Ia beti galtzen den apustua

Diru apur bat jokoan jartzeak jende asko erakartzen du. Apustua euskal tradizioarekin oso lotuta egon da historikoki. Ezagunak dira apustuan etxea jokatu eta galdu zuten baserritarren istorioak. Hala ere, atzean gelditu dira apustu mota horiek. Jokoa asko aldatu da azken urteetan. Ziurrenik, zerikusi handia du Internetek eraldaketa horretan.

Nafarroako Gobernuak gertutik jarraitzen ditu zorizko jokoetako datuak. Izan ere, gai konplikatua da. Lagun askori, noizbehinka jokatzen hasi, eta mendekotasuna sortzen zaie apurka-apurka. Izan ere, Aralar Nafarroako Ludopaten Elkarteko psikologoek argi diote: "Jokoan zalea ludopata batengandik bereizteko marra oso fina da". Muga ahul horren inguruan gizartea ohartarazteko, larunbatean, goiz osoz Iruñeko San Frantzisko plazan izango dira, asteartean Ludopatiaren Nazioarteko Eguna dela profitatu eta prebentzioaren garrantziaz ohartarazteko.

Nafarroako Gobernuak duela hilabete eskas publikatutako datuen arabera, 2012an 277,4 milioi euro jokatu zituzten zorizko jokoetan, 2008an baino %12 gutxiago. Sektorea azken urtean atzematen ari da gero eta diru gutxiago jokatzen dela. Hala ere, arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Esaterako, Interneten bingora edota pokerrera jokatzeko aukera dago. Horri esker, jokalari askok etxetik atera gabe jokatzen dute.

Apustuak egiteko aukera guztiz eraldatu zen Nafarroako Gobernuak 2010ean kirolarekin lotutako apustuak legeztatu zituenean. Goranzko joera nabarmena dute apustu horiek. Bi urtean, jokatutako zenbatekoa %50 hazi da. 2011n 19,48 milioi euro jokatu ziren apustu horietan; 2012an, berriz, 29,59 milioi euro.

Egun, halako zerbitzua lau enpresak eskaintzen dute Nafarroan: Reta, Apuestas de Navarra, Victoria eta Sportium-ek. Ainara Epelde Apuestas de Navarrako marketin arduradunak jakinarazi duenez, euren enpresan apustuak egiten dituzten gehienak 25 eta 45 urte arteko gizonezkoak dira. "Gure lokaletara etortzen direnek kirol ekitaldiak intentsitate handiagoz gozatzeko aukera dute apustuen bitartez", azaldu du Epeldek.

Apuestas de Navarra bezalako enpresek eskaintzen duten zerbitzuak Nafarroan "oso onarpen ona" izan duela dio Epeldek. Azaldu duenez, bestelako apustuetan ez bezala, kirolarekin lotutako apustuak eginez %80-90 ingurukoa da sariren bat jasotzeko aukera.

2010ean Nafarroako Gobernuak kirolarekin lotutako apustuak egiteko legedia onartu zuenetik, apustuak egiteko makinak nabarmen ugaritu dira. 2010ean, 371 bakarrik zeuden. Urtebetera, zenbateko hori ia bikoiztu egin zen: 635 zeuden herrialde osoan. Badirudi makina kopuruaren igoera moteldu egin dela: 2012an 661ean egin ziren kirol apustuak.

Horren harira, Epeldek aitortu du krisi ekonomikoa izan ez balitz "ziurrenik" euren enpresaren garapena handiagoa izango litzatekeela. "Izan ditugun emaitzak hobeak izango lirateke krisi ekonomikoagatik izan ez balitz", ohartarazi du. Hala ere, ez du baztertu aurrerago apustuak egiteko lokal gehiago abian jartzeko aukera.

Gainontzeko zorizko jokoetan, jokatutako diru kopurua murrizten ari da urtetik urtera. Esaterako, bingoan %15 murriztu dira jokatutako zenbatekoak, eta txanpon makinetan, %12. Bingoen kasuan, iaz 16,05 milioi euro gastatu zituzten erabiltzaileek joko horretara; 2011n, berriz, 18,93 milioi euro. Txanpon makinetan 105,41 milioi euro jokatu zituzten iaz; 2011n, berriz, 119,24 milioi euro.

Kontrol falta

Aralar ludopaten elkarteak zorizko jokoetan "kontrol" falta dagoela salatu du. Izan ere, txanpon makinetan eta apustuak egiteko makinetan ez dago jokalaria identifikatzeko inolako sistemarik. Horregatik, tabakoa saltzeko makinetako sistema bertsua aldarrikatu dute. Dena den, identifikazioa eskatzen duten tokirik bada: bingoak, kasurako. "Kontrol falta" dutelako, bostehun lagunek bingoetarako sarrera debekatzeko eskatu dute.

