“Etxeko mahaiaren gainean egiten ari dira ebakuntzak”

Iruñeko Donibane eta Iturrama auzoetan aritzen da Javier Yabar albaitaria lanean. Iratxe monasterioko Mascompany klinikan hartu gaitu, sukarra zuen txakur bat artatu eta gero. Krisiak albaitarien jardueran izan duen eraginaz mintzatu zaigu, eta, batez ere, gurekin etxean bizi diren animalien osasunean izan dituen ondorio larriez.

Albaitari gisa, nola sumatzen dituzu krisiaren ondorioak?

2010. urtera arte, klinika guztion jarduerak egin zuen gora. Gizartean bazen gaitasuna etxean animaliak izateko, eta modu egoki batean zaintzeko. 2011. urtean gauzak aldatzen hasi ziren, BEZak pixka bat gora egin zuen, eta sumatu genuen horren eragina. 2012an, berriz, igoera nabarmena izan zen, %8tik %21era pasatu baitzen. Krisia gehiago sumatu zen gizartean, eta gure kliniketan ere bai. Gero eta bezero berri gutxiago etortzen zela ohartu ginen. Hau da, gero eta animalia gutxiago zegoela etxeetan. Eta etortzen ziren bezeroek ere gero eta diru gutxiago gastatzen zuten.

Datu ekonomikoak dira horiek, baina zer eragin dute animalien osasunean eta ongizatean?

Eragina nabarmena da. Gero eta animalia gutxiago dago etxeetan, eta gaixotzen direnean, tamalez, eutanasia izaten da, anitzetan, jabeek erabakitzen duten bidea. Lehen baino anitzez ere azkarrago hartzen da animaliei eutanasia egiteko erabakia, bertzelako sendabideak saiatu gabe. Jendeak aurrekontu bat badu, eta ez du hori baino gehiago gastatu nahi. Lehen baziren 11 edo hamabi urteko animaliak, ebakuntza egin eta hamasei urtera arte lasai bizitzen ahal zirenak; orain, gaixotu eta berehala, eutanasia egiten zaie; aurrekontuak agintzen du.

Etxeetan animalia gutxiago dagoela diozu; abandonatu egin direlako?

Animaliak Babesteko Elkartearekin dudan harremanagatik badakit hori, batez ere, azken bi urteotan gertatu izan dela. Baina krisiak eragin du bertze egoera dramatiko anitz.

Nolako egoerak?

Gertatzen ari da guk ditugun baliabideak ez dituzten klinika txikiak jartzen ari direla martxan. Animalien osasuna bermatzeko behar diren baliabide guztiak ere ez dituzte. Gisa horretako lehia dugu orain, baina ez digu bakarrik guri eragiten, animaliei ere bai, eskaintzen duten zaintzaren kalitatea eskasagoa delako.

Animalien osasuna arriskuan jar dezakete?

Gertatzen ari da, adibidez, ebakuntzak ez direla behar diren baldintzetan egiten. Gauza bat da kirofano batean aritzea, dena kontrolatzen duen monitore batekin, albaitari batekin, laguntzaile batekin eta anestesista batekin. Eta bertze gauza bat da katu bati, adibidez, etxeko mahai gainean egitea ebakuntza, anestesia xiringatuz. Hori gertatzen ari da.

Elikaduran ere sumatzen da krisia?

Bai. Animalientzako janaria kliniketan erosi ordez, supermerkatuetako pentsua hartzen hasi da jendea. Pentsua erosterakoan argi izan behar dugu zer osagai dituen. Ulergarria izan daiteke, langabezian dagoen pertsona batentzat gastu handia izan daitekeelako.

Animaliak ikusteko gure moduak ere badu zerikusirik?

Nik uste dut anitzetan animaliekin bizi diren pertsonek ez dakitela, benetan, horrek zer erran nahi duen. Zenbaitentzat, zerbaiterako balio duen zerbait bertzerik ez dira animaliak. Niri, adibidez, harrigarria iruditzen zait norbaitek mailegua eskatzea oporretara joateko baina etxeko animaliari ebakuntza ez egitea eta hiltzen uztea dirurik ez duelako gastatu nahi.

Animalia zama bilakatzen zaie?

