Udako Euskal Unibertsitateak hiru egoitza ditu: Iruñekoa, Eibarkoa eta Baionakoa. Horren harira, ikastaroak ere Euskal Herriko hiru txoko horietan izango dira. Hurrengo hilaren lehen egunean hasiko dira, Eibarren, eta uztailaren 24ra bitartean iraungo dute. Azpimarratzekoa da eskaintzen diren ikastaro guztiak hainbat sailetan banatzen direla. Besteak beste, hauek dira aukeran dauden ezagutza eremuak: artea eta musika; giza zientziak; gizarte zientziak; ingeniaritza eta teknologia; osasun zientziak; eta zientziak. Horrez gain, lehen aldiz egingo diren hiru topaketa ere egongo dira: hizkuntzalari euskaldunena, matematikari euskaldunena eta pedagogia topaketak.
Oraindik ere bada zer ikasia
Jakinak ez dauka kalterik. Hala dio behintzat esaera zaharrak. Premisa horri jarraiki, heldu den uztailaren 22tik aurrera hasiko dira UEU Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean egingo dituen udako ikastaroak. Hiru egunez, ezagutzak garatzeko aukera izango da. Orotara, hamaika ikastaro antolatu dituzte. Uztailaren 15a bitarte egin ahalko da ikastaroetan parte hartzeko matrikula.
Aurtengo ikastaroetarako 40+1 leloa hautatu dute UEUko arduradunek. "Iazkoa urte zaila izan zen", hala aitotu du Irati Iziar udako ikastaroen arduradunak. Izan ere, azken hamabost urtean Eusko Jaurlaritzak ematen zien diru laguntza bertan behera gelditu zen. Horrek proiektua bera kolokan jarri zuen neurri batean. Iziarren arabera, "oso une zailak bizi izan" dituzte. Antza, Jaurlaritzaren diru laguntzarik gabe gelditu izanak kolokan jarri zuen UEUk erakunde gisa duen egitura.
Hala ere, egoera horri irtenbidea aurkitzen buru-belarri aritu dira. "Ate batzuk itxi egin dizkigute, baina leiho batzuk ireki egin zaizkigu". Esaterako, aurten UEUren hainbat proiektu finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso dute. Alde horretatik, pozik agertu da Iziar.
Udako ikastaroak Iruñean, Eibarren (Gipuzkoa) eta Baionan izango dira. Denera, 41 ikastaro eskainiko dituzte; hiru jardunaldi izango dira. Gainera, jakintza arlo guztietako ikastaroak egiteko aukera izango da, artea eta musika, giza eta gizarte zientziak, ingeniaritza eta teknologia, zientziak, osasuna... Horrez gain, Iruñeko kasuan, Nafarroako Gobernuak irakasleentzat bi ikastaro homologatu ditu: bat guraso hezitzaileen ingurukoa, eta bestea jendaurreko komunikazioari buruzkoa. Beraz, ikastaro horiek egiten dituzten irakasleek eskuratutako kredituak meritu gisa zenbatu ahal izango dituzte.
Sanferminen ostean, uztailaren 22an hasiko dira Iruñeko UEUren udako ikastaroak. Ofizialki, matrikula uztailaren 15a bitarte gauzatu ahal izango da. Denera, 11 ikastaro egiteko aukera izango da. Gizarte zientzien, giza zientzien, artearen eta musikaren, zientzien eta osasun zientzien alorretakoak izango dira 11 ikastaro horiek.