Oraingoz, bestelako jokoetan ez dago halako kontrolik. Hala ere, azken urteetan abian jarri diren apustu egiteko modu berriek apustularien profila aldatzea ekarri dute, gero eta gazteagoak baitira zorizko jokoetan jokatzen dutenak.

ERRIBERAN ERE EUSKARAZ BIZITZEKO

Jendetza bildu zen igandean Tuteran egin zuten Nafarroa Oinez-en. Eguraldia lagun izan zuten Tuterara bildutakoek. Sei kilometroko ibilbidean lau gune egon ziren. Horietan, besteak beste, kontzertuak, herri kirolak eta puzgarriak izan ziren. Argia ika...

Urtean 50 ludopata inguru artatzen dituzte Aralarren

Aralar Ludopaten Elkarteko psikologoak dira Sofia Perez eta Vanessa Gargallo. Elkartea berrindartzen ari dira, azken hilabeteetan izandako arazo batzuk tarteko. Horregatik, aurreko terapeutek uda hasieran utzitako postuaz arduratzen dira biak. Laguntza eske elkartera jotzen dutenen profila aniztuna dela jakinarazi dute. Urtean, jokoarekin arazoak dituztelako gutxi gorabehera 50 bazkide berri artatzen dituzte elkartean.

Aralar elkarteko terapeuten zerbitzua jasotzeko, ezinbestekoa da bazkide egitea: urtean kuota bat ordaindu behar izaten dute. Ludopaten profilaz galdetuta, oro har hitz egitea oso zaila dela ohartarazi du Gargallo psikologoak, profila aniztuna delako. "Gurera denetarik etortzen da; egia da gehienak egoera psikologiko zailean etortzen direla", jakinarazi du, eta gaineratu du azkenaldian jokatzeko sortu diren modu berriek dezente murriztu dutela Aralarrera laguntza eske joaten direnen adina.

Jokatzeko moduak gero eta pluralagoak dira. Internetek erabat aldatu du duela gutxi arte zegoen jokatzeko modua. Izan ere, Perezek azaldu duenez, lehen errazagoa zen jokoarekin arazoak zituena identifikatzea, beste lagun batzuen aurrean jokatzen zuelako. Orain, ezkutuan joka daiteke inolako arazorik gabe. Alor horretan, Gargallok gaineratu du inguruan etengabe jokatzeko eskatzen duten dozenaka iragarki daudela, tabernetan, Interneten, autobus geltokietan. Eta araudi mailan oraindik asko dagoela egiteko. Izan ere, alkoholarekin eta tabakoarekin bezala, jokoa sustatzen duten iragarkiak debekatzeko beharraz ohartarazi du.

Alde horretatik, kontrol gehiago aldarrikatu dute bi psikologoek. Horregatik, kritiko agertu dira 2010ean kirolarekin lotutako apustuak egiteko Nafarroako Gobernuak onartu zuen arauarekin. Izan ere, salatu dute jokatzen duena ez dela identifikatzen. "Edonork egin dezake apustu bat makinetan", azaldu du Gargallok. Gainera, jokorako desioa pizteko modu bat dela azaldu du.

Izan ere, jokatzean sentitzen dena plazeraren parekoa da askorentzat. Horregatik, plazera bilatzeko gogoa kontrolik gabea bada, mendekotasuna sor daiteke. Dena den, Perezen irudiko, jokalariak gizartean duen irudia dezente aldatu da azkenaldian. Izan ere, txanpon makinetan ibiltzen diren pertsonei "ludopata etiketa" jartzen die gizarteak. Apustu makinetan daudenei, aldiz, ez zaie etiketa hori jartzen, "modernotzat" jotzen direlako. Horregatik, halako makinetan jokatzen dutenak jokatu baino lehen identifikatzeko beharra dagoela aldarrikatu du Gargallok.

Errehabilitazio prozesua

Sarritan Aralar elkartera laguntza eske jotzen duten lagunak egoera psikologiko eta pertsonal txarrean egoten direla jakinarazi du Perezek. "Une batean denak eztanda egiten du, eta orduan jotzen dute guregana laguntza eske", azaldu du. Horregatik, lehenengo bileran elkarrizketa pertsonala egiten diote elkartearen laguntza behar dutenei. Balorazio pertsonalaren ostean, taldekako terapia zein terapia pertsonalizatua ematen diote.

Perezek argi utzi du jokatzeari uztea ez dela batere erraza izaten. Gainera, jakinarazi duenez, emakume gutxiagok eskatzen dute laguntza, nahiz eta emakume ludopatak badiren. Egoera horren atzean gizartearen eragina dagoela irizten dio Perezek.

