CHEko buruen agerraldia eskatu du Uxue Barkosek

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak Xavier de Pedro Ebroko Ur Konfederazioko presidenteak Esako urtegiko eskuin hegaleko mugimenduen berri eman dezala eskatu du. Barkosen irudiko, ezinbestekoa da Ebroko Ur Konfederazioak azaltzea "lur irristaketa zein ...

Lasaitasunik ez Esan

Hutsik dago Esako Lasaitasuna urbanizazioa astelehenaz geroztik. Urte osoan bertan bizi diren bederatzi lagunek etxea utzi behar izan dute; ondoan duten Esako urtegiko eskuin hegala, eta mugitzen ari deenz, luiziren bat eragin dezake. Ez dute batere lasaitasunik izan egunotan, eta "ezusteko handia" hartu dute.

Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak diote euriteen ondorioz mugimenduak izan direla, eta dagoeneko eskuineko hegala egonkortzeko lanak hasi dituzte. Baina Lasaitasunako bizilagun Cristina Igoak ez du uste euriteak arrazoi bakarra izan direnik. "Eremua ez da egonkorra. Alde batetik, urtegiko eskuin hegala mugitzen delako eta, bestalde, Pirinioetako autobia egin zutenetik pitzadurak agertu direlako etxeetan". Egunkarien bidez jakin zuen berria. "Iruñean nengoen, eta ez nuen inolako abisurik jaso; nik deitu behar izan nuen zer gertatzen zen jakiteko", azaldu du. Astelehena bitarte izan du denbora etxetik ezinbesteko gauzak ateratzeko. Gurasoek etxea dute urbanizazio berean, eta Esako Udalak herriko beste etxe batera lekualdatu ditu. Haiekin biziko da denbora batez beste etxe bat eman artean.

Ehun etxe inguru daude Lasaitasuna eta Esako Begiratokia urbanizazioetan. Gehienak bigarren etxebizitzak dira: "Seguruenik, denbora batez etxerik gabe geldituko dira", azaldu du Roberto Martinez Esako alkateak. Inoiz ez dutela horrelako egoerarik pasatu azaldu du Martinezek, eta oso kezkatuta daudela jakinarazi du. "Azkenaldian euri asko egin du inguruan, eta horrek eragin zuzena izan du", aditzera eman du. Ez du ukatu, hala ere, urtegiko lanek eta autobideak eragina izan dutela.

Maria Angeles Ruizek lehenbailehen itzuli nahi du etxera. "Ez dakit zenbat denbora egonen garen etxetik kanpo; batzuek lau hilabete esaten dute, beste batzuek, urtebete; batek daki. Baina noiz itzuliko naizen ez jakiteak kezkatzen nau gehien". Ruizek ez du ezustekorik hartu. "Argi zegoen egoerak txarrera eginen zuela", aitortu du.

Astelehenean bilera izan zuten urbanizazioetako bizilagunek Raimundo La Fuente Ebroko Ur Konfederazioko zuzendari teknikoarekin eta Patxi Fernandez Nafarroako Gobernuko Barne ordezkariarekin. Bai Ruizek baita Igoak ere alboratu egin dituzte Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak eman dituzten arrazoiak. "Ez zuten askorik esan, eta euriteengatik gertatu dela argudiatu zuten; kalte-ordainak ez zituzten aipatu ere egin", azaldu du Igoak. Haserre dago, informazio gutxi duelako eta ez dakielako zer gertatuko den.

Orain Guardia Zibilak "zaintzen" ditu bi urbanizazioak, eta bizilagunak baino ezin dira sartu. "Segurtasuna jarri behar izan dugu lapurretak ez izateko", azaldu du alkateak. Pasa den ostiralean, Nafarroako Gobernuarekin bildu zen, eta bi urbanizazioak husteko "gomendioa" eman zioten. "Neurri prebentiboa izan da, baina pertsonen segurtasunak du lehentasuna".

Azken urteetan zundaketak eta leherketak bizi izan dituzte Esan. Bai urtegian, bai eta Pirinioetako autobia egitean ere. Tunelak egiteko leherketak egin zituzten mendian, eta, ondorioz, pitzadurak agertu dira urbanizazioetako hainbat etxetan. "Urtegia handitzeko lanek zerikusia izan dute pitzaduretan, baina ez dute onartzen", esan du Igoak. Oraingoz, lasaitasuna ez da itzuliko herrira. Lurrak behera egiteko arriskua dago. 2006an gertatu zen bezala.

