Askatasuna helburu

Rafael Cerbantes, Crisanto Almondi, Joaquin Ibañez eta Pablo Redin dira, besteak beste, Ezkabako ihesaldiaren ondorioz hil ziren 20 euskal herritarretatik lau. 1938ko maiatzaren 22a zen, asteazkenean beteko dira 75 urte. Igandea "egun lasaia" izaten zela profitatuta, 50 lagun inguruk antolatutako ihesa abian jarri zen. Denera, 2.487 preso zeuden Ezkaban, gehienak errepublikanoak, sozialistak eta abertzaleak. Ihesa espetxeko funtzionarioen tranpa izango zelakoan, askok amesgaizto hartatik ihes egiteari uko egin zioten. Denera, 795 presok gurutzatu zuten presondegiko atea; 207 tirokatuta hil zituzten, eta 585 atxilotu eta Ezkabara itzularazi zituzten. Iturri ofizialen arabera, hiruk soilik lortu zuten horrenbeste desiotako askatasuna.

Gosea, hotza, beldurra, bakardadea... Bizitza baldintzak oso gogorrak ziren Ezkabako espetxean. 1878an hasi ziren eraikitzen Ezkabako gotorlekua, gerra karlisten karietara. Hala ere, 40 urte behar izan zituzten lanak amaitzeko. Ordurako, abiazioa garatuta zegoen, eta gotorlekua zaharkituta gelditu zen erabiltzen hasi baino lehen. Hala, inolako erabilpenik gabe gelditu zen, Francok estatu kolpea eman zuen arte. 1936tik 1945era arte espetxe militar gisara erabili zuten faxistek. 1936ko uztailean izan zen estatu kolpearen ostean, Nafarroa altxamenduaren alde egin zutenen menpe gelditu zen, eta, hilabete gutxiren buruan, hasieran gotorleku gisara diseinatu zen espetxean 2.000 lagundik gora zeuden preso. Horietako batzuk, Nafarroakoak eta Errioxakoak, aske utzi zituzten, baina Ezkaba mendia jaisten ari zirela tiroka hil zituzten. Francoren aldekoek abian jarritako espetxe guztien artean gogorrenetakoa izateagatik izan zen ezaguna Ezkabakoa.

Ia 1.000 metro garaiera den Ezkaba mendiaren kaskoan dago espetxe izan zena. Neguak gogorrak izaten ziren, hotzaren eta elurraren eraginez; udak ere ez ziren makalak izaten. Gotorlekuko hormetan Ezkabako presoei ezartzen zitzaien erregimena "justua, gizatiarra eta katolikoa" zela irakur zitekeen; hain tratu ona munduko beste espetxeetan ez zela ematen esaten zuen idatzi hark. Baina baieztapen hori zalantzan jartzeko argudio bat baino gehiago daude. Izan ere, espetxeko mediku izan zenak, Manuel Roncalek, 1937an salatu zuen preso askoren tuberkulosi arazoak, besteak beste, janari"eskasiak" eragin zituela.

Ihesaldiaren arrazoiak

Iñaki Alforja kazetariak Ezkabako ihesaldiaren gaineko bi dokumental egin ditu Ezkaba, la gran fuga de las carceles franquiestas (Ezkaba, espetxe franquistetako ihesaldi handia) eta El cementerio de las botellas (Botilen hilerria). Dioenez, 1938ko ihesaldiaren antolakuntza, Araba eta Bizkai arteko zubi bat leherraraztekoan atxilotutako preso talde bati egozten zaio. Hasiera batean, bost lagunek besterik ez zekiten arren, gero asmoen berri ematen joan ziren apurka-apurka.

Afaltzeko garaian jarri zuten ihesaldia antolatu zutenek plana martxan, zaintzaileak sakabanatuen egoten ziren ordua izaten zelako. Helburua bat eta bakarra: askatasuna. Horrenbeste desio izan zutena 1938ko maiatzaren 22an iritsi zen, amesgaiztoari agur esateko eguna. Denera, egun horretan 2.487 preso zeuden Ezkaban. Talde anitzetan banatuta, zaintzaileei armak kenduz joan ziren, eta euren armamentua eskuratzea lortu zuten.

