1.700

Trinitarioseko egoitzan aterpetutako etxerik gabeak. Trinitarioseko etxerik gabeko pertsonentzako zentroak, Iruñean, 1.700 lagun hartu zituen iaz. Zentroak 50 leku ditu, eta pertsona bakoitzak hiru gau igaro ditzake aterpean.

Iluntasuna argitzeko lanean

Ikusten ez dena ez dago sinesterik. Hori dio esaera zaharrak. Baina, zenbaitek, halabeharrez ikusten ez denean ere sinetsi behar izaten dute. Hori da ikusmen urritasuna dutenen errealitatea. Begiak ez diren bestelako elementuak baliatzen dituzte kalera irten eta errepidea gurutzatzeko, lan egiteko edota antzerkira joateko. Hamaika oztoporekin egiten dute topo egunero-egunero. Hain justu, 75 urte bete ditu ONCE Espainiako Itsuen Erakundeak ikusmen urritasuna dutenei erremintak eta prestakuntza ematen. Nafarroan 790 afiliatu inguru dituzte; batzuek zerbait ikusten dute; beste batzuek, ezer ez.

Iruñeko Aralar kalean du egoitza nagusia ONCEk Nafarroan. Une oro jendea sartu eta irten dabil. Batzuk ordenagailuak nola erabili irakasteko eskoletara, beste batzuk psikologora, bada liburutegira doanik ere. Puri Ortiz da ONCEko Nafarroako ordezkaritzako buruetako bat. Jaiotzez da itsua, eta horrek bere alde onak eta txarrak dituela azaldu du. Lau solairu dituen eraikinean ondo baino hobeto moldatzen da makila eta txakur gidaririk gabe. Duela bi hilabete inguru egin zuen txakur gidaria izateko eskaera.

Itsuen egoera azken urteetan "nabarmen" hobetu dela dio. Hala ere, ohartarazi du ONCE ez dela krisiaren eraginetatik kanpo gelditu den erakundea. "Guk ere gure murrizketak egin behar izan ditugu", dio. Eskaintzen dituzten zerbitzuak ez gutxitzen saiatu direla onartu du.

ONCEren diru iturririk garrantzitsuenek jokoan dute oinarria. Ezagunak dira egunero-egunero kaleko etxoletan saldutako kupoiak. Ortizek jakinarazi du azkenaldian gero eta produktu gehiago saltzen saiatzen direla, negozioa "dibertsifikatzeko" beharra dagoelako. Denera, Nafarroan 186 saltzaile daude, eta 28 bulegoetako langileak dira.

Bulegoetan lanean aritzen denetako bat da Lina Apastegi. Ordenagailu gelako arduraduna da. Pazientzia handiko emakumea da, muturreko egoeraren batean egoten diren lagunekin egin behar izaten duelako lan. Nolanahi ere, ordenagailuek eta bestelako teknologiek itsuen eta ikusmen arazo larriak dituztenen bizitza errazten lagundu duela dio. "Hona etortzen denak ezintasunari aurre egin behar izaten dio, eta hori zaila da".

Argitu duenez, ikusmen urritasun guztiak ez dira berdinak. Batzuek erabat galdua dute, baina beste batzuek zulotxo txiki batetik ikusiko balute bezala ikusten dute. Bada, itzalak antzemateko gaitasuna duenik ere. Hala, ordenagailuak beharren arabera moldatzen ditu Apastegik. "Aintzat hartzen ditut erabiltzaile bakoitzak dituen beharrak. Hala, batzuei kontrastea kendu eta zuri-beltzean jartzen diet; bada irudien tamaina lupa baten bitartez handituta moldatzen denik ere".

Arrakasta handia duen beste leku bat liburutegia da. Era guztietako liburuak dituzte bertan, asko braille metodoan idatzitakoak. Hala ere, azken urteetan gero eta arrakasta handiagoa dute audio liburuek. Ortizek azaldu duenez, bera unibertsitateko ikaslea zenetik izugarri aldatu da audio liburuak entzuteko modua. "Orain guztiz digitalizatuta daude, eta era sinbolikoan azpimarratzeko aukera ematen dute, baita atalak hautatzekoa ere".