Alorrik oparoena
Iruñean egingo diren 11 ikastaroetatik sei gizarte zientziak deituriko eremuan kokatzen dira. Hain justu, alor horretakoak dira Nafarroako Gobernuak homologatutako bi ikastaroak. Lehenengoak Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik gabeko harremanak du izenburua. Uztailaren 22 eta 23an izango da. Nerea Mendizabal psikopedagogoa arituko da irakasle moduan. Hainbat helbururen artean, hitz egiteko moduari erreparatzea eta Marshall Rosemberen komunikazio ez-bortitzaren modeloa aurkeztea zehaztu dute.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak homologatutako bigarren ikastaroak Jendaurreko komunikazioan trebatzeko tailerra du izenburua. Jendaurrean hitz egiteko teknika eraginkor eta sinpleak ikastea da xedea, ahalik eta erraztasun, argitasun, naturaltasun eta dotoretasun handienaz, ematen diren mezuetan eraginkortasuna lortzeko. Gotzon Carcar trebatzaile pertsonalak emango ditu eskolak. Hiru saio izango dira denera, eta, batez ere, pertsona taldeekin komunikatu behar duten profesionalentzako dago diseinatua.
Era berean, hezkuntza alorrarekin lotuta, Euskara eta kirola: euskara sustatzeko eredu eta baliabideak ikastaroa ere programatuta dago. Iziarrek gogorarazi duenez, UEUren izateko arrazoietako bat euskara bera da. Horregatik, oso ohikoa da unibertsitateak euskararen sustapenarekin lotutako ikastaroak eskaintzea. Iziarrek dioenez, euskara sustatzeko baliabide "ezin hobea" da kirola. Besteak beste, Aitor Manterola eta Unai Zubeldia BERRIAko kazetariak arituko dira irakasle moduan.
Jakina da gaur egun haurrak direnak etorkizunean helduak izango direla. Iziar: "Nolako eskola nahi dugun jakin beharra daukagu, gurea eraiki ahal izateko". Alor horren inguruan hausnartzeko, Eskola komunitatean eta komunitatea eskolan. XXI. mendeko erronkak ikastaroa gomendatu du. Batez ere, hezkuntza sisteman aldaketak egitea posible dela sinesten dutenentzat prestatu dute.
Ikastaro guztiek egungo errealitatearekin lotura zuzena duten arren, bereziki azpimarragarria da Gazteak, sexua eta sare sozialak izenburu duena. Ezagunak dira zenbait gurasorengan sare sozialek eta horren bitartez sor daitezkeen harremanek eragiten dituzten errezeloak. Uztailaren 22tik 24ra izango da ikastaroa, eta, batez ere, sare sozialei eta gazteriaren erabilera ohiturei buruzko ezagutzak eskainiko dira.
Azkenik, gizarte zientzien alorreko seigarren ikastaroak Euskal Herriko ekonomia eta gizartea, diagnostikorako lanabesak du izenburua. Uztailaren 23 eta 24an izango da. Batez ere, Euskal Herriko ekonomia eta gizartea aztertu nahian dabiltzan pertsonentzat pentsatutako saioak dira. Irakasle nagusi moduan, Imanol Esnaola Gaindegiko koordinatzailea arituko da.
Ohiko ikuspegitik at
Trantsizioa Euskal Herrian? Ikuspegi berriak da giza zientzien eremuan Iruñean eskainiko den ikastaro bakarra. Ikastaro horrek Euskal Herrian trantsizio garaian emandako aldaketak aztertzea izango du xede. Hala, trantsizioa kontzeptua bera zalantzan jarri dute, Euskal Herriak dituen berezitasunak aintzat hartuta. Saioak uztailaren 22tik 24ra izango dira.
Hobetzeko parada
Artearen inguruko alorrek ere badute tokia UEUren udako ikastaroetan. Iruñean alor horretako ikastaro bakarra eskainiko dute, Ahots-teknika ikastaroa: kantua sentitu, jolastu, gozatu. Iziarren hitzetan, "kontuan izan behar da Euskal Herria herri kantaria dela eta kantua gure nortasunaren parte garrantzitsua dela". Ikastaro honen bitartez, ahots teknika ikasteko oinarrizko ezagutzak eskuratu daitezke.
