Sanferminetako “jazarpenen” aurka herri dinamika berria aurkeztu dute

Iruñea askatasunez, baita sanferminetan ere mugimendua aurkeztu dute, sanferminetako festetako "jazarpenen" kontra. "Eskubide urraketei" eta "murrizketei" aurre egiteko sortu da dinamika. Izan ere, azaldu dutenez, sanferminetako jazarpenen zerrenda luzea da, eta Iruñeko eragile askori eragiten die. Sortu berri den mugimenduak urraketa hauek guztiak salatzea eta gainditzea du helburu. Gainera, "jai giroko manifestazio koloretsua" iragarri dute, uztailaren 5erako.

Besteak beste, hauek dira salatu dituzten "eskubide urraketak": peñei eta festa batzordeei egindako murrizketak, Riau-riauaren erabilera, txupinazoaren militarizazioa, tabernariei ezarritako araudiak, Gora Iruñea!-ri ezarritako debekuak, etorkinen aurkako jazarpena, eraso sexisten aurreko anbiguotasuna eta Villabesaren entzierroko errepresioa.

Sanferminetan urraketa hauek jasan dituztenek aurkeztu dute mugimendua. "Gu eskubide urraketak pairatu ditugun iruindarrak gara, kaltetuak izan diren lagunen lagin txiki bat besterik ez, eta eskubide urraketa hauekin amaitu nahi dugu, Iruñean askatasunez bizi nahi dugulako", azaldu du Mikel Anza mugimenduko kideak. Datozen asteetan eragile sozial, kultural eta politiko desberdinekin bilduko dira, jardun errepresibo guztiekin bukatzeko asmoz.

Hiri "herrikoia, anitza eta alternatiboa" eraiki nahi dute, gizartea oinarri hartuta eta herritarren parte hartzearekin. "UPNren bidegabekeria gero eta ageriago dago, eta hiri eredu berria garatzeko proposamenak eta alternatibak mahai gainean jartzeko garai ezin hobean gaude", azaldu du Anzak. Hartara, dinamikaren lehenengo pausoa uztailaren 5ean eginen da. Izan ere, egun horretarako manifestazioa antolatu dute. "Iruñea hiri bizia, anitza eta parte hartzailea da; azken urteetan, ordea, oztopoak besterik ez ditugu topatu, askatasun demokratikoaren urraketak gero eta ugariagoak baitira".

Horretaz gain, Iruñea askatasunez, baita sanferminetan ere mugimenduak atxikimenduak jaso nahi ditu eta blog bat —iruneaaskatasunez.wordpress.com— jarri du martxan. Ahalik eta atxikimendu gehien lortzea dute helburu eta manifestu bat plazaratu dute. Pertsona ororen askatasun demokratiko guztiak bermatuta izanen duen hiria nahi dute, baita sanferminetan ere.

6.000

Bekarik jasoko duten ez dakiten ikasleen kopurua. Espainiako Hezkuntza Ministerioak oraindik ez du jakinarazi 2012-2013ko ikasturtean nork jasoko dituen ikasketak finantzatzeko bekak. Nafarroan, 6.000 ikasle inguru daude horren zain.

Herria “utzita” dagoela salatu du Aupa Garinoainek

2011n DNE Derecha Navarra y Española Garinoaingo udal gobernura iritsi zenetik herria "utzita" dagoela salatu zuen Aupa Garinoain plataformak, Nafarroako Parlamentuan asteartean egindako agerraldian. Alde horretatik, guztien artean egoerari irtenbidea aurkitzen laguntzeko eskatu dute Aupa Garinoain plataformako ordezkariek.

Carlos Sola Aupa Garinoain plataformako kideak gogorarazi duenez, Derecha Navarra y Española alderdiak aldeko hemezortzi boto lortuta erdietsi zuen udal gobernua. Argi utzi du alderdi politiko horrek ez duela ordezkatzen Garinoaingo herritarren gehiengoa — 305 lagunek zuri bozkatu zuten—. "Guztion artean irtenbidea aurkitu behar diogu honi, Garionainek herritar guztiak ordezkatzen dituen udal gobernua izan dezan", azaldu du Solak.

