Libra nazak, Jauna

Libra nazak sorbalda gainean daramadan zama astun honetatik. Bazakiat ez naizela bakarra pisu nekagarri hau eramaten. Bazakiat milaka garela madarikazio hau bizi dugunok. Baina Sisifo nola, neu ere bakarrik sentitzen nauk harria, harritzarra, harkaitza Ezkaba mendiaren gailurrera behin eta berriz igotzen.

Berripaper honetako zutabe edo artikulua idazten hasi nintzelarik, neure buruari ezarri nioan agindua —herorrek emanen bahu ere indar handiagoa izanen ez lukeena—, agindu irmoa inondik inora, biraorik ez duen hizketa garbi hau hagitz gutxitan izanen zela nire idatzien gai, zio edo helburu. Alegia, euskararen inguruan noizbehinka bakarrik izkiriatuko nituela nire pentsamenduak. Badituk hiru urte horretan ari garela, eta manua bete diat nola edo hala.

Baina nire aitzineko artikuluak euskara hartu zian hizpide, eta, beraz, orain irakurtzen ari haizenak bertze gai arras ezberdina jorratu beharko likek. Baina ez duk hala. Nik sinesten diat hire baitan, Jaungoiko eta Gizon egiazkoa, eta hire misterio guztietan; eta sinesten diat gure fedearen bertze misterio guztietan, eta nahi diat bizi eta hil fede honekin. Baina ene kapitain, errege eta enperadore handi, lehenbiziko tronuan gloriaz eta edertasunez beterik haizena: oraingo honetan ere ezin zioat zama honi gehiago eutsi. Harria erortzen utziko diat. Berriz.

Mintzatu nahi nikek tartalariei ezarri dieten zigor bidegabeaz. Hitz egin nahi nikek PISA txostenean Nafarroa sailkapen onean utzi duten nerabe arduratsu eta jatorrez. Solastatu nahi nikek aurrekontuen inguruan PSN jokatzen ari den hondarreko antzerki lanaz. Ele egin nahi nikek Nafarroaren egun ofizialari benetako zentzua eman dion Espainiako ereserki sartu berriaz. Berbetan jardun nahi nikek Parot doktrina bertan behera utzita kalera atera diren presoei egin zaizkien harrera ezkutukoez… Edo, bertzerik ezean, neguaren gorriaz.

Eta, ene Jaun maitagarri eta infinituki on, jakin ezak, oro har, Job santu jazarriak baino pazientzia handiagoa erakusten dugula hiri buruzagiko euskaldunok. Baina madarikazioa hain duk handia, arrastatzen dugun gurutzearen zama hain duk neurrigabe eta gehiegizkoa, eta gure etsaiaren tema hain duk bukaezina, ezen haragiaren ahuleziatik hurbilago gaudenok ezin baitiogu tentazioari muzin eta izkin egin, eta, halabeharrez, erantzun behar izaten baitiogu usain goxodun gure hizkuntza txukun eta argiari egin dioten azken erasoari.

Berriz ere, euskara dianaren erdian paratuz, nazka, higuina eta asperra eragin zigutek ardi otzan eta axolagabe bagina bezala gobernatzen gaituzten agintari zital ustelek. Eta, hartara, ni eta ni bezalako ahulak karrikara aterako gaituk hurbilen asteazkenean, hilaren 18an, gure hizkuntzaren defentsan. Baina, mesedez eta faborez, otoi eta arren, madarikazio honetatik libra nazak, Jauna.

30

Nafarroan zirkulazio istripuetan aurten hil direnak. Nafarroako Gobernuaren arabera, 30 lagun hil dira aurten errepide istripuetan Nafarroan. Garai berean, 44 pertsona hil ziren iaz. Hildako kopurua %31 murriztu da.

716

Nafarroan azaroan saldu den auto kopurua. Nafarroan 716 auto saldu dira azaroan. Iazko azaroan 594 auto saldu ziren; beraz, salmentak %1,3 igo dira. Guztira, aurten iaz baino 600 bat auto gehiago saldu dira.

“Ekintzaileen argazkiak ateratzea gustatzen zait”

Iñaki Basterrak (Zaragoza, Espainia, 1974) egindako bi argazki daude Dormitaleria 54 galeriaren urteurrenaren harira atzotik martxan dagoen erakusketan. Pozik dago, diziplina ezberdinetako artisten arteko harremana indartzea lortu duelako.