Itziar Gorostidi ONCEk Iruñeko ordezkaritzan duen liburutegiko arduraduna da. Antzematen da liburuak maite dituela, ikusmen urritasuna dutenen haurrentzako liburuak batez ere. Azken urteetan erakundeak alor horretan lan handia egin duela iruditzen zaio. "Inoiz ezer ikusi ez duen haur bati oso zaila da esplikatzea txalupa bat edo zuhaitz bat zer den", ohartarazi du. Hala, oinarrizko objektu horiek irudikatu ahal izateko, liburu sorta zabala dute, baita euskaraz ere. Testua idatzita eta braillen dago, eta erliebeak baliatzen dituzte haurrak belaontzi bat identifikatu ahal izateko. "Liburu hauek zoragarriak dira, eskoletan haur guztiek atsegin dituzte", dio Gorostidik.

Hala ere, Ortizek ohartarazi du itsuen sozializazioaren esparruan lan asko dagoela egiteke oraindik ere: "Krisi ekonomikoa dela eta, egoera denentzat dago gaizki, eta ikusmen urritasun larriak dituztenentzat, are okerrago. Alor hori gehiago landu beharko genukeela iruditzen zait".

6.500

Heldu den ikasturterako aurrematrikulatutako haurrak. Gaur arte, Nafarroako 6.500 haurren aurrematrikula eginen dute gurasoek. 231 ikastetxe dituzte aukeratzeko: horietariko 171 publikoak dira, eta gainontzekoak (60), itunpekoak.

“Euskararen normalizazioan ezinbestekoak dira Xorroxin bezalako hedabideak”

Xorroxin elkarteko lehendakaria eta izen bereko irratiko esataria da Mari Karmen Irungarai (Azpilkueta, 1959). 1981. urtean sortu zen Xorroxin irratia. 1998. urte arte ez zuten lizentziarik lortu, eta hura Lesakarako bakarrik. Hala ere, egun Zugarramurdi, Urdazubi, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietan entzuten da. Joan den astean jakin zuten Baztan eta Beran emititzeko lizentzia eman diela Nafarroako Gobernuak. Deialdi horretan, lizentzia lortu duen euskara hutseko irrati bakarra izan da Xorroxin.

Baztanen eta Beran emititzeko lizentzia eskuratu berri duzue. Nola hartu duzue Nafarroako Gobernuaren erabakia?

Iaz atera zuen Nafarroako Gobernuak lehiaketaren deialdia, eta hor jakin genuen Baztanen eta Beran lizentzia eskuratzeko aukera zegoela. Baztanen duela 33 urte hasi ginen lanean; Bortzirietan apur bat geroago. Deialdia atera zutenean erabaki genuen inolako zalantzarik gabe bi deialdi horietara aurkeztea. Bi proiektu aurkeztu genituen, bat Baztanerako eta bertzea Berarako. Egia erran, pozik gaude.

Urte luzez lizentziarik gabe lan egin behar izan duzue. Zein zailtasun eragin dizkizue egoera horrek?

Lizentziarik eduki ezean ezin da Nafarroako Gobernuko diru laguntza deialdietara aurkeztu. 1998an Lesakako lizentzia lortu genuen. Orduan, lizentzia horri esker, aurkeztu gara hainbat diru laguntzen eskaeratara. Hau azkenean katea da. Lizentziarik ez bada, ez dago inolaz ere diru laguntzak eskuratzeko aukerarik. Hori lortu izanak administrazioaren bidetik izugarri lagundu digu.

Orain arte egindako lana aintzat hartu dutela erakusten dute eman berri dizueten lizentziek, ezta?

Lanean jarraitzeko segurtasuna ematen du. Irratiak 33 urteko ibilbidea eginen du heldu den urtean, eta azken bi lizentzia hauek egoera normalizatzen lagunduko digute. Badakigu orain arte herritarren estimazioa badugula, baina honek erakusten du administrazioak onartu duela zer-nolako lana egiten dugun. Euskararen normalizazioan beharrezkoak dira gurea bezalako hedabideak.

