‘Anuus horribilis’

Yolanda Barcinak ziurrenik hasperenka amaituko du 2013a. Ingalaterrako erregina parafraseatuz, anuus horribilis izan da UPNrentzat. Urtarrilean inor gutxik susmatuko zuen gobernua erortzear izango zela. Hala ere, Barcinak jakin du aurkarien kolpeen erauntsiari eusten, eta, Gorenaren erabakiak lagun, zutik jarraitzeko balio izan dio.

A. Alvaro Miranda

Presidenteorde ohiak inputatu gisa deklaratu zuen apirilaren 16an. "Beti lan egin dut zintzo, nire lurraren alde". Epailearen aurrean esan zuen legeak zioenaren aurka ez zegokiola gobernuari Nafarroako Kutxako kontuak kontrolatzea. Epaileari legea nola interpretatu aholkatzen ere ausartu zen. Auziaren artxiboak Iruñerriko Mankomunitateko goi kargudunaren lasaitasunera itzularazi du.

B. Benito epailea

Utzi dioten tokiraino heldu da Maria Paz Benito epaile instruktorea. Pertsona esanguratsuen aurka jo izanaren ondorioz, presio handiak jaso zituen, baina bereari eutsi zion, eta instrukzio zorrotza egin zuen. Ikerketari esker jakin zen CANeko Batzorde Iraunkorreko kideek zenbat kobratu zuten, araudietatik at nola antolatu zuten organoa, akta batzuk manipulatu zituztela eta bileretan ezer ez egiteagatik dirua kobratzen zutela. Auzia artxibatu behar izan zuen, baina agintarien moral falta argi geratu zen.

C. Catalan, Alberto

Bere unea zen UPNren buruzagitzara iristeko. CAN auzian ez zegoen zipriztinduta. Operazioa prest zegoen: balizko garaipen batek PSNrekin berriz akordioa egiteko aukera ematen zion. Porrot egin zuen. Diario de Navarra-k lagunduta, Barcinak irabazi zion.

D. Dietak

Urteko hitza da. Aurten jakin da zenbat diru kobratzen zuten UPNko eta PSNko politikari esanguratsuek juridikoki aholkuak ematea beste funtziorik ez zuen organo batean biltzeagatik. Aurten jakin da Miguel Sanzek 62.817 euro garbi irabazi zituela, Yolanda Barcinak 43.236 euro eta Roberto Jimenezek 34.340 euro. Aurten jakin da egunean bi eta hiru aldiz biltzen zirela eta egun bakarrean 5.600 euro kobratzen zituztela. Aurten jakin da ez zutela ezer egiten bileretan. Aurten ez du inork dimititu.

E. Enrique Goñi

Otsailaren 19an, parlamentuan agerraldi luzea egin zuen, eta aurrezki kutxako buruzagi guztien erantzukizuna saihestu zuen, berea barne. Autokritika bakarra egin zuen: ez zuela behar beste defenditu kutxa, kanpoko kritiken aurrean. Haren esanetan, aurreikusi ezin zitekeen finantza tsunamiaren ondorioz amaitu zuen CANek Caixabanken eskuetan. Parlamentarien galdera ugari erantzun gabe utzi zituen, eta agerian geratu zen horrelako agerraldiek aurpegia zuritzeko baino ez dutela balio.

F. Fundazioa

Egun, CANen, Nafarroako erabakigune bakarra fundazioa da. Caixabanketik iritsitako irabaziak kudeatzen ditu, gizarte ekintzara bideratzeko. Gobernuak izendatutako batzorde batek bere estatutuak jorratu zituen ekainean, gobernu onaren printzipioen arabera. Beranduegi.

G. Gorena

Dieten auzia gainetik kendu zuen Auzitegi Gorenak uztailean. Etikoki gaitzesgarriak izan zitezkeen jarrerak antzeman arren, eroskeria desegokirik ez zegoela ebatzi zuen. Barcina inputatu eta Nafarroan sute politikoa eragin baino, nahiago izan zuen eskuak garbitu eta auzia artxibatu.

