• Hilabeteko kartzela zigorra Estafetako laurentzat. Iazko martxoaren 29ko greba egunean Estafeta kaleko Chez Belagua tabernan gertatutako istiluengatik 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete lau herritarri. Epaileak ontzat eman du poliziaren bertsioa.
Euskaltegian izena ematera dei egin dute Kontseiluko eragile guztiek
Udako oporrak amaitzearekin batera, euskaltegiek ireki dute matrikulazio epea. Hilabete amaiera arte eman ahal izango da euskaltegietan izena, tartean AEK eta IKAkoetan. Matrikulazio epea irekita dagoela profitatuta, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak erakundeko kideen izenean euskara ikasteko deia egin du."Euskaraz bizitzeko abenturari ekiteko garaia da".
Azken 40 urtean, milaka lagunek ikasi dute euskara Nafarroako euskaltegietan. Lorpen hori AEK eta IKAren ahaleginarekin lotu ditu zuzenean Bilbaok: "AEK-k eta IKAk euskararen berreskurapen-prozesuari egin dioten eta egiten dioten ekarpena zoriontzekoa da". Gainera, gizartea euskalduntzea herri mugimenduen bitartez erdietsi dela, eta ez Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker jakinarazi du.
Izan ere, enegarrenez, Yolanda Barcina buru den gobernuaren hizkuntza politika salatu du. Izan ere, Bilbaoren irudiko, "jakina da ez Nafarroako Gobernuak, ez eta bere hizkuntz politikak ez dutela euskalduntzen laguntzen; are gehiago, gehienetan gure kontra datoz".
Helduen zein haurren euskalduntze prozesuan herrialdeko administrazioaren oztopoak hamaika dira. Esaterako, Kontseiluko kide den Sortzen-ikasbatuaz taldeak hamaika aldiz gaitzetsi du Nafarroan euskarak duen zonifikazioa. Izan ere, euskaraz ikasteko eskubideari dagokionean, lehenengo eta bigarren mailako nafarrak daudela dio. Hain justu, politika horren ondorioz, txikitan eskoletan euskara ikasi ezin duten haurrek, heldu bilakatzen direnean euskaltegietara joan behar izaten dute euskalduntzeko.
Ia urte eta erdi igaro da Kontseiluak Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin zuenetik, baina ordutik apenas aldatu da egoera. Orduan Bilbaok argi esan zuen: "Nafarroako Gobernuak gutxi eta gaizki gastatzen du euskararen alde". Salatu zuen, euskarazko hedabideentzako diru laguntzak erabat desagertu zirela, euskaltegietakoak %23 murriztu... Alor horretan Bilbaok tinko adierazi zuen, Nafarroako Gobernuak euskararekin lotutako eremuetan egindako murrizketek arriskuan jartzen dituztela herritar askoren lanarekin eta ahalegin ekonomikoarekin bultzatutako mota guztietako proiektuak, tartean euskaltegienak.
Azken horientzat, aurtengo diru laguntzak aurreikusi ziren arren, oraindik ez dutela deialdirik egin jakinarazi du Joxerra Olano IKAko kideak. Hala, datozen ikasturtean zer gertatuko den ez dakite, ez baitu Nafarroako Gobernuak horren inguruan ezer ofizialik esan. Hala ere, oztopo horiek gainditu, eta orain arte bezala, Nafarroako gizartea euskalduntzeko konpromisoa agertu dute Kontseiluko bi kideek.
Eskaintza pertsonalizatua
Ikaslearen beharretara egokitutako euskara eskolak eskaintzen dituzte bai AEK-ko zein IKAko euskaltegiek. Helios del Santo AEK-ko Nafarroako koordinatzaileak jakinarazi duenez, erabileran oinarritutako metodologia dute. Hala, ikasleek ia lehen eskola egunetik hasten dira euskaraz hitz egiten, nahiz eta hitz gutxi batzuk izan. Nafarroan barrena 25 bat euskaltegi dituzte.
IKAko ikasleek ere, urri hasieran hasiko dute 2013-2014 ikasturtea. Nafarroan Atarrabian, Barañainen, Lesakan, Leitzan eta Iruñean dituzte euskaltegiak. Euskara ikasi edota hobetu nahi dutenei zuzendutako ikastaro bereziak dituzte, batzuk aurrez aurrekoak eta denboraz larriago dabilenarentzat autoikaskuntza deituriko sistema dute.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak argi du euskaraz bizi nahi duten herritarrak gero eta gehiago direla, baina euskaraz bizitzeko euskaldun gehiago behar direla ohartarazi du. Hala, AEK-ko zein IKAko euskaltegiak "leporaino" betetzeko deia egin du, azken 40 urtean nafarrak euskalduntzea lortu bada horiei esker izan delako.