Apurka-apurka zaintzaileak indargabetzea lortu eta, jangelara jo zuten. Une horretan, zaintzako soldaduak ari ziren afaltzen. Soldadu bat errenditu ezinik zela eta, burdinazko barra batekin kolpatu zuten, eta hil egin zen. Hori izan zen espetxeko langileen artean hildako bakarra. Horren ostean, atezaindegietako soldaduak errenditu ziren. Ordu erdiren buruan, Ezkabako ihesaldia prestatu zutenek espetxearen kontrola eskuratu zuten.

Preso guztiek izan zuten espetxea uzteko aukera. Kalkulatutakoaren arabera, espetxeko buruak ohartzerako ia egunsentia izango zen. Baina, planak ez ziren espero bezala atera. Izan ere, soldadu bat, Iruñetik espetxera bidean zihoala Ezkaban gertatzen ari zenaz ohartu, eta hirigunera jaitsi zen gertatzen ari zenaren berri ematera.

Militarren kamioiak argi islatzaile eta guzti iritsi ziren gotorlekura gauean. Horren eraginez, hainbat presok ihes egiteari uko egin zioten. Hala, 03:30ean egindako kontaketan 1.692 preso zenbatu zituzten. Beraz, ihes 795ek egin zuten. Hala ere, Iñaki Alforjak jakinarazi duenez, presoek oso egoera "tamalgarrian" egin zuten ihes. "Asko goseak jota zeuden, ez zuten oinetako egokirik eta ingurua ez zuten ezagutzen", dio Alforjak.

Espetxeko akten arabera, maiatzaren 23an, ihesaldiaren biharamunean, 259 preso atxilotu zituzten; eta 24an, 445. Apurka-apurka, gero eta gehiago atxilotuz joan ziren. Azken iheslaria, 1938ko abuztuaren 14an atzeman zuten, ihesean ia hiru hilabete egin ostean. "Espetxeko atetik 795 lagun irten ziren arren, hiru lagunek soilik erdietsi zuten muga gainditzea", azaldu du.

Francoren aldeko militarrak, hala ere, ez ziren egon presoek nola ihes egiten zuten begira. Izan ere, dozenaka lagun hil zituzten Ezkaba mendiaren magalean, bai Antsoain aldean, baita Ezkabarten ere. Ihesaldiarekin lotuta, 225 lagunek galdu zuten bizia.

Alforjak ihesaldiaren inguruan egindako dokumentalean hainbat presok jakinarazi zutenez, Francoren aldeko militarrek ez zuten inolako "errukirik" izan ihesaldian parte hartu zuten presoekin. "Hiltzera egiten zuten tiro; ihesaldia une askotan harategi ere bilakatu zen. Gainera, mugara bidean zeuden gune estrategiko guztiak euren esku zeuden", azaldu du Alforjak. Iheslariak goseagatik baino gehiago egarriagatik ibili ziren larri.

Ihesaldia gertatu eta hurrengo egunean, maiatzaren 23an utzi zuten kargurik gabe Alfonso Rojas, espetxeko zuzendaria. Ordurako, hilabeteak ziren, presondegiko administraria kargu gabetuta zegoela. Militarren arduradunekin batera, behin-behinean espetxeratu zituzten. Hala ere, absolbitu egin zituzten hirurak.

Duela 75 urte jazotakoa ez ahazteko dozenaka lagun ari dira lanean. Munduko ihesaldirik handienetakoa izan zen. Espetxearen hormez gaindi zegoen askatasuna zuten presoek jomuga, bizirik irautea. Hiruk soilik lortu zuten. Hala ere, gaur aurkeztuko duten Los fugados del fuerte de Ezkaba (Ezkabako gotorlekuko iheslariak) liburuan, iheslariak hiru beharrean lau izan zitekeenaren teoria garatu du Fermin Ezkietak.

Ezkabako "lotsaren" kartzela, Iruñerriak horrenbeste urtean bizkar eman diona, 1945ean itxi zuten.

Ez Dok Amairuren emanaldietan, mutil dantzak

Besteak beste, euskal kantagintza berria sustatzeko xedez eratu zen Ez Dok Amairu talde mitikoak Baga, biga, higa ikuskizuna dantzan hasten zuen duela 40 urte baino gehiago. Hainbat dantzaren artean, Baztango mutil dantzak dantzatzen zituzten. Sarrita...