Duela zenbait hilabete, Derecha Navarra y Españolako zazpi zinegotzietatik lauk dimisioa eman zuten. "Ordutik, udala garun-heriotza egoeran dago", dio Solak. Martxotik, udal gobernua hiru lagunek soilik osatu dute: Javier Etxarri alkateak eta Jaime Fernandez eta Alfonso Gil zinegotziek. Azken biak Alternativa Española alderdiko kideak dira, eta Madrilen bizi dira.

Hala ere, asteartean jakin zenez, datozen egunetan bi zinegotzi berrik osatuko dute Garinoaingo udal gobernua. Bi hautetsi berriak Jose Andres Valencia eta Miguel Laspalas dira. Valencia pasa den udal hauteskundeetan Derecha Navarra y Españolako zerrendaburu izan zen Lizarrako udal bozetan, eta hirugarren Lukingoetan. Laspalas, berriz, hirugarren postuan aurkeztu zen DNEko Lizarrarako alkatetzarako zerrendan, eta bigarren Lukingoetan.

Irtenbiderik, apenas

Dozenaka ekinaldi egin ditu Aupa Garinoain plataformak jakinarazteko DNE alderdi politikoak ez dituela ordezkatzen Garinoaingo herritarrak: elkarretaratzeak, manifestazioak... Hala ere, Nieves Cipres buru den alderdiak behin eta berriz nabarmendu du udal gobernua beren esku izateko "zilegitasun osoa" dutela.

Parlamentuan egoerari aterabide errazik ezin zaiola aurkitu jakinarazi zuten hainbat alderdi politikotako ordezkariek. Maria del Carmen Otxoa PSNko parlamentariak, esaterako, jakinarazi zien plataformako kideei parlamentuak ez duela inolako arma politikorik Garinoaingo egoera indargabetzeko. Hala, heldu den udal hauteskundeetan hautagaitza aurkeztera gonbidatu zituen Aupa Garinoaingo kideak. Bestalde, Victor Rubio Bilduko parlamentaria DNEren aurkako mozioak aurkezteko eta presioa egiteko prest agertu zen. Alde horretatik, Xabi Lasa Aralarreko parlamentariak udalak egiten duena gertutik zaintzea proposatu zuen.

MENDE BATEAN GERTATU DENAREN LEKUKO

Ehun urte bete zituen iragan ostiralean Berako Modesta Huartek. Agerra auzoan sortu zen, 1913ko maiatzaren 17an. Elkarrizketa polita izan zuen Isidora Agirre Berako udaleko zinegotziarekin eta Marisol Taberna alkatearekin. 25 urte zituela, Patricio Iriarterekin ezkondu zen. Seme bakarra izan zuten —argazkian ageri da harekin—, Pakito Iriarte. Huartek berak onartu duenez, beti hobeto bizitzeko desioa izan du, eta, horregatik, taberna bat hartu zuen senarrarekin batera. Horrez gain, fabrika bateko langileei ardoa ere saltzen zien. Aitortu duenez, gaztaroan lanerako bizi izan zen; egun lana bizitzeko egiten dela esan du, umoretsu.

Ansoleaga arkitektoaren izena jaso zuen kaleak 1917an

1917. urtera arte Tecenderias izena zuen gaur egun Ansoleaga den kaleak. Izan ere, urte horretan Iruñeko Udalak karrikari Florencio Ansoleagaren izena jartzea erabaki zuen haren omenez, aurreko urtean hil baitzen. Iruñeko arkitektoak bizitoki izan zuen Alde Zaharreko kalea, eta Nafarroako ondasun historiko eta artistikoaren aldeko lanean nabarmendu zen. Kulturaz jantzitako gizona izan zen Ansoleaga. Izen zaharra, Tecenderias, ehuleek jarri zioten. Izan ere, 1100. urte inguruan jantzi fineko ehuleek Iruñeko San Zerningo elizaren inguruko lursailak aukeratu zituzten bizitzeko. Zabala zen Tecenderias auzoa bere garaian, baina txiroa, hainbat historiagilek azpimarratzen dutenez.

