‘Zertarako hegoak’ antzezlana sortu du Metrokoadrokak urteurrenerako

Hamargarren urteurrenaren harira, atzetik daukan komunitatearekin eskuz esku aritzeaz gain, euskal kultur produkzioari ere egin nahi dio ekarpena BERRIAk. Hala, ospakizunetarako antolatutako 30 emanaldietako hamabitan, Zertarako hegoak antzezlana ikusteko aukera izanen da. Nafarroan maiatzaren 18an estreinatuko dute Berako Kultur Etxean, eta maiatzaren 25an Atarrabian ikusteko aukera egonen da.

“BERRIAren eskariz Metrokoadroka Sormen Laborategiak sortutako obra da”, Ainara Lasa BERRIA Taldeko marketin arduradunak adierazi duenez. Antzezlana ahalik eta aldi gehienetan eskaintzea da asmoa: “Propio horretarako sortutakoa delako, eta ahalik eta emanaldi gehien eskaintzea garrantzitsua iruditzen zitzaigulako”. Antzezlan horrek, baina, ez du propio BERRIAz hitz egiten.

Iazko uda aurretik BERRIAren proposamena jaso bezain laster hasi ziren “gogoz” lanean kolektiboko kideak, Oier Guillan zuzendariak jakinarazi duenez. Izan ere, gertukoa dute BERRIA proiektua: “Euskaraz lan egiten dugun heinean, ez dago espazio asko gure lanen berri emateko. BERRIAren gisako hedabide bat gakoa da guretzat, gure lana plazaratzeko”.

Horrez gain, taldearen planteamendua bat zetorren euren lan egiteko moduarekin. BERRIAk ideia eman zien, baina sorkuntza propiorako tartea utzita. “Gu kolektibo bat gara, eta BERRIAren atzetik dagoena ere kolektibo edo komunitate bat da. Beraz, transmititu nahi den mezuari begira, esan dezakegu gutasun hori, kolektiboaren zentzu hori, presente dagoela proiektu honen alderdi guztietan”, dio Guillanek.

Hauxe da ildo nagusia: “Pertsonaietako batek superbotere bat duela deskubritu du: hegoak ditu. Baina hego horiek ez dute hegan egiteko balio. Denok dugu boterea zerbait egiteko, baina badirudi ez duela ezertarako balio”.