Errekorra apurtu du aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Izan ere, denera, lehenengo fasean 31 bertsolari lehiatu dira, 2011ko txapelketan baino lau gehiago. Finalaurrekoetan hemezortzi ariko dira.
ZARAGOZAKO ETORBIDEA, IREKITA
Bi hilabeteko atzerapenarekin ireki dute berriz ere Iruñeko Zaragozako etorbidea. Uztailaren 24tik itxita egon da, Arrosadi eta Lezkairu artean eraiki duten urbanizazioa bukatu bitartean. Etxebizitzak egin dituzte inguruan, baita laku artifizial bat ere. Abendurako espero zuen Iruñeko Udalak Zaragozako etorbidea zirkulazioarentzat irekitzea, baina joan den asteazkenean ireki zuten. Oraindik, unibertsitateko errepidea itxita dago.
“Gainpresioa da etxean kantatzea”
Nafarroako Bertsozale Elkarteak lan "ona" egin duela goraipatu du Xabier Maiak (Elizondo, 1981). Duela lau urte inguru hasi zen Baztango bertso eskolan. Iaz, Bardoak txapelketan parte hartu zuen, eta, aurten, Nafarroako Bertsolari Txapelketan da lehen...
Orain bi minutu
Gaurkoan egunkari guztiek irudi historiko (horietako) bat dakarte: Benedikto XVI.a, Vatikano atzera utziz, helikoptero batera igota edo sede vacanteak irauten duen bitartean bizitokia izango duen Castelgandolfo jauregira iritsi berria. Baina gehienek ...
@sarean
Bertsolaritzarekin lotutako webgune batzuk:
• www.nafarroakotxapelketa.com. Txapelketaren informazioa dago.
• www.bertsozale.com. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen webgunea.
• www.bertsoa.com. Txapelketako bideoak ikus daitezke, besteak beste.
“Harrera familiei eskatzen zaien bakarra haurra zaintzeko nahia izatea da”
Nafarroako harrera familien eta adopzioen saileko zuzendaria da Maite Miguez (Altsasu, 1954). Babesik gabe dauden haurrentzat aldi baterako etxeak bilatzeaz arduratzen da. Harrera familiek ez dituzte familia biologikoak ordezkatu nahi, osagarri izan nahi dute. Gurasoek "zailtasunak" gainditzen dituztenean, umeak haiekin itzultzea da helburua.
Askotan nahasten dira adopzio eta harrera familia kontzeptuak. Zein da desberdintasuna?
Biak haurrak babesteko neurriak dira. Baina desberdintasun nagusiena da harrera familiak aldi baterako direla, eta adopzioak ez. Hau da, adopzioetan jatorrizko familiarekin lotura guztiak mozten dira. Harrera familia behin behineko neurria da; adopzioa, berriz, iraunkorra.
Nolakoa da haur bat hartzeko prozesua?
Bi harrera familia desberdindu behar ditugu: umearekin nolabaiteko lotura dutenak (izeba-osabak, aitona-amonak...) eta loturarik ez dutenak. Haurrak bere jatorrizko familiarengandik banatu beharra duenean, zentro batera eramaten dugu bi edo hiru hilabeterako. Bitartean egoera aztertzen dugu, eta erabakitzen dugu zer babes neurri hartu. Orduan hasten dugu harrera familiaren bilaketa. Haurrarentzako familia egokiena izan dadin saiatzen gara, eta umearen erritmoak markatzen du harrera. Egokitze prozesua deitzen diogu horri. Harrera familia egunero elkartzen da umearekin zentroan.
Zein da zuen lana?
Harrera familiei laguntzen diegu. Sostengua eta orientazioa ematen diegu, askotan ez delako erraza. Gainera, umearen harrera egin aurretik ikastaroa egiten dugu harrera familiarekin. Izan ere, ume bat harreran hartzea ez da bakarrik haztea, balio erantsiak ditu. Bi familia ditu umeak —haurrarentzat zaila izaten da onartzea— , eta harrera familiak umeari azaldu behar dio hori. Umeak onartu behar du bere jatorrizko familiak ezin duela zaindu eta horregatik beste familia batekin dagoela.
Hobe da umeak harrera familiekin egotea zentroetan baino?
