BI BURU ERRALDOI KATEDRALEAN

Antonio Lopez artistaren bi eskultura erraldoi paratu dituzte Iruñeko katedralaren atarian. Gaua eta eguna izenburupean, bi buru erraldoi ageri dira katedralaren aurrealdean. Brontzezko eskulturak dira biak. Iloba txikiarekin duen harremana izan zen artistaren inspirazio iturria. Lan handia izan da eskulturak atarian jartzea, eta muntaketa prozesu osoa unibertsitateko ikasle batzuek jaso dute. Ikasleek performance bat eginen dute grabazioekin.

“Autoaren inguruan egina dago hiria, ez plazaren inguruan”

Kaktusak eta western pelikuletako paisaiak. Arroila Handia. Indioak. Horrelakoa da Arizona. "Politenak ez dira hiriak, natura baizik". Eneko Ganuzaren (Iruñea, 1978) hitzak dira. Harrituta gelditu zen Arroila Handia lehenengo aldiz ikusi zuenean. Franklin D. Rooseveltek esan zuena gogora ekarri du: "Bizitzan noizbait ikusi beharrekoa da". Ameriketako Estatu Batuetako lehendakari ohiak esandakoa betea du Genuzak, baina oraindik hamaika txoko gelditzen zaizkio aurkitzeko. "Oso zabala eta handia da herrialdea; horregatik, paisaia guztiz desberdinak dira".

Duela urtebete baino gehiago iritsi zen Eneko Ganuza Phoenix hiriburura. Itsas Zientziak ikasi zituen Palman (Kanariauharteak, Espainia), eta ondoren Ingalaterrara joan zen doktoretza egitera. "Nafarroatik kanpo anitz urtez bizi izan naiz, baina udan itzuli ohi naiz". Gabonetan familiaren bisita izan zuen Arizonan. "Hemen ez dago aukerarik opor luzeak hartzeko, bakarrik 15 bat egun; horregatik ez naiz itzuli nahi bezainbeste". Bioteknologia enpresa batean lan egiten du Phoenixen. "Ikertzailea naiz, eta iluntasunean hazten diren mikroalgak ikertzen ditut". Alga horiek azoka eta supermerkatuetara merkaturatu nahi dituzte, janari, kosmetiko edo botika gisa. Ez dago mikroalga enpresa asko, eta Ganuzak ez zuen bi aldiz pentsatu lana eskaini ziotenean.

Lanean duen giroa, gainera, apartekoa da. " Gehien harritu nauena lan egiteko era izan da". Enpresek langileak zaintzen eta motibatzen dituzte. "Personal couching, personal training... kontzeptu horiek hemen oso erabiliak dira, Euskal Herrian ez". Kanpotik lan ereduak "faltsu samarra" eman dezakeela ulertzen du Ganuzak, baina erabat eraginkorra dela dio. "Enpresaren produkzioa hobetzea lortzen dute, eta, aldi berean, langileak motibatuta joaten dira lanera".

Arizonako bizimodua "zeharo" autora lotuta dago. Leku batetik besterako distantziak ikaragarriak dira, eta guztiek dute autoa. Auto guztiak primerakoak eta berrienak direla dio Ganuzak. Sonora basamortuan dago Phoenix. Banakako etxebizitzez beteta, ez dago eraikin alturik, ezta etxe orratzik ere. "Hiria ez dago plazaren inguruan eginda, autoaren inguruan baizik; horregatik, aparkalekuetan aurkitzen duzu jende gehien, eta ez parkeetan". Errepublikanoen estatua da Arizona. Armetara eta autoetara ohituta daude. "Familia guztiek dituzte armak, hasieran oso arraroa egiten zitzaidan, eta oraindik ere bai; seinale ona da hori".

Horretaz gain, indigena erreserba handienetarikoa du lurraldeak. Sorterriko 300.000 lagun inguru bizi dira. "Erreserbetan beste eskubide batzuk dituzte; adibidez, Arizonan debekatua dago kasinoak eraikitzea, baina erreserbetan ez; horregatik, indiarren diru iturri nagusiena kasinoak dira". Erreserbetako hiriak "triste samarrak" direla azaldu du Ganuzak, inguruan duten natura oso polita den arren. "Desberdintasun handiak ikusten dira, batzuk oso pobreak, besteak kasinoekin...". Ohikoa da auto-stop egitea erreserbetan, askok autorik ez dutelako. Behin, Ganuzak auto-stop egin zuen erreserba batean, eta navajo indio batek hartu zuen bide erdian. Indioaren etxea ezagutu zuen, eta familia ere bai. "Sekulako esperientzia izan zen, oso jatorrak eta umilak ziren; primeran hartu gintuzten".

