UHOLDEEK UTZI DUTENA

Joan den asteburuko uholdeek hogei milioi euro inguruko kalteak eragin zituzten. Uholdeek hondatutako 1.500 etxebizitza, etxabe, auto, enpresa eta denda zenbatu dituzte, eta oraindik ere sumatzen dira uholdeen arrastoak. Ez dute baztertzen kalteak lar...

Iruñeko Udalak dio ezin dela behartu kaskoa erabiltzera

Mozio baten bitartez, Iruñeko Udalak jakinarazi du txirrindulariak ez direla behartu behar bizikletan ibiltzeko kaskoa janztera. Espainiako Trafiko Zuzendaritza idazten ari den Trafikoaren Araudi Orokorraren zirriborroan, hiri barnean txirrindulariak kaskoa jartzera behartzeko aukera jasotzen da. Udalbatzak aukera horren kontra egin du. Izan ere, uste dute azken urteetan Iruñean bizikletaren erabilerak izan duen goranzko joera hautsiko lukeela. Alde horretatik, inposizioaren aurka agertu dira irmo. Hala ere, argi utzi dute txirrindularien segurtasuna bermatu beharra dagoela, ahulak direlako. Horregatik, bakoitzaren esku uzteko eskatu dute kaskoa jantzi ala ez erabakitzeko eskubidea.

“Bizikletaren erabilera normalizatzeko, azpiegiturak beharrezkoak dira”

Bizikletak biziki maite ditu Jesus Sukuntza Garraiobide Osasungarrien Elkarteko kideak (Leitza, 1959). Beste hainbat txirrindularirekin batera, 2006an elkarte bat sortu zuen, bizikleta hirigunean barrena mugitzeko garraiobide iraunkor eta osasungarri gisa sustatzeko. Elkartearen helburu eta filosofiaren berri emateko, Asociacionmts.blogspot.com.es webgunea dute. Besteak beste, hirigunean bizikletan nola ibili behar den argitzeko hainbat aholku ematen dituzte.

Europako herrialde askotan egin da bizikletaren aldeko apustua. Nolakoa da Nafarroako eta Iruñeko egoera eremu horretan?

Bizikleten Europa esaten zaion horretan, Holanda, Alemania, Belgika eta Danimarkan, besteak beste, duela zenbait hamarkadatik hona, bizikleta agenda politikoan dute. Bizikletaren erabilera normalizatzeko, azpiegiturak beharrezkoak dira. Esaterako, ezinbestekoa da bizikletentzat homologatutako oinarrizko bidea edukitzea eta kaleetako gehienezko abiadura orduko 30 edota 20 kilometrora mugatzea. Iruñean, herrialdeko beste hirietan bezala, errealitatea ezberdina da, bizikletaren erabilera txikia delako. Hala ere, gero eta gehiagok erabiltzen dute egunero. Iruñeko Udalak 2005ean Bizikletaren Plana onartu zuen, eta, orain arte, lehen fasea besterik ez dute gauzatu. Ez dirudi bigarren fasearekin hasiko direnik.

Horrek zer ondorio eragin dezake?

Bi errealitaterekin egiten dugu topo. Alde batetik, periferian dauden auzoetan bidegorriak eraiki dira. Baina, beste alde batetik, hiriaren erdigunean, kale batzuk salbu, ez dago ia bidegorririk. Hala ere, aitortu beharra dago zirkulazioa lasaitzeko ahalegina egin dela. Izan ere, Alde Zahar osoan ibilgailuen gehienezko abiadura orduko 20 kilometrokoa da. Gainera, 2012tik, norabide bakarreko bide bakarra duten kaleetan orduko 30 kilometrora igaro daiteke gehienez. Horrek guztiak bizikleten zirkulazioa erraztu du. Hala eta guztiz ere, txirrindulari asko ez dira errepidetik joaten ausartzen. Hala, espaloiaren aldeko hautua egiten dute, Iruñeko Trafiko Ordenantzak dioenaren kontra. Hiritik kanpo, bizikleta garraiobide gisara egonkortzen ari da, baina oraindik hutsune handiak daude azpiegitura eta zirkulazioa lasaitzeko neurriei dagokienez. Esan liteke herritarrak politikarien aurretik doazela.

Alor horretan zer zeregin du administrazioak?

