• Nafarroan erregularizatu diren milioi euroak. Zerga paradisuetan dirua zutenei beren zergen egoera arautzeko aukera eman zien Nafarroako Gobernuak iaz. Orain, 400 milioi euro azaleratu dira, eta 27,3 milioi euro Ogasunaren kutxetan daude. Gobernuak azaldu du ez dela amnistia bat, interesak ordaindu dituztelako.
Urtean ia bi metro mugitzen da Esako eskuin hegala
Esako urtegiko eskuin hegala berriz ere mugitzen ari dela jakinarazi zuen joan den astean CHE Ebroko Ur Konfederazioak ohar baten bitartez. Azaldu du azkenaldiko eurite eta elurteengatik izan dela lur mugimendu hori. Gainera, aitortu du hegal horretan "betidanik" izan direla lur mugimenduak eta proiektua onartu zutenerako hori gerta zitekeela bazekitela. Astean bi zentimetro mugitzen da. Batez beste, urtean bi metro higatuko da eremu hori adituen arabera.
Esako urtegiaren inguruan bizi direnen bizitza arriskuan jartzen delakoan, handitzeko lanak bertan behera uzteko eskatu du Esa + Ez herri plataformako kide Iker Aramendiak. Iritzi berekoak dira Rio Aragon Artiedako (Aragoi, Espainia) elkartekoak ere. "Esa handitzeko lanak faraonikoak dira, eta diru xahuketa izugarria", aditzera eman du Aramendiak. Hain zuzen ere, Ebroko Ur Konfederazioak onartu duenez, gutxienez 10 milioi euro baliatuko ditu eskuineko hegala egonkortzeko lanetan.
Konfederazioak "lur mugimenduen" berri joan den astean eman zuen arren, Nafarroako Gobernuak informazio hori abendurako bazuela jakinarazi du Aramendiak. "Abenduan jaso genuen konfederazioaren jakinarazpena, eta ordutik jarraipen mekanismoak martxan daude". Haserre dago gobernuak auzi horretan duen jarrerarekin. "Gobernura joz gero, beti diote hori ez dela beren auzia, Espainiako Gobernuarena baizik", adierazi du. Esako urtegiko presa Nafarroako lurretan dagoela eta arazo klaseren bat izanez gero lehenengo kaltetuak inguruko herrietako biztanleak izango liratekeela ohartarazi du, Zangozakoak eta Esakoak, besteak beste.
Ebroko Ur Konfederazioak dioenaren arabera, eskuineko hegaleko lur mugimendua "motela" da. Baina lehenengo kalteak eragin ditu Esako Lasaitasuna eta Esako Begiratokia urbanizazioan. Denera, ehun etxebizitza inguru daude. Gehienak bigarren etxe gisa erabiltzen diren arren, bederatzi lagunek beste toki batera joan behar izan dute bizitzera. Gutxienez, hamar hilabetez ezin izango dira itzuli.
Aramendiak iragarpen ezkorra egin du: oso zaila izango da pertsona horiek etxera itzuli ahal izatea. "Hamar hilabete dio administrazioak, baina ziur gaude arraildurak gero eta handiagoak izango direla eta horrek bizilagunen itzulera zailduko duela".
Handitze lanekin bueltaka
Ebroko Ur Konfederazioak berak onartu du eskuin hegala ez dela egonkorra. 2001ean hasi ziren urtegia handitzeko lanak. Jaume Matas orduko Ingurumen ministroak jarri zuen lehenengo harria. Hegalen ezegonkortasuna "aurreikusi" arren, ez dute asmatu proiektuaren aurrekontuak zehazten. Hasiera batean, Espainiako Gobernuak iritzi zion Esa handitzeko 77 milioi euro nahikoa izango zirela. Baina, proiektu bera behin baino gehiagotan berregin behar izan dutenez, aurrekontuaren zenbatekoa ere aldatu behar izan dute. Hala, egitasmoaren bigarren zuzenketan aurrekontua 113 milioi eurokoa zen; hirugarren zuzenketan, berriz, 242 milioi eurokoa. Orain, berriz, zenbatekoa handitu egin dute, besteak beste, lur mugimenduengatik. 2013ko Espainiako Aurrekontu Orokorretan jasotzen denez, Esa handitzeko lanetarako 376,8 milioi euro erabiliko dituzte.
Baina Esako luiziak ez dira gauza berria. Izan ere, 1930eko hamarkadan —1936an hasi ziren eraikitzen— gertatu ziren lehen luizi eta arazo geologikoak. Adibidez, ezkerreko hegalean 2003an arraildurak agertu ziren. 2006ko uztailean, hegal horretan bertan, 3,5 milioi metro kubo lur irristatu ziren, azpiegitura eraikitzean sortutako hondakinak bertan pilatu ostean.
Eskuin hegalaren kasua ere antzekoa da. Lur irristaketak izan ziren 1930ean, 1960an eta 1964an, urtegia bete zutenean. 2004an, urtegia handitzeko lanetan ari zirela, 1930ean eta 1964an izandako lur mugimenduak aktibatu ziren. Horren eraginez, ur filtrazio handiak izan ziren, nahiz eta 2007 arte Ebroko Ur Konfederazioak ez zituen onartu.
Gertatuak gertatuta, urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko nahikoa arrazoi badagoela irizten dio Aramendiak, batez ere herritarren segurtasuna kolokan dagoelako. Hala, bihar, 13:00etan, protesta keinu bat egingo dute: Zangozako udaletxeko plazan elkarretaratzea egingo dute eta Esako lanak eten ditzatela eskatuko dute bertan.