Solaskide programa bertan behera utzi dute diru faltagatik

Aurten ez da egonen Solaskide programa, Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik gabe utzi duelako. Hori salatu dute IKAk, AEK-k, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta NIZE Nafarroako Ikastetxeen Zuzendarien Elkargoak. Orain dela urte batzuk, Nafarroako Gobernuak abian jarri zuen Solaskide programa, eta Nafarroako ikastetxeetako gazteen ahozkotasuna bultzatzea zuen helburu. Aurten, diru falta dela eta, ez da izanen programa.

Solaskide programaren inguruan aritu diren lau erakundeek, IKA, AEK, NIE eta NIZEk, Nafarroako Gobernuaren "utzikeria" salatu dute: "Euskararen erabilera, motibazioa eta irakaskuntza indartzeko egitasmoetan gobernuak ez du ahaleginik egin, alderantziz, kentzen eta murrizten saiatu da". Adierazi dutenez, azkeneko urteetan Solaskide programaren aurrekontua murriztu den arren, proiektuari eustea lortu dute. Aurten, berriz, ezinezkoa egin zaie. Beraz, euskararen proiektuen inguruan gobernuaren interesik eza agerian gelditu dela uste dute.

Izan ere, Solaskide eta gisako programak "beharrezkotzat" jo dituzte IKAk, AEK-k, NIEk eta NIZEk, gazteen euskararen erabilera indartzen baitute. Urte hauetan guztietan, Nafarroako ikastetxeetan —A zein D ereduetan— IKA eta AEK-ko irakasleek astean ordubeteko saioak egin dituzte, gaztetxoen ahozko gaitasuna hobetzen laguntzeko. Denera, ehun bat ikastetxetan aritu dira, eta saio bakoitzean bi irakaslek parte hartu dute. Ikasleek eskolan euskaraz hitz egiteko eta mintzamena lantzeko balio izan du programak; izan ere, aukera gehiago izan dituzte praktikatzeko.

Gainera, Solaskide programaren ikasturtea antolatzeko hainbat bilera eginak zituzten. Baina berriki Nafarroako Hezkuntza Departamentuak mezu elektroniko baten bitartez jakinarazi zien Solaskide programa ez dela egonen. "Nafarroako Gobernuaren ageriko gaitasunik ezak eta euskararen kontrako jardun iraunkorrak horixe eragiten dute: euskararen aldeko proiektuak bertan behera geratzea", salatu dute.

Urteotan IKAk eta AEK-k Solaskide programaren diru laguntza jaso dute, eta NIE eta NIZEko ikasleek jaso dituzte lan saioak. "Ez dira gai izan proiektu xume honi eusteko; aurrekontuetan aurreikusita zegoen Solaskide programa baztertuko zuela Nafarroako Gobernuak. Jarrera ezin adierazgarriagoa izan dute", adierazi dute prentsa ohar baten bidez.

“Naturaren kontzertuak dira hegaztien kantuak, eta haiek aditzen ikasi behar dugu”

Mendira joatea eta naturaren soinuak entzutea plazera da Eloisa Matheurentzat (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1956). Biologoa da, eta urteak daramatza animalien soinuak grabatzen eta gizarteari erakusten. Asteburu honetan, Zilbetiko pagadian izanen da, eta hegaztien kantuei buruzko ikastaro bat emanen du.

Zer ikasiko dute parte hartzaileek?

Hegaztien kantuak ezagutzeko ikastaro praktiko bat izanen da. Mendira joanen gara, eta, bertan, hegaztiak entzunen ditugu. Lehenengo, entzuten ariko gara, eta, gero, aditzen ikasiko dugu. Oso ohikoa da hegazti baten kantua ahaztea, eta, hori ez gertatzeko, garrantzitsua da ongi erreparatzea kantu bakoitzari, memorian gordetzeko eta ondoren gogoratzeko. Hegaztiak aditu ondoren, ikasgelan, grabazioak adituko ditugu. Mendian zer aditu dugun ulertuko dugu horrela.

Zein hegazti motaren kantuak entzuten dira Zilbetin?

Zilbetiko pagadian, basoko hegaztiak daude, gehienbat. Okil gibelnabarra dago, eta oso espezie interesgarria da, bakarrik inguru jakin batzuetan bizi delako. Horretaz gain, gerri txoriak, lepitzuliak, buztanluzeak eta kaskabeltzak adituko ditugu. Dena den, eguna iritsi arte, ez dakigu zer aurkituko dugun pagadian.