Zertzeladak biologiaz
Lurzorua zer den ikasi ahal izango da oinarri-oinarrian, modu teoriko, dinamiko zein praktikoan uztailaren 22tik 24ra, Lurzorua: lehorreko bizitzaren sostengua ikastaroaren bidez. Lurzoruaren erabilera nagusiak ezagutzeko ikastaroan parte hartzen dutenek Ezkabara mendi irteera egingo dute. Ikastaroan, irakasle gisara lurzoruaren inguruan ezagutza handiak dituzten irakasleek parte hartuko dute, tartean geologoak, abokatuak eta biologoak. Lurzoruaren politikaz ere mintzatuko dira.
Egonkortasun mentala
Ezagutzaren eremu honetan UEUk bi ikastaro programatu ditu. Lehenengoak Estresaren tentsiotik, bat-batekotasun bizigarrira du izenburua. Bi saiotan eskainiko dute. Gizarte industrializatuetan gehien edaturiko gaitza da estresa. Hori nola bideratu eta kudeatu ikasteko, hainbat gakoren berri emango dute adituek ikastaroan.
Neuropsikologiaren ekarpenak pertsonekin lan egiten duten adituentzat da alor honetako bigarren ikastaroa. Bi egunez, pertsonekin lan egiten dutenek pertsonen arazoak, zailtasunak eta gatazken sorburua identifikatzeko baliabideak ikastea da helburu nagusia. Fernando Trebol psikologoa izango da kasu honetan irakaslea.
Sanferminetan Runa parkea erabiltzeko lehiaketa martxan jarri du udalak
Sanferminetan Runa parkeko espazioa erabiltzeko lehiaketa abiatu du Iruñeko Udalak. Gora Iruñea plataformak eskatu zion espazio hori haien jaietako egitaraua gauzatzeko, eta espazioa erabiltzeko aukera bakarra lehiaketara aurkeztea zela esan zien. Gora Iruñea taldea, hala ere, ez da aurkeztuko, "iruzur hutsa" delako.
Urtero abiatzen du Iruñeko Udalak espazio hori erabiltzeko lehiaketa, eta egitarau ofizialeko ekitaldiez gain "beste jai ekitaldi batzuk ospatzeko" gunea izatea nahi dute. 20.000 euroko bermea eta 600.000 euroko asegurua kontratatzea eskatzen dute. Eskaintzak heldu den ekainaren 21era arte aurkeztu behar dira. Dena den, joan den urtean aurkeztu ziren hiru enpresak aurten ez dira aurkeztuko, eta hainbat sustatzailek "zaila" ikusten dute espazio hori erabiltzea, ez delako "batere errentagarria".
Iazko sanferminetan Accion Cultural enpresak erabili zuen gunea, eta esana du ez dela lehiaketara aurkeztuko. Horrekin batera, Ylaluna Espectaculos enpresa aurkeztu zen iaz, eta aurten ez du gune hori erabili nahi. Gora Iruñea taldeak joan den astean adierazi zuen ez zela aurkeztuko. Plataformari ez zaio egokia iruditzen kolektiboak lehiatzea ekitaldiak prestatzen dituzten enpresekin. Duela gutxi aurkeztu zuen Gora Iruñeak aurtengo sanferminetarako egitaraua. Hamaika ekitaldi zeuzkaten prestatuta Runako parkean egiteko, baina "berriz ere" Iruñeko Udalak debekatu egin die eremu horretan ekitaldiak egitea, eta ez die baimenik eman antolatua zuten guztia egiteko.
Horretaz gain, apirilean, UPNk izan ezik, Iruñeko Udaleko alderdi guztiek mozio bat aurkeztu zuten aurten Gora Iruñea taldeak sanferminetan gune bat izateko, eta UPNri eskatu zioten leku bat uzteko. Urtez urte sanferminak ospatzeko Iruñeko Udalak ez dio utzi inolako gunerik Gora Iruñeari, eta horren kexu dira.