PRESIDENTEAREN IBILBIDEA IRUDITAN

2011ko maiatzaren 11n izan zen Aizarotzen Yolanda Barcina Nafarroako presidentea hautatzeko hauteskunde kanpainaren harira. Ekitaldia, ETAren aldeko pintaketa bat atzean zuela egin zuen. Bide batez, herrian ETAren jarrerarekin epelak zirela salatu zue...

Raxoi ez da Rajoy

Bai, jaun-andreok. Aldaketa etorri da. Raxoy ez da jada Raxoi, Rajoy baizik. Urtarrilean, oraindik ere, Raxoi zen, eta izen horrekin, 24an eta 25ean, adierazi zuen burujabetzari buruzko Kataluniako parlamentuaren adierazpenak ez zuela "ezertarako" balio, ez zuela "inolako ondorio juridikorik". Urtarrilaren 30ean, berriz, Urkullu Raxoirekin elkartu zen Moncloan, ez Rajoyrekin. Eta urtarrilaren 31n, PPren ustelkeria auziak Raxoi eta alderdiko buruzagiak zipriztindu zituen.

Baina, kasu!, otsailaren lehenbiziko egunean etorri baitzen aldaketa, hurrengo eguneko egunkarian islatu zena. Egun hartan, beraz, Rajoyk hitz egin zuen, eta ez Raxoik. Eta, hortik aurrera, Rajoyk, eta ez Raxoik, bere aurkako salaketa oro ukatu zuen, eta bla bla bla.

Irakurle, honaino ailegatuta piperrik ere ulertu ez baduzu, jakin ezazu diagnostikatu gabeko patologia sendaezina dudala: edozein testu irakurtzen dudalarik —izan kaleko afixa, zirkulazio seinalea, dendako oharra zein egunkariko albistea—, begirada beti, baina beti-beti, xehetasun linguistiko tontoenera joaten zait. Bortz axola maisu lana irakurtzea ere; gaizki idatzitakoa eta/edo oso ezberdin izkiriaturikoa gelditzen baitzait beti kaskoan.

Gaixotasun kronikoa da. Baina ez kezkatu. Ongi nago.

Eta gaixotasun horregatik ikusi dut —eta, nik bezala, ni bezain gaixo daudenek ikusi dute— BERRIAk dagoeneko ez duela Mariano Raxoi idazten, Mariano Rajoy baizik.

Aldaketa egin zuten egunean berean ohartu nintzen aldaketaz —egunero irakurtzen baitut BERRIA, eta zuk ere gauza bera egin beharko zenuke!—. Hasieran pentsatu nuen Politika saileko erredaktorea Rajoy X-z eta I-z idazteko arauaz ahantzia zela. Baina gero konturatu nintzen AEBetako korrespontsalak eta zuzendariak berak ere Rajoy zerabiltela. Alegia, arau aldaketa zegoela horretan.

Bere garaian, Euskaldunon Egunkariaren Estilo Liburuak zehazten zuen "Herri Katalanetako eta Galiziako izenak katalanez eta galegoz" eman behar zirela. Oker ez banago, BERRIAk arau horri eutsi zion. Eta horren, arabera, Rajoy Raxoy moduan eman behar genuen. Eta guk, txintxo-txintxo, Raxoi.

Eta orain berriz buelta. Ongi. Rajoy.

Beharbada, nik hau idatzi (otsailak 6) eta zuk irakurri duzunerako (otsailak 15 edo geroago), BERRIAk azalpenak eman ditu aldaketa honen inguruan. Ezetz espero dut. Bertzenaz, hurrengo bi paragrafoek grazia guzti-guztia galduko lukete.

Ergelkeriaren kasualitatea. Aldaketa gertatu baino astebete lehenago, nik Raxoi idatzi nuen arbelean, izen sintagma zer den azaltzeko adibide batean. Ikasleek, noski eta berriz ere, pentsatu zuten ni Martekoa nintzela. Eta nik baietz, Martekoa nintzela, eta Marteko euskaldunek Raxoi idazten zutela. Eta beraiek Martekoak izan nahi bazuten, Raxoi idatzi beharko zutela. Orain Venuskoak izan beharko dugu.

Eta bukatzeko, eskaera bat: mesedez, abisua eman Anjel Lertxundiri, Raxoi idazten segitzen baitu.