Lizentzia lortu duen euskarazko irrati bakarra da zuena. Zer iritzi duzu auzi horren inguruan?

Euskara hutsean aritzen garen bi irrati aurkeztu ginen lehiaketara, Iruñerriko Euskalerria irratia eta gu. Euskalerria irratia gabe utzi dute. Beste behin, zokoratu egin dute eta, hein berean, euskaldunak; kontuan hartu behar da, Iruñerria dela euskaldun gehien bizi den eskualdea. Tamalgarria da gobernuaren jarrera.

2008tik Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik ez duzue jaso.

Egia da, Nafarroako Gobernutik 2008tik ez dugu sosik jaso. 2012a arras urte zaila izan da. 2013an ere ez direla gauzak erraztuko iruditzen zait. Xorroxinek inbertsio plan zenbait baditu, eta lizentziek inbertsioak egiteko beharra ekarriko dute. Guk orain emititzen dugun frekuentzia eta lizentziarekin emango digutena ez dira berberak. Aldaketa batzuk eta inbertsio batzuk egin beharko ditugu. Ea ahalik eta inbertsio gutxienarekin posible den. 2013ko aurreikuspena zaila da. Aspalditik eskatu diogu Nafarroako Gobernuari urte sorta baterako hitzarmena adostea euskarazko komunikabideekin, baina ez du horretarako borondaterik.

Hitzarmen hori erdietsiz gero, egonkortasuna lortuko litzatekeela iruditzen zaizue?

Nire ustez, bai. Orain arte bezala ez dugu funtzionatzen ahal. Ez dakigu 2013an zer helduko den. Guk gure plangintzak eta aurreikuspenak egin behar ditugu. 2008tik honat ez dugu Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik jaso, eta, beraz, egoera nahiko larria da. 2013 honetan esfortzu handia egin behar du lantaldeak irratiari eusteko. Aldaketa batzuk eginen ditugu aitzinerat ateratzeko. Bertzalde, eskertzekoa da herritarren eta enpresen laguntzak. Jaurlaritzak ere diruz laguntzen gaitu, nahiz eta urtez urte diru saila murrizten ari den.

@sarean

Ikusmen urritasunarekin zerikusia duten gaiak lantzen dituzten webguneak.

www.once.es. ONCEren webgune nagusia da.

www.cineaccesible.com.Zinema Guztiontzat egitasmoren ataria. Bertan, datozen asteetan zein film eskainiko dituzten ikus daiteke, besteak beste.

“Hemen egon arren, han dut burua askotan”

Ez dago Londres bakarra. Hamaika Londres daudela argi du Xabier Maeztuk (Iruñea, 1983). "Ni Londres batean bizitzen ari naiz, baina beste batek beste Londres bat ezagutuko du". Bi urte beteko ditu Londresen Maeztuk hil honetan. Etxetik ateratzeko eta mundua ezagutzeko joan zen, abentura bila. "Hiri handi batean bizitzeko gogoa nuen, baita ingelesa ikastekoa ere". Ongi joan zaio bi urte hauetan. Lana topatu eta ingelesa hobetu du. Bi hilabetera informatika enpresa batean lanean hasi zen, eta han jarraitzen du.

Hackneyn auzoan bizi da Maeztu. Londresko bigarren gunean dago —sei ditu, denera—. Gustura bizi da han. "Ez dago erdialdean, baina bizikletaz ordu erdian iristen naiz". Karibeko eta Turkiako komunitate handiak ditu auzokide. Merkeagoa da, gainera, zentroan ez bizitzea. "Han pentsaezina da logela bat alokatzea; 600 euro gutxienez balio dute". Alokairu sozialeko pisuak zeuden orain dela urte batzuk, baina gobernuak kendu egin ditu gehienak. Dudarik gabe, hiri garestia dela dio Maeztuk, baina, ongi begiratuz gero, gauza merkeak aurkitzen ditu berak. "Asteburuetan auzo guztietan merkatuak daude, eta horietara joan ohi naiz, askoz merkeagoak direlako".