Hala da. Eta kontuan izan behar dugu gurekin bizi den animaliak hamaika arazo izaten ahal dituela. Kontua ez da bakarrik gaixotzen ahal direla. Haien osasun psikologikoa ere zaindu behar dugu, haien beharrak ongi ase. Eta horri ez diogu garrantzirik ematen, gaur egun.

“Nire bizitza hemen dago, baina ni ez naiz hemengoa sentitzen”

Bost urte zituela hasi zen Laida Aldaz (Etxarri Aranatz, 1980) dantzan, eta egun, artista eta dantzaria da. Nafarroako Dantza Eskola Ofizialean egin zituen dantza klasikoko ikasketak, baina dantza garaikidea ikasi nahi zuen, eta atzerrira joan behar izan zuen. Orain dela hamahiru urte iritsi zen Bruselara (Belgika), eta dantzan ez ezik, artearen beste arlo batzuetan —arte plastikoetan eta bideogintzan, batez ere— sakondu du.

Bi urtez egon zen Bruselako PARTS dantza eskola entzutetsuan, eta hortik aurrera, bere kabuz lan egin du, freelance bezala. "Hor hasi zen dena", aitortu du. Instalazioak, performanceak eta bideoak egin ditu, bai bere kabuz, bai lagunekin eta baita enkarguz ere. Kuriositatea izan du beti, eta autodidakta izan da, gutxika-gutxika beste arlo batzuetan murgildu da. "Beharra dut nire gauzak egiteko, baina horrek lan eta esfortzu handia eskatzen du; horregatik kanpotik zerbait eskatzen didatenean gustura egiten dut, erosoagoa da niretzat". Horrela egin zuen, adibidez, When the here is there instalazioa —www.laidaldaz.wix.com/arts webgunean ikus daitezke bere lan guztiak—. Bruselan bizi diren Turkiako emakume batzuekin lan egin zuen Aldazek, eta atzerria landu zuen haiekin. "Haiek atzerritarrak ziren, eta ni ere: hori zen gure puntu komuna". Instalazioaren bidez, pertsona bat bere herritik kanpo nola sentitzen den azaldu nahi zuen. "Herri mina". Turkiako emakumeek, adibidez, beti esaten zuten zahartzen zirenean haien herrialdera itzuli nahi zutela.

Eta sentimendu bera du Aldazek. "Nire bizitza hemen dago, baina ni ez naiz hemengoa sentitzen". Turkiako emakumeak egoerak behartuta joan ziren Bruselara, eta neurri batean horrela joan zen Aldaz ere. "Ni ez nintzen hona etorri ezer jateko ez nuelako, baina bai ezin nuelako nire arloan lan egin Nafarroan". Egungo krisi ekonomikoarekin konparatu du bere egoera. "Orain gazteak atzerrira joaten dira lana bilatzera; niri hori orain dela hamahiru urte gertatu zitzaidan. Artistok beti egon gara krisi egoeran, beti tokatu zaigu leku batetik bestera mugitzea".

Ez da damutzen, hala ere, hartutako erabakiaz. Esperientzia "guztiz aberasgarria" izaten ari dela dio, bai pertsonalki eta baita profesionalki ere, eta ez zuen inolako dudarik izan. "Nafarroan geratu izan banintz seguruenik ez nukeen ikasiko hemen ikasi dudan guztia. Pertsona bezala, atzerriak irekitzen zaitu, eta pentsatzeko modua aldatu". Hala ere, onartu du hastapenak ez zirela batere errazak izan. Hogei urte besterik ez zituen, hiri berri eta handi batera iritsi zen, eta ez zituen ez frantsesa ez ingelesa menperatzen. Hutsetik hasi zen, eta erdi galduta sentitzen zen hasieran. "Nazioarteko bizimodua da hemengoa, mundu guztiko jendea bizi da, eta denetarik dago".

Artistari ematen zaion garrantziaz mintzatu da Aldaz. Han konturatu da Belgikan artisten lanbidea normalizatua dagoela, adibidez. "Ez Euskal Herrian ezta Espainian ere ez da errespetatzen gure lanbidea; hemen, ordea, bai". Belgikan artistek badute haien estatutua, eta horren bidez eskubideak dituzte, eta aukera dute langabezia saria jasotzeko. "Gobernuak kontuan hartzen du artistaren lanbidea ez dela erraza, ez dela egonkorra. Horregatik beti nago ziur jateko eta gastuak ordaintzeko dirua izanen dudala; eta bitartean nirean lan egin dezaket". Izan ere, bere lana ez da errutina. Egun guztiak dira desberdinak Aldazentzat, batzuetan lan gehiegi du, eta beste batzuetan lasaiago dago. "Ez dut ordutegi finkorik ezta leku finkorik lan egiteko. Estresagarria da batzuetan, baina baita ere atsegina. Bizi naiz egiten dudanarekin, zorte handia izan dut".

