BI AUZOKIDE ERRALDOI BERRIAK

Ofizialki joan den larunbatean aurkeztu zituzten Iruñeko Buztintxuri auzoko erraldoi berriak. Antonio eta Ana izena dute. Konpartsan beste bi erraldoi ere badaude, Feli eta Mikel. Antonio eta Ana Cristian Azkona 17 urteko gazteak egindakoak dira. Larunbatean hainbat haur beldurtzea lortu zuten arren, erraldoien xedea gaitero eta txistularien bitartez kaleak girotzea da. Hala, heldu den irailean, auzoko jaiekin batera izango da lau erraldoiak batera ikusteko parada.

Bizikidetza xede duen herria

Ez dirudizu ijitoa", esan dio tabernariak Ricardo Hernandezi. Nafarroako Ijitoen Gaz Kalo Elkarteen Federazioko koordinatzailea da Hernandez. Ijitoa. Antza, ez du bat egiten gizartean gailentzen den ijitoaren irudiarekin, estereotipoak hausten ditu. B...

Eztanda bat

Udaberria ofizialki hasi da. Lehertu da, esan ohi denez. Facebookeko lagun batek "maitemindurik nago" idatzi du bere horman. Nik lehenagotik banuen susmoren bat, udaberria hasita zegoelakoa, baina —euriak tarteko— baieztapenik ez. Nik ere eztanda egiteko tentazio bat edo beste. Kalean burua ohi baino gehiagotan bueltatzen dut. Karlos III.a etorbidean karpetatxoekin jendearen ehizan dabiltzan boluntarioei kasu egiteko, eta beharbada ACNURekin, Gurutze Gorriarekin edo dena delakoarekin kolaboratzeko bultzada.

Josetxo Ezponda El Bicho-ren aspaldiko elkarrizketa zati batzuk irakurri ditut; hil berri delako berriz eman dituzte. Halako tristezia bat sartu zait, hain hurbil edukita, Burlatakoa baitzen, erantzunetatik eratortzen den bezala, tipo ezin argiago bat ezagutzeko nekerik hartu ez izanak eragina. Bere izena googletuz ikusi ahal izan dudanez, burlatar honen heriotzaren berri eta deitorea urrutira iritsi da, esaterako, La Vanguardia bezalako egunkari batera ere bai ("El navarro Josetxo Ezponda fue un músico de músicos, un personaje que influenció a varias generaciones de la escena independiente, gracias a su labor al frente de Los Bichos".). Hil osteko aitortzak ez du ezertarako balio; zenduari bederen ez dio laguntzen. Ez dut argi bizirik jarraitzen dugunok, bidegabekeria horren partaideok, geure burua zigortzeko edo modu sotilean geure burua saritzeko egiten ote ditugun (hau bezalako) omenaldi postumook, heriotzak akaso gu ere sublimatuko gaituelakoan.

Egunotan berreskuratu duten elkarrizketa zahar horretan, El Bichok, kanpotik bere gainbeherari egozten ahal zitzaizkion adierazpen pesimistak egiten zituen, baina gizarte moduan ematen ari ginen eta orain nabarmenago ematen ari garen atzerapausoak argi eta garbi salatuz: "Urte triste eta grisak ziren. Telebista gris kolorekoa zen, zerua ere grisa, jendea grisa… polizia ere grisa zen. Eta azkenaldian guztia halakoa da berriz ere. Baina tristezia ere ederra da, betiere belaxka ez bazara. Negar egitea eta pentsamendu sakon bat adieraztea ez baitira gauza bera". Edo beste hau: "Denbora pasata, damutu nintzen abesti baten bat sartzeaz, baina perfekzioa fatxa da". Edo beste hau: "Nik arrakasta izan nahi nuen, bete-betean asmatu. Hemen tipo berexia nintzen lehen, orain zuzenean maritxua, Erdi Arora eramaten gaituzten garaiak bizi ditugu".

Negura, amairik gabeko negura eramaten gaituzte garaiok, baina ez diegu utzi behar. Takoneran hemezortzi urteko bi mutil jipoitu dituzte elkarri musu emateagatik.

Josetxo Ezpondak Un poco más izeneko kantuan bere epitafioa izan litekeena idatzi zuen: "Beraz, hau da amaiera. Ez nuen holakoa espero. Zerbait hobea nahi dut. Bero handiagoa nahi dut, gogo gehiago, zarata, eztanda bat".