Mugikortasunarekin lotuta dagoen beste agente bat da bizikleta, hala jasotzen du, gainera, Zirkulazioaren Araudi Orokorrak. Horregatik, tokiko zein estatuaren mugikortasun politikek bizikletaren erabileraren normalizazioa sustatzeko beharra eta obligazioa dute. Txirrindularien aldarriak zilegiak dira, eta horiek gauzatzen saiatu behar dute.

Nolakoa da txirrindularien eta oinezkoen arteko harremana?

Txirrindulariak espaloitik doazenean, oinezkoa biktima sentiarazten dute, ahulenak direlako. Arazoa sakon aztertzeko, ezinbestekoa da galdetzea txirrindulariak zergatik joaten diren espaloitik. Arrazoia oro har da bidegorri sare eskasa dagoela. Horrez gain, errepidetik joatea txirrindulari batzuentzat arriskutsua da, ez dituztelako guztiek gaitasun fisiko zein erreflexu egokiak. Hala, txirrindulari askok espaloiak erabiltzea erabakitzen dute, gutxietsiak eta biktima sentitzen direlako.

Espainiako Gobernua idazten ari den Trafikoaren Araudi Orokorraren zirriborroan jasotzen denez, txirrindulariak kaskoa erabiltzera behartu nahi dituzte. Zer iruditzen zaizue?

Txirrindularitzarekin lotutako alor guztien irudiko, bizikletaren kontrako neurria da. Bizikleta erabiltzeko tradizio handia dagoen Europako herrialdeetan ez dago halako neurririk. Behartzearen aurka nagoen arren, iradokitzea arrazoizkoa iruditzen zait.

ITZULTZEA ESKATU DUTE LEITZARREK

Maxurreneak herriarentzat izan behar duela eskatu dute ehunka leitzarrek. Euriari aurre eginez, joan den larunbatean 300 lagun inguru bildu ziren manifestazioan, eta Guardia Zibilaren begiradapean egin zuten ibilbidea. Herriaren nahia errespetatu; Max...

“Eskaintza musikala askoz zabalagoa da”

Klabezina eta pianoa dira haren bi afizioak. Eta afizioa ofizio bihurtu du. Musikaria da Eloi Orzaiz (Iruñea, 1983), eta sei urte daramatza atzerrian bere ibilbidea egiten. Egun, Basilean (Suitza) bizi da; klabezin masterra ari da egiten, baina, horretaz gain, Herbehereetan eskolak ematen ditu.

Txikia zela hasi zen musikarekin, eta, ordutik, tarte handia eskaini dio bere bizitzan. Iruñean du sorburu haren karrera guztiak. Anaia hasi zen Iruñeko Joaquin Maya kontserbatorioan, eta Orzaizek, "naturalki", anaiak egindako bideari jarraitu zion. 7 urte zituen orduan, eta harpa eta biolina gustuko zituen. Hala ere, azkenean pianoa hautatu zuen. Aitortu duenez, ikasle gehienek hautatzen dute instrumentu hori. Musika barrokoa interpretatzea gustatzen zaio, eta horrek piztu zion garai hartako instrumentuekiko interesa. "13 urte nituela Bachen Brandenburgoko kontzertuen grabazio bat erosi nuen, eta musikariek instrumentu historikoekin jotzen zuten, klabezina tartean. Niretzat epifania antzeko bat izan zen". Horregatik hasi zen klabezina jotzen ikasten, eta, egun, masterra ari da egiten. "Bachek idatzitako obra bakoitza maisulan bat da, bai pianoan, bai klabezinean, baita organoan ere".

Atzerrian izan du horretan guztian sakontzeko aukera. Baina kanpora joan aurretik goi mailako piano ikasketak egin zituen Musikenen (Donostia). Herbehereetara joan zen ondoren, Hagako kontserbatorioan piano interpretazioan masterra egiteko. Lau urtez egon zen Hagan, urtebetez Alemanian eta duela urte eta erdi iritsi zela Suitzara. Azaldu duenez, ingelesarekin moldatzen da leku guztietan, baina bertako hizkuntzak ere ikasi ditu. "Nederlandera ikasi nuen, baina orain alemanarekin nahasten dut, eta Basilean alemanez hitz egiten dute, baina ez da Alemaniako aleman bera".

Dena den, ez da batere erraza goi mailako musika ikasketak aurrera eramatea atzerrian, eta beken laguntza izan du Orzaizek. Nafarroako Gobernuak eman zion lehenengo beka ikasketak kanpoan jarraitzeko, baina "arriskuan" egon ziren bekak. "Urte horretan bertan gobernuak bertan behera utzi zituen diru laguntzak, eta, era berean, Osasunari 4,5 milioi euro eman zizkion futbol zelaiaren izena aldatzeko", gogora ekarri du.