Egin dituen lanekin atzerrira joateko aukera izan du Aldazek. Ameriketako Estatu Batuetan, Japonian eta Europako herrialde askotan egon da bere proiektuekin eta Txilen egon zen dantza eskolak ematen. Nafarroara bere proiektuak eramaten saiatzen da, baina onartu du ez dela erraza izaten. "Erakutsi nahi dut zer egin dudan. Erraztasunak baino gehiago, ordea, zailtasunak jartzen dizkidate hori lortzeko". Tratu oso txarra jaso duela dio, eta 2010. urtean, adibidez, Aldazek ezetz esan zion Nafarroako Artista Gazteen Topaketak lehiaketako arte plastikoetako bigarren sariari, sariketak sortzaileen lana bultzatzeko eta zabaltzeko helburua betetzen ez zuelako. Orain, murrizketen eraginez, egoera okertu dela uste du Aldazek.

Dena den, Nafarroara itzuli nahi du, gogoa du. Urtero bi aldiz itzultzen da egun batzuk igarotzera, baina gutxiegi da. Hemendik aurrera denboraldi luzeak egotea gustatuko litzaioke. "Hanka bat han, eta beste hemen; ez ditut hemengo kontaktuak galdu nahi". Baina hainbeste urtez kanpoan bizi izan denez, ez ditu ezagutzen Nafarroako artistak eta bitartekoak falta zaizkio: "Nire asmoa da jendea ezagutzea eta horrela aukera izatea Nafarroan lan egiteko eta proiektuetan parte hartzeko".

Zezenketen aurkakoek biluzik egingo dute protesta Iruñeko Udaletxeko plazan

Zezenketen aurkako 50 bat aktibista bilduko dira gaur 11:30ean, Udaletxeko plazan, protesta "berritzaile" bati ekiteko. Anima Naturalis eta PETA gobernuz kanpoko erakundeek hamahirugarrenez antolatu dute ekitaldia, sanferminetan "torturatu eta hilko dituzten zezenen omenez". Biluzik adieraziko dute euren haserrea, eta hilkutxa bat beteko dute hilko den zezen bakoitzeko.

Jar zaitez zezenaren lekuan kanpainaren barruan dago gaurko ekitaldia ere, eta, Anima Naturaliseko kideek adierazi dutenez, aurtengo ekitaldia "ikusgarria bezain ikaragarria" izango da.

Tauromakiaren aurkako protestara hainbat herrialdetatik etorriko da jendea, hala nola Australiatik, Frantziatik eta Ingalaterratik. Horretaz gain, dei egin dute nahi duten guztiek parte har dezaten. Izan ere, protesta "hunkigarria" izango da, eta ikustera joaten direnak zezenen lekuan jartzea nahi dute antolatzaileek; egun hauetan "beldurra eta mina" jasango baitute zezenek, eta hil egingo dituzte.

Anima Naturalis erakundeko zuzendari Aida Gasconek azaldu duenez, momentu honetan zezen askok ez dute besta hauetan pairatuko duten sufrimenduaren berri. "Egunero, sei zezen Iruñeko kaleetan zehar jarraitu eta inguratuko dituzte, eta plazara beldurturik iritsiko dira. Arratsaldean, berriz, inongo justifikaziorik gabeko tortura eta erailketa pairatuko dute", gaineratu du.

Tauromakiak —zezenketak, sokamuturrak, entzierroak, izkingileak eta bestelako ikuskizunak— 564 milioi euroko finantzaketa jasotzen du altxor publikotik, abeltzainek jasotzen dituzten laguntzez gain. Altarriba fundazioak adierazi duenez, diru laguntza horien ondorioz familia bakoitzak batez beste 47 euro ordaintzen du.