H. Helegiteak

UPNk nahierara ulertzen du autogobernua. Parlamentuko gehiengoak onartutako foru legeen aurka Espainiako Gobernuak 11 helegite jarri ditu honezkero Auzitegi Konstituzionalean. Helegiteok eta Espainiako Gobernuak ezarritako oinarrizko legediek Nafarroako foraltasuna mehatxatu arren, gobernuak beste aldera begiratu du. Abertzaleen mamua astindu du.

I Isidro Faine

Nafarroako Kutxako buruzagi berria, Isidro Faine Caixabankeko presidentea, Nafarroan izan zen urriaren 15ean, eta, agidanez, Barcinari eskua bota nahi izan zion. "Nafarroara natorrenean paradisura natorrela sentitzen dut". Faineren esanetan, nafarrak ezin dira bizi-kalitateaz kexatu eta, Espainiako lurraldeen aldean, egoera "hobean" daude.

J. Javier Taberna

Urteak joan, urteak etorri, Javier Tabernak Merkataritza Ganberako zuzendari nagusi gisa segitzen du. 1991tik botere ekonomikoaren hariak mugitu eta Enrique Goñi aurrezki kutxara sartzeko rol erabakigarria jorratu zuen pertsonalitate horrek iaz saria eman zion bere lagun min Antonio Catalani. Urrian "egonkortasun politikoa" exijitu zien alderdiei, azken 22 urteetako egonkortasun bera. Azken finean, Tabernak betiko Nafarroa nahi du. Lagunartekoa.

K. Kontuz

UPNko agintarien aurtengo amesgaizto bihurtu da Kontuz elkartea. Haren salaketak abiarazi zuen auzi judiziala, eta euren ikerketek aurrezki kutxako hainbat inbertsio ilun azalerazi dituzte: dietak, eraikuntza enpresaburuei erositako zoruak, Tenaria, Oexia, AC Hoteles... Mehatxu eta presio ugari jaso arren, gizarteko sektore zabal baten babesa jaso du.

L. Lourdes Goikoetxea

Zor publikoak nabarmen egin du gora, eta zerga bilketan BEZ zergaren bilakaerak zuloa eragin du. Altxorrean zuloak izaki, Goikoetxea kexu azaldu da Mirandarengandik jasotako ondareagatik eta oposizioak behin eta berriz azalpenak eskatu dizkiolako. Bai astuna demokrazia!

M. Maia, Enrique

Inputatua egon zenean, burumakur, bere errugabetasuna aldarrikatu zuen, eta kontzientzia "lasai" zuela adierazi. Batzorde Iraunkorreko bileretan "lan egin" zuela zioen. Txupinazoan ikurrin erraldoi hura jartzea egotzitako pertsonak atxilotzean, erruduntzat jo zituen, eta "iruindarrei irain egitea" egotzi zien. Epaitzeko, bi neurgailu ditu Maiak: estua berekiko, zabala besteekiko.

N. 'Navarra'

Gobernua zenbat eta ahulago egon, mamu ugari azalerazi ditu UPNk: arlo publikoan ezker abertzaleak D eredua politizatzeko arriskua; sanferminetan ikurrinak herritarrei irain egitea; tarta bidezko terrorismoa; marrazki bizidunak euskaraz ikusteko ilegalitatea... Navarra inguratuta dago, mehatxupean.

O. Oesia Network

Kontuz-ek aurten salatu du afera. 2009 eta 2010 artean, Cajasolek eta Nafarroako Kutxak galerak zituzten bi inbertsio partekatu zituzten: Guascor eta Oesia Network. CANek Oesiaren %19 erosi zuen 44 milioi euroren truke —urtebete lehenago %10 erosi zuen 22,4 milioiren truke—. Hiru urtetan Oesiak 57 milioi euroko galera eragin zion CANi.