Eguneko zein momentu da onena kantuak aditzeko?

Dudarik gabe, egunsentia eta hurrengo bi edo hiru orduak dira egokienak, momentu horretan abesten dutelako gehien. Baita iluntzean ere, nahiz eta hainbeste ez kantatu. Gainera, udaberria da sasoirik onena, orduan ugaltzen direlako. Neguan mututu egiten dira hegazti gehienak.

Zergatik kantatzen dute?

Haien komunikatzeko era da. Arrek, adibidez, beren lurraldea babesteko eta emeak erakartzeko kantatzen dute. Kantuen bitartez, informazioa ematen diete emeei; haien adina, esperientzia eta desioa, besteak beste. Ikerketetan ateratako ondorioak dira. Gainera, orain arte gutxi aztertu da, baliabiderik ez zegoelako. Beraz, oraindik txorien kantuen inguruan ez dugu dena ezagutzen. Orain izaten ari da goraldia. Nik animalien soinuak grabatzen ditut, eta ondare gisa gordetzen ditut, gerora gizartean hedatzeko.

Zein da teknikarik egokiena hegaztia haren kantarekin erlazionatzeko?

Aditzea eta kantu bakoitzaren parametroetan —tonua, intentsitatea eta erritmoa, adibidez— erreparatzea. Zerbaitek atentzioa eman badizu, horrekin gelditzea eta memorizatzen saiatzea. Izan daiteke kanta motela izateagatik edo oso zorrotza izateagatik. Mendian kantuak aditzen ditugu, baina hor ez da gure lana bukatzen: aditutakoaren gainean lan egiten dugu. Gainera, hegazti batzuen kantuek lan gehiago eskatzen dute, zailagoak direlako. Aldi baterako, ikusmenaz ahaztu, eta gure entzumenean arreta jarri behar dugu. Azken finean, hegaztien kantuak naturaren kontzertuak dira, eta haiek aditzen ikasi behar dugu.

Zer behar du paisaia batek aditzeko egokia izan dadin?

Elementu guztiak eraldatu gabe eta harmonian egotea. Hau da, ez egotea ezer soberan, ezta ezer faltan ere. Kutsadura izan daiteke elementu kaltegarri bat, eta baita bertakoak ez diren espezieak ere. Baina mendian hegaztiak entzutea gozamena da; jarduera erabat baikorra eta aberatsa da. Egun, ez digute soinuak aditzen irakasten, baina ahalegin hori egin behar dugu. Mundu erabat bisualean bizi gara, eta natura sumatzeko modu ona da kantuak aditzea.

Harrobia egin nahi dute Zilbetin, eta horrek arriskuan jarriko ditu pagadian bizi diren espezie guztiak.

Bai, horrela da. Ikastaro hau antolatzeko arrazoietako bat hori izan da. Zilbetiko egoera aditzera ematea eta, era berean, tokia ezagutzea. Interes handiko lekua da Zilbetiko pagadia, eta harrobiak kalte eginen dio zentzu guztietan. Dagoen lasaitasuna eta bakea hautsiko du, eta erabat aldatuko du bizitza.

@sarean

Mutil dantzen inguruko webgune dezente dago.

www.http://www.euskomedia.org/aunamendi/83500. Auñamendi Euskal Entziklopediak zabal lantzen du gaia.

www.dantzan.com. Dantzaren jatorriaz eta eboluzioaz hainbat argibide ematen dira.

Tradizio izan denaren tranpa

Asteazkenean hasi ziren Salbatore bestak Iruritan. Baztango herrietako jaietan lehenengoak izaten dira Iruritakoak. Aurten ere, iaz bezala, ez da mutil dantzarik izango. Azken urteetan, neskak dantzan hasi direla eta, hainbat hika-mika eta eztabaida izan dira. Aurrez aurre daude Baztanen horren errotua dagoen dantza ulertzeko bi ikuspuntu: mutil dantzetan gizonezkoek soilik dantzatu behar dutela uste dutenak eta emakumezkoek ere dantzatzeko eskubide osoa dutela azpimarratzen dutenak. Beraz, mutil dantzen pauso arin eta sotilak ikusteko aukerarik ez da izango aurten Iruritan.