Globe herria gustuko du Ganuzak. "Hutsik dago herria; kobrea ateratzen zuten garai batean handik, urrezko aroa izan zuen, baina 1930eko hamarkadan hutsik geratu zen". Hala ere, etxe guztiek zutik jarraitzen dute, eta horrek berezia egiten du herria. "Ikaragarria da".

Behin, Tucsongo irakasle batekin topo egin zuen Ganuzak. Hitz egiten hasi, eta jatorriaz galdetu zion Ganuzari. Arizona hitza euskalduna dela esan zion. "Haritz ona esan nahi duela azaldu zidan". Orain dela 100 urte euskaldun artzain ugari joan ziren Arizonara. "Flagstaff hirira joan ziren gehienak, eta han haritzak ohikoak dira; hortik, izena". Oraindik ere, Euskal Herritik etorritako artzainen arrastoa agerian da. "Euskal artzainek zuhaitzetan haien izena eta urtea idazten zuten". Euskal aztarnak aurkitzea gustatzen zaio Ganuzari. Hala ere, gaur egun bizi direnak Euskal Herria ez dutela ezagutzen dio. "Phoenixek bakarrik ehun urte ditu; ez du erro historikorik, hiri gaztea da".

Urte hauetan guztietan izugarri hazi da hiria. Metropoli eremuak 4 milioi biztanle baino gehiago ditu. Gero eta immigrazio gehiago dagoela konturatu da Ganuza. "AEBetako beste estatuetatik jende asko etorri da, baita Mexikotik ere". Muga egiten du Arizonak Mexikorekin, eta latino-amerikar komunitatea handiak sortu dira. "Arizonaren %25 latindarrak dira". Ganuza mexikar merkatuetara joan ohi da erosketak egitera. "Han barazkiak eta frutak askoz hobeak dira; eta merkeagoak ere bai". Baina Arizonako haragia da gehien gustatzen zaiona: "Hemen haragia primerakoa da; hemen jaten dituzten hanburgerrak ez dira McDonaldsekoak".

Ursule! Markule! Banu, banu, banule!

Bertzorduz Iratiko oihanian Mendibeko herritik eta Otxagabiarat zohalarik neskato bat, errekontratzen dizu hartz bat. Chuen chuena so egon balitzako hartza ahalgeturen zizun, bainan hura ikustearekin iziturik begiak lurerat aurtikitzen ditizu. Ikusirik haren estitasuna hartza arimatzen ziakozu eta bizkarrian ezartzen dizu eta eremaiten zilo batera. Hara direnean hartzak senditzen dizu uricha zuela eta ume bat egiten dizie. Emia izan baliz menturaz hartzak ez zizun sofrituren neskatoa, nola gertatu izan baitzen arra konxerbatu zizun".

Cerquand idazle frantziarrak 1885ean, Pauen irakasle zela, bere Zuberoa eta Nafarroa Behereko ikasleengandik ikasitako kondairetako bat dugu L'ourson (Hartz-kumea).

Ez da hori gure herri-literaturan dugun hartzaren inguruko kondaira bakarra: 1923an, Lapurdiko Sara herrian ere Hartz-kumearen ichtorioa bildu zen, antzeko gaia duena, non gizonezkoari "…andria eraman zion hartzak; sartu zuen leze batian. Eman zuen atekatzat ehun kintaleko harri bat. Emazte gaicho hura haur egin beharra gertatu zen. Sortu zen seme bat". Eta 1935ean, Bizkaian "…mendian, amak bularrik ezeukalako, artz batek ezi eieban Juan" edo "…artzak eruan da eukan neskatxi bat seme bat izan eban. Artz orrek arri andi bategaz zerratuta kueba ortan eukiten zituen".

Pertsonaia miretsia bezain madarikatua izan da hartza, zeinak toki zabala daukan gure herri-literaturan. Euskal Herriko mendebaldetik ekialdera, sustrai errotuetako kondaira askoren ardatz bihurtu zen bazter haietako bizilagun ezaguna. Urteen poderioz, ordea, gizakiaren indarkeriaren bidegabekeria eternalez, desagertu egin da gure oihan eta basoetatik.

Antxon Gomezek bere Abere madarikatuak liburuan datuok ematen ditu: Durango aldean, XIX. mendearen bukaeran, bigarren eta hirugarren gerla karlisten arteko urte nahasietan, baserritar batek eskopetaz akabatu zuen hartz bat bi ardi jan zizkiolako. 1954an 70 hartz bizi ziren Pirinioetan. Handik bost urtera santagraztarrek Zuberoako azken hartza akabatu zuten. 1968an Izabako ehiztariek hartz bat hil zuten, haien esanen arabera, basurde batekin nahasirik. Hiru urteren buruan, tiroz botatako hartz baten burezurra aurkitu zuten San Martinen harritik gertu. Hilabete gutxiko hartz-kumea zen, Euskal Herrian jaiotako azkena. Camille, Nafarroako azken hartza, 2010ean hil zen.