Erromintxela, Euskal Herriko ijitoen hizkera

Ez da hizkuntza, ezta dialektoa ere: pagodolektoa da, euskara eta erromantxera hizkuntzak nahasiz sortutako hizkera. Ijito ez direnek ez ulertzeko moduko hizkera sortu zuten ijito euskaldunek. Egun, Lapurdiko kostaldean, Zuberoako mendi inguruetan, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian bizirik dirauen hizkera da erromintxela. Hala ere, Nafarroako ijitoen elkarteek ez dute ezagutzen Nafarroan erromintxela hitz egiten duen ijitorik. Gutxi aztertutako hizkera izan da. Azkeneko ikerketa Josune Muñozek egin zuen, 1990eko hamarkadan, eta, horren arabera, 500 ijitok hitz egiten zuten erromintxela Euskal Herrian. Egun, seguruenik gutxiago izanen dira, hiztun gehienek 80 urte inguru zituztelako eta belaunaldiz belaunaldi galdu delako. Erromintxelak morfologia eta gramatika euskararenak ditu. Lexikoa, berriz, erromantxelarena da. Hauek dira esaldi batzuk: "Masak eta barkitxuak panguan daoz" (ardiak eta arkumeak larrean daude); "Xaua, goli keau zak, mol buterrago ajinen duk" (mutila, kanta ezak, ardo gehiago izanen duk); "Txipa nola duzu?" (nola duzu izena?).

643.864

Nafarroan 2013ko urtarrilaren 1ean bizi ziren lagunak. Erroldaren azken datuen arabera, 2013ko urtarrilaren 1ean, 643.864 lagun bizi ziren, iaz baino 702 lagun gutxiago. Azken hamalau urtean lehen aldia da biztanleria murrizten dena.

“Diru laguntzarik gabe benetan zaila da familia eta lana uztartu ahal izatea”

Joan den abuztuan eskatu zuen bigarren haurra zaintzeko hartzekotan zen amatasun baimenagatiko diru laguntza Laura Criadok (Iruñea, 1975). Dioenez, ekainerako Nafarroako Gobernuak bazekien dirurik ez zuela, baina eskaera egin ahal izan zuen. Iragan otsailean jakin zuen diru laguntzarik ez zuela jasoko. Egoera hori salatzeko, dozenaka ekitaldi egin dituzte, joan den larunbatean azkena.

Nafarroako Gobernuak 400 familia baino gehiago amatasun edota aitatasun baimena hartuta diru laguntzarik gabe utzi dituela salatu zenuten larunbatean. Nolatan hartu du administrazioak erabaki hori?

2012ko maiatzean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen 2,23 milioi euro bideratuko zituela aitatasun edo amatasun baimena hartu nahi zuten familiei laguntzeko. Laguntza jasotzeko, nahikoa zen azken bi urteetan Nafarroan erroldatua egotea. Eskaera Nafarroako Berdintasun eta Familia Institutuan egin behar zen. Baina ekainean, murrizketak hasi zituztenean, laguntzak bertan behera utzi zituzten. Ekainean, 800.000 euroko diru murrizketa egin zuten, eta laguntzarik gabe gelditu ginen 405 familia inguru. Hala ere, jakinarazpena garaiz kanpo egin zuten.

Nork zuen laguntza hori jasotzeko eskubidea?

Lehen esan dudan bezala, nahikoa zen azken bi urteetan Nafarroan bizitzea. Horrez gain, 2011-2012. urteetan eskaera egin zuten familiek genuen laguntza jasotzeko eskubidea. 800 familia inguruk eskatu dugu, eta erdiek soilik kobratu dute.

Administrazioak aurreikusi zuen arazo hori?

Inolaz ere ez. Eskaera egiterakoan, ezin da jakin onartuko duten ala ez. Nire kasuan, eskaera abuztuan egin nuen. Baina otsail arte ez nuen jaso laguntzarik ez nuela jasoko jakinarazten zidan eskutitza. Hilabete mordoa igaro da ordutik. Bada laguntza eskaera 2011n egin eta 2013an ezezkoa jaso duenik ere. Ekainaren 26ra bitarte iritsi zen dirua, baina hortik aurrera ere eskaerak onartzen jarraitu zuten. Argi utzi behar da eskaera onartu zutela lana atzeratuta zeukatelako. Lana eguneratua balute, 400 familia ez ginateke gauden egoeran egongo.

Egoera hori dela eta, nola sentitzen zara?

Engainatua sentitzen naiz. Izan ere, ekainean esan baligute aurrekonturik ez zegoela beste modu batera moldatuko ginen. Baina Nafarroako Berdintasun eta Familiaren Institutura joan eta ez ziguten esan diru laguntzarik gabe geldituko ginenik.

Zenbateko laguntza jasotzen du familia bakoitzak?

Lehenengo haurrak %33ko ezintasuna baino handiagoa badu edota bigarren haurrak urtebete egin arte soilik kobratzen da. Gutxi gorabehera 400 euro inguru kobratzen dira. 2000. urtean jarri zituzten laguntza horiek abian, eta jakin badakit oso harrera ona izan dutela beti.

Diru laguntzarik gabe gelditu izanak nola eragin dizu?

Abuztuan eskatu nuen laguntza, eta ezezkoa otsailean jaso nuen. Nik garaiz jakin izan banu diru laguntzarik ez nuela jasoko, amatasun baimenik ez nuen eskatuko. Garai honetan, gainera, ez dugu inolako aukerarik haurrak haur eskolara eramateko. Laguntza kontuan hartuta egin nituen kontuak. Administrazioak engainatu egin gaituela iruditzen zait.