Tradizioari modu hertsian eutsi edo aldatu, hor dago koxka eta eztabaida. Denera, hemeretzi dantzak osatzen dituzte mutil dantzak. Antzinako belaunaldiak aurreko mendeetan dantzatzen ziren bezala dantzatzea defendatzen du, esaterako, Baztango Mutildantzari Talde sortu berriak. Denera, 80 lagun inguruk osatzen dute. Taldeko kide batek —ez du izenik jakinarazi nahi izan— euren nahia Baztango hamabost herrietako jaietan mutil dantzak dantzatzea dela argitu du. Baina ez dute mutil dantzetan emakumerik nahi, ez dantzatzen behintzat. Presidenteak berak azaldu duenez, eskualdeko herri guztietara eskutitzak igorri dituzte, mutil dantzak antolatu eta dantzatzeko prest daudela jakinaraziz. Hala ere, azaldu du oraindik ez dutela erantzunik jaso. Argi utzi du uztailean Elizondoko Santiago jaietan mutil dantza modu tradizionalean egingo dutela, iaz bezala, herriko ikastolako plazatxoan.

Lasaitasuna desio

Iruritako jaietan mutil dantzarik ez izatea "tristea" dela onartu du herriko zinpeko alkate Peio Obregozok. "Egoera nahiko bero dago, eta afera lasaitzea da gure asmoa". Bigarren urtez, ez da izango mutil dantzarik Iruritan, jaiak antolatzeko egindako bilera batean hala erabakita. Zinpeko alkatearen arabera, Irurita oso herri dantzazalea da, eta jende andana ari zen mutil dantzak prestatzen. Azken finean, liskarrik ez dute nahi izan jaietako antolatzaileek, eta bozketa bidez erabaki zuten dantzarik ez programatzea. Heldu den urtean ere bozketa egingo dutela jakinarazi du Obregozok.

Plazara Dantzara herri ekinaldiko kide Elurre Iriartek Iruritan hartutako erabakia kritikatu du, "ostrukarena" egin dutela salatuz. Baztango Mutildantzari Taldea sortu zela jakitean eratu zuten herri ekinaldi hori. Mutil dantzetan emakumeek parte hartzea defendatzen dute, "nahi duen orok dantzatu dezan". Hala ere, Baztango herri bakoitzaren errealitatea ezberdina dela ohartarazi du Iriartek: "Herri batzuetan, emakumeak dantzan hasi direnean txistulariak isildu egin izan dira, eta, beste batzuetan, normal-normal hartu da".

Historikoki leku publiko zein festa guneak gizonenak izan dira, eta halako batean emakume batek gune horietako kide izan nahi duenean azaleratu dira halako gatazkak. "Ohitura batzuk aldatu dira, eta beste batzuk ez. Onartu da, esaterako, mutil dantzak zaharrek, haurrek, kanpotarrek dantzatzea, lekua aldatzea... Baina onartu ez den gauza bakarra, eta ez da kasualitatea, genero aldaketa da".

Gatazkari konponbidea nola aurkitu, hor dago gakoa. Plazara Dantzara herri ekinaldiak argi du Iruritako erabakia ez dela irtenbidea. "Nire ustez, herritarren artean konpondu beharreko gauza da, baina administrazioak ere badu bere zeregina, herritarrena den momentuan", adierazi du Iriartek.

Oraingoz, herri bakoitzak bere ebazpena egin du. Tradizioaren pisua eta tradizio hori aldatzeko beharra daude ezbaian. Ikusi egin behar ondorengo urteetan zer gertatzen den.

“HASIERA-HASIERATIK, GIZAKIA”

Espainiako Gobernua haurdunaldia eteteko legedia aldatzekotan dela eta, Espainiako Apezpikuen Batzarrak abortuaren aurkako beste kanpaina bat jarri du abian. Hala, besteak beste, Iruñean —irudikoa Sanduzelaiko sarreran paratuta dagoen kartela da— umeki baten erradiografia eta haur baten irudiak ageri dira kartelean. Gaztelaniaz dago, eta "Ni naiz, gizakia hasieratik" leloa irakur daiteke; abortua haur baten erailketarekin lotzen dute batzarreko kideek.