Guardia Zibilak Maxurrenean jarraituko du
Guardia Zibila Leitzako Maxurrenea etxean hamar urte gehiago egongo dela esan du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Fernandezek astelehenean Leitzako Guardi Zibilaren egoitzara egindako bisitan eman zuen berria. Maxurrenea Nafarroako Gobernuarena da, eta azken hamar urteetan Barne Ministerioari utzi dio errentan. Hala ere, eraikinaren jatorrizko jabeak gobernuari etxea eman zionean, ekintza kulturaletarako erabiltzeko eskatuz eman zion. Baina eskaera ez du bete.
Leitzako hainbat herritar ez daude erabaki horrekin ados eta eta hala jakinaraz zuten pasa den astelehenean egindako elkarretaratzea. Gainera, Maxurrenearen erabileraren gaineko gatazka ez da berria. Askotan eskatu dute leitzarrek etxearen erabilera herritarrentzat izatea.
Helburu hori aldarrikatzeko sortu zuten duela zenbait urte Maxurrenea Herrintzat plataforma. Iñaki Zabaleta plataformako kidearen arabera, "hamar urteko alokairua aurten bukatzen denez, talde parlamentari guztiekin bildu gara eta horrela lortu genuen ekainean Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatzea Maxurrenea gizarte eta kultura ekintzetara bideratzea".
Momentuz gobernuak entzungor egin die leitzar askoren nahiari. Hala ere, Zabaletak "oztopo guztien gainetik", lanean jarraituko dutela jakinarazi du.
Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute lasterka
Iragan urteko arrakastari esker, aurten bigarren aldiz antolatuko ditu Kotseiluak herri-lasterketak. Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren zati dira lasterketa horiek. Euskaraz bizitzeko egindako hautu hori harrotasunez, herri-lasterketen bidez adierazi ahal izango da Euskal Herriko hainbat herritan. Maite Inda Kontseiluko Ildo Sozialeko buruak azaldu duenez, oraingoz, Nafarroan Aezkoan, Larraunen, Goizuetan, Baztanen, Bortzirietan, Iruñean eta Malerrekan izango dira. Datak eta orduak guztiz zehaztea falta da zenbait kasutan. Iruñean, hala ere, zita irailaren 28an, 11:30ean izango da, San Fermin Txiki jaiekin batera. Dagoeneko, eman daiteke izena lasterketa horretan parte hartzeko.
“Era askotako artistak aritzeak egiten du erakargarri zirkua”
Txikitan ez zela grazia "berezia" zuen haurra onartu du Ramon Marco (Tafalla, 1959) pailazoak. Are gehiago, "zozo xamarra" ere bazela. 1980ko hamarkadan hasi zen antzerki ikasketak egiten. Kasualitatez hasi zen gaur egungo Nafarroako Antzerki Eskolan...
Bankuei zerga berria jartzea proposatu du Ezkerrak
Herrialde Katalanetan eta Asturiasen (Espainia) abian dauden antzeko neurriak aintzat hartuta, Nafarroan lan egiten duten bankuei zerga berri bat jartzeko lege proposamena erregistratu berri du Ezkerrak Nafarroako Parlamentuan. Oraindik proposamen hor...
“Mehatxuak proiektu politiko jakin baten aurkakoak izan dira”
Uda honetan, bi herio mehatxu bidali dizkiete eskutitz bidez Mikel Sobrino Elizondoko zinpeko alkateari eta Garbiñe Elizegi Baztango alkateari (Pomona, AEB, 1975). Herio mehatxuak Agrupacion de Nacionalistas Navarros (Nafarroako Nazionalisten Elkartea) taldeak sinatu ditu. Elizondoko udaletxean ikurrina eta euskal presoen sakabanaketaren aurkako ikurra kentzeko eta Espainiako bandera jartzeko exijitu die bi alkateei. Abuztuaren 26 arteko epea eman zieten Sobrino eta Elizegiri agindua betetzeko. Eguna igaro da, eta udalak ez du aldaketarik egin.
Nola jaso zenuten lehen eskutitza?