Noiztik zara Dormitaleria 54ko kidea?

Ia-ia galeria sortu zenetik naiz bertako kide. Urtarrilean-edo hasi nintzen. Batez ere, argazkigintzan aritzen naiz, eta nire lana ezagutarazteko modua izan da.

Atzotik zure bi lan ikusteko aukera dago galerian. Zein bi argazki aukeratu dituzu erakusketarako?

Taldean osatu dugun erakusketa denez, parte hartu duen lagun bakoitzak bi lan soilik aurkeztu ahal izan ditu erakusketara. Lehenik eta behin, bikote bat tangoa dantzatzen ageri den argazki bat hautatu dut. Bada Bayaderos izena duen Barañaingo dantza talde bat, eta hango bi kide ageri dira dantzan. Bigarren argazkia Hutsun txalaparta taldeak Txantreako Akelarrean emandako kontzertu batean ateratakoa da.

Zergatik hautatu dituzu bi argazki horiek?

Lehenik eta behin, jende ezaguna delako. Batez ere, niri pertsonalki autogestio ekinbideak asko interesatzen zaizkit. Gizarte eremu ezberdinetan ekintzaile izaten saiatzen naiz. Arrazoi horregatik, ekintzaile diren pertsona horien argazkiak ateratzea gustatzen zait bereziki.

Zer onura ekarri dizu Dormitaleria 54ko kide izateak?

Akaso, argazkigintza artistikoan berri xamarra naizenez, inoiz ez zait interesatu galeria pribatuetan parte hartzerik. Administrazio publikoak artista bati laguntzeko, izen handikoa izan behar du, eta, bestela, ideologiak baldintzatzen du. Beraz, Dormitaleria 54 bezalako proiektuek artista erabat aske sentiarazten dute, inolako baldintzarik gabe. Hala ere, nik elkarteko beste kideek bezalako esperientziarik ez dudanez, galeria alternatibo bat oso interesgarria dela iruditzen zait. Izan ere, oso eremu eta mota ezberdinetako jendea elkartu da, talde moduan proiektu bat pentsatu, martxan jarri eta apurka-apurka gauzatzeko.

‘Bilketa handia’-ren balorazio ona egin dute antolatzaileek

Egunero 38.000 lagun artatzen ditu Nafarroako Elikagaien Bankuak hainbat parrokia, elkarte eta gobernuz kanpoko erakunderen bitartez. Egoera horri aurre egiteko, Bilketa handia kanpaina martxan jarri du Nafarroako Elikagaien Bankuak. Helburua 300.000 kilo janari batzea izan da, eta, horretarako, 2.100 boluntarioren laguntza izan dute. Datu ofizialen faltan, "oso balorazio ona" egin dute Elikagaien Bankuko arduradunek kanpainaren inguruan.

Azaroaren 29an eta 30ean egin zuten bilketa. Kanpainaren lehen eguna jaieguna zen Iruñean, eta horrek jasotako janari kopurua gutxitu egin zuen, jende gutxiago hurbildu baitzen saltokietara. "Lehenengo eguna asko okertu zen, jaieguna zelako. Jendearen eta boluntarioen borondatea ezin hobea izan da. Baina parte hartzea urriagoa izan da", adierazi du Carmelo Landa Elikagaien Bankuko bilketa arduradunak.

Larunbatean, ordea, jende gehiago egon zela dio Gregorio Iholdi Elikagaien Bankuko operazioen arduradunak. "Jende asko ikusten da, eta larunbat eguerdirako zenbait saltokitako edukiontziak bete egin dira".

Elikagaiak biltzeko postuak Nafarroako 44 herritako 182 saltokitan jarri zituzten, besteak beste, Altsasu, Andosilla, Burlata, Noain, Azkoien, Tafalla, Tutera eta Iruñean. Iholdik boluntarioen lana goraipatu du: "Ikaragarria da egiten duten lana; euren aisialdia erabiltzen dute besteak laguntzeko".

