Nafarroako Parlamentuak Droga Mendekotasunaren Aurkako II. Plana onartu berri du. Besteak beste, erabaki dute droga mendekotasunari buruzko behatokia eratzea, adingabeen artean alkoholaren kontsumoak kontrolatzeko neurriak jartzea eta enpresetan droga...
Iaz Tuterako Gizakia Helburuk artatu zituen pertsonak.
Erriberako 274 lagunek jaso zuten Tuterako Gizakia Helburu fundazioaren laguntza iaz. Erabiltzaileen %56 Tuterakoak ziren, eta gainerakoak, ingurukoak. Hala ere, Aragoi eta Errioxako (Espainia) lagunak izan dituzte.
@sarean
Droga mendekotasunari buruzko webguneak:
• www.proyectohombrenavarra.org. Gizakia Helburu elkartearen Tuterako eta Iruñeko egoitzen webgunea da.
• www.www.antox.asociacionespamplona.es. Droga mendekotasunari aurre egiteko Iruñeko elkartea da.
“Krisiarekin, drogen kalitatean jaitsiera izan da”
Drogen eta alkoholaren inguruko ikerketa publikoa egin berri du Hegoak elkarteak. Diotenez, krisi ekonomikoaren eraginez antzematen da jaitsiera drogen kalitatean. Maite Ziganda Hegoak elkarteko koordinatzailea da (Iruñea, 1978). Tuterako Gizakia Helburu elkartea desagertzear egotea tamalgarria dela jakinarazi du. Izan ere, substantziekiko menpekotasunen bat dutenek bizitokitik gertu artapena jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatu du.
Drogetan gero eta substantzia faltsutu gehiago daudela salatu duzue. Zer dela-eta gertatzen da hori?
Krisi ekonomikoaren eraginez, diru falta dago, eta substantzien fenomenoan ere antzematen da kalitate jaitsiera. Substantzien printzipio aktiboek beren ezaugarriak dituzte. Esaterako, speedaren kasuan, printzipio aktiboa anfetamina da. Baina, sarritan, printzipioarekin zerikusirik ez duten substantzia faltsutuak aurkitzen dira, azukrea eta kafeina esaterako. Agerikoa da produktu faltsutzaile horiek askoz ere merkeagoak direla.
Alkoholaren inguruko azterketak ere egin dituzue.
Duela bi urte hasi ginen alkoholaren analisiak egiten jai guneetan, baita gure egoitzan ere. Bestelako drogekin gertatzen den bezala, saltzen den alkoholaren kalitateak ere behera egin du. Jai guneetan, sarritan ardura eskatzea kosta egiten zaigu, baina eskatu beharko litzatekeela iruditzen zaigu.
Lehen esan duzunez, krisi ekonomikoaren eraginez drogen kalitatea murriztu egin da. Horrek kontsumoan eraginik izan du?
Oraingoz, ez daukagu datu ofizialik. Hala ere, elkarte gisa jai gune askotan izaten gara, eta gazte askorekin hitz egiteko aukera izaten dugu. Iaz, esaterako, 35.000 gazterekin egoteko aukera izan genuen. Ohartu gara drogen kontsumoa oso fenomeno aldakorra dela, kontsumoak aldatuz doazelako. Lehen, esaterako, heroina zen gehien kontsumitzen zen droga. Orain, ordea, substantziaren bat hartzen dutenen %5ek soilik kontsumitzen dute heroina. Hala ere, krisi ekonomikoaren eraginez, areagotzen ari dira langabezia, etxe kaleratzeak, arazoak... Horrek drogekin erlazio gatazkatsuak izatea eragiten du.
Duela gutxi, Nafarroako Parlamentuak Drogen Mendekotasunaren II. Plana onartu zuen. Zer balorazio egiten duzue?
Bigarren plana beharrezkoa zela iruditzen zaigu. Lehen esan dudan bezala, drogen errealitatea izugarri aldatu da azken urteetan. Hasiera batean, plana egiten hasi zirenean, elkarte guztien ekarpenak kontuan hartzen hasi ziren. Baina, behin plana erredaktatuta, alboratu egin dira elkarteak. Esan liteke hasierako parte hartzea bertan behera gelditu dela. Iruditzen zaigu planak kontuan hartzen dituela pertsona ezberdinak eta substantziekin izan daitezkeen erlazio motak.
Jakin denez, Tuterako Gizakia Helburu proiektua kolokan dago. Zer eragin izan dezake horrek?