Zenbait talde eta komunikabideren presioari esker lortu zuten azken momentuan gobernuak bekak berriro ezartzea. Urte hauetan guztietan beste beka eta sari batzuk jaso ditu. Harentzat bekak "erabat ezinbestekoak" dira ikasteko. Bizimodu gogorra darama: "Karrera honek energia, denbora eta lan handia eskatzen du, eta, horretaz gain, inbertsio ekonomikoa". Zortea izan du Orzaizek, gurasoen sostengua eduki duelako beti. "Tamalez, musikari guztiek ezin dute gauza bera esan".

Orkestra askorekin jo du Orzaizek, eta joan den urtean Europako Batasuneko Orkestra Barrokoan aritu zen. Esperientzia "ahaztezina" izan zen, eta musikalki "oso aberasgarria". Europa osoan bidaiatu zuen, eta, oso nekagarria izan arren, "xarma" handiko urte gisa gogoratzen du. Orzaizek dioenez, Europan ezagutu dituen herrialdeetan —batez ere Suitzan— eskaintza kulturala askoz zabalagoa da, eta "bereziki eskaintza musikala". Ez du zerikusirik Euskal Herriko ikuspegiarekin. Nonahi eta noiznahi kontzertu batez gozatzeko aukera dago, eta, gainera, "kontzertuek jendea erakartzen dute".

Baina ezin dira konparatu bi herrialdeak. Suitza Nafarroa baino askoz herrialde garestiagoa da, eta biztanleek ere erosteko ahalmen handiagoa dute. Dena den, Orzaizek ez du harreman handirik bertako biztanleekin, eta onartu du "burbuila" moduko batean bizi dela. "Egunero etxetik eskolara eta eskolatik etxera". Kontserbatorioan ikasten duten gehienak antzera ibiltzen direla azaldu du, ahalegin handia eskatzen duelako eskolak. Gainera, kontserbatorioan gehienak atzerritarrak dira, eta Suitzako ikasle gutxi daude. "Eskolako lagunekin ibiltzen naiz gehien; gehiago ezagutu beharko nituzke suitzarrak".

Harreman handia du Nafarroarekin, hemen baititu familia eta lagunak, eta, gainera, gaurkotasuna gertutik aztertzen du. "Egunero irakurtzen ditut egunkariak, eta familiak eta lagunek hango albisteak kontatzen dizkidate. Aitortu behar dut lotsa sentitzen dudala. Ziur nago suitzarrek ere edukiko dituztela kontu lotsagarriak, baina Españistan-en ematen du ustelkeria eta telebistako Gandia's shore programaren izpiritua nagusi direla. Ematen du inozo nahi gaituztela". Hala ere, Nafarroara itzultzea edo Nafarrotatik gertu bizitzea gustatuko litzaioke Orzaizi, baina gaur egun zaila ikusten du, eta, oraingoz, han jarraituko du.

‘Allo’

Gaurko kolaborazio hau ikasturte honetako azken aurrekoa izango dut. Nafarroako Hitza-tik hilean behin zutabe bat idazten animatuko ote nintzatekeen hots egin zidatenetik, oker ez banago, hauxe izango da nire deiturak daramatzan hamazazpigarrena. Bete beharreko baldintza bat Nafarroako kontuez aritzea da, alegia, Nafarroako gaurkotasunez, eta, egia esateko, gure Nafarroa maite honek ematen du, bai, zer pentsatu eta zer esan. Dena den, ez dakit lerro hauetan ezarritako kondizioa beteko ote dudan, ez baitakit hemengo kontua ote den soilik.

Urte asko dira gure etxean bazegoela telefonogune bat. Nire memoriak huts egiten ez badit —batzuetan deserrira joaten zait-eta— kaxa modukoa zen, egurrezkoa, handi samarra. Telefono-linea desberdinak konektatzeko balio zuen larako moduko batzuk kalkatuz kutxako eskuin aldean zegoen biraderari eragin bitartean, behin baino gehiagotan eragin ere, bestela ez omen zuen nahiko indarrik hartzen. Operazio horrek bazuen zailtasun apur bat, ez ezazue pentsa; esku batek larako bat sakatzearekin batera beste eskuak biraderari eragin behar zion, baina orduan telefonoa? Telefonoa eseki gabe utzi egin behar, jakina, eta atzera ere agudo hartu behar deia alferrik galduko ez bazen!