Cordovillako E.Leclerc saltokian egon zen Francisco Javier Ruano. Haren aburuz, pobrezia gero eta hurbilago sentitu, gero eta elkartasun gehiago azaltzen du jendeak. "Afrikako adarrerako laguntza eskatzen baduzu, jende asko ez da fio. Baina, gaur egun, pobrezia parez pare dugu". Elikagaien Bankuak galtzen ez diren elikagaiak eskatzen ditu, hala nola lekaleak, olioa, esnea eta barazkiak kontserbetan. Ruanok uste du jendeak baduela kontzientzia soziala. "Ez dugu inor konbentzitu behar bi pakete arroz erosteko", dio Ruanok. Mertxe Barandikak Iruñeko Eroski batean iragan zuen ostiral arratsaldea. Bigarren urtea da kanpainan parte hartzen duena. "Batzuek barkamena eskatzen dizute dilista pakete bat bakarrik ematen dutelako, eta gehiago ezin dutela eman azaltzen dizute", esan du Barandikak.

Maria Cillerok E.Leclerc supermerkatuan egin zituen erosketak ostiral arratsaldean. Haren ustez, pobrezia saihesteko gobernuak lan gehiago egin beharko luke. "Tristea da herritarrok lagundu behar izatea, eta ez gobernuak", esan du Cillerok. Francisco Javier Alustizak indabak, dilistak eta arroza eman zituen. Haren aburuz, garrantzitsua da jendeak horrelako ekinbideak ilusioz hartzea, elkartasun kanpainak herritarren esku baitaude.

Net 21-ek beste irrati bati alokatu dio bere lizentzia

1998 eta 2006an egindako irrati lizentzien lehiaketen ostean erdietsi zuen Net 21 kateak Nafarroan emititzeko lizentzia, nahiz eta auzitegiek bi lehiaketa horiek bitan utzi dituzten balio gabe. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek jakinarazi duenez, Medios de Comunicacion 21 eta Livertad Digital SA enpresen errenta akordioak "legea betetzen" du. Orain errentan eman duten irrati lizentziaren lehiaketaren aurka helegitea aurkeztu zuen Euskalerria irratiak, lege urraketak izan zirelakoan, eta justiziak arrazoi eman dio. Hala ere, UPNren gobernuak helegitea aurkeztu zuen Gorenean, eta orain, ebazpen horren zain dago Iruñerriko euskarazko irrati bakarra.

“Agindutakoa gaizki eta berandu bete du Nafarroako Gobernuak”

Ustelkeria kasu batean auzipetu ostean, Josetxo Andia UPNko Eguesibarko alkateak dimisioa eman zuen joan den martxo hasieran. PSN, Ezkerra, Bildu eta NaBairen babesari esker, Alfonso Etxeberriak (Iruñea, 1965) eskuratu zuen Eguesibarko alkatetza. Bederatzi hilabete igaro diren arren, udalaren egoera "dezente" aldatu dela irizten dio Etxeberriak. Udatik Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen aritu da heldu den ikasturterako Sarrigurenen beste eskola publiko bat eraiki dezan. Baina, ia dena hitzartuta zeukatela zirudienean, proiektua bertan behera gelditu da. Etxeberriak ohartarazi du Sarrigurengo eskola publikoan behar baino haur gehiagok ikasten dutela.

Hilabete gutxi batzuk daramatzazu Eguesibarko alkate gisa. Zer-nolakoa da balorazioa?

Hilabete hauetan egin dugun lana guztiz baikorra izan dela esango nuke. Alor ekonomikoari dagokionez, udalera iritsi ginenean, egoera ekonomikoa defizitarioa zen. Soldatak ordaindu ahal izateko kredituak eskatu behar izan genituen. Gastu eta diru sarreren artean desoreka izugarria zegoen. Urtea bukatuko dugu gastuak eta diru sarrerak orekatuta.

Zer egin duzue diru sarrerak eta gastuak orekatzeko?

Udalak dituen gastuak aztertu ditugu. Horrez gain, abian dauden lehiaketa publikoen bitartez egin diren esleipenak aztertu ditugu. Kasu askotan, lehiaketan jasotakoa ez da betetzen. Udala ordaintzea ez zegozkion ur eta elektrizitate fakturak ordaintzen aritu da. Halako gastuak urtean ia 100.000 eurorenak izan dira. Gizarte zerbitzuetan ez dugu murrizketarik egin nahi izan.

Zeintzuk dira eskuartean dituzuen proiekturik garrantzitsuenak?