Txomin Peillenen aitak Baionako Boletinean Artzañen jakitia idatzi zuen artzainek artaldeak hartzengandik babestu ahal izateko hartu beharreko lan nekezen artean Hartz orazionea misteriotsua xuxurlatzea zegoela.

Dena den, denek ez zuten hartza etsaitzat. Santa Grazin esaten omen zuten: "Lehenagoko üskaldün zaharrek erraiten zizien gizona hartzetik jiten zela. Hartza dena gizuna düzü". Seguran Hartzaren Esnaera ospatzen dute, neguan pasatako estutasunen ondoren, udaberriaren mezularia zelako hartza.

Joan zen urteko ekainean Erronkarira hurbildu ziren Nere eta bere seme Cannelito. Biak arrak izanik, Life proiektuaren bidez eme bat ekartzeko eskaera egin zen.

Aurtengo urtarrilaren 10ean, NaBaik eztabaida serio bat eskatu du Pirinioetako hartzaz; Nafarroa Life proiektutik kanpo geratu dela salatu du taldeak Nafarroako Gobernuak egindako akats batzuk direla medio. Parlamentuan mozio bat aurkeztuz hartzaren berreskuratzearen aldeko konpromisoa berresteko eskatu du. Hala ere, Life proiektuarekin edo gabe, erakunde publikoak hartzaren alde lan egitera beharturik daude, Europak babestutako espeziea baita.

Bitartean, ihote garaian gaudenez, goza dezagun gizakiok guk geuk desagerrarazi dugun hartzaren presentziaz Ituren eta Zubietan, Donibane Lohizune eta Ziburun, Uztaritzen eta... Arizkunen! Eta entzun dezagun Aurizko hartzaren oihua:

"Ursule! Markule! Banu, banu, banule!"

Bagoaz inora

Berripaper honen irakurle fidelok honezkero jakinen duzue Nora aldizkariarenak egin duela. 2008an sorturiko bidaia eta paisaia hilabetekari ederrak ezin izanen du bere borzgarren urtebetetzea egin "gaur egungo baldintzek" ez dietelako "aurrera egiteko aukerarik laga". Bertze bat zulora.

Gogoratzen Matraka gazte gehigarri ausarta? Gogoratzen astialdi aukera saldoa egunero biltzen zuen Tartea gehigarri koloretsua? Horiek ere zulora joan ziren. Berez, 2003ko ekainean jaio zenetik, BERRIA egunkaria txikitzen joan da gutxika-gutxika. Hemendik gutxira 10 urte beteko ditu eta, "bertze hamaika egiteko asmoa" dutenez, Zure ziztada behar dugu bezalako kanpainak egin behar izaten dituzte. Oso egoera ekonomiko larrian baitaude. Benetan.

BERRIAko lagunak kanpaina polita egiten ari dira eta, dagoeneko, 4.200 lagunek erabaki dute kanpainarekin bat egitea. Ziztadak lortu nahian, hitz ederrak erabiltzen ari dira, esaldi aski ongi biribilduak, bihotzak samurtzeko eta dirua erakartzeko.

Bada, nik alde batera utziko ditut hitz politak. Zuzenagoa izanen naiz. Bortitzagoa. "Euskaraz bizi nahi dut" lelo horrekin bat egiten duzu? BERRIA Interneten, liburutegian, euskaltegian edota institutuan dohainik irakurtzen duzu? Egunkaria euskaraz irakurtzen segitu nahi duzu? Twitterren edo Facebooken BERRIAren albisteak zabaltzen dituzu? Bada, benetako konpromisoa erakusteko tenorea ailegatu da: egin ezazu oraintxe berean BERRIAren harpidetza, urtean 381,91 euro astinduz. Zer nahi duzu erratea? Ez dago bertzerik.

Edukiak dohainik ematen omen dituen Internet ahalguztidunaren garaiotan zaila egiten da hau esplikatzea. Baina, aizue, BERRIA egunkariarenak egiten badu, akabo Berria.info; eta Argia aldizkariarenak egiten badu, akabo Argia.com. Adibidez. Alegia, ordaindutako kazetaritza bukatuz gero, akabo doako Internet.