Atzerrira deitzeko erabiltzen zen askotan telefonogunea, hain zuzen ere, urrutiko deiak egiteko. Emakumezko ahotsa izaten zuen telefonistari norako deia zen eskatu, telefono zenbakia eman eta hark lotura egiten zuen unetxo bat pasa eta gero. Orduan, telefono-hari luzeen beste aldetik ailegatzen zen: Allo? Allo?

Allo-k erantzuna ematen zuen beti, beste aldean norbait zegoela adierazten zuen erantzuna.

Nola aldatu diren gauzak, e? Urte hauetan guztietan teknologia berriek sekulako aurrerapenak lortu dituzte. Ordu batzuetan munduko beste muturrera ailega gaitezke, eta, denborarik beharko ez balu bezala, gure mezu bat istantean irakur dezakete munduko edozein tokitan. Garai bateko zentralita zen egurrezko kutxa erako tramankulu handi hura, gaur egun, ordea, gure bakeroen poltsiko estuetan sartzen den gailu bat da, deitzeko ez ezik, hamaika funtzio gehiago betetzeko balio duena.

Bada, haatik, besterik aldatzen ari dena: orain, askotan, gehienetan, apika, ez dugu Allo-rik entzuten, hots, tresnaren beste aldetik ez da arraposturik ailegatzen: ez da erantzunik egoten. Ez dakit zure esperientzian, irakurle, nirean behintzat gero eta ohikoagoa zait arraposturik ez jasotzea lagunei bidalitako SMS edo whatsapp mezuak direla. Egia da, galderarik egiten ez bada, behinik behin, batzuetan ez dela behar izaten, tira, ez dakit. Baina, adibidez, pentsa dezagun kiroldegian hain poliki jarritako Iradokizunak postontzian sarturiko sujerentzia dela-eta ez dizutela erantzun, non eta, gainera, orrian bertan Erantzuna jaso nahi dut agertzen den laukitxoa markatu duzun; edo, esaterako, udaletxean sarturiko zenbakidun eskaera formal baten inguruan ere ez dizutela erantzun. Halere, nago jarrera nagi hori kutsakorra dela.

Nik Allo entzuten jarraitu nahi dut.

“Egileen zinema erakusten dugu, eta hausnarketarako bide izatea nahi dugu”

Bi astez emakumeek egindako filmak izan dira protagonista Iruñean. Hogeita zazpigarren aldia izan du aurten Iruñeko Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldiak; atzo bukatu zen, eta denera, zortzi film eta hainbat film labur eman dituzte Iruñeko Golem zinemetan. IPES elkarteak antolatzen du urtero, eta koordinatzaile lanetan aritu da Elena San Julian (Iruñea, 1955).

Atzo bukatu zen jaialdia. Zer iruditu zaizu?

Zortzi egunez eman ditugu filmak. Urte honetan erakustaldia luzeagoa izan da, film luzeak dokumentalekin tartekatu ditugulako. Hobeto joan zaigu horrela, eta publikoak ongi erantzun du. Lehenengo astean, adibidez, film guztien saioak bete ziren, eta jendea kanpoan geratu zen, toki faltagatik. Egia da dokumentalak ikustera pertsona gutxiago etortzen direla, baina, hala ere, harrera ona izan dute. Gai ezberdinak landu ditugu, oso bestelakoak, baina oinarri komun batekin: emakumeek egindako filmak dira. Gainera, filmen zuzendariak eta adituak etorri dira aurkeztera, eta filmaren ondotik debatea egon da.

Zeintzuk dira erakustaldiaren helburuak?

Gure helburua gaur egun emakumeek egiten duten zinema ikusaraztea da. Aztertzea emakumeek zineman dituzten estereotipoak, eta salatzea bidegabekeriak. Hemengo zinema ikusten dugu, hurbilekoa, baina baita ere kanpokoa, atzerrikoa, eta beste errealitate batzuk ezagutzeko balio digu. Eztabaidetan askotarikoak dira gaiak, aberasgarriak eta film bakoitzak ematen digu zerbaitetan sakontzeko aukera.

Nola aukeratzen dituzue filmak?