Benetan oso albiste tristea da. Ez dira konturatzen Nafarroa herri txikiz osatua dagoela eta herri txikietan bizi direnek hiri handietako biztanleen eskubide berberak dituztela. Azkenean, Tuterako Gizakia Helburu ixten badute, mendekotasunen bat duten lagunek Iruñera etorri beharko dute artapena jasotzera. Itxierak atzeraldia eragingo luke orain arteko lanean. Administrazioak saiatu behar du arazo horri irtenbideren bat aurkitzen. Elkarteko kideak ahalegin handia egiten ari dira proiektuak aurrera jarrai dezan.
Zein erlazio duzue droga mendekotasunaren alorrean lanean aritzen diren gainontzeko elkarteekin?
Alor horretan lanean aritzen garen elkarteetako ordezkariak bi hilabetean behin elkartzen gara. Bilera horietan aztertzen dugu gure lana zertan den, nola mantendu gure baliabideak... Elkarte bakoitzak bere erara egiten du lana. Baina, gure idurikoz, guztiak gara garrantzitsuak. Izan ere, droga mendekotasunaren alorrean mota ezberdinetako elkarteek egon behar dute. Kontuan hartu behar da mendekotasunen bat duen pertsona batek artapena behar duenez zerbitzu batzuk baliagarri egingo zaizkiola eta beste batzuk ez.
Nolakoa da Hegoak elkartearen egoera ekonomikoa?
Administraziokoek askotan esan izan dute gure baliabideen gainetik bizi izan garela, baina hori gezurra da. Hegoak taldean urtero- urtero egoera ekonomiko estuan egon gara. Beti zalantza izaten da urtea amaituko dugun edo ez. Nik uste ezinbestekoa dela administrazioak guk egiten dugun lana serio hartzea.
EREMU URDINAREN AURKA, TINKO
Heldu den apirilaren 2an jarriko dute TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduaren sistema Iruñeko Donibane, Ermitagaña, Azpilagaña, Etxabakoitz eta Mendebaldea auzoetan. Toki horietako merkatari, tabernari, eragile zein bizilagunek gaitzetsi egin dute. Gaur, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute Udaletxeko plazanEremu urdina stop lelopean. Horrez gain, 18:30ean, Barañainen manifestazioa egingo dute proiektua gelditzeko eskatzeko.
“Gazteen artean gaztelaniaz egiteko joera indartzen ari da, eta horrek kezkatzen gaitu”
Joan den larunbatetik Lesaka Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide berria da, Munitibar, Lekeitio, Tolosa eta Zarautz bezalaxe. Pozik agertu da Peio Etxabide (Lesaka, 1988). Euskaldunen hizkuntza eskubideetan aurrerapausoak emango direla ziur...
(Bar)zinismoa
Zinismo kontzeptua cynismus latinetik heldu da, nahiz jatorria grekoa duen. Zinismo: 1. adiera. Zinismoa Grezian sortu zen. Sokratesen ikasleek sorturiko eskola zinikoa zabaltzen zuen K.a. IV. mendean. Doktrina horrek gaitzetsi egiten zuen garai harta...
Maxurrenea herriarentzat izan dadila eskatzen jarraitzen dute leitzarrek
Leitzako Maxurrenea etxea herriari itzul diezaiotela eskatu du Maxurrenea Herrintzat elkarteak. Orain dela hamar urte, eraikina Guardia Zibilaren kuartel bihurtu zen, eta, gaur egun, herritarrek "aukera" ikusten dute eraikina berreskuratzeko. Udalak k...
Ataka estuan, baina baikor
E rakunde publiko eta pribatuen diru laguntza zeharo gutxitu zaie aurten, baina Tuterako Gizakia Helburu fundazioak aurrera jarraitu nahi du. Horregatik, diru baliabide berrien bila hasi dira. "Berrasmatzeko" garaia heldu da. Erriberan drogekiko mendekotasuna duten pertsonak artatzeko egitasmoa da Tuterako Gizakia Helburu.
Joan den hilabetean batzar ireki bat egin zuen fundazioak, eta bertan eman zuten haien egoera zailaren berri. 110.000 euroko aurrekontua zuen fundazioak joan den urtera arte, eta Tuterako Gizakia Helburu sortu zenetik, 2005etik, diru sarreretan hiru bide nagusi izan dituzte: Erriberako udalen, finantza erakundeen eta erabiltzaile zein anonimoen ekarpenak. Krisiak, hala ere, diru iturri hauek guztiak murriztea eragin du, eta ataka estuan dago fundazioa —20.000 euroko defizita du—. Dena den, baikor agertu dira langileak, baita Alfonso Arana Nafarroako Gizakia Helburu fundazioko zuzendaria ere: "Etenaldia baino ez izatea espero dugu".