P. PSN

Gobernua ahul eta gutxiengoan egonagatik, PSNk ez du aurrerapausorik eman. Azken finean, Alfredo Perez Rubalcabak martxoan argi utzi zuen hauteskundeak ez zirela aurreratu behar, eta aholku hura zintzo bete du, nahiz eta Barcinari bozak aurreratzeko behin eta berriz exijitu. Eskizofrenia horrek arrazoi bakarra du. Laugarren edo bosgarren indar izateko beldur da.

R. Ricardo Marti Fluxa

Kontuz-eko ikerketa taldeak aurten kaleratutako El Banquete liburuan argi geratzen da Espainiako segurtasun idazkari ohiak funtsezko rola izan zuela CANen gainbeheran. Ez da Nafarroara etorri azalpenak ematera. Madrilen dago, higiezin sektorearen lobby-ko eledun gisa.

S. Sanz, Miguel

Tragoxka garratza irentsi behar izan zuen inputatu gisa deklaratzean, auzia artxibatu zenean. UPNren norabiderik ezaz kezkatuta, hauteskundeetan bakarrik joateko komenigarritasunaz aholkatu zion Barcinari. Sanzek gaztatxoaren teoria errepikatu nahi du.

T. Tartak

Urteko metafora. Ezer ez egiteagatik dieta oparo eta ilegalak kobratu zituzten politikariak, presidentea barne, onik atera dira epaitegietatik. Frantzian Barcinari merenge tartak jaurti zizkioten ekintzaileei, berriz, bi urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak.

V. Vialogos

Kontuz-en beste ikerketa bat. Nafarroako Kutxaren proiektu hartako zuzendari izan zen Enrique de Mulder. Lau urtez, Vialogosek 2,6 milioi euro ordaindu zizkion bere emaztearen enpresari. Ez du inongo azalpenik eman.

Y. Yolanda Barcina

Ozta-ozta salbatu du urtea. Lehenik, UPNko Kongresua boto gutxigatik irabazi zuen. Gero, EH Bilduk aurkeztutako zentsura mozioa gainditu zuen, PSNren abstentzioak lagunduta. Azkenik, Gorena etorri zen erreskatera, eta inputazioa saihestu zuen. Alderdi barruko kritikak ez ditu gainditu. Estrategiarik ez duela diotenei erantzun die: abertzaleenganako beldurra da bere taktika bakarra botereari eusteko.

Z. Zentsura mozioa

EH Bilduk zentsura mozioa aurkeztu zuen, eta Juan Carlos Longas izan zen hautagaia. Helburua zen mozioa aurrera atera eta lehenbailehen hauteskundeetara deitzea. Besteek kritikatu arren, erretratu fidela islatu zuen bozketak. PSNren abstentzioa Barcinaren aldeko boto bihurtu zen.

Barricada: hiru aldiz agur rockari

Musika egin nahi zuen gaztetxo talde bat oholtzara igo zen Iruñeko Txantrea auzoan, 1983ko apirilaren 8an. Herritarrek iganderoko azokan erosketak egiten zituzten bitartean, rock doinuak sortzeari ekin zioten hiru taldekideek: Javier Hernandez Boni gitarra jotzailea, Jose Landa bateria jotzailea eta Enrique Villarreal Drogas abeslari eta baxu jotzailea ziren, hain zuzen ere. Kontzertu hori izan zen Barricada rock taldearen sorrera. Orain, agur esan dute, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Ez behin, baizik eta hirutan. Izan ere, iragarri zuten azaroaren 23an utziko zutela oholtza, baina sarrera guztiak ordu batzuen buruan bukatu, eta 22rako prestatu zuten bigarren kontzertua. Azkenean, publikoaren eskaerari erantzun nahian, azaroaren 16an ere hirugarrena eman behar izan zuten. Hiru agur saio egin dituzte, beraz, mila kontzerturi baino gehiagori amaiera emateko.