Uztailaren 18 edo 19an heldu zen eskutitza udaletxera. Elizondoko udaleko alkateari zuzenduta zihoala jartzen zuen, baina Elizondok ez du udalik, Baztanek du udala. Orduan, eskutitzak banatu zituenak Elizondoko zinpeko alkateari eman zion. Honek ez zuen ireki jaiak bukatu arte, hau da, eskutitza heldu eta bi astera arte. Irekitzean, herio mehatxua zela ikusi zuen, eta abisatu egin ninduen. Erabaki genuen lehenengo gauza Foruzaingoan salaketa jartzea izan zen, eta horrekin batera bailarako alkateak bilera batera deitzea. Horrez gain, salaketa publikoa ere beharrezkoa zela iritzi genuen. Egun batzuk geroago, bigarren mehatxu eskutitza jaso, eta eskualdeko Batzar Nagusia deitzea erabaki genuen.
Zer-nolakoa izan da beste alderdiengandik jaso duzuen erantzuna?
Oro har, elkartasun adierazpenak jaso ditugu alderdi guztietatik. Oso pozik gaude jasotako babesagatik. Hala ere, egon dira elkartasuna adierazi nahi izan ez dutenak, Berako UPNko zinegotzia, esaterako. Beste batzuek euren burua behartua ikusi dute, baina agerian geratu da zenbaiten hipokresia.
Mehatxuen berriaren inguruan, nolakoa izan da Baztango herritarren erreakzioa?
Alde horretatik, oso pozik gaude. Une oro sentitu baitugu herritarren babesa. Uste dut herritarrek euren aurkako erasoa balitz bezala jaso dutela herio mehatxua. Ez baitira mehatxu pertsonalak izan, proiektu politiko jakin baten aurkakoak baizik. Guk proiektu politiko hori defendatzen dugu, eta horretarako aukeratu gaituzte herritarrek. Horregatik uste dut herritarrek eurei ere eraso egin dietela sentitu dutela hein handi batean.
Gisa honetako erasoak UPN, PP eta Espainiako Gobernuak aurrera daramaten euskal ikurren aurkako kanpainaren ondorio direla esan duzue. Zein dira kanpaina horren ekintzarik nabarmenenak?
Espainiako eta Nafarroako ikurren legeak dira adibiderik argienak. Azken horrek udaletako balkoietan ikurrina jartzea debekatu du. Legealdi berria hasi zenetik alkateak kargurako gaitasunik gabe utziko dituztela mehatxatu dituzte, besteak beste, Espainiako bandera ez jartzeagatik eta ikurrina zintzilikatzeagatik. Kanpaina horren beste adibide bat da herio mehatxua jaso eta astebetera Nafarroako Gobernuarengandik jaso genuen oharra. Bertan jakinarazten ziguten auzi bat irekia genuela, Baztandarren Biltzarrean udaletxeko balkoian ikurrina jartzeagatik. Baztandarren Biltzarrean duela 50 urte hasi zen ikurrina udaletxeko balkoian jartzen. UPNk gobernatu duenean ez da jarri izan.
Begoña Sanzberro Baztango UPNko zinegotziak herio mehatxuak "estrategia" gisa erabiltzea leporatu dizue. Nola baloratzen duzue?
Adierazpen horiekin argi geratu da zein den UPNren jarrera eta zer jokotan dabilen. Hemen biktimak alde guztietan daude, indarkeria alde guztietan izan delako. Baina hori ez dute inoiz onartu. Eta horrela jarraitu nahi dute, gatazka ukatzen. Horregatik ihes egiten diote eztabaida politikoari eta ostrukarena egiten dute, azken Batzar Nagusian bezala. Nahiago dute euren hedabideak erabili gisa horretako adierazpenak egiteko, eztabaida politikoan sartu baino.
Zundaketak legez kanpokoak direla salatu dute Zizurren
Abuztuan, Zizurko Udalak Geoalcali enpresa Gendulain inguruko potasa meatokiaren zundatzea gelditzeko eskatu zuen, "baimenik ez zuelako". Udalak makinak zigilatu zituen, baina enpresak, zigiluak hautsi, eta lanean segitu zuen. Herritarrek elkarretarat...
“Ikerketak baino ezin du esan meatzea segurua den”
Erreniegako inguruan geologo aditua da Antonio Aretxabala (Vigo, Galizia, 1963). Aurten eremu horretan izan diren lurrikarak aztertu ditu. Eremu hidrosismikoa dela dio, eta, ondorioz, eurite handiek lur mugimenduak eragiten dituztela. Oso argi dauka m...