27,3

Nafarroan erregularizatu diren milioi euroak. Zerga paradisuetan dirua zutenei beren zergen egoera arautzeko aukera eman zien Nafarroako Gobernuak iaz. Orain, 400 milioi euro azaleratu dira, eta 27,3 milioi euro Ogasunaren kutxetan daude. Gobernuak azaldu du ez dela amnistia bat, interesak ordaindu dituztelako.

Urtean ia bi metro mugitzen da Esako eskuin hegala

Esako urtegiko eskuin hegala berriz ere mugitzen ari dela jakinarazi zuen joan den astean CHE Ebroko Ur Konfederazioak ohar baten bitartez. Azaldu du azkenaldiko eurite eta elurteengatik izan dela lur mugimendu hori. Gainera, aitortu du hegal horretan "betidanik" izan direla lur mugimenduak eta proiektua onartu zutenerako hori gerta zitekeela bazekitela. Astean bi zentimetro mugitzen da. Batez beste, urtean bi metro higatuko da eremu hori adituen arabera.

Esako urtegiaren inguruan bizi direnen bizitza arriskuan jartzen delakoan, handitzeko lanak bertan behera uzteko eskatu du Esa + Ez herri plataformako kide Iker Aramendiak. Iritzi berekoak dira Rio Aragon Artiedako (Aragoi, Espainia) elkartekoak ere. "Esa handitzeko lanak faraonikoak dira, eta diru xahuketa izugarria", aditzera eman du Aramendiak. Hain zuzen ere, Ebroko Ur Konfederazioak onartu duenez, gutxienez 10 milioi euro baliatuko ditu eskuineko hegala egonkortzeko lanetan.

Konfederazioak "lur mugimenduen" berri joan den astean eman zuen arren, Nafarroako Gobernuak informazio hori abendurako bazuela jakinarazi du Aramendiak. "Abenduan jaso genuen konfederazioaren jakinarazpena, eta ordutik jarraipen mekanismoak martxan daude". Haserre dago gobernuak auzi horretan duen jarrerarekin. "Gobernura joz gero, beti diote hori ez dela beren auzia, Espainiako Gobernuarena baizik", adierazi du. Esako urtegiko presa Nafarroako lurretan dagoela eta arazo klaseren bat izanez gero lehenengo kaltetuak inguruko herrietako biztanleak izango liratekeela ohartarazi du, Zangozakoak eta Esakoak, besteak beste.

Ebroko Ur Konfederazioak dioenaren arabera, eskuineko hegaleko lur mugimendua "motela" da. Baina lehenengo kalteak eragin ditu Esako Lasaitasuna eta Esako Begiratokia urbanizazioan. Denera, ehun etxebizitza inguru daude. Gehienak bigarren etxe gisa erabiltzen diren arren, bederatzi lagunek beste toki batera joan behar izan dute bizitzera. Gutxienez, hamar hilabetez ezin izango dira itzuli.

Aramendiak iragarpen ezkorra egin du: oso zaila izango da pertsona horiek etxera itzuli ahal izatea. "Hamar hilabete dio administrazioak, baina ziur gaude arraildurak gero eta handiagoak izango direla eta horrek bizilagunen itzulera zailduko duela".

Handitze lanekin bueltaka

Ebroko Ur Konfederazioak berak onartu du eskuin hegala ez dela egonkorra. 2001ean hasi ziren urtegia handitzeko lanak. Jaume Matas orduko Ingurumen ministroak jarri zuen lehenengo harria. Hegalen ezegonkortasuna "aurreikusi" arren, ez dute asmatu proiektuaren aurrekontuak zehazten. Hasiera batean, Espainiako Gobernuak iritzi zion Esa handitzeko 77 milioi euro nahikoa izango zirela. Baina, proiektu bera behin baino gehiagotan berregin behar izan dutenez, aurrekontuaren zenbatekoa ere aldatu behar izan dute. Hala, egitasmoaren bigarren zuzenketan aurrekontua 113 milioi eurokoa zen; hirugarren zuzenketan, berriz, 242 milioi eurokoa. Orain, berriz, zenbatekoa handitu egin dute, besteak beste, lur mugimenduengatik. 2013ko Espainiako Aurrekontu Orokorretan jasotzen denez, Esa handitzeko lanetarako 376,8 milioi euro erabiliko dituzte.