Boniren erabakia dela eta

Boni gitarra jotzaileak erabaki du uztea, beste proiektu batzuetan murgiltzeko. Hark alde eginda, "natural" hartu dute gainontzekoek taldea desegiteko hautua. Bonik, hala ere, uste du ez dela "inoiz" bukatuko: "Barricada ez da sekula desagertuko, rockak, uzten dituen lorratz ezabaezinei esker, ez lurruntzeko bertutea duelako".

Hark esan duen moduan, ondare oparoa utzi dute: 1983ko Esta es una noche de rock & roll lehen diskotik abiatu eta 2012an kaleratutako Quedan caminos por recorrer azken lanera arte, hamaika obra, ikuskizun eta kolaborazio ondu dituzte. Tartean, platinozko diskoa irabazi dute, Por instinto lanari esker.

Urteen poderioz, ohikoak izan dira Barricadako musikarien sartu-irtenak. Adibidez, Drogasek, ahots eta taldekiderik ezagunenak, 2011. urtean utzi zuen taldea. Aurten, lau musikarik eman diote amaiera Barricadaren ibilerari: Alfredo Piedrafitak, Javier Hernandez Bonik, Ibon Sagarnak eta Asier Izetak. Aldaketak aldaketa, izaera mantendu du Barricadak.

Hori dela eta, izan zena eta dena gogora ekarri dute azken emankizunetan: 32 abestiren bitartez, diskografia osoaren errepasoa egin dute. Agertokietatik alde egin arren, rockari emandakoa hor geratuko da "betiko", taldeari buruzko ElectriKaos liburuaren idazle Fernando Garaioak dioenez. "Rocka ulertzeko eta egiteko modu berezi bat da utzi diguten ondare nagusia. Kalean bizi izan dutena eraman dute oholtzara".

EURITEENGATIK UHOLDEAK NONAHI

"Inoizko bortitzenak". Hala definitu zituen Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak joan den ekainaren 9an izandako uholdeak. Eguraldiaren iragarpen ereduen arabera, ehun urtean behin gertatzen dira halakoak. Ibai ondoko bazterrak hartu zituen batez ere urak. Kalte handienak Atarrabian, Burlatan eta Iruñeko Arrotxapea auzoan eragin zituen euriteak.

Desobedientziaren ildotik tiraka

Desobedientzia. Hori da herri mugimenduko zenbait taldek azken urtean hartutako bidea. Izan ere, legea bidezkoa ez denean, aurre egin diezaioketelako ustean daude. Alde horretatik, hiru borroka moldeen erakustaldiak egin dituzte herritarrek: lehenik eta behin, Barañaingo giza katea, 8/10 sumarioan auzipetutakoei babesa erakusteko; bigarrenik, Luis Goñi ez atxilotzeko sortutako herri harresia; eta hirugarrenik, Abiadura Handiko Trenaren proiektua salatzeko Barcinaren kontrako tartakadak.

Irailaren 20an egin zuten Barañaingo giza katea, Segiko kide izatearen akusaziopean sei urteko kartzela zigorrari aurre egin behar zioten Luis Goñiri eta Iñaki Sagardoiri elkartasuna adierazteko. Eta arrakastatsua izan zen oso. Hala nabarmendu zuten antolatzaileek. 1.500 lagunek eman zioten eskua elkarri, gazteen militantzia politikorako eskubidea aldarrikatzeko. Herri harresia irudikatzen duen laranja koloreko zapiak soinean jantzita. Antolatzaileek begi onez ikusi zuten emaitza, eta "hunkituta" zeudela onartu. Goñi eta Sagardoi bitartean ezkutuan zeuden, baina biek ala biek eskertu zuten bertaratutakoen konpromisoa.

Giza katea gerora eraikiko zuten herri harresiaren lehenengo indar erakustaldia izan zen. Mobilizazio horren ondoren erabaki zuten zein norabide hartuko zuen erresistentziak. Eleak mugimenduak azaldu zuen Amaiurko Gazteluaren aurrean, uztailaren 29an egindako agerraldian. "Kanpotik erasoei aurre egin eta barrutik babesa ematen duen harresia" sortu nahi zuten. Eleak mugimenduko kide Zigor Oleagak "mugimendu desobediente libre eta masiboa" osatzera deitu zuen. Era berean, Eleak-eko Oihan Ataunek atxilotzeko arriskupean zeuden bi gazteei hitz egin zien: "Ez zaituztegu bakarrik utziko".