Duela gutxi bilera izan duzue parlamentuan.

Bai, horrela da. Egia esanda, alderdi politiko guztiek babesa adierazi ziguten. Gainera, zor digutena ematea nahi dutela esan ziguten. Horrez gain, Iñigo Alli Gizarte Gaietako kontseilariarekin biltzeko aukera ere izan dugu. Ez dagoela dirurik esan zigun. Beraiek nahi ez dutenerako ez dago, bai ordea abiadura handiko trena eraikitzeko. Laguntzarik gabe benetan zaila da familia eta lana uztartu ahal izatea.

15.684

2012an birziklatutako beira tonak. Nafarroako Gobernuan egindako zenbaketa baten arabera, 15.684 tona beira birziklatu ziren iragan den urtean. Herritar bakoitzak batez beste 24,3 kilo beira bota zituen edukiontzi berdera.

Orbaibarko dozenaka udalek babesa adierazi diote Aupa Garinoain taldeari

2011ko azarotik DNE Derecha Navarra y Española alderdiaren esku dago Garinoaingo alkatetza. Eskuin muturreko alderdi politiko horrek aldeko hemezortzi botoren bitartez erdietsi zuen udal gobernua —305 boto zuriak izan ziren—. Orain, Orbaibarko udal eta hautetsiek Garinoaingo herritarrei babesa adierazteko manifestua sinatu dute.

Iragan igandean kaleratu zuten manifestua, eta dagoeneko 137 hautetsi eta hautetsi ohik sinatu dute; jakinarazi dutenez, Orbaibarko udalerri guztietan aurkezteko asmoa dute. Izan ere, manifestua sinatu dutenen irudiko, "DNE Garinoaingo herritarren borondatearen aurka dago udal gobernuan". Gainera, esan dute DNEko kideek ez dutela Garinoain gobernatzen, baizik eta euren ideologia partidista inposatu nahi dutela. Horrez gain, jakinarazi dute uko egingo diotela Nieves Cipres buru den alderdiarekin elkarlanean aritzeari.

2011ko azaroaren 20tik giro nahasia izan da Garinoainen. Herritarren gehiengoak Aupa Garinoain plataformaren bitartez jakinarazi du udal gobernuak ez duela herria gobernatzeko "zilegitasunik". Izan ere, uste dute alderdi horrek ez zuela gobernatzeko nahikoa babes lortu jasotako hemezortzi botoekin.

Zilegitasuna kolokan egoteaz gainera, joan den hilabete amaieran, udalerrian dauden zazpi zinegotzietatik lauk dimisioa eman zuten. Felix Ortegak, Jose Manuel Berruezok, Wifredo Recaldek eta Luis Miguel Beaumontek utzi diote zinegotzi izateari. Beraz, Jose Javier Etxarri alkateaz gain beste bi zinegotzi besterik ez daude herrian. Aupa Garinoain plataformak positibotzat jo du dimisioen albistea, azken urte eta erdian egindako lanaren fruitu delako.

Nafarroan bizi diren ijitoak.

Nafarroako biztanleen %1,16 ijitoak dira. 7.000 inguru daude, eta %52,2 hirietan bizi dira. Horietatik, Iruñean %30, Lizarran %22, Tuteran %22 eta Tafallan %19. Nafarroako ijitoen komunitatea ijitoen kulturaren hilabetea ospatzen ari da.

Elkarri musuka ari zirela bi mutil jipoitu dituzte Iruñeko Ziudadelan

Kattalingorri Nafarroako Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteak gogor kritikatu du joan den apirilaren 6an bi mutilek, elkarri musuka ari zirela, Iruñeko Ziudadelako Gaztelugibela eremuan jasandako erasoa. Kattalingorrik jakinarazi duenez, erasoa fisikoa eta hitzezkoa izan zen.

Antza denez, 18 urteko bi gazteei, musuka ari zirela, 16 eta 19 urte arteko hiru mutil oldartu zitzaizkien. Erasoaren ostean, bi gazteek osasun zerbitzuetara joan behar izan zuten jasandako zauriak sendatzera. Kattalingorrik bere oharrean jasotzen duenez, bi gazte horiek izango dituzten zauri psikologikoak fisikoak baino are larriagoak izan daitezke. "Ekintza bortitz eta zital horrek segurtasun falta eta ezintasun sentimendua ekarri die, modu horretan adinez nagusi diren bi pertsonaren askatasuna eragotzi eta mugatu delako".

Horrez gain, Kattalingorri taldeak azaldu du eskubideei dagokienez aurrerapauso handiak eman diren arren gizarteko zati "handi" batek duen jarrerak bestelako errealitatea erakusten duela: "Iruñea lasaia eta segurua da, baina hemen ere eraso homofoboak izaten dira".

Hala, desiraren, sexu orientazioaren edota genero identitatearen aurrean "tolerantziatik errespetura" igarotzeko eskatu du Kattalingorri taldeak.