AZALPEN ESKE, KANPOAN ETA BARRUAN

CAN Nafarroako Kutxaren fundazioaren estatutu berriak aurkeztu zituen ostiralean Yolanda Barcina presidenteak Nafarroako Parlamentuan. Besteak beste, parlamentuak CANen fundazioaren gainean kontrol handiago izango duela jakinarazi zuen. Oposizioak ez ...

Iruñeko lekurik garaiena, Ansoleaga karrikan

Ansoleaga eta Campana kaleek bat egiten duten tokia Iruñeko lekurik garaiena da. Xafla biribil bat jarrita dago bertan, bitxikeria ezagutzera emateko. Horrez gain, Kontuen Ganberaren parean dagoen plaza Iruñeko plazarik txikiena da. 1965. urtean sortu zen, lekuan zeuden etxe batzuk eraistean.

Eguraldiaz mintzo

Denak eguraldiaz ari dira, gu ez", zioen hasieran ferrokarril-kanpaina batek, gero ezkerreko ikasleen sindikatu batek, azkenik Hedoi Etxartek. Eguraldiaz mintzatzearen kontrako jarrera lehenagotik dator, dena den. Oscar Wildek Fidel izan beharraz antzezlanean Gwendolen pertsonaia azkar, distirant eta eskarmentudunari atera eta lehen esaldian zera esanarazten dio: "Otoi, ez niri eguraldiaz hitz egin, Mr. Worthing. Jendeak eguraldiaz hitz egiten didan bakoitzean beste zerbait adierazi nahi duela iruditzen zait. Eta horrek oso urduri jartzen nau".

Niri gero eta gehiago gustatzen zait eguraldiaz hitz egitea, zahartzearen albo-ondorioetako bat izango dela susmatzen dut. Auzokideekin atarian edo igogailuan elkartzeari gehienetan ihes egiten diedan arren —oraindik ez naiz hainbeste ere zahartu—, haiekin edo ezezagunekin suertatzen naizenetan, jada ez naiz —hain— deseroso egoten eta lotsagabe ekiten diot atmosferako gertakariei, lehen, orain edota gerokoei, errepasatzeari. Hizkuntzaren funtzio fatikoa delakoaren garrantziaz jabetzea izan daiteke adinak ematen duen irakaspenetarik bakarra. Nik batzuetan esperimentuak egiten ditut hitz aspertu hauen mugekin. Luzera neurtuz, esaterako, halako solasa bat luzatu eta luzatuz bestea deseroso sentiarazi arte. Edo edukiak aztertuz. Esaterako, norbaitek "ba, ematen du freskatzen hasi dela" bota, eta nik baieztatzeko tonuarekin justu kontrakoa esan sistematikoki: "Bai, orain beroago dago", edo ustez zerbait desegokiaz erantzun: "Bai, eta badirudi Palestinari berriz eraso diola Israelek", edo bestearen esaldiarekin errimatzen duena zerbait bota nik "bai, ezin egokiagoa orain franela". Egiaztatu dut ia berdin duela zer diozun.

Agian gurekin ere holako esperimentu bat egiten ari dira komunikabideetako arduradunak. Eguraldiaren espazioa handituz doa, denbora batetik hona. Eguraldia teleberrietatik independizatu zuten —antza, iragarkiak tartean sartu ahal izateko—, baina ezkutuan informatiboetara itzuli da. Diskrezioz hasieran, lotsagabe azkenaldian. Bero sapak ireki dezake informatibo bat, elurte bat iritsi daiteke egunkariko portadara —argazkiak batzuetan zinez dira ederrak—, eskuineko orrialdetako notizia zabal bat eguraldiaren iragarpena izan daiteke "hurrengo asteartetik aurrera 24 gradura jaitsiko da tenperatura".

Lagunartean ere udaberria iristen ez delako kexua maiz erabiltzen dute. Whatssapera maiz bidaltzen dituzte, oraingoz bromazko tonuan, Iruñea eta Mordor lotzen dituzten irudi manipulatuak. "Euskal uda" instalatzen ezin den ordenagailuko programa dela iradokitzen duen txiste irudizkoa zehazki zazpi aldiz bidali didate, baita beren burua euskalduntzat ez daukaten lagun nafarrek ere. Kezkatzen hasita nago.