'Harresia', erresistentzia ikur

Esan eta egin. Azken finean, Amaiurko ekitaldiaren ondoren, argi geratu zen zein zen Goñi eta Sagardoi ez atxilotzeko taktika. "Harriz harri eta etenik gabe" herri harresi "sendoa" sortzea.

Sagardoik jakinarazi zuen herri harresia babestuko zuela baina ez zuela parte hartuko, hedabideei bidalitako eskutitz bat baliatuz. Ihesean joango zela onartu zuen. Ihesaldia, baina, laburra izan zen. Espainiako Poliziak atxilotu zuen, irailaren 29an, Sorladan zela (Lizarraldea), ezkutuan.

Orduan, Goñi baino ez zen geratzen aske, nonbait gordeta, herri harresiaren dinamikarekin bat egiteko prest. Dena den, ezkutaketak aurrez erabakitako iraungitze data zeukan: urriaren 13a. Larunbatarekin manifestaldira deitu zuen Eleak-ek Desobedientziaz libre bizi lelopean. Goñik joango zela iragarri zuen, eta hala egin. Hori zen ezkututik ateratzeko eguna. Martxa amaituta, Iruñeko Navarreriako plazan azaldu zen.

Navarreria izan zen orduan herritarren gotorlekua. Han, herri harresia osatu zuten bertaratutako ehunka pertsonak. Iturriaren ondoan zegoen Goñi, jende tropelaren erdian. "Ni eraman nahi baldin banaute, herri baten gainetik pasa beharko dute", esan zuen ezkutuan zela. Hitz horiei forma eman zien herri harresiak, aurreikuspenari arrazoia emanez bezala. Orduak iraun zuen babes egitasmoak. Tartean, unean bertan lotutako dantzari, musikari zein bertsolariak hurbildu ziren erresistentziaren erdigunera, Navarreria plazara, nor bere esparrutik elkartasun keinu bat eginez.

Arratsaldean, orduek aurrera egin zuten, baita gaua heldu ere, eta isiltasuna nagusitu zen. Lo zakuak hartuta, jendeak gaua Navarrerian pasatzeko hautua hartu zuen.

Gauerdia pasatu eta ordu laurdenera iritsi zen Espainiako Polizia, harresia suntsitu eta gaztea atxilotzeko helburuz. "Luis herria zurekin" eta "Utzi bakean Euskal Herria" oihukatzen hasi ziren protestan zeudenak. Nolanahi ere, 11 minutu baino iraun ez zuen operazio batean eraman zuten Goñi atxilo, airean eta sudurretik odoletan. Tartean, harengana heltzeko, hainbat pertsona jo zituzten borraz. "Bortitz" jardun zuen poliziak, BERRIAko kazetari Joxerra Senaren aburuz. Baina "kontent" azaldu ziren antolatzaileak. Eleak-ek adierazi zuen "normaltasuna eraldatzea" dela herri harresiaren lorpen nagusia. Haren ustez, irudi "gogoangarria" lortu zuten Iruñean.

Lurraren defentsa, tarta bidez

Desobedientzia ekimenak anitz dira. 2011n egindako tartakadak dira horren adibide. Pirinioetako Lan Elkarteak bilera egin zuen Okzitaniako Tolosan, orain bi urte, urriaren 27an. Yolanda Barcina zen orduko elkarteko presidentea. Abiadura Handiko Trena kritikatzeko lau ekintzaile azaldu ziren bileran, eta hiru tarta bota zizkioten Barcinari.