Aralarrera laguntza bila joaten direnek laguntzaile bat izaten dute. Laguntzaile hori arduratzen da astean diru kopuru zehatza emateaz. Izan ere, jokoaren mendekotasuna dutenek laguntza eskatzen duten unetik kontu korronteak eta diru mugimenduak kontrolatuak izaten dituzte.

Bihar, Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko plazan mahai bat jarriko dute Aralar elkarteko kideek. Ludopatiaren egunaren harira, mendekotasun horren berri ahalik eta gehien zabaltzeko.

Udazkeneko fruituak

Haizego epelak laztanduta, eta ilargi betearen eraginpean, egunotan oparotasuna gozatzen da mendialdean. Gaztainak, ezkurrak, urrak eta intxaurrak gure oihanetan, erreka-bazterretan; arbolen indarretik ale bat ekartzen diguten elikagaiak. Sagardiak et...

TCCk lan erreforma aplikatu nahi duela salatu dute

"Lan hitzarmenaren luzapena haustea Iruñerriko hiri garraioaren, mankomunitatearen eta hiritarren aurkako eraso zuzena da", horrela mintzatu da Iruñerriko hiri garraioko enpresa batzordea. TCC Transports Ciutat Comtal enpresak kudeatzen du Iruñerriko autobus zerbitzu publikoa. Langile batzordeak salatu du TCCk hautsi egin duela sinatua zuten akordioa. Horren arabera, enpresak azken erreformaren aurreko lan hitzarmena luzatu zien langileei. Enpresak dio autobusen kudeaketa ez dela errentagarria, eta horregatik ituna ez betetzeko klausula erabiliko duela iragarri du.

TCCren arabera, 2013 eta 2014 artean 1,7 milioi euroren galerak izango ditu autobus zerbitzu publikoak. Langileek, ordea, salatu dute enpresak azken urtean hiru milioi euroren irabaziak banatu dituela eta ia milioi bat euroren irabaziak izan dituela. Langileek diote Iruñerriko Mankomunitatearen txosten tekniko, juridiko eta ekonomikoek agerian uzten dutela autobus zerbitzuaren errentagarritasuna. Txosten horien arabera, 2013-2014ko ikasturterako 70.000 euroren irabaziak aurreikusten ditu mankomunitateak, 2015erako 700.000 eurorenak eta 2016rako 1,2 milioi eurorenak.

Kopuruak asko aldatzen dira alde batetik bestera. Horregatik, langileek lan erreforma berria ez aplikatzeko eta hiru aldeko bilera egiteko eskatu dute.

9.000

Nafarroan dauden hepatitis C gaixo kopurua. Datu ofizialen faltan, Nafarroako Gaixo Hepatikoen eta Transplantatuen Elkarteak uste du Nafarroan 9.000 pertsonek dutela hepatitis C gaixotasuna.

%18

Iraileko Nafarroako langabezia tasa. Irailean Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren arabera, langabezia tasa %18 zen Nafarroan. Guztira 50.407 langabe zeuden. Urteko bigarren hiruhilekoan langabezia tasa %18,3 zen. Ekainetik irailera ia 5.000 langabe gutxiago daude.

“Gure ama da sukaldean izan dudan lehen erreferentea”

"Xaflatan moztutako onddoak plantxan egin gatz, olio, perrexil eta bizi apur batekin", errezeta erraz hori da Alex Mujikak (Donostia, 1963) gehien maite duenetakoa. Mujikak txikitatik ezagutu du zer den jatetxe bateko sukaldea. Gurasoek Leitzako Basakabi hotela zuten. Hango jatetxean hasi zen sukaldari ofizioa ikasten. "Gure ama da sukaldean izan dudan lehen erreferentea", dio Mujikak. Gero kanpora joan zen lanera, hamazazpi urterekin Donostiara eta hurrengo urtean Madrilera. Baina udaro Leitzara bueltatzen zen, etxekoekin lan egiteko. Gaur egun, bere jatetxea du Mujikak Iruñeko Estafeta kalean, La Perla hoteleko jatetxea. Krisiak sektore horri ere erasan dio. Horren ondorioz, Mujikak eta Arantxa Sagastibeltza haren kideak negozioa moldatu behar izan dute, gastrotabernaren aldeko apustua eginez.