Hainbat proiektu ditugu eskuartean. Baina lehenik eta behin euskararen ordenantza jarri nahi dugu martxan. Hala ere, ordenantza gauzatzeko arazoak ditugu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu euskara teknikari bat kontratatzea. Finantza Egonkortasunerako Legea dela eta, 2011 baino lehen ez zeuden lanpostuak ezin dira eskaini. Beraz, oraingoz, ezin dugu euskara teknikaririk kontratatu. Hala ere, beste aukera batzuk aztertzen ari gara.

Eguesibarko proiekturik handiena Sarriguren izan da. Hilabeteetan auzorako beste eskola publiko baten alde lanean aritu ostean, proiektua bertan behera gelditu da behin-benean. Zer dela eta?

Sarriguren eraikitzeko proiektua egin zenean, erabat zehaztu zen zer azpiegitura eraiki behar ziren eta zein epetan. Hitzarmen horren arabera, Nafarroako Gobernuak Sarrigurengo bigarren eskola publikoa eraikita eduki behar zuen dagoeneko, baina ez da horrela. Agindutakoa gaizki eta berandu bete du Nafarroako Gobernuak. Martxoaren 19an udal gobernura iritsi garenetik, Sarrigurenen beste eskola bat behar dela esan dugu. Horregatik jarri ginen Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan.

Nolakoak izan dira negoziazioak?

Bilera mordoa egin dugu, eta mezu elektroniko eta dei asko izan dira. Hezkuntza Departamentuaren jarrera ona izan da. Udal akordio baten ostean, sanferminak pasatuta deitu nion Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiari. Abuztuan ere hitz egin genuen. Segituan esan ziguten arazoa ekonomikoa zela. Beti lotu izan dute eskola berriaren proiektua Ogasunarekin. Baina, azkenean, Ogasunak esan zuen euren aldetik ez zegoela inolako arazorik eta eskola berria egin zitekeela. Urriaren 16tik aurrera, gorabehera ugari izan ditugu, bi administrazioen arteko itunaren harira. Ia guztia itxita zegoenean, asteartean [azaroaren 26an] proiektua bertan behera gelditu zen, eta herritarren atsekabea erabat ulergarria da.

Orain, noizko espero da eskola berria?

Guk 2014-2015eko ikasturterako eskola berria martxan egotea nahi genuen, eta horregatik aritu gara azken asteetan negoziatzen, denboraz larri genbiltzalako. Badirudi, 2015-2016ko ikasturterako egina egongo dela. Kontuan hartu behar da Sarrigurengo eskolan behar baino ikasle gehiagok ikasten dutela, horregatik da eskola berria presazkoa. Guraso elkarteari erabateko babesa adierazi diogu, eta antolatutako ekinbideetan gure babesa izango dute.

Zentsura politikoa

Piruxak Nafarroan: zentsurari buruzko ikerketa 1979-2009 ikerlan unibertsitarioa egin nuen Asmoz Fundazioaren bitartez. Erregimen frankistaren ondorengo zentsuraren fenomenoa aztertu nuen, Nafarroari lotutako kasuak bilduz. Hona hemen haren ondorio batzuk:

Nire ikuspuntutik, zentsura debekuaren formetan eratzen da gaur egungo lege eta ekinbide judizialen bidez. Euskal gatazkan, hirugarren mundurako planteamenduaz eginiko ZEN plan haren kontzeptuekin janzten da zentsura. Zona Especial Norte planak, oraindik ere indarrean. [...]

Kasuen artean, batzuk zakarrak eta gardenak dira, frankismoan gertatzen ziren bezalakoak [...]. Alfredo Jaime alkatearen garaiko kasuak, Maribel Beriain zinegotziarenak batera, UPNkoak biak, "heretikoen mailua" berau: VI. Euskaraz Komikiaren Lehiaketaren komiki zentsuratuak "eduki biolento, biluzgorri eta mezu sasi-politikoengatik", edota Mikel Urmenetaren artelana Autorretrete, besteak beste. Zentsura giroa zen hura, iritzi publikoa hartua zuela eta bere hartan segitzen zuela, laino sarriaz, lehen bezalatsu. Ez dugu ahaztu behar, adibidez, Rodolfo Martin Villa, Sindicato Vertical taldeari lotua, 1976tik 1979ra arte Gobernazioaren kartera izan zuena (UCD); frankismoaren dokumentazioa erretzeko agindua eman zuela leporatua izan dela zenbait alditan. [...]