Berriki, Auzitegi Nazionalean epaitu dituzte, ekintza Frantzian egin zen arren. "Mina" hartu zuela deklaratu zuen Barcinak epaiketan, eta Frantziako merengea "gogorra" dela. Horregatik, bost eta bederatzi urte arteko espetxe zigorra eskatu zuen Mugitu mugimenduko Julio Villanuevarentzat, Mikel Alvarezentzat, Gorka Ovejerorentzat eta Ibon Garciarentzat. Azkenean, bi urteko zigorra ezarri die epaimahaiak eta ez dira kartzelan sartuko.

Auzipetuek aldarrikatu dute tarten ekintza gizarte eredua "zalantzan" jartzeko tresna izan zela. "Pozik" azaldu dira kartzelara joango ez direlako, eta epaiketa "fartsa hutsa" izan dela nabarmendu dute. Orain, Mugituk kalean egon behar duela esan dute, "gainontzeko mugimenduekin bat eginda". Eta elkarlanerako gonbita egin diete eragileei, "desobedientziaren bidean" batera "sakontzeko".

Aldaketa sozialaren aldeko konpromisoak eskatu dituzte

"Bide berri bat proposatu nahi dugu, oraina eta etorkizuna aldatzeko", esan du Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrak. Orain urtebete, batzen hasi ziren joera politiko ezberdinetako hainbat pertsona. Guztiek helburu bera zuten: botere politiko eta ekonomikoaren aurrean aldaketa sakonak aldarrikatzea. Hilabetetako lan isilaren ostean, batzarra publikoki aurkeztuko dute. Horrekin batera, jendearen konpromisoa eskatu dute, Nafarroan aldaketa soziala egin ahal izateko. "Ez ditugu atxikimendu hutsak nahi, aldaketa sozialarekin konpromisoa hartuko duten eragileak baizik", diote batzarreko kideek.

Aldaketa Sozialerako Batzarreko kideak hainbat arrazoirengatik hasi ziren batzen. Hasteko eta behin, euren aburuz, joera ezberdineko jendearen bat egite transbertsalarekin baino ezin daiteke bultzatu aldaketa sozial eta politikoa. Aldaketa politikoak duen alternatibaren beharraz ohartarazi dute, eta hori parte hartze politikotik sortu nahi dute. Hori guztia lortzeko, ekintza bateratua ezinbestekotzat jotzen dute batzarreko kideek.

Nafarroa, aldaketa sozialaren alde kanpaina martxan jarriko du batzarrak. Horretarako, hainbat mailatako konpromisoak eskatzen ari dira, udaberrian mobilizazio handi bat antolatzeko. Hamaika bide daude kanpainarekin bat egiteko; besteak beste, bat egiteko guneak sortu, auzo, herri eta kolektiboetan kanpaina aurkeztu, lantaldeetan parte hartu, aldaketa sozialaren aldeko mezua zabaldu eta norberaren denbora, trebetasun eta jakintzaren zati bat eskaini "ahalduntze kolektiboaren prozesuari".

Oso joera ezberdineko jendea bildu da ekinbide horren inguruan. Egun, 141 pertsonak bat egin dute Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrarekin; besteak beste, Ignazio Aiestaran EHUko irakasleak, Iñaki Arzoz M-15 mugimenduko kideak, Txema Berro CGTko sindikalistak, Angel Larria Atarrabiako zinegotziak, Iñaki De Carlos Sortuko kideak eta Ainhoa Aznarez PSNko kideak.

Kanpaina abian jarri baino lehen, alternatiba ekonomiko, sozial eta politikoaren oinarriak ezarri dituzte. Hori prozesu parte hartzaile baten bitartez osatu dute. Arlo ekonomikoan neurri ugari proposatzen dituzte, gizartea pairatzen ari den egoera ekonomikoari erantzun sakon bat emateko asmoz.

Batzarrak eskubide zibil, politiko, kultural eta digitalen gaiari helduko dio, "inor baztertu gabe". Demokrazia parte hartzailea bultzatu nahi dute, hauteskunde legea aldatuz, parte hartze politikorako bideak irekiz, beste antolaketa eredu bat lortzeko. Kulturari dagokionez, euskarak Nafarroa osoan ofiziala behar duela iritzi diote batzarreko kideek.

Helburu horiek lortzea ez da lan erraza izango. Baina lanerako prest daude. Zenbait oinarri jarri dituzte euren programa garatu ahal izateko. Alde batetik, bat egiteko guneak sortu nahi dituzte. "Joera ezberdinetako jendeak elkartu behar du, elkarlanean aritu eta akordioak egiteko". Batzarreko kideek uste dute elkarbizitza soiletik harago joan behar duela Nafarroako gizarteak. "Norberaren proiektuaren gainetik, guztion alde egingo duena bilatu behar da; etorkizuna iraganaren aurretik jarri behar da, eta akordio transbertsal eta bateragarriak, baztertzaileak diren proiektuen gainetik".

Beste alde batetik, ilusioa sortuko duen korrontea sortu nahi dute. Ez da batzarraren helburua erakunde berri bat sortzea. "Erakunde, kolektibo, alderdi eta sindikatuen lana errespetatzen dugu. Gizarte korronte aktiboa eta aniztuna sortu nahi dugu", adierazi dute.

Aldaketa politikoari dagokionez, gobernua aldatzea nahi dute. Baina argi dute garrantzitsuena aurrera eramaten diren politikak aldatzea dela. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute mobilizazioa, eta prest daude hori elikatzeko lan egiteko.

Artea edonoren eskura egoteko

Ziurrenik, Iruñeko Dormitaleria kaleak ez du Estafetak edota Mercaderesek duten sonarik. Katedralaren albo batera dagoen kalea da, askorentzat ezezaguna. Baina, azken urtean, artearen eta artisten kalea bilakatu da. Hainbat artisauk ere bertan dituzte euren tailerrak. Horrez gain, badira bi galeria. Horietako bat da Dormitaleria 54. Artea negozio gisa ulertzen ez duten artisten bilgune da galeria hori. Izan ere, artea edonork eskuratu ahal duela nabarmentzen dute. Hilabete hasieran, urte bat bete zen galeria berezi horren ibilbidea hasi zenetik. Ia hiru astez, Xabier Morras, Belen Arevalo, Juan Gorriti eta Jose Luis Zumetaren obrak izan dira ikusgai. Urtarrilera bitarte, aldiz, galeriako kide direnen lanak ikusteko aukera izango da.

Orain arte egin duten lanarekin pozik daudela aitortu dute Sara Casadok eta Mila Bojek. Dormitaleria 54 galeriako kideak dira, eta euren lanak ere ikusgai daude atzotik martxan duten erakusketa berrian. "Egia esan, urtea azkar joan da, baina egindako lanarekin pozik gaude", azaldu du Bojek. Gaineratu duenez, Dormitaleria bezalako arte galeriarik ez da Iruñean. "Azkenaldian, Iruñeko galeria kopurua izugarri murriztu da; oker ez banago, lau besterik ez dago", ohartarazi du Bojek.

Dormitaleria 54ko kideek ez dute artea negozio gisara ulertzen. Euren lana erakusteko zailtasunak dituzten artisten txokoa da bereziki. Bojek azaldu duenez, galeria askotan artelanen prezioak "puztu" egiten dituzte, galeristek ere dirua irabaz dezaten. Baina haiek ez dute bat egiten filosofia horrekin. Izan ere, artelanek gehienez izan dezaketen prezioa zehaztuta dago: 300 euro. Dormitaleria 54n ez dute 300 euro baino garestiagoa den artelanik. Izan ere, artearen demokratizazioan sinesten dute. "Artea poltsiko guztien eskura egon ahal izatea nahi dugu", aitortu du Casado galeriako kideak.

Dormitaleria 54 galeria irabazi asmorik gabeko elkarte batek kudeatzen du, eta, orotara, 56 bazkide ditu. Oraingoz, bazkideen ekarpenekin eta Fiare banku etikoan eskatutako mailegu baten bidez finantzatzen da proiektua. Beste diru iturri batzuk bilatzeko beharra dutela aitortu du Bojek. Izan ere, orain arteko diru sarreren bidez justu-justu aurre egiten diete dituzten gastuei. Hala, Bojek jakinarazi du ez dutela baztertzen erakunde publikoetan diru laguntzak eskatzeko aukera.

Galeria berria abian jarri zutenetik urtebete soilik igaro den arren, hainbat tailer, ikastaro eta erakusketa jarri dituzte abian. Izan ere, Casadok adierazi duenez, Dormitaleria 54 gune aktiboa izatea nahi dute. Horregatik, gutxi gorabehera hiru astean behin galeriako erakusketa aldatu egiten dute. "Galeriako txoko batean erakusketa iraunkorra izaten dugu, eta gainontzeko txokoetan hiru astean behin berritzen ditugu ikusgai dauden lanak". Ziurrenik, orain arte egin duten erakusketarik bereziena asteazken arte ikusgai izan den Lau haizeetara erakusketa izan da. "Hainbat artista ezaguni gurean euren lanak erakusteko proposatu genien, eta inolako zalantzarik egin gabe baietz esan ziguten", azaldu du pozik Casadok.

Artista horiek Morras, Arevalo, Gorriti eta Zumeta dira, eta euren lanak izan dira ikusgai Dormitaleria 54 galerian hiru astez. Horri esker galeria ezagunagoa egitea lortu dutela nabarmendu du Bojek. Gainera, lau artista horiek, galeriako arduradunen eskaerak aintzat hartu, eta 300 euro baino merkeago saldu zituzten euren obrak, Zumetaren koadro bat salbu. Kolore morea nagusi zen koadro horretan. "Jende asko gerturatu da erakusketa martxan izan denean Zumetaren koadro horrek zenbat balio zuen galdezka, baina ez zegoen salgai, 300 euro baino garestiagoa zelako", zehaztu du Bojek.

Hala ere, orain, Morras, Arevalo, Gorriti eta Zumetaren lanen tokia Dormitaleria 54ko bazkideen lanek hartu dute. Bazkide bakoitzak bi lan erakusteko aukera besterik ez du izan. Atzotik daude ikusgai, tartean Bojerenak eta Casadorenak. Hala ere, erakusketaz gain, urteurrena ospatzeko tailerrak, aurkezpenak eta dastatzeak prestatu dituzte. Esaterako, bihar, 21:00etan, elkarteko bazkide baten bitartez, garagardo dastatzea egingo dute. Besteak beste, dastatzean parte hartzen dutenek garagardo on baten ezaugarriak zeintzuk diren ezagutu ahal izango dute. Horrez gain, heldu den ostegunean, 19:00etan, 81 amama dokumentalaren aurkezpena egingo dute.

Aurrerantzean, orain arte lan egin duten ildotik jarraitu nahi dute. Horrez gain, Dormitaleria kalea ezagutarazten jarraitu nahi dute. Gainera, Alde Zaharrarekin lotutako ekinbideetan parte hartzen segitzeko asmoa dute, "arte sorkuntza auzokideei hedatzeko". Erronkak ere badituzte. Tartean, lokal handiago bat nahiko lukete, egun dutena txiki gelditu zaielako. Helburu eta erronkak badituzten arren, orain arte egindako bidean jarraitu nahi dute. Batez ere, artista ezberdinen bilgune izaten eta "denek eskuratu" dezaketen artea saltzen.

GARAI BATEKO PRESAK MOTELDU DIRA

Iruñeko espetxe zaharra botatzeko lanek hilabete iraun zuten, 2012ko irailaren 4tik urri arte. Baina bertan egin behar duten parkeko lanak mantsoago doaz. Lan horiek aurreko udan hasi ziren, espetxea eraitsi eta ia hamar hilabetera. Udalak agindutakoaren arabera, lanak udaberrirako bukatuko dituzte. Horrek guztiak 100.000 euroko aurrekontua du, eta, besteak beste, txakurrentzako gunea, soinketa egiteko aparatuak eta saskibaloi jokalekua jarriko dituzte.