Bai, hori da gure helburua, baina ez dugu beti lortzen. Askotan arazoak ditugu, adin jakin batetik aurrera zaila delako harrera familiak aurkitzea. Adibidez, ez da erraza 8 edo 9 urteko ume bati familia aurkitzea. Anaien edo ahizpen kasuetan berdin gertatzen zaigu. Saiatzen gara elkarrekin joatea familia batera, baina ez da beti posible, harrera familiek askotan ezin dituztelako bi ume hartu bere gain, edozein arrazoi dela medio.
Zenbat ume daude orain Nafarroan ahalik eta lasterren harrera familia behar dutenak?
Egia esan, orain bakarrik bi anaia ditugu harrera familia baten zain. Dena den, bihar izan dezakegu harrera familia gehiagoren premia; izan ere, inoiz ez dakigu noiz beharko duen haur batek etxe bat. Edozein momentutan izan daiteke. Horregatik, egokiena da familiak prest izatea beti haur bat zaintzeko.
Zer baldintza eskatzen zaizkie harrera familiei?
Familiei eskatzen zaien bakarra haurra zaintzeko nahia da. Horretaz gain, familiako kide guztiek ados egon behar dute umearen harrerarekin. Familiek egonkortasun emozional eta ekonomikoa izan behar dute, eta oso argi izan hartutako umea ez dela haien seme-alaba baina seme-alaba balitz bezala zaindu beharko dutela. Beste guraso batzuk dituen seme- alaba da, eta harrera familiak onartu behar du edozein momentutan bere jatorrizko familiarekin itzuliko dela haurra. Harrera familiarekin dagoen bitartean haurrak ez du harremana galtzen bere jatorrizko familiarekin.
Joan den urtean, adibidez, zenbat umek lortu zuten harrera familia?
2012ko abenduaren 31ra arte, 244 haur hartu zituzten harrera familiek. Denera, 210 familiatan daude. Horietatik, 129 familiak umeekin nolabaiteko lotura dute, eta 81 familia loturarik gabekoak dira.
“Gustura gelditu nahi dut”
Egun Donostian bizi da Iñigo Olaetxea (Lesaka, 1975). Bortzirietako bertso eskolan hasi zen bertsotan. 1993an aurkeztu zen lehenengoz Nafarroako Bertsolari Txapelketara. Lau urtez ez zen aurkeztu. Iaz, Estitxu eta Eneko Fernandezekin batera, Bardoak txapelketa irabazi zuen. Ahal duen dena ematea da bere asmoa, egin ez duenaren penarekin ez egoteko datozen bi urteetan.
Txapelketako beteranoetakoa zara. Bertsolaritza osasuntsu dagoen seinale?
Nik uste azken urteetan bertso maila igo egin dela. Niretzat bitxia da zaharrenetarikoa ni naizela pentsatzea. Ni oraindik hagitz gazte sentitzen naiz. Gu hasi ginen garaian, normalean jendea gu egun baino helduagoa zen. Baina errango nuke Nafarroako bertsolaritzaren egoera hagitz ona dela.
Iragan urtean, Bardoak txapelketako garaile izan zinen.
Esperientzia polita izan zen. Urtero txapelketa egiteak sor dezake nolabaiteko desgastea. Bardoak taldekako txapelketaren esperientzia hagitz polita izan zen. Eneko eta Estitxu Fernandezekin parte hartu nuen.
Biharko finalaurrekoan izango zara. Zein da zure helburua?
Egindako lanarekin gustura gelditu nahi dut. Aho zapore onarekin gelditu nahi dut. Pasako naizen edo ez naizen pasako bertze kontu bat izanen da. Ukaezina da aspirazioa ahalik eta aurreen gelditzea dela. Nik uste Julio Soto, esaterako, beste maila batean dagoela. Hala ere, borroka estua izanen dela uste dut.
Txapela irabazteko faboritoa zein da, zure ustez?
Soto maila bat gorago dagoela erran dut lehen. Xabier Silveira eta Eneko Lazkoz ere kontuan hartzekoak dira. Lazkoz bera azkenaldian buru-belarri dabil gainera bertso munduan.
NON BIZI EZ DAGOENEKOA KONTATUZ
Muturreko egoera islatzen du Pisukideak antzezlanak. Markos idazlea eta Matilde aktorea etxe berean bizi dira. Markosen amaren etxean bizi dira biak, beste zerbait aurkitu bitartean. Bi lagunek badakite bizitoki horretan ezingo direla betiko gelditu. ...