Beste kasu batzuek era sofistikatuagoa dute: adibide gisa, Simonidesen Jamon de Gorrión komikia, Liburu bat egiten-Cómo se hace un libro erakusketa Ziudadelatik kendu zutenekoa, Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarra agertzen zelako, edo Altaffaylla Fundazioaren Navarra 1936: de la esperanza al terror liburuarekin izandako arazoak eta abar.

Badira kasu dexente Nafarroan "errepresura kulturalari" loturikoak (J. A. de Blas argitaltzaileak sorturiko terminoa), eta dexentek badute lotura ez bakarrik kultura, politika edo erlijioarekin; sexualitate, abortu eta gisa horretako kontuekin ere badira.

Gai honen inguruan aditu handienetako bat denak, J. M. Torrealdaik, zentsura garaikidearen kasu nabarmenetako baten biktima berau, Egunkaria itxi baino lehen ziurtatzen zuen: "Hala ere, oso ezberdina da orain egon daitekeena, eta hemendik aurrera egongo dena, frankismoaren zentsurarekin. Orduan, aparatu bat zegoen, pentsamendua bideratzeko zuzenki destinatutako aparatu administratiboa. Egun, ez da horrelakorik". [...]

Hain zuzen ere, lehen bazegoen aparatu espezializatu bat (aunitzetan apez bat ere bat); eta egun, betearazpen-akzio bat elkarbanatua da aparatu polizial edo militar eta judizialaren artean, batzuetan, aparatu politikoak bultzatua. Egunkaria-ren kasua. Gizon grisaren txostena kapitain baten ofizio-agiriak ordezkatua, instrukzioko epaile bati zuzendua, nork "dena da ETA" aski ezagututako diskurtsoaren izenean egunkaria ixten duen.

Zentsura, Francoren garaian, politikoa ere bada. Bizitzaren eremu guztia hartzen duen heinean, ohiko ekinbide bat. Normalizatua bai herrian bai erregimenaren kontrako intelektualen artean; zeren beraien baitan pairatu zuten autozentsura delako hura, nahiz eta borrokalari zintzoak. Aginte zentsuratzaileak markatzen du politika arloan debekaturik zer dagoen: erregimenaren aurka mugitzen den guztia. Horrek guztiak alderaketa egitera eramaten du: alde batetik, ze erraz ixten dituzten komunikabideak 1979tik aitzina, eta, bestetik, statu quo-aren akolitoen konplatzentzia. [...]

Nik uste dut ez dakigula elkarri hitz egiten, ez ziguten irakatsi, eta ikasi duguna justu kontrakoa da. Katalan izaeratik gutxi dugu, bai bikingoena. Eta espainarrak ere bai. Zeren, autokritikaz eta desikasteko xedeaz ari garela, ulertu behar da, izan ere, zentsura botere instituzionalizatuetatik datorren ekinbide penagarria dela, baina ez da soilik haien esklusitibitatearena, kontraboterea egin duena hark eramana edo tentatua noizbait izan da. Zentsurak paranoia kutsakorra badakar.[...]

Boterearen ekinbide ez-etikoak informazioaren kontrolean du oinarri. Horregatik, Gara eta BERRIA egunkariak ez daude Nafarroako liburutegietan; Iruñeko alkateak ez ditu gogoko CANi buruzko dokumentalak, eta Ateak Ireki itxi dute betiko diskurtso bereziaren bidez. Beharbada, Nafarroan Ateak Ireki izan liteke UPNk duen informazioa kontrolatzeko sistema bere lekutik kanpo utz dezaketen hedabide horietako bat.

Iritzi askatasuna denon eskura izan beharko lukeen eskubidea da, eta erabatekoa izan beharko luke muga inposatutakoen gainetik. Inor ez da horren ordezkoa eta jabe ofiziala, bestearen izenean inork ez baitu norbanakoaren askatasuna ordezkatu behar, eta, aldi berean, denon erantzukizuna da bestearen askatasuna defenditzea. Hitz egin dezagun inor baztertu gabe, hitza isilarazi gabe. Botereen banaketa benetan existitzen bada, bada garaia militarrak politikariari ez agintzeko. Bada gatazkaren amaieraren garaia. Zentsura gehiagorik ez.