Aurrekoan BERRIA egunkariko Komunikazioa atalean soldatapeko kazetari batek primeran azaldu zuenez, Madrilgo Prentsa Erakundeak egindako txosten baten arabera, 2012an 1.916 kazetari zeuden Hego Euskal Herrian langabezian —horietako 333 Nafarroan—; 2011. urtean baino 984 gehiago. Hortaz, azken urtean, langabezia tasa %105 handitu da hegoaldeko kazetarien artean.

Nahi baduzue, alimaleko langabezia tasa horren erdia krisi ekonomikoak esplikatuko du. Baina bertze erdiaren azalpena arestian aipatu dugun joerak ekarri du; gure munduaren ikuskeratik gertu dagoen informazioa ere dohainik ekoitz daitekeela dioen uste ustelak.

Erran gabe doa langabezian edo prekarietatean zaudetenok ez duzuela zertan halako diru ahalegina egin. Baina gainerakook, bai. Bada ordua gustuko dituzuen hedabideen harpidetza egiteko. Iraun dezaten nahi baduzue, bederen.

Nora zulora joan zaigu. Baina gu, ez. Gu bagoaz norabaitera. Bagoaz inora. Bidean gure hedabideek lagunduta, haiek gabe biderik ez baitago.

Tira, erran dut.

NUPeko 22 ikasketetatik seitan bederatzi edo nota altuagoa behar da ikasteko

Ikasleen eskaerek eskaintza gainditu dute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Guztira, 22 karrera eskaintzen dira unibertsitatean, eta horietako seitan ikasi ahal izateko, bederatzi edo nota altuago bat eskatzen dute. Horrez gain, hamasei titulutan —22tik— bosteko nota gainditzea eskatzen dute. Erizaintza, Fisioterapia eta Ekonomia ikasketak izan dira 2012-2013ko ikasturtean "erakargarrienak". Izan ere, titulu horiek guztiek ikasten dituzten ikasleen notarik baxuenak 9,1 eta 10,7 tartean daude.

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasketekin iristen dira unibertsitatera ikasle gehienak. Hala izan da ikasturte honetan ere. Lau ikasketatan soilik gelditu dira toki libreak — Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduan, Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan, Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzan eta Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzan—.

Kontuan hartu behar da gaur egun selektibitateko nota altuena hamalau dela, eta ez hamar. Bederatziko nota gainditzen dute Erizaintzan (9,1), Fisioterapian (9,2), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitzean (10,7), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako gradu bikoitzaren Nazioarteko Programan (9,3) eta Ekonomia graduko Nazioarteko Programan (9,3).

Atzerrira joateko aukera

Urtero, dozenaka ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpo egiten dituzte ikasketak nazioarteko programei esker. Ikasturte honetan 450 toki eskaini dituzte kanpoko unibertsitateetan ikasteko. Ekonomiako karrerek dute aukera gehien, guztira 266 toki dituztelako. Horren ondoren, Irakasletzako graduak, Gizarte Laneko gradua eta Soziologia gradua daude. Asteleheneko bileraren ostean, gaur ere bilera informatiboak izanen dira ikasle interesatuentzat unibertsitatean. Eskaerak urtarrilaren 28tik otsailaren 1era bitarte egin beharko dituzte Internet bidez.

NUPek nazioarteko hitzarmenak ditu 35 unibertsitaterekin, gehienak Erasmus programakoak, baina badira beste programa batzuk ere. Virrey Palafox programarekin Latinoamerikara joateko aukera dute ikasleek. Horretaz gain, hitzarmenak dituzte AEBetara, Australiara eta Kanadara joateko. Martin de Rada programari esker, NUPeko ikasleek aukera dute Asiara joateko. 25 urte bete zituen iaz nazioarteko mugikortasun programak. 2012-2013ko ikasturteko Erasmus bekak bermatuta daude, baina arriskuan egon ziren. Hurrengo urteko laguntzekin datoz zalantzak.

Dendak jaiegunetan ixteko eskatu dute sindikatuek

Joan den igandean, Nafarroako zenbait denda irekita egon ziren. Jaiegunetan dendak itxita egon behar dutela eskatzeko, ia ehun lagun bildu ziren Uharteko Itaroa merkataritza gunean, CCOO, UGT, ELA eta LABek deituta egin zen elkarretaratzean. Sindikatuen irudiko, "ez dago eskaera errealik hamar jaiegunetan dendak irekitzeko". Diotenez, afera enpresa handien arteko "gerraren" emaitza da. Urtarrilaren 2an eta7an denda batzuk ireki zituzten. Beste zortzi jaiegunetan ere zenbait irekita egongo dira, tartean martxoaren 28an, irailaren 1ean, urriaren 12an, azaroaren 1ean eta abenduaren 3, 6 eta 23an. Horiez gain, Iruñean azaroaren 29an ere lanean arituko dira dendari batzuk.