Baina Esako luiziak ez dira gauza berria. Izan ere, 1930eko hamarkadan —1936an hasi ziren eraikitzen— gertatu ziren lehen luizi eta arazo geologikoak. Adibidez, ezkerreko hegalean 2003an arraildurak agertu ziren. 2006ko uztailean, hegal horretan bertan, 3,5 milioi metro kubo lur irristatu ziren, azpiegitura eraikitzean sortutako hondakinak bertan pilatu ostean.

Eskuin hegalaren kasua ere antzekoa da. Lur irristaketak izan ziren 1930ean, 1960an eta 1964an, urtegia bete zutenean. 2004an, urtegia handitzeko lanetan ari zirela, 1930ean eta 1964an izandako lur mugimenduak aktibatu ziren. Horren eraginez, ur filtrazio handiak izan ziren, nahiz eta 2007 arte Ebroko Ur Konfederazioak ez zituen onartu.

Gertatuak gertatuta, urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko nahikoa arrazoi badagoela irizten dio Aramendiak, batez ere herritarren segurtasuna kolokan dagoelako. Hala, bihar, 13:00etan, protesta keinu bat egingo dute: Zangozako udaletxeko plazan elkarretaratzea egingo dute eta Esako lanak eten ditzatela eskatuko dute bertan.

“Ez nintzen ezer egiteko gai; autonomoa izatea eguneroko erronka da orain niretzat”

Urte luzez Iruñeko Iturrama institutuko irakasle izan da Xabier Duran (Iruñea, 1961). Gaixotasun baten eraginez itsutu zen, bat-batean. Lasai hitz egiten du lehen zenaz eta orain denaz. Zeharo aldatu zaio bizitza. Berriz bizitzen ikasi behar izan duela onartu du. "Itsutu nintzenean ez nintzen ezer egiteko gai; autonomoa izatea eguneroko erronka da orain niretzat". 2005ean tumore bat atzeman zioten hipofisian. Bi ebakuntza egin zizkioten. Lehena ondo atera zen. Baina tumorea ezin izan zioten erabat kendu. Ondorioz, 2007ko uztailean bigarren ebakuntza egin zioten, eta ikusmena erabat galdu zuen. "Ez dakit zer gertatu zen, medikuak ez zidan oso argi azaldu". Hasiera oso gogorra izan zela aitortu du. "Erabat itsutu nintzela jakin nuenean ez nuen oso-oso gaizki hartu. Familiak izugarri lagundu zidan". Poliki-poliki suspertzen hasi zen. Udazkenerako ONCEko kide egitea erabaki zuen.

Itsutu ostean, ezin izan zuen irakasle lanbidearekin jarraitu. Erretiroa hartuta dago. "Lekuz kanpo gelditu nintzen. Berriro hasi beharra nuen bizitzen. ONCE oso ezaguna da, eta medikuak ere esan zidan hemen lagunduko zidatela". Berarentzat aukera ona izan zela onartu du.

Dioenez, ebakuntzaren ostean bi aukera gelditu zitzaizkion: egoerari aurre egin edo ohean gelditu. Aitortu du ohean gelditzeko tentazioa izan zuela. "Ohean dena menperatzen nuen, ez nuen begirik ireki behar. Lokartuz gero amesteko aukera nuen". Egoeraz jabetu zenean, jarrera aldatzea erabaki zuen.

Poliki-poliki etxean mugitzen ikasi zuen, eta egun autonomoa da. Etxeko zeregin batzuetaz ere arduratzen da, sukaldeko zorua lanbasarekin garbitzeaz, esaterako. Oso ondo egiten duela dio irri egiten duen bitartean.

Baina etxeko gela batetik bestera joaten iaioa izan arren, kalean gauzak bestelakoak dira. Ikusten ez diren oztopoak izaten ditu itsuak. Nola jakin autobuseko zein geltokitan gelditu? Nola jakin zein kaletan dagoen gustuko taberna? Galdera horiei erantzuten ikasi behar izan du Duranek, makilaren bitartez.

Makila baliatzearekin batera, ONCEn lehenik braille metodoa ikasten hasi zen. Hasieran zaila egiten zitzaion, baina ikastea lortu zuen. Hala ere, motela dela dio: "Orrialde bat irakurtzeko ordu erdi behar izaten dut". Horregatik, metodoa ikasteari utzi dio.

Baina orain, bere irakurtzeko zaletasuna nola gogobete badu. Audio liburuak erabiltzen ditu. ONCEk liburutegi zabala du. "Liburuak entzuten hasi nintzen, eleberriak, ikasteko liburuak... Niretzat aurkikuntza polita eta erakargarria izan da".