Nafarroan estreinatu gabeko filmak aukeratzen ditugu. Hemen inoiz estreinatuko ez diren filmak daude, ez dutelako banatzailerik, eta, hortaz, erakustaldi hau edo beste jaialdi batzuk dira aukera bakarrak film horiek ikusteko. Saiatzen gara mundu osoko filmak ekartzen, jatorria desberdina izaten, eta, horrekin batera, gaiak ez errepikatzen. Egileen zinema da guk erakusten duguna. Filmek zerbait esatea nahi dugu, hausnarketarako bide izatea. Golem zinemen laguntza dugu: haiek banatzaileak dira, eta, jaialdietan ibiltzen direnez gero, aholkuak ematen dizkigute.

27 urte bete ditu aurten erakustaldiak. Nola hasi zen?

IPES elkarteak beti izan du emakumeen departamentua, eta beti interesatu zaigu Iruñera adituak —feministak, ikertzaileak...— gonbidatzea. Era berean, liburutegi handia dugu gaiaren inguruan, eta ikastaroak egiten ditugu. Zinema oso tresna garrantzitsua dela uste dugu, interesgarria emakumeen inguruko gaiak mahai gainean jartzeko. Golem zinemekin harremanetan jarri ginen, ideia ona iruditu zitzaien, eta horrela hasi ginen, 1986an. Espainiako eta Hego Euskal Herriko erakustaldi zaharrena da Iruñekoa, urtero-urtero antolatu dugu. Dena den, ez da jaialdi handia, eta gure aurrekontua txikia da.

Aurten arazo gehiago izan dituzue krisia dela eta?

Aurten krisiak gogor jo du erakustaldia. Beti jaso ditugu diru laguntzak, adibidez, Nafarroako Berdintasun Institutuarenak, baina aurten ez da egon deialdirik. Aurrera ateratzea lortu dugu, baina beti gaude ziurgabetasun horrekin. Azken momentura arte ez dakigu antolatzeko dirurik izanen dugun ala ez.

Urte hauetan guztietan zer-nolako bilakaera ikusi duzu zineman emakumeen inguruan?

Ez da eman aurrerapauso handirik. Industria honetan oso motel doa berdintasunaren gaia, eta oraindik ere jarraitzen dute bidegabekeriek. Adibidez, orain dela lau urteko ikerketa baten arabera, Espainian egiten diren filmen %7,4 bakarrik dira emakumeek egindakoak. Oro har, kultura ez dago batere ongi, baina uste dugu hau bezalako erakustaldi bat antolatzea funtsezkoa dela desberdintasunei aurre egiteko. Oraindik zentzua duela uste dugu.

5,48

Arga ibaia asteburuan iritsi zen altuera, metrotan. Arga eta Aragoi ibaiek gainezka egin zuten joan den asteburuan. Arga ibaia 5,48 metroko altuerara iritsi zen, eta Ebroko Ur Konfederazioak Iruñean inoiz neurtu gabeko ur maila neurtu zuen: 550 metro kubiko segundoko.

Dirurik gabe utzi dute Oteiza katedra, eta bertan behera geratu da

Bertan behera geratu da Oteiza katedra, Nafarroako Gobernuak finantzaketarik gabe utzi duelako. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin zuten hitzarmena ezeztatu dute, eta ez dute inolako jarduerarik eginen. Unibertsitateak esan du katedra "oso garrantzitsua" dela, baina adierazi du Nafarroako Gobernuko Kultura Departamenduak ezin dituela ordaindu katedrako gastuak.

Urte honetarako aurreikusia zegoen Jorge Oteiza katedrak 120.000 euro jasotzea —2012. urteko aurrekontuak luzatu zirelako—, baina bakarrik 10.000 euro jaso ditu joan den urtean hasitako bi argitalpen bukatzeko. Miquel Barcelo sortzaileak eta Javier Goma filosofoak eman zituzten hitzaldiei buruzko argitalpenak dira. Madrilgo Mapfre fundazioak beste 10.000 euro eman ditu proiektuak gauzatzeko.

Martxoan utzi zuen gobernuak bertan behera Oteiza katedra. Hilaren 31n katedraz arduratzen zen langilea kaleratu zuten. Bi argitalpen horiez gain, katedrak ez du deus antolatuko, eta hemendik aurrera ez du inolako zerbitzurik eskainiko. Eloisa Ramirez NUPeko Kultura eta Gizarte Proiekzioko errektoreordeak heldu den urterako "zalantza eta ziurtasunik eza" dagoela jakinarazi du. "Gobernuak esan digu nahi duela berriro ezarri katedra, baina ezin du ziurtatu noiz izanen den hori. Horretarako dirua egonik". Erakunde kultural eta akademikoa 2002. urtean sortu zen, Nafarroako Gobernuaren eta NUPeko hitzarmen baten bidez.