Joan den urtean, Nafarroako Gobernuak debekatu egin zuen PETA eta Anima Naturalis elkarteek antolatutako gurutziltzatze sinbolikoa. Dirudienez, katolikoak minduta senti zitezkeen ikuskizun horren aurrean. Gaurko egunarekin sei aktibista udaletxearen aurrean sinbolikoki gurutziltzatzeko asmoa zegoen, zezenek jasaten duten "kalbarioa" irudikatzeko, baina debekua zela eta, ezin izan zuten aurrera eraman. Horren aurrean, aktibisten gorputzekin sanferminetako tauromakia bukatzeko lelo bat idatzi zuten.

Igandean hurrengo zita

Bi erakunde horiek ez ezik, Pacma alderdiko kideek ere zezenketen kontrako ekitaldi ugari egin izan dituzte. Zapi beltzak lepoan lotu, eta zezenik gabeko sanferminen alde egiten dute urtero animalista talde horretako kideek. Pacmakoek joan den urtean adierazi zutenez, badakite zezenen inguruko ekitaldiek erro sendoak dituztela, baina pixkanaka gauzak aldatzen ari direla azpimarratu zuten.

Igande honetan izango da zapi beltzak janzteko hurrengo zita, betiere, animalia guztien alde eta zezenketen aurka eginez.

Dantzaren jatorriaren bila

Urtero bezala, Lesakako herritarrek oso egun berezia ospatuko dute etzi. Egun osoko egitarau oparoan, ekitaldirik garrantzitsuena zubigainekoa izango da. Napoleones martxaren laguntzarekin, hamabost ezpata dantzari azalduko dira Eskol-ttiki ingurura. Han pertsona ugari begira dituztela, Onin ibaiaren ertzeetako petriletan aurrera eta atzera dantzan ibiliko dira.

Uztailaren 7an egiten diren dantzen jatorria zehazki noizkoa den jakin ez arren, dokumentu historikoen arabera XV. mende ingurukoa dela erran du Egoitz Telletxea Lesakako historialariak. "Garai hartan urriko jaiez gain, sanjoanak eta sanmartinak ospatzen ziren Lesakan, lehenak izanik garrantzitsuenak".

Rafael Eneterreaga Lesakako historiaren zaleak jakinarazi duenez, "San Joan egunean gaur egungo uztailaren 7an egiten den dantzaren oso antzekoa dantzatzen zuten herritarrek". Garai hartan, Onin ibaiak bereizitako bi auzo zeuden Lesakan, Julio Caro Barojaren idatzietan azaltzen denez. Errekaren ibilbidea jarraituz, ibaiaren eskuineko aldea Legarrea zen, eta ezkerrekoa, berriz, Pikuzelaia. Mairuen eta kristauen auzoak ziren, hurrenez hurren.

"Goizean Matxain etxean gosaldu ostean, mairuak eta kristauak Salbatore ermitara joaten ziren meza entzutera. Eneterreagak gaineratu duenez, Salbatoretik bueltan, mairuek errekara botatzen zituzten kristauak, eta euren txapeletatik elkarri ura botatzen zieten.

Horren ondoren, herritarrak errekatik plazara joaten ziren, eta handik, dantzariak egun makil-gurutze modura ezagutzen den doinua dantzatuz elizara joaten ziren. Behin meza nagusia amaituta, bi ilaretan itzultzen ziren Eskol-ttikira, eta han zubigainekoa dantzatzen zuten, nahiz eta petrilik ez zegoen.

Uste okerrak

Eneterreagak erran duenez, askok uste dute Legarrea eta Pikuzelaia auzoen artean gerra zegoela XV. mende inguruan, eta zubigainekoa bakea sinatu ondoren egiten hasi zirela. "Baliteke auzokoen artean eztabaidaren bat edo bertze izatea, baina ez zen inolako gerrarik egon". Dirudienez, gerraren kondaira hori 1940. urte inguruan asmatu zuen lagun talde batek afari batean. Ordutik bertsio hori zabaldu da gehien Lesakako herritarren artean. Areago, oraingo dantzari batzuek ere bake ituna egon zela uste dute. Hala ere, "Lesakako Udaleko aktetan ez da inon bake itunik azaltzen, ezta gerraren berri ematen duen idatzirik ere".