Topikoak dio Londresen edozein hizkuntza entzuten dela, ingelesa izan ezik. "Herrialde guztietako jendea bizi da hemen; horregatik, edozein hizkuntza entzuten da". II. Mundu Gerra ondoren heldu ziren, batez ere, etorkinak Londresera, eta 1960ko hamarkadan areagotu zen. Hiri kosmopolita eta garaikidea da. "Multikulturalitateak berezia egiten du hiria; ghetto txikiz osatuta dago; indiarrak batetik, txinatarrak bestetik, euskaldunak han eta hemen... Komunitateak oso sakabanaturik daude".

Hain hiri handia izanik —zortzi milioi biztanle ditu—, kultur eskaintza handia dago. Egunero, denetarik egiteko aukera dago: kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak.... "Beti dugu planen bat". Kaleko arteak, street art-ak, "izugarrizko" garrantzia hartu du; "nonahi margotzen dituzte hiriko paretak".

El Diagonal egunkarian kolaboratzen du Maeztuk. Londresko Ocuppy mugimenduaren inguruan idatzi du, behin baino gehiagotan. Izan ere, gertutik jarraitu du mugimendu horren bilakaera. 2011ko udan istilu handiak egon ziren Ingalaterrako hiriburuan. Herritarrak haserre batean atera ziren kalera, poliziak ustez hango gazte bat erail eta gero. Gizartean dauden ezberdintasunak jo zituzten liskarren sorburutzat. Udazkenean, Ocuppy mugimendua sortu zuten. Eraikinak okupatu zituzten, besteak beste. "Hor hartu zuen mugimenduak indar handiena, eta herria matxinatu egin zen; orain, jarraitzen badu ere, ez da lehen bezalakoa".

Gizarte mugimenduek Londresen garrantzi handirik ez dutela jakinarazi du. "Krisiak oraindik ez du indarrez jo, eta, horregatik, hemengo herritarrak ez dira asko mugitzen; gainera, gizartea oso klasista da". Baina gizartea "nahiko geldirik" dagoen arren, arazoak dituzte. David Cameronen gobernuak murrizketak gogor ezarri ditu, bai hezkuntzan eta baita osasunean ere. "Gazteriaren langabezia tasa oso larria da, %20, tasa orokorraren bikoitza".

Hirira iritsi zenean neska bat bakarrik ezagutzen zuen. "Ez gehiegi, gainera", aitortu du. Hala ere, berehala aurkitu zuen pisua, eta bi hilabetera lana. Iruñean programatzaile gisa lan egiten zuen, eta Londresen ogibide berean aurkitu du lana. Web orriak programatzen ditu.

Londresen jendea ezagutzea oso erraza dela dio Maeztuk; ez, ordea, lagunak egitea. "Ez da Iruñean bezala, kalera atera eta ezagunak ikusten ditudala; hiria bakartia da". Bakoitza bere kabuz joaten da, eta, askotan jende berria ezagutu arren, zaila da harremanari eustea. "Hona aldi baterako etortzen dira gehienak, ingelesa ikastera, batez ere. Horregatik, lagunak ezagutzen eta, aldi berean, agurtzen ditugu. Inoiz ez dut lagun talde finkorik".

Maeztuk itzultzeko asmoa du, ez daki noiz, baina Nafarroara itzuliko da. Herrimina du. "Beti buruan dagoen zerbait da; bizimodu erosoa dut hemen, baina askotan deskonektatuta sentitzen naiz nire herrialdean zer gertatzen ari den ez jakinda. Orain Internetekin errazagoa da, baina ez da berdina. Hemen egon arren, burua askotan han dut".

Bizikleta erabiltzen du Maeztuk leku batetik bestera joateko. "Garraio azkarrena da mugitzeko, dudarik gabe". Metroa zaharra eta munduko garestiena dela dio, "beti jendez beteta", eta, ahal duenean, ez du erabiltzen. Behin gidatu zuen autoa Londresen, eskuinetik, eta ongi moldatu zen. "Elebiduna izatea bezalakoa da, alde batetik baldin badakizu, beste aldetik berdina da".