Runa parkearen erabilera bi modutakoa izan daiteke: alde batetik, ekitaldi guztiak doakoak izatea publikoarentzat, eta, bestalde, barrutia ixtea eta sartzeagatik kobratzea. Dena den, aurkezten diren eskaintzen artean Iruñeko Udala ez badago ados egin nahi dituzten ekitaldiekin, hutsik utz dezake gunea. Eta, aurten, guneak hutsik geratzeko aukera handia duela diote hainbat sustatzailek. Haien ustez, sanferminetan Runa parkea ez da oso "erabilgarria", eta gehienbat jaietako asteburuetan erabiltzen dela diote. Azaldu dute ez dagoela hiriaren erdialdean eta festatik urrun dagoela.
Bermea eta asegurua ordaintzeaz gain, gunea hartzen dutenek zorua okupatzeagatik udal tasak ordaindu beharko dituzte. 6.000 euro inguruko kostua dute. Karparen funtzionamendua 12:00etatik 03:00etara izanen da, hiru egunetan izan ezik. Uztailaren 7an, 13an eta 14an 04:00 arte irekita egon daiteke.
NUPeko matrikula tasak %1,3 igoko dira datorren ikasturtean
Heldu den ikasturterako Nafarroako Gobernuak erabaki du matrikula tasak mantentzea eta ez igotzea NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulazioen prezioak. Bakarrik Nafarroako urte arteko inflazioa ezarriko du, %1,3koa. Hortaz, 2013-2014ko ikasturt...
@sarean
Bizikletarekin lotutako webguneak.
• www.bicinavarra.org. Nafarroan bizikletaz ibiltzeko aukeren ingurukoa da.
• Erroresyhorrores.blogspot.com. Iruñerrian bidegorri sareak dituen akats eta gabezien berri ematen da.
• Porpamplonaenbicicleta.com. Eneko Astigarragaren bloga.
UHOLDEEK UTZI DUTENA
Joan den asteburuko uholdeek hogei milioi euro inguruko kalteak eragin zituzten. Uholdeek hondatutako 1.500 etxebizitza, etxabe, auto, enpresa eta denda zenbatu dituzte, eta oraindik ere sumatzen dira uholdeen arrastoak. Ez dute baztertzen kalteak lar...
Iruñeko Udalak dio ezin dela behartu kaskoa erabiltzera
Mozio baten bitartez, Iruñeko Udalak jakinarazi du txirrindulariak ez direla behartu behar bizikletan ibiltzeko kaskoa janztera. Espainiako Trafiko Zuzendaritza idazten ari den Trafikoaren Araudi Orokorraren zirriborroan, hiri barnean txirrindulariak kaskoa jartzera behartzeko aukera jasotzen da. Udalbatzak aukera horren kontra egin du. Izan ere, uste dute azken urteetan Iruñean bizikletaren erabilerak izan duen goranzko joera hautsiko lukeela. Alde horretatik, inposizioaren aurka agertu dira irmo. Hala ere, argi utzi dute txirrindularien segurtasuna bermatu beharra dagoela, ahulak direlako. Horregatik, bakoitzaren esku uzteko eskatu dute kaskoa jantzi ala ez erabakitzeko eskubidea.
“Bizikletaren erabilera normalizatzeko, azpiegiturak beharrezkoak dira”
Bizikletak biziki maite ditu Jesus Sukuntza Garraiobide Osasungarrien Elkarteko kideak (Leitza, 1959). Beste hainbat txirrindularirekin batera, 2006an elkarte bat sortu zuen, bizikleta hirigunean barrena mugitzeko garraiobide iraunkor eta osasungarri gisa sustatzeko. Elkartearen helburu eta filosofiaren berri emateko, Asociacionmts.blogspot.com.es webgunea dute. Besteak beste, hirigunean bizikletan nola ibili behar den argitzeko hainbat aholku ematen dituzte.
Europako herrialde askotan egin da bizikletaren aldeko apustua. Nolakoa da Nafarroako eta Iruñeko egoera eremu horretan?