Antza denez, 1411n eta 1444an Gaztelaren aurkako batailak egon ziren Lesakan. Horren harira, Lesakako hainbat gazte Nafarroan zehar ibili ziren gerran. Sorterrira itzultzean, hainbertze istilurekin nazkatuta, bakean bizi nahi zutela erran zuten. Ordura arte mairuek beren auzoko aldean dantzatzen zuten, eta kristauek, berriz, beste aldean. Baina, Eneterreagaren hitzetan, "gertakari hori ospatzeko, urte horretan alderantziz egin zuten, hots, mairuek kristauen aldean —Pikuzelaian— dantzatu zuten, eta kristauek mairuen aldean —Legarrean—, erdian Lesakako bandera zutela".

Eneterreagak adierazi duenez, ezpata dantzari izena 1727ra arte ezpatekin dantzatzearen ondorioz sortu zen. "Errekan elkarri ura botatzeaz gain, mairuak eta kristauak ezpatekin borrokan ibiltzen ziren jolasean. Baina urte horretan Pedro Gamio eta Jose Lantz ito egin ziren, eta ordutik armak debekatu eta makilak erabiltzen hasi ziren". Eneterreagak gaineratu du Lesakako zenbait dokumentutan makil dantzariak azaltzen dela ezpata dantzariak azaldu beharrean.

Egoitz Telletxearen esanetan, "dokumentu historikoen arabera, Lesakako herritar batek beste bati begia atera zion, edanda zegoelako".

Gaur egun ere XV. mendean bezalatsu dantzatzen dute zubigainekoa, eta bandera ere lehen bezala astintzen dute. Zubiko saioa amaituta, plazara joaten dira, eta han beste saio bat egiten dute. Goizeko ekitaldian mutilak bakarrik aritzen badira ere, arratsaldean neskek ere parte hartzen dute.

San Fermin egunean dantzatzen duen hamabost ezpata dantzarietako bat da Xabier Maritxalar. "Uztailaren 7a urduritasun puntu batekin baina ilusio handiarekin bizitzen dut", dio. Proba saioetan hemezortzi gazte inguru aritzen dira. Horietatik zenbait San Fermin egunean atera ez arren, dantzak bertzerik gabe ikasteko joaten dira. Beti ere, hurrengo urteetan ezpata dantzari izateko itxaropenez.

Ezpata dantzariren batek gehiago ez dantzatzea erabakitzen duenean, hamabost dantzarien artean aukeratzen dute ordezkoa. Maritxalarren esanetan, "normalean, proba saioetan denbora gehien daramana eta aldi berean adinean zaharrena dena izaten da lekukoa hartzen duena". Bertzalde, Maritxalarrek onartu du zubiaren gainean dagoenean "erabat" kontzentratuta egoten dela, baina jendearen animoek "motibatu" egiten dutela. "Azken finean, ikuslerik ez balego, dantza ez litzateke gauza bera izango".

Sanferminetan ingurua bisitatzen dute turistek

Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak egindako ikerketa baten arabera, lau turistatik batek sanfeminak Nafarroa ezagutzeko aprobetxatzen dituzte. Hala, jaiegunen bat Iruñean igaro ostean, lurraldeko beste txoko batzuk ezagutzera joaten dira. Turista gehienek (%23) Orreaga bisitatzen dute. Azken urteetan, Donejakue bidearen inguruan egin diren filmek interesa piztu dute erromesekin lotura duten tokiekiko. Alde horretatik, turisten etorrera aprobetxatu nahi du Nafarroako Gobernuak Iruñeaz gain beste toki batzuk bisitatu ditzaten Jai girotik lasaitasunera kanpainaren barruan. Izan ere, Nafarroan dauden aukera aniztunak ezagutarazi nahi ditu gobernuak.

Irantzuko lurrak, eskaintzaz blai

Sanferminak ate-joka dauden arren, jai girotik aldendu nahi duenarentzat badira beste aukera batzuk ere Nafarroan zehar. Horietako bat da Irantzuko Lurrak turismo elkarteak proposatu duena. Natura eta inguruko baliabideak aprobetxatuta, 32 eskaintzaz ...

ENPLEGUAREN MAHAIAREN PARODIA

UPNk eta PSNk akordiorako oinarria adostu dute, PPren babesarekin. Bertan, langabeziari aurre egiteko 40 neurri aurkeztu dituzte, hiru bloketan banaturik. Langabezian dauden pertsonen batzarrak, ordea, adar jotze gisa hartu du mahaiak egindako bilera....