Alberto Cornago, Ubalda Alvarez-Caborno eta Carmen Abian dira bertako langileak. Psikologoak dira hirurak, eta otsailaren 20an lana erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen fundazioak. Sei hilabete iraunen du lan erregulazioak, abuztuaren 19ra arte, eta denbora tarte horretan aurrera atera nahi dute fundazioa. "Gure esku dagoen guztia egin nahi dugu hau ez ixteko", azaldu dute hiru langileek. %30 murriztu dute lanaldia, eta astelehenetik ostiralera eguneko 5 ordu eta 20 minutu lan egiten dute.
Egoera larria izan arren, zerbitzu guztiak mantendu dituzte, eta erabiltzaileek aldaketa ahalik eta gutxien nabaritzea nahi dute. "Haiei, haien familiei eta guri eragiten digu zuzenean", esan du Cornagok. Orain, finantzabide berriak bilatzen ari dira, eta fundazioa sostengatuko duen "masa soziala" eratu nahi dute. Horretarako, kanpaina batzuk martxan jarriko dituzte: dirua biltzeko jaialdiak egin, sinadurak bildu eta "beharrezkoa" den guztia. "Sormenari ateak ireki dizkiogu", gaineratu du Alvarez-Cornagok. Argi dute hirurek behin fundazioa itxita askoz zailagoa izanen dela berriro irekitzea.
Gizakia Helburuko zuzendariak aitortu duenez, orain arte fundazioak ez du oihartzun handirik izan hedabideetan, baina horren beharra dute orain: "Gure proiektua ezagutaraztea nahi dugu, jendearengana iristea. Sei hilabeteko epean finantzaketa lortu ezean, erabaki serioa hartu beharko dugu".
Arriskua, beraz, badago, eta horri aurre egin beharko diote. Badakite haien egoera ez dela bakarra, hamaika elkarte eta fundazio egoera berean daudela, baina badakite fundazioa desagertzen bada Erriberako pertsona asko zerbitzurik gabe geratuko direla. Iaz, 274 pertsona artatu zituzten, adibidez. "Horretaz gain, erabiltzaileen familiekin egiten dugun lana oso garrantzitsua da", esan du Aranak. Beraz, zentroa itxiz gero, ondorio garbia ekarriko luke: "Hutsunea". Erriberako klima sozialak "okerrera" eginen luke, ez dagoelako droga mendekotasuna lantzen duen beste elkarterik, eta bezeroek Iruñeko zentrora joan beharko lukete, edo Tuterako ospitaleko buruko osasuneko sailera. "Askorentzat ezinezkoa da egunero Iruñera joan-etorria egitea, eta Tuterako erietxeko buruko osasuneko sailak lan karga handia du", azaldu du Abianek. Horretaz gain, ikastetxeetan egiten dituzten sentsibilizazio kanpainak bertan behera geldituko lirateke.
Gizakia Helburuko erabiltzaileak egoeraren jakitun dira, eta kezka azaldu dute. "Askorentzat fundazioa ezinbestekoa da; aurrera atera dira Gizakia Helbururi esker, eta orain kezkati daude", esan du Abianek. Horregatik, nola edo hala, laguntzen dute. "Sinadurak ekartzen dizkigute, informazioa zabaltzen dute... Erabiltzaileen eta haien familien babes osoa jaso dugu".
Iruñean du Gizakia Helburuk beste egoitza, baina Tuterakoa baino egoera ekonomiko hobean dago. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza —aurrekontuaren %60— jasotzen du Iruñeko Gizakia Helburuk; ez ordea, Tuterako zentroak. "Tuterakoak bakarrik 2.000 euro jasotzen ditu gazte programa aurrera atera ahal izateko. Egoera guztiz desberdina litzateke gobernuaren diru laguntza jasoko bagenu", azaldu du Aranak.
1984. urtean eman zituzten lehenengo pausoak droga mendekotasunari aurre egiteko Tuteran. Egoeraz larrituta, guraso talde batek elkarte bat sortu zuen. Drogekin arazoak zituzten pertsonei laguntzen zieten, baina ez zieten tratamendurik eskaintzen. 1991. urtean sortu zen Iruñeko Gizakia Helburu, eta Tuterako elkartearekin harreman zuzena izan zuen. 2005. urtean erabaki zuten Tuteran Gizakia Helburu fundazio propioa sortzea.
Hasitako bidea oraindik ez da amaitu, eta gogotik lan eginez gero jendeak behar bezala erantzunen lukeela uste dute. "Hemendik irtengo gara, eta, seguruenik, indartuta", esan du Abianek.