Bizikleten Europa esaten zaion horretan, Holanda, Alemania, Belgika eta Danimarkan, besteak beste, duela zenbait hamarkadatik hona, bizikleta agenda politikoan dute. Bizikletaren erabilera normalizatzeko, azpiegiturak beharrezkoak dira. Esaterako, ezinbestekoa da bizikletentzat homologatutako oinarrizko bidea edukitzea eta kaleetako gehienezko abiadura orduko 30 edota 20 kilometrora mugatzea. Iruñean, herrialdeko beste hirietan bezala, errealitatea ezberdina da, bizikletaren erabilera txikia delako. Hala ere, gero eta gehiagok erabiltzen dute egunero. Iruñeko Udalak 2005ean Bizikletaren Plana onartu zuen, eta, orain arte, lehen fasea besterik ez dute gauzatu. Ez dirudi bigarren fasearekin hasiko direnik.
Horrek zer ondorio eragin dezake?
Bi errealitaterekin egiten dugu topo. Alde batetik, periferian dauden auzoetan bidegorriak eraiki dira. Baina, beste alde batetik, hiriaren erdigunean, kale batzuk salbu, ez dago ia bidegorririk. Hala ere, aitortu beharra dago zirkulazioa lasaitzeko ahalegina egin dela. Izan ere, Alde Zahar osoan ibilgailuen gehienezko abiadura orduko 20 kilometrokoa da. Gainera, 2012tik, norabide bakarreko bide bakarra duten kaleetan orduko 30 kilometrora igaro daiteke gehienez. Horrek guztiak bizikleten zirkulazioa erraztu du. Hala eta guztiz ere, txirrindulari asko ez dira errepidetik joaten ausartzen. Hala, espaloiaren aldeko hautua egiten dute, Iruñeko Trafiko Ordenantzak dioenaren kontra. Hiritik kanpo, bizikleta garraiobide gisara egonkortzen ari da, baina oraindik hutsune handiak daude azpiegitura eta zirkulazioa lasaitzeko neurriei dagokienez. Esan liteke herritarrak politikarien aurretik doazela.
Alor horretan zer zeregin du administrazioak?
Mugikortasunarekin lotuta dagoen beste agente bat da bizikleta, hala jasotzen du, gainera, Zirkulazioaren Araudi Orokorrak. Horregatik, tokiko zein estatuaren mugikortasun politikek bizikletaren erabileraren normalizazioa sustatzeko beharra eta obligazioa dute. Txirrindularien aldarriak zilegiak dira, eta horiek gauzatzen saiatu behar dute.
Nolakoa da txirrindularien eta oinezkoen arteko harremana?
Txirrindulariak espaloitik doazenean, oinezkoa biktima sentiarazten dute, ahulenak direlako. Arazoa sakon aztertzeko, ezinbestekoa da galdetzea txirrindulariak zergatik joaten diren espaloitik. Arrazoia oro har da bidegorri sare eskasa dagoela. Horrez gain, errepidetik joatea txirrindulari batzuentzat arriskutsua da, ez dituztelako guztiek gaitasun fisiko zein erreflexu egokiak. Hala, txirrindulari askok espaloiak erabiltzea erabakitzen dute, gutxietsiak eta biktima sentitzen direlako.
Espainiako Gobernua idazten ari den Trafikoaren Araudi Orokorraren zirriborroan jasotzen denez, txirrindulariak kaskoa erabiltzera behartu nahi dituzte. Zer iruditzen zaizue?
Txirrindularitzarekin lotutako alor guztien irudiko, bizikletaren kontrako neurria da. Bizikleta erabiltzeko tradizio handia dagoen Europako herrialdeetan ez dago halako neurririk. Behartzearen aurka nagoen arren, iradokitzea arrazoizkoa iruditzen zait.
ITZULTZEA ESKATU DUTE LEITZARREK
Maxurreneak herriarentzat izan behar duela eskatu dute ehunka leitzarrek. Euriari aurre eginez, joan den larunbatean 300 lagun inguru bildu ziren manifestazioan, eta Guardia Zibilaren begiradapean egin zuten ibilbidea. Herriaren nahia errespetatu; Max...