Ezaguna da Londresko eguraldia, hiri grisaren irudia du mundu osoan. Baina Iruñeko eguraldiarekin alderatuta hainbesterako ez dela dio Maeztuk. Lainoa egotea oso ohikoa da, baina ez du askotan euririk egiten. Neguan oso goiz iluntzen duela, horrexetara ohitzen kosatzen zaio gehien Maezturi. "Orain, arratsaldeko lau eta erdietan iluntzen du; nahiko tristea da; bostetan lanetik ateratzen naiz, eta badirudi gaua dela!".

Nafarroan aurtengo Korrika aurkezteko festa egingo du gaur AEK-k Antzerki Eskolan

Gaur 18:00etan aurkeztuko dute Nafarroan Korrika 18, Iruñeko alde zaharreko Antzerki Eskolan. AEK-k kazetarientzako soilik izan ohi den ohiko prentsaurrekoaren moldetik atera nahi du eta herritar guztientzako aurkezpen festa antolatu du, "modu erakargarriagoan" ezagutarazteko aurtengo Korrikaren xehetasunak. Komunikabideez eta herritarrez gain, Iruñeko hautetsi eta Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkide guztiei, eremu guztietako alderdi politikoei, sindikatuei eta gizarte eragileei egin diete gonbita. "Arlo guztiak barnebildu nahi izan ditugu, eta ate guztiak jo ditugu, printzipioz ate guztiak irekita dauden itxaropenez", azaldu du Asier Biurrunek, antolatzaileetako batek. Izan ere, Korrikak "izpiritu irekia eta zabala" duela nabarmendu du.

Aurkezpen ekitaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izango da. Areto nagusiak 400 lagun inguru biltzeko ahalmena du. "Ea txiki geratzea lortzen dugun", aipatu du Asier Biurrunek. Ekitaldi guztia AEK-ko bi irakaslek gidatuko dute.

Korrikarako espresuki diseinatutako arropa eta osagarriak erakutsiko dituzte desfile berezi baten bitartez. Pertsona ezagunek eramango dute arropa soinean. Besteak beste, desfilean parte hartuko dute Lagunak emakumezkoen futbol taldeko jokalarietako batzuk, Peio Martinez Eulate Bilduko Iruñeko zinegotzi eta pilotari ohiak, Andrea Barno eskubaloi jokalariak, Pello Reparaz Vendetta musika taldeko kideak, Aritz Intxusta Gara-ko kazetariak eta Maria Goñi artistak. Pertsona ezagunen arropa desfilea Korrikari atxikipena azaltzeko modua izango da. Gerora, arropa hori AEKren euskaltegietan eta hainbat dendatan egongo da salgai: Iruñeko Karrikirin, Lizarrako Gothykan, Elizondoko Kattalingorrin eta Altsasuko Iker Kirolak dendan.

Aurtengo Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka ikasle omenduko ditu, eta aurkezpenean "zerbait berezia" egingo dute. Hala aurreratu du Asier Biurrunek. Helios del Santo Nafarroako AEK-ko koordinatzaileak hartuko du hitza eta "omenalditxo bat" egingo diete ikasleei.

Bideo emanaldia

Aurreko astean ezagutzera eman zenez, bideo bat prestatu dute Korrika 18ari begira. Bertan, zazpi ikaslek erdal munduan "erreferente" diren pertsona ezagun zenbaiti elkarrizketa egiten diete: Unax Ugalde aktorea, Arantza Urretabizkaia idazlea, Karlos eta Eva Argiñano sukaldariak, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Ana Urrutia aurkezlea, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Mixel Etxebest Mauleko auzapeza dira elkarrizketatuak. Larunbatean, Usurbilen bideoaren pasarte batzuk eskaini baziren ere, gaur pasarte zabalagoak erakutsiko dituzte. Elkarrizketa horietan, gainera, Nafarroako ikasle batzuk ere parte hartu dute.