Bizikletaren aitortza jomuga

Bizikletaren Eguna ospatuko dute igandean, Iruñean. XVIII. aldia izango da aurtengoa. Frantziako Tourra Nafarroatik 1996ko uztailaren 17an igaro zen lehenengoz. Okzitaniako Argelers de Gasost herrian hasi zen etapa, eta Bjarne Riis txirrindulariak irabazi zuen etapa hura. Txirrindularitzaren bira garrantzitsu horien karietara antolatu zuen lehenengoz El Gesto bizikleta peñak Bizikletaren Eguna. Igandeko saioan, bizikletaren erabilera sustatu eta txirrindulariak omenduko dituzte.

Jaiegunak izan duen bilakaerarekin pozik agertu da Jesus Mari Gurpegi El Gesto peñako kidea: "Bizikleta ibilgailu osasungarria eta iraunkorra da, eta sustatu beharra dagoela iruditzen zaigu". Hala, jakinarazi du urtetik urtera gero eta gehiagok erabiltzen dutela bizikleta eguneroko joan-etorriak egiteko. Iganderako 17 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta izena emateko epea irekita dago. Bi euroren truke, ibilbide horretan parte hartu ahalko da. Besteak beste, txirrindulariak Iruñeko Udaletxeko plazatik eta Mendillorriko ur biltegitik pasako dira.

Nafarroan, bidegorri sare eraturik ez dago oraindik. Herri bakoitzeko udalaren esku egon da garraio politika. Azken urteetan, Iruñerriko hainbat tokitan bizikletentzako bereziki prestatutako bideak egin dituzte, Soto Lezkairun eta Sarrigurenen esaterako. Horrez gain, badira bizikletan joateko beste bide batzuk Nafarroan, Plazaolako bidea eta Mugairitik Behobiara doana esaterako. Gurpegiren irudiko, bidegorri sarea ona da, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoen. Alde horretatik, Iruñerriko Mankomunitateak bizikletaren erabileraren alde egin duen lana goraipatu du, besteak beste, bidegorriak eraikitzeko egin duen "ahaleginagatik".

Ez da iritzi berekoa, ordea, Eneko Astigarraga. Hirian bizikletazaleek nola ibili behar duten azaltzeko aholkularia da. Iruñerrian txirrindulariek egoera "lotsagarria" dutela dio. Gainera, igandekoaren moduko jaiek "aurpegia zuritzeko" balio dutela uste du. Iruñeko kasuan, krisi ekonomikoaren eraginez, zirkulazioa %10 murriztu da azken urteetan. Astigarragaren aburuz, aukera hori profitatu beharra dago bizikletaren eta autoaren elkarbizitza sustatzeko. "Bizikletak eta autoak errepide berean elkarrekin bizitzeko bidea eman behar da". Azaldu du Iruñeko bidegorriak ez direla egokiak: "Udalak erabaki zuen espaloietan marra bat eginda txirrindularien arazoa ebatziko zuela; txirrindularioi irri egin ziguten".

Astigarraga txirrindulariak errepidetik joatearen alde dago. "Administrazioak eta hedabideek sinetsarazi digute errepidetik bizikletan joatea arriskutsua dela, eta hori gezurra da". Hala ere, autoen abiadura moteltzea ezinbestekoa dela dio, elkarbizitza hori modu hobean gauzatzeko.

Hala, salatu du Nafarroan autoa "babesteko" joera handia dagoela. Iritzi berekoa da Patxi Uharte txirrindularia ere. Bizikletan ibiltzen da ia egunero. Nafarroan alor horretan dagoen politika salatu du. "Ezjakin eta ezgai asko dago. Ez dute osatu Bizikletaren Plan Orokorra. Mugikortasun Plana ere egin gabe dago. Azken hamar urteetan kobratu bai baina ez dute plan bakar bat ere idatzi", esan du.

Bizikleten, autoen eta oinezkoen harremana konplikatua izan da beti. Errealitate hori nola kudeatu, horretan dago gakoa. Astigarragak eta Uhartek nabarmendu dute bizikletak errepideko beste ibilgailu bat izan behar duela. Bestelako iritzia du Gurpegik. Halere, ibilgailu guztiak elkarrekin bizitzera kondenatuta daude.