa asko eragin ditu liburugintzan. Internetek eta liburu digitalaren agerpenak liburuak doan izateko ahalbidetu dute. Horrek salmentak nabarmen jaitsi ditu. Baina gauza onak ere sortu ditu: "Liburu dendara etortzen den jendea liburuak maite dituen jendea da. Gaur egun, Interneten dena aurki dezakezu dohainik; beraz, interesik ez duen jendeak ez du zertan dendara etorri behar". Pascual Loiarteren ustez, Auzolan liburuak erosteko toki bat baino askoz gehiago da. "Guk nahi duguna da jendea hona etortzea eta lasai asko ordubete edo bi ordu pasatzea".

Konpetentzia handia dago liburu denden artean; orduan, bakoitzak zerbait berezia eskaini nahi du. Auzolanen kalitatea eskaini nahi dute. Horretarako, liburu dendaz gain, kultura eskaintza ere badute hainbat ekinaldirekin: irakurle kluba, filosofia tailerra eta zenbait foro.

Auzolanari lotu zaion beste proiektu bat Denonartean argitaletxea da. "Argitaletxea dendatik kanpo hasi zen, baina denborarekin lotu egin dira", azaldu du Pascual Loiartek. Argitaletxearekin idazle hasiberriei publikatzeko aukera eman nahi diete. Genero aldetik denetarik lantzen dute: poesia, saiakera, narratiba... Baina indar berezia eman diote haur eta gazte literaturari. Pascual Loiartek dio gaur egun euskaraz dagoen haur eta gazte literatura gehiena itzulia dela. Egoera horri buelta emateko lanean dabiltza. Denonartean "haur eta gazte literatura harribitxi bat da, eta oso idazle finak ditugu gure artean".

Liburu digitalak merkatua irauli du. Hala ere, Pascual Loiartek ez du mundu horretan sartu nahi. "Amazon, Apple eta Googlek munduko liburu digitalaren negozioaren %85 kontrolatzen dute, %10 dohainik eta legalak diren webguneek mugitzen dute, eta soberan dagoen %5 munduko beste saltzaile guztien artean banatzen da; ez gara borroka horretan sartuko". Pascual Loiarterentzat, gainera, liburu digitala "kalitate gutxiko liburua" da. Berak betiko liburua maite du, eta horrekin jarraituko du lanean, etengabeko berritze era sormenean.

Heldu den hilabetean hasiko da Musiketan zikloa

Urrian hasi eta maiatzera arte izango da Musiketan musika jaialdia. Iruñeko Baluarteko Ganbera aretoan emango dituzte kontzertu guztiak. Nazioarteko zortzi talde eta bakarlarik parte hartuko dute aurtengo jaialdian. Musiketan Bilbon jaio zen, 1994an eta, iaz, Iruñean ere hainbat saio egitea pentsatu zuten antolatzaileek. Javier Lakunza Baluarteko zuzendariak dioenez, Musiketan formatu txikiko kontzertuen jaialdia da, eta Baluarten ez dituzte horrelako ikuskizun asko eman.

Jose Angel Serrano Musiketan jaialdiko sustatzaileak, berriz, azaldu du Musiketan jaialdiaren bitartez Nafarroan horren ezagunak ez diren, baina kalitate handikoak diren nazioarteko musikariak ekartzen saiatzen direla.

Musikari eta estilo ugari

Nazioarteko zortzi talde arituko dira Baluarteko Ganbera aretoko agertokian. Lehena Alice Francis abeslari errumaniarra izango da, urriaren 19an. "Francis neo-swing, charlestone eta jazz estiloak nahasten dituen artista ezohikoa da", azaldu du Serranok.

Dena Derosek, bestalde, azaroaren 29an joko du. 2003. urtean www.allaboutjazz.com webgunean urteko jazz artistarik onena izendatu zuten piano jotzaile eta abeslari estatubatuarra.

Baina artista nagusia Elliot Murphy izango da beste urte batez, iaz Baluarteko Ganbera aretoa bete ostean. Oraingoan, urtarrilaren 17an joko du. New Yorkeko artista beteranoa, mundu osoko rock musikagilerik errespetatuenetarikoa da.