Korrika martxoaren 14an hasiko da Andoainen eta 24an bukatuko da Baionan. Nafarroatik egingo duen igarobidearen berri ere emango dute gaur: nondik nora ibiliko den eta zein ordu eta egunetan igaroko den herri eta auzo bakoitzetik.

Amaieran, musika emanaldi bat egongo da, baita mokadu batzuk hartzeko aukera ere. Saioak ordu eta erdi inguru iraungo du, eta ondoren, Terminal tabernan jarraituko du ospakizunak.

“Festa euskal eskola publikoaren isla izanen da”

Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko festa nazionalak bi eguneko egitaraua izanen du aurten, 28. ekitaldian, Iruñean. Txantrea auzoko Bernart Etxepare ikastetxe publikoko kideak ari dira prestatzen. Zentroa Axular eta Arturo Campion ikastetxeen batze prozesutik sortu zen duela bi urte, eta 500 haur inguru daude ikastetxean. Jaia antolatzeko zereginean, gogoz eta ilusioz ari da Josu Santesteban ikastetxeko guraso elkarteko kidea eta eskolan ikasten ari diren bi haurren aita. Maiatzaren 18an eta 19an eginen dute festa eta guztia behar bezala antolatzen mauka bete lan du.

Sortzen-Ikasbatuaz-en aurten, estreinakoz, bi eguneko jaia izanen duzue. Erronka handia , ezta?

Bai. Bi eguneko jaia egitera ausartu gara ikusten genuelako igandeko egun bakarreko festan gauza asko zeudela eta nahiko pilatuta. Hori arindu nahi izan dugu. Horregatik, lehen egunean jaia Txantrean bertan izanen da, eta bigarren egunean, berriz, Iruñeko Takonera parkean eginen da, betiko moduan.

Nola doaz prestakuntza lanak?

Iazko uda aurretik hasi ginen eta ari gara lanean. Planteamendu guztia egina dago, eta orain beste lan batzuetan ari gara: jendeari laguntza eskatzen txandak betetzeko edota azpiegitura prestatzen, besteak beste.

Aurreko ikasturteko festa antolatu zutenen laguntza ere izanen duzue, ezta?

Orain dela bi urte Sortzen-ekoek lagun bat jarri zuten festa antolatzen. Pertsona horrek laguntzen dio dagokion ikastetxeari; festaren azpiegituraz arduratzen ari da. Guri, ikastetxeari, gainontzeko lana egitea dagokigu: komunikazioa, egitaraua... Bileretan Sortzen-Ikasbatuaz eta ikastetxea gaude, eta beharrak mahai gainean jarri ahala erabakitzen dugu zer egin batzuek eta besteek.

Sortzen-Ikasbatuak-ek egiten duen lanaren erakusleiho ere izan nahi du festak?

Bai. Sortzen, plangintza guztia aldatu nahian, barne eztabaida batean murgildurik dago gaur egun. Oraindik ez dute kaleratu hortik aterako dena, eta horregatik ezin dugu askorik azaldu. Igandean eginen den festan ikusiko dira eztabaida horren emaitzak. Egungo euskal eskola publikoaren isla izanen da, nolabait.

Jaia dagoeneko kalean dago...

Bai, joan den astean aurkeztu genituen festako bideoa eta abestia. Abestia urritik egina zegoen, baina bideoa egina izan arte itxaron nahi izan genuen.

Nork egin du lan hori?

Abestiaren hitzak bertsolaritza tailerrean aritzen diren ikastetxeko 6. mailako ikasleek egin dituzte. Musikaren doinua, berriz, Holy Paskualenak eta Iker Huitzik egin dute, The Modern Quarter taldeko kideek. Bideoaren grabazioa, berriz, nik neuk eta Iñaki Alforjak egin dugu.

KUDEAKETA TXARRAREN SUSMOA

Negu gorria izan da urtarrilean, ekaitza, elurra, euritea... Euriteak eraginda eta elurra urtu ondotik, ibai eta errekastoek gainezka egin dute zenbait tokitan, Tuteran eta Castejonen esaterako. Uholde horien kalteak izugarriak izan dira, eta zenbatz...