“Ez nintzen ezer egiteko gai; autonomoa izatea eguneroko erronka da orain niretzat”
Urte luzez Iruñeko Iturrama institutuko irakasle izan da Xabier Duran (Iruñea, 1961). Gaixotasun baten eraginez itsutu zen, bat-batean. Lasai hitz egiten du lehen zenaz eta orain denaz. Zeharo aldatu zaio bizitza. Berriz bizitzen ikasi behar izan duela onartu du. "Itsutu nintzenean ez nintzen ezer egiteko gai; autonomoa izatea eguneroko erronka da orain niretzat". 2005ean tumore bat atzeman zioten hipofisian. Bi ebakuntza egin zizkioten. Lehena ondo atera zen. Baina tumorea ezin izan zioten erabat kendu. Ondorioz, 2007ko uztailean bigarren ebakuntza egin zioten, eta ikusmena erabat galdu zuen. "Ez dakit zer gertatu zen, medikuak ez zidan oso argi azaldu". Hasiera oso gogorra izan zela aitortu du. "Erabat itsutu nintzela jakin nuenean ez nuen oso-oso gaizki hartu. Familiak izugarri lagundu zidan". Poliki-poliki suspertzen hasi zen. Udazkenerako ONCEko kide egitea erabaki zuen.
Itsutu ostean, ezin izan zuen irakasle lanbidearekin jarraitu. Erretiroa hartuta dago. "Lekuz kanpo gelditu nintzen. Berriro hasi beharra nuen bizitzen. ONCE oso ezaguna da, eta medikuak ere esan zidan hemen lagunduko zidatela". Berarentzat aukera ona izan zela onartu du.
Dioenez, ebakuntzaren ostean bi aukera gelditu zitzaizkion: egoerari aurre egin edo ohean gelditu. Aitortu du ohean gelditzeko tentazioa izan zuela. "Ohean dena menperatzen nuen, ez nuen begirik ireki behar. Lokartuz gero amesteko aukera nuen". Egoeraz jabetu zenean, jarrera aldatzea erabaki zuen.
Poliki-poliki etxean mugitzen ikasi zuen, eta egun autonomoa da. Etxeko zeregin batzuetaz ere arduratzen da, sukaldeko zorua lanbasarekin garbitzeaz, esaterako. Oso ondo egiten duela dio irri egiten duen bitartean.
Baina etxeko gela batetik bestera joaten iaioa izan arren, kalean gauzak bestelakoak dira. Ikusten ez diren oztopoak izaten ditu itsuak. Nola jakin autobuseko zein geltokitan gelditu? Nola jakin zein kaletan dagoen gustuko taberna? Galdera horiei erantzuten ikasi behar izan du Duranek, makilaren bitartez.
Makila baliatzearekin batera, ONCEn lehenik braille metodoa ikasten hasi zen. Hasieran zaila egiten zitzaion, baina ikastea lortu zuen. Hala ere, motela dela dio: "Orrialde bat irakurtzeko ordu erdi behar izaten dut". Horregatik, metodoa ikasteari utzi dio.
Baina orain, bere irakurtzeko zaletasuna nola gogobete badu. Audio liburuak erabiltzen ditu. ONCEk liburutegi zabala du. "Liburuak entzuten hasi nintzen, eleberriak, ikasteko liburuak... Niretzat aurkikuntza polita eta erakargarria izan da".
Mekanografia ikasten ere aritu da. Ordenagailua menperatzea zen bere asmoa. Ikusten zuenean, lanerako tresna zen Duranentzat ordenagailua. Mekanografia ikasi du, baina ordenagailuarekin bakarrik hasi zenean "eromena" zela dio. Ikasturte honetan alboratu du ordenagailua erabiltzeko ikastaroa, apur bat "etsita". Baina datozen hilabeteetan berriz ere zeregin horri helduko diola esan du.
Bestalde, itsuak diren gizon-emakumeen kezkak azaleratzeko talde bat sortu zuten Duranek eta beste zenbait lagunek duela hainbat urte. Bidean izena du taldeak. Lagun talde bat ere badirela dio. "Asteartero biltzen gara, besteak beste, elkarri laguntzeko". Astearte honetan ere bildu dira. Dozena bat lagun, eta umorez aritu ziren taldeak bereizgarri duen abestia abesten. "Oso garrantzitsua da gure egoeran umorea izatea; gainera, barruan ditugun beldurrak eta beharrak ateratzeko erabiltzen dugu taldea".
Ia sei urteren ostean, Duran autonomoa da. Makilarekin ibiltzen ikasi zuen arren, orain Faida txakur gidariarekin joaten da toki guztietara. "Makila niretzat mugatua zen". 2008an, familiak txakur bat eskatzera animatu zuen. Berez, eskaria egin eta txakurra eman arte bost urte inguru pasatzen dira. Hala ere, 2011ko irailaren 26rako Faida etxean zuen. Hasiera gogorra izan zela onartu du. Orain, ordea, bikote ona osatzen dute.
Etorkizunari aurrez aurre begiratzen dio. Egun, esate baterako, UNEDen Historia ikasketak egiten ari da. Une gogorrak igaro dituen arren, ikasten jarraitzeko gogoz dagoela dio, edozein oztopori aurre egiteko prest.
Martxoaren 15etik 19ra bitarte ibiliko da Korrika Nafarroan
Korrika heldu da Nafarroara. Iragan ostiralean aurkezpen ekitaldia egin zuen AEK-k Nafarroako Antzerki Eskolan, eta Nafarroako ibilbidea jakinarazi zuten. Lau egunez ibiliko da Korrika lurraldean; Sakanatik sartuko da, martxoaren 15ean, eta Erriberan utziko ditu Nafarroako lurrak, martxoaren