@sarean

Landa eremuko eskolen inguruan informazioa lantzen duten zenbait webgune.

http://www.hikhasi.com/artikulua/1937. Artikulu honetan Hik Hasi hezkuntza aldizkarian Nafarroako landa eremuko eskolen kasua lantzen du.

www.escuelarural.net .Gaiaren inguruko zenbait artikulu daude.

Bi burutazio

Azkenaldian, Iruñerriko Mankomunitateak bi ateraldi xelebre izan ditu, bat garraio publikoaren zulo beltza estaltzeko zerga berri bati buruzkoa eta bertzea hondakinen bilketan borzgarren edukiontzia ezartzearen ingurukoa. Lehenbizikoak oihartzun eskasa izan zuen —gehiegi hausnartu gabeko bat-bateko ideia izan zelako, akaso—, eta ikusteko dago bigarrenak zer erantzun dakarren.

Billabesena. Garai batean, Cotup izeneko kooperatibak kudeatzen zuen Iruñerriko Billabesen garraioa. Gero, La Montañesa bertako enpresak irentsi zuen kooperatiba; baina segituan azken hori Veolia enpresa frantsesak fagozitatu zuen. Azken lehiaketan, TCC kataluniarrek kendu zieten frantsesei gure garraioaren kudeaketa. Eta bide malkartsu horretan, Iruñerriko garraio publikoa putzu ekonomiko sakon eta ilun batean hondoratu da. Apirilean, Nafarroako Gobernuak erran zuen ez zuela zuloa estaltzeko diru gehiago jarriko, eta Mankomunitatekoek adierazi zuten garraioaren gaineko zerga berri bat ezartzea aztertzen ari zirela.

Iruñerriko etxe bakoitzak 10 euro urtean. Horixe izan zen burutik pasatu omen zitzaien lehenbiziko zenbakia. Egia da Mankomunitateko arduradunek aipatu zutela zerga hori, ezartzekotan, "oso ongi" aztertu nahi dutela. Baina egia da, era berean, aipatu izan zen zifra bakarra 10 eurokoa izan zela. Egunero lanera bizikletan doan baina billabesa sekula hartzen ez duen bi seme-alaben amak, hamar euro. Ogia erostera ere autoan doan eta billabesa sekula hartzen ez duen mutilzaharrak, hamar euro. Zerga orekatua, ezta?

Borzgarrena. Abuztuan jakin genuen Mankomunitateak azaroan hasiko dituela Iruñerri osoan borzgarren edukiontzia ezartzeko lanak. Barañainen hasiko dira. Badakizue, orain lau edukiontzi ditugu: lehenbizikoan ontziak, metalak eta plastikoak bota behar ditugu; bigarrenean, beira; hirugarrenean, papera eta kartoia; eta laugarrenean, materia organikoa eta gainerakoa (errefusa). Sistema hori dela eta, apenas birziklatzen den materia organikorik, gauza askorekin nahasita biltzen baita. Konparazio batera, 2012an, jasotako materia organikoaren %18,3 berreskuratzea lortu zuten.

Europak behartuta, Mankomunitateak jasotako organikoaren %50 berreskuratu nahi du, eta hartara ezarriko du borzgarren edukiontzia, ontzi horretan bakarrik materia organikoa biltzeko. Eta gauza polita litzateke, zinez ederra, baldin eta amarrua ez balu: Mankomunitateak ez ditu herritarrak borzgarren edukiontzi hori erabiltzera behartuko. Mankomunitatearen asmoekin bat egiten duten herritar engaiatuei (engainatuei?) giltza emanen diete, eta beraiek bakarrik erabiliko dute borzgarrena. Gainerakoek lasai asko segitu ahal izanen dute ontzi berean elkartzen materia organikoa eta sudur puntan jartzen zaien edozer gauza. Gauzak ongi ala izugarri gaizki egin, denok berdin-berdin ordainduko dugu, Mankomunitateak ez baitu aurreikusten diru sariak ematea edo isunak jartzea. Sistema orekatua, ezta?