Mekanografia ikasten ere aritu da. Ordenagailua menperatzea zen bere asmoa. Ikusten zuenean, lanerako tresna zen Duranentzat ordenagailua. Mekanografia ikasi du, baina ordenagailuarekin bakarrik hasi zenean "eromena" zela dio. Ikasturte honetan alboratu du ordenagailua erabiltzeko ikastaroa, apur bat "etsita". Baina datozen hilabeteetan berriz ere zeregin horri helduko diola esan du.

Bestalde, itsuak diren gizon-emakumeen kezkak azaleratzeko talde bat sortu zuten Duranek eta beste zenbait lagunek duela hainbat urte. Bidean izena du taldeak. Lagun talde bat ere badirela dio. "Asteartero biltzen gara, besteak beste, elkarri laguntzeko". Astearte honetan ere bildu dira. Dozena bat lagun, eta umorez aritu ziren taldeak bereizgarri duen abestia abesten. "Oso garrantzitsua da gure egoeran umorea izatea; gainera, barruan ditugun beldurrak eta beharrak ateratzeko erabiltzen dugu taldea".

Ia sei urteren ostean, Duran autonomoa da. Makilarekin ibiltzen ikasi zuen arren, orain Faida txakur gidariarekin joaten da toki guztietara. "Makila niretzat mugatua zen". 2008an, familiak txakur bat eskatzera animatu zuen. Berez, eskaria egin eta txakurra eman arte bost urte inguru pasatzen dira. Hala ere, 2011ko irailaren 26rako Faida etxean zuen. Hasiera gogorra izan zela onartu du. Orain, ordea, bikote ona osatzen dute.

Etorkizunari aurrez aurre begiratzen dio. Egun, esate baterako, UNEDen Historia ikasketak egiten ari da. Une gogorrak igaro dituen arren, ikasten jarraitzeko gogoz dagoela dio, edozein oztopori aurre egiteko prest.

Martxoaren 15etik 19ra bitarte ibiliko da Korrika Nafarroan

Korrika heldu da Nafarroara. Iragan ostiralean aurkezpen ekitaldia egin zuen AEK-k Nafarroako Antzerki Eskolan, eta Nafarroako ibilbidea jakinarazi zuten. Lau egunez ibiliko da Korrika lurraldean; Sakanatik sartuko da, martxoaren 15ean, eta Erriberan utziko ditu Nafarroako lurrak, martxoaren 19an.

Martxoaren 15ean goizaldean iritsiko da Korrika Altsasura, 03:11n. Sakana zeharkatu, eta eguerdi aldera iritsiko da Iruñera. Ordu bietan iritsiko da Txantreara, eta arratsaldeko seiak arte egonen da; Sanduzelai izanen da zeharkatuko duen azken auzoa. Etxauriko bidea hartuko du ondoren, eta Villatuertan bukatuko du lehenengo eguna. Bigarren egunean Agoitz eta Orreaga inguruan ibiliko da Korrika, eta hurrengo egunean, martxoaren 17an, Beran hasiko du ibilbidea. Burgin bukatuko du. Martxoaren 18an, Tafallako bidea hartuko du, eta Erribera bisitatuko du. Azken eguna izanen da martxoaren 19a; Azagran hasi, eta goizeko zazpietan Muestik igaroko da. Nafarroatik igaroko den azken herria da izango Mues.

Korrika iritsi baino lehenago, hala ere, Korrika Kulturalak hamaika emanaldi eginen ditu. Otsailaren 11tik 15era bitarte musika eta argazki erakusketa egonen da Iruñeko Hegan&Dream espazio sortzailean. Lekunberriko Kantinan Gazta zati bat dokumentalaren emanaldia eginen dute otsailaren 17an, arratsaldeko seietan. Tuterara iritsiko da hilaren 21ean Korrika Kulturala, eta Balitzen Hioa ikuskizuna eskainiko dute Castell Ruiz kultur gunean, arratsaldeko zortzietan. Egun eta ordu berean, Burlatako kultur etxean Morritson eta Gartzia antzezlana egonen da ikusgai. Iruñean, Nafarroako ginkana antolatu du Korrika Kulturalak martxoaren 2rako. Lekukoaren bila arituko dira parte hartzaileak. Martxoaren 7an izanen da Korrika Kulturalaren azkeneko emanaldia, eta Berriozarko Mendialde eskolan Pisukideak antzezlana taularatuko dute.