@sarean

Nafarroako turismo eskaintzarekin lotutako webguneak.

www.tierrasdeiranzu.com. Irantzuko Lurrak turismo elkartearen webgunea da.

www.turismonavarra.es. Nafarroako turismo ibilbideak eta eskaintzak aurki daitezke webgune honetan.

Ate vs Ate

Zalaparta handirik gabe. Zalaparta mediatiko handirik gabe, bederen, Sakanako hainbat herritan atez ateko sistema abiatuko dute astelehenean. Tira, gauzak zehaztearren, herri bakoitzari egokituriko zabor bilketa eginen dute; baina betiere atez ateko sistemaren inguruan egituratuak denak eta Nafarroako gainerako tokietan ezagutzen dugun edukiontzien eredutik aldentzen direnak. Erran dugu Nafarroan zalaparta mediatiko handirik ez duela izan; xelebrekeriarik ez zaio falta izan, ordea.

Iraultza instituzionala. Betidanik irria marraztu egin zait aurpegian Mexikoko PRI alderdiaren izen osoa entzun izan dudalarik: Alderdi Iraultzaile Instituzionala. Oximoron polita, Roberto Jimenez eta pisuzko arrazoiak elkartzea bezalaxe. Hala, garai batean antisistematzat jotzen zuten ezker abertzalea —bertze batzuekin batera elkartuta— erakundeetatik ari da benetako iraultza bulkatzen, herritar guztien eguneroko ohitura bat hankaz gora jarri nahi duena.

Alde, eta ez kontra. Erakundeetatik etortzen diren proiektuen aurka borrokatzen ohitura dugunok arraro samar sentitzen gara oraingoan. Jokoz kanpo. Orain, diputazio batetik, hainbat mankomunitatetik, zenbait udaletatik "inposatzen" ari direnaren alde egin behar dugu sutsuki. Beti "ez", "ez" eta "ez" oihukatzen, eta orain "bai", "bai" eta "bai"? Gauza arraroagorik!

Herri kontsultak. Aurreko batean aipatu genuen zenbait herri galdeketaren emaitzek toki zailean uzten gaituztela herri galdeketen aldeko garenok. Zorionez, baina, atez ateko sistemaren kontra egiten ari diren galdeketa gehienak hain dira zabarrak, hain ilunak, hain itsusiak, hain antidemokratikoak… ezen horietaz paso egiteko aukera ederra ematen baitigute, horretarako batere alhadurarik izan gabe. Orain ulertzen dut zer sentitzen duten UPNkoek "betiko" herri mugimenduek antolaturiko herri galdeketak aintzat hartzen ez dituztelarik: deus ere ez.

NAN. Bideoa ikusiko zenuten: Villabonan (Gipuzkoa) atez atekoaren kontrako herri galdeketa; ezker abertzaleko kide batzuek bozkalekura sartu nahi dute, behatzaile lanak egiteko; lotsagarriki, ez diete sartzen uzten; eta ezker abertzaleko kideek beren arrazoiak erakusten dituzte, baita beren Espainiako nortasun agiriak ere.

Kontrainformazioa. Atez atekoa ezartzen ari direnek, informazioa (hedabide instituzionalak erabilita). Haren aurkakoek, kontrainformazioa (eskela gehien saltzen dituzten egunkariek eta alderdi politiko handiek lagunduta). Eta aspalditik zaborrak hobeki kudeatzearen alde daudenenek, kontra-kontrainformazioa (hedabide txiki alternatiboak baliatuta).

Aurkakorik? Sakanako Mankomunitatekoak atez atekoa azaltzen hasi zirelarik, PPko zinegotziek flipatu zuten jakin zutelarik beren alderdiak gauza bera babesten duela Katalunian. Geroago, ekainaren hasieran, UPNk atez atekoa debekatzea proposatu zuen Nafarroako parlamentuan. Baina hilaren bukaeran Sakanara eginiko bisitan, UPNko ordezkari Begoña Sanzberrok erran zuen ez zeudela "ez alde eta ez kontra". Bisita berean, Carmen Otxoa parlamentari sozialistak adierazi zuen atez atekoa "etorkizuna" dela. Ez ote dute oposizio garbiagorik eginen?