Mujikak betidanik izan du gustuko sukaldean aritzea. Etxekoak mundu horretan mugitzen zirenez, bera segituan kutsatu zen giro hartaz. Basakabin bertan ikasi zituen sukaldaritzaren oinarriak, eta hamazazpi urterekin Donostiako Errekondo jatetxean hasi zen lanean. Hurrengo urtean, Madrilera egin zuen saltoa Luis Irizarren eskutik. Irizar Hotel Alcalako zuzendaria zen garai hartan. "Alcala hotelean bazegoen jatetxe bat, Basque izena zuena. Gero, Irizarrek Madrilgo Euskal Etxea ere hartu zuen. Baina ni Basquen ibili nintzen". Urtean bederatzi hilabete igarotzen zituen etxetik kanpo. Udan etxera bueltatzen zen, baina ez zuen jai handirik hartzeko denbora, Basakabin lan egiten baitzuen. Horrela lau urte inguru eman zituen. Basakabin langile finkoa egin zuten arte. Sukaldaritza tradizionala egiten zuten Leitzako hotelean. Baina, gutxika, plater berriak sartuz joan ziren menuan. "Lehendabiziko platerak erronka bat izan ziren, ordura arte egiten genuen sukaldaritza oso tradizionala zelako". Urteak pasatu dira, baina Mujikak gogoratzen du menuan sartu zuten plater berritzaileetakoren bat: adibidez, aza eta odoloste pastela babarrun saltsarekin.

Madrilen egon zen garaian gauza asko ikasi zituen Mujikak, Irizar sukaldariarekin lanean eta sukaldaritza topaketetan. "Mundu guztian ibili ginen hainbat jardunaldi gastronomiko eta topaketatan. Niretzat, oso garrantzitsua da hori, kultura gastronomikoa handitu nuelako", dio Mujikak. Sukaldaritza munduan hiru erreferente ditu Mujikak: lehenengo eta behin ama, eta horren ostean Irizar eta Ferran Adria.

Basakabin urtetan ibili da lanean, hasieran udan bakarrik eta gero langile finko moduan. Baina duela lau urte itxi zuten hotela. "Azken urteetan udan, ezkontzetan eta gisa horretako ospakizunetan baino ez genuen jatetxea irekitzen. La Perlako proiektua eskaini zidaten, eta hona etortzea erabaki nuen". Mujikak ez zuen aurreikusia beste jatetxe bat irekitzea. Berak jatetxe aholkularitza enpresa bat zuen, eta horrekin aurrera egiten zuen. Orain, nahiz eta jatetxean lan egin, aholkularitza enpresari eutsi dio. Enpresan, hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte. "Alde batetik, norbaitek bere jatetxeko karta aldatzeko arazoak baditu, deitu egiten dit, eta ideiak ematen dizkiot. Beste alde batetik, badago jende asko jatetxe bat jarri nahi duena baina profesionala ez dena. Beraz, ez daki zer behar den jatetxe bat martxan jartzeko: sukaldari kopurua, zer tresna behar diren... Guk horretan laguntzen diegu", dio Mujikak.

Aholkularitzaz gain, Mujikak sukaldaritzako bi liburu idatzi ditu Ayer y Hoy de la cocina navarra (Nafarroako sukaldaritzaren iragana eta oraina) eta Reciclaje y alta cocina (Birziklapena eta goi mailako sukaldaritza). Azken liburu horretan, sukaldeko soberakinekin zer egin azaltzen du. "Sukaldean beti sobera geratzen dira jaki piloa; orduan, izozgailuan sartzen dugu, eta hurrengo egunean labean edo mikrouhin labean berotzen dugu, eta kitto. Hori etxean ere gertatzen da. Nik proposatzen dut soberakin horiek probestuz plater berriak egitea".

Bezeroei dagokionez, askotariko bezeroak dituzte jatetxean. Baina, Mujikarentzat, denak dira berdinak. "Bezero bat pozik ateratzen ez bada, guretzat porrota da hori. Horregatik, datorren bezeroa datorrela guk beti saiatu behar dugu kontent atera dadin". Mujikarentzat ez daude herrialdekako ezberdintasunak, janariaren kasuan gustuak pertsonalak direla uste du. "Gure jatetxean, alemaniarrak, frantsesak edo hemengoak izan, guztiek eskatzen dituzte hemengo bertako platerak".

Sukaldaritza ofizio gogorra da. "Horrenbeste ordu lanean egonda, ezin da familiarekin edo lagunekin nahi beste egon". Hala ere, bere ofizioa maite du Mujikak. "Sukaldaritzako onena da bezero batek zeinen ongi bazkaldu duen esaten dizunean, jatetxetik pozik joaten direla ikustea. Hori da onena". Aurrera begira, Estafeta kaleko jatetxe eta gastrotabernarekin jarraituko du Mujikak. Ez daki zenbat denboraz jarraituko duen, baina argi du sukaldaritzarekin lotuta jarraituko duela etorkizunean ere .