• Mediterranea de Catering enpresaren aurkako kexak. Urtea igaro da Nafarroako Ospitale Guneko jangela zerbitzua pribatizatu zutenetik, eta 2.221 kexa jaso dituzte ordutik.
Goia jotzear den epidemia
Udazkenetik aurrera bereziki, gutxienez astebeteko gaixoaldia eragiten du gripearen birusak. Urtetik urtera, mutazioak izaten ditu birus horrek. Medikuek ohartarazi dute aurtengoa ez dela iragan urtekoa baino gogorragoa, nahiz eta kutsakorragoa den. G...
Bortziriarren historia klinikoa partekatuko dute Nafarroak eta Gipuzkoak
Osasunbideak eta Osakidetzak elkarlan hitzarmena sinatu dute Bortzirietako biztanleen historia klinikoak partekatzeko. Gertutasun geografikoa eta errepideen loturak direla-eta, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako biztanleak Osakidetzako laguntza sareko zerbitzuetan artatzen dituzte. Hala ere, aurreko urtean, hainbat gaixori medikua aldatu eta Iruñera joateko agindua eman zieten. Horrek hainbat kexa eragin zituen Bortzirietako biztanleen artean, Donostia Iruñea baino hurbilago baitute.
Zehatz-mehatz, Osakidetzak eta Osasunbideak beren Bortzirietako gaixoen historia klinikoak partekatzeko arazo administratiboak gainditu dituzte. Izan ere, bertako herritarrak batzuetan Nafarroan eta besteetan Gipuzkoan artatzen dituzte. Egoera horrek berekin ekarri du hainbat herritarrek bi historia kliniko izatea. Horren eraginez, lurralde batean egindako proben informazioa ez zen igortzen beste lurraldeko osasun zerbitzura; gaixoek berek eraman behar zuten dokumentazioa. Orain, hori aldatuko da. Hitzarmena behar bezala betetzen dela ziurtatzeko, jarraipen bat egingo duen batzordea sortuko da. Akordioa urtebetekoa da, eta automatikoki berrituko da.
Bat-bateko mediku aldaketak
Hitzarmen berriaz gain, Bortzirietan hamaika arazo dituzte oraindik ere osasun arloan. "Hitzarmena erabat teknikoa da; ez ditu konponduko bortziriarrok ditugun arazoak", dio Marisol Taberna Berako alkateak. Tabernaren arabera, bortziriarrek "betidanik" jo dute Gipuzkoara hainbat mediku zerbitzu jasotzeko. Baina, 2012an, Iruñera bidali zituzten hainbat gaixo. Horrek kexak eragin zituen herritarren artean. "Nafarroako Gobernuak beti esan du ez dela ezer aldatu, baina egia da orain Iruñera jo behar dugula, eta lehen ez", azaldu du Tabernak. Horretaz gain, aspaldiko hainbat gabezia salatu ditu Berako alkateak: adibidez, zenbait tratamendutarako eta eguneko zentroetarako garraiorik eza.
“Akaso ez da beste urte batzuetakoa bezalakoa, baina aurtengoa sagardo ona da”
Duela hamalau bat urte hasi zen sagardoa ekoizten Juan Mari Lopez Linddurrenbordako arduraduna (Oiartzun, Gipuzkoa, 1972). Badira urte batzuk sagardoa egiteko inguruko sagarrak soilik erosten dituela. Etxe inguruan duen sagastikoez gain, Oiartzun eta ...
“Ikusleei zalantzak sortu nahi dizkiegu, euren ondorio propioak atera ditzaten”
Asier eta biok grabatu zenean, Asier Aranguren preso ohia zen. Egun, preso dago berriro; EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldeko kideen kontrako operazioan atxilotu eta astelehenean Aranjuezen espetxeratuzuten. Aranguren eta Ai...
Gipuzkoan ere hasi da sagardotegi garaia
Hernaniko sagardotegiek, joan den igandean herriko plazan egindako ekitaldiaren bitartez, hasiera eman zioten 2014ko sagardo garaiari. Astigarragako sagardotegiek hiru egun geroago ekin zioten; asteazkenean egin zuten hasiera ekitaldia. Lapurdiko Kala...
Txinparta dastatzeko garaia
Iritsi da garaia. Edalontziari heldu, "txotx!" entzun orduko mahaitik altxatu eta upeletik zurruztean ateratzen den sagardoa dastatzeko garaia. Iraileko lan gogorra eta garrantzitsua atzean gelditu da. Orduan egindako lanaren emaitza nolakoa den jakit...
EKOIZPENA MURRIZTUKO DUTE AURTEN
Portland enpresak jakinarazi du 2014an 300.000 tona porlan ekoitziko dituztela Olatzagutian duten egoitzan. Iazko zenbatekoarekin alderatuta %24 murriztuko dute aurten ekoizpena. Gainera, urtarrilean, ekoizpena etenda dago Olatzagutian, langileen %80r...
Gobernuak ez du estaliko Biurdana institutuko patioa ikasturte honetan
"Nik espero dut beranduenez Eguberrietarako konponbide bat zehaztu ahal izango dugula", esan zuen azaroaren 14an Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak. Nekane Perez Aralar-NaBaiko parlamentariak Biurdana institutuan dituzten Gorputz Heziketa egiteko azpiegitura faltaren inguruan galdetu zion parlamentuan. Iruñeko institutuan, Gorputz Hezkuntzako 52 saio egin behar dituzte astean, baina 33 eskola ordutan baino ezin daiteke gimnasioa erabili. Gainera, eskola ordu bakoitzean talde bakar batek baino ezin dezake erabili gimnasioa, nahiko txikia delako. Hori dela eta, 19 saiotan bi taldek ordu berean dute klasea. Horietako batek gimnasiotik kanpo egin behar du Gorputz Hezkuntzako saioa. Biurdanan ez dute beste babestutako leku handirik. Baina gobernuak ez du patioa estaliko, guraso elkarteek eskatzen duten bezala. Beraz, euria egiten duenean, gimnasioan ez dagoen taldeak ezin du "ganorazko" saiorik egin.
Arazoak ez dira berriak Biurdanan. Institutua Iruñeko Donibane auzoan dago, eta 1995. urtean ireki zuten Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko zentro gisa. Lehenago, eraikina Lehen Hezkuntzako eskola izan zen. Hainbat tokitako ikasleek ikasten dute han: besteak beste, Arrotxapea, Donibane, Sanduzelai, alde zaharra, Irurtzun, Lekunberri eta Berriozar. Aurreikusitakoa mantentzen baldin bada, bi urte barru Orkoien eta Buztintxuriko eskoletako haurrak ere Biurdanara joango dira Bigarren Hezkuntzako ikasketak egitera.
Biurdana institutuak hainbat eskolatatik jasotzen ditu ikasleak. Eskola horietako Guraso Elkarteek Institutuaren Ipar Eremuko Batzordea osatzen dute; urteak daramatzate beste eraikin bat eskatzen. Eduardo Markotegi batzordeko kidea da. "Urteak daramatzagu institutu berria eskatzen. Orain dirurik ez dagoela diote, baina dirua zegoenean ez zuten ezer egin", dio Markotegik. Orain, Gorputz Hezkuntzako klaseak emateko toki falta da haien ardura nagusia. "Gaur egun gimnasioa dena jantokia zen Lehen Hezkuntzako eskolan. Gela txikia da, eta talde bakar batek erabil dezake. Hori dela eta, bi talde elkartzen direnean, astean 19 saiotan, talde batek gimnasiotik kanpo eman behar du klasea", azaldu du Markotegik.
Iribasek parlamentuan Biurdanari buruzko galdera erantzun zuenean, hainbat toki aipatu zituen gimnasioaren alternatiba modura. Horietatik bi baino ez daude estaliak: areto nagusia eta jolastokiko portxea. "Aterpean ezin daiteke inolako klaserik eman, eta areto nagusia ere txikia da. Gainera, gimnasio gisa erabiltzen bada, ezingo da areto nagusi gisa erabili, aulki guztiak batu behar direlako". Institutuaren Ipar Eremuko Batzordeak kirol zelaiak estaltzeko eskatu du; horrela, euria egiten duenean, ikasleek kirol zelaietan egin ahal izango dute Gorputz Hezkuntzako klasea. Iruñerriko beste institutuetan badituzte patio estaliak. "Beste ikastetxeetan dutena baino ez dugu nahi", dio Markotegik. Abenduaren 18an, batzordeak 708 instantzia aurkeztu zituen Hezkuntza Departamentuan, gimnasioko toki faltaren arazoa konpontzeko. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso.
Irtenbidea lortu nahian
Urtarrilaren 10ean, David Herrero Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiarekin bildu ziren Javier Perez eta Asier Azpilikueta, Biurdana institutuko zuzendaria eta ikasketaburua, hurrenez hurren. Herrerok bileran berretsi zuen gauza bakarra da aurten ez dutela lanik egingo, diru falta dela eta. "Ikasturte honetarako eta hurrengoaren hasierarako ez dugu kirol pista estalirik izanen. Hala ere, Herrerok esan du behin-behineko hainbat irtenbide aztertzen ari direla: besteak beste, Biurdana ondoan dagoen Donibane institutuaren kirol pista eta Anaitasuna kirol elkartea erabiltzea", azaldu du Azpilikuetak. Aste honetan, Hezkuntza Departamentuko ikuskari batek zentroa bisitatu behar zuen. Biurdanan patio estalia nahi dute, baina, aurrera begira, beste institutu bat beharko dute, aurreikusten baitute urtez urte ikasle "uholdeak" jasoko dituztela datorren hamarkadan.
Ni D ereduko irakaslea naiz
Orain dela 50 urte Nafarroako Sakanan jaio ginenok gaztelania hutsez ikasi behar izan genuen. Urte batzuk pasatuko ziren eskualdeko ikastolak sortzerako, eta garai hartan pentsaezina zen Nafarroako Gobernuak, noizbait, D eredua martxan jarriko zuenik.
OHOko ikasturteetan, txirularekin Eres alta y delgada primeran jotzen genuen, Espainiako ibai eta mendilerro guztiak ederki ikasi genituen, eta baita Burgoseko katedrala bisitatu ere, orduak jotzen zituen Papamoscasi aho zabalik eta isil-isilik begiratzen geniola.
Institutuko garaietan, hainbat ikasgairen artean, Literatura lantzen genuen, Espainiako literatura, jakina. Eta selektibitatean eskatuko ziguten testu-iruzkina prestatzeko, hamaika narrazio eta pasarte landu genuen, ederki asko landu ere, nahiz eta, esan beharrik ez dago, guzti-guztiak Espainiako semeen (alabarik ere ez) obrak ziren. Besteak beste, Valle-Inclán-en Luces de Bohemía, Cervantesen Don Quijote de la Mancha, Antonio Machadoren Poesías completas, Fernando de Rojasen La Celestina izan ziren irakurri beharreko liburuak.
Euskal Herriko maparik gabeko ikasgeletan ez ziguten euskal musikarik jartzen, ezta gure bertsolarien zortzikoren baten metrika neurtzeko eskatzen ere. Irakasle aurreratuenak Hego Ameriketako poetaren baten poesia helaraziko zigun grabazio musikatua lagun. Basamortua baino antzuagoa zen gure euskal ezagutza literario eta kulturala.
Euskara, eguneroko bizimoduko hizkuntza hura, etxeko eta lagun arteko tresna zen; kontu serioetarako, aldiz, ez. Gauzak horrela, orain dela 35 urte ez nuen uste euskaraz irakurriko nuenik, euskaraz irakurtzen zaletuko nintzenik, euskaraz ikasiko nuenik eta, are gutxiago, inoiz ezer euskaraz idazten ausartuko nintzenik ere. Aurreraxeago, ordea, ikuspegi berri bat zabaldu zidaten Mirandek, Arestik, Txillardegik, Atxagak, Urretabizkaiak, Aristik, Irigoienek… eta, nola ez, Sarrionandiak. Idazle horiek guztiek ez zidaten literatura soilik eskaini; izan ere, ezagutze-bide berriak erakutsi eta irakatsi zizkidaten: beste mundu bat, bestelako sentsibilitatea, bestelako errealitateak. Idazle haiek, aztien antzera, magia berriaz zipriztindu ninduten.
Eta beste mundu bat, bestelako sentsibilitate eta bestelako errealitate horiek dira azkeneko urteetan guk, D ereduko irakasle garenok, gure hizkuntzaz, gure ikasleei erakutsi eta irakatsi ahal dizkiegunak: Basajaunen basoetan eta Mariren haitzetan galdu, Obaba edo Kalaportun pasieran ibili, Joanes Mailurekin historiara bidaiatu, kauterekin bihurrikeriatan aritu, arrantzaleari galduriko eraztuna arrainaren tripetan aurkitu; Mattin Mottela, Irene eta Hinner ezagutu; munstroen hamaika aurpegiak identifikatu, Mikelotekin Orreagan abestu, dioramak irakurri, xake-mate egin, gauaz parke batean egon, Lutxen argazkiaren peskizan ibili, gure abenturak aukeratu, magnoliei usaina hartu, txoria maitatu, Alkasoroko bentan edozer erosi, samurai bihurtu, paper-festan murgildu, piztiak otzandu, erregearen mezularia izan, krokodilo bat ohe azpian aurkitu, Patakonekin bideetan lapurtu, Ebelinarekin zirku batean bizi... eta hori guztia Sherezade, Acab, Axenario, Alice, Bernarda Alba, Migel Strogoff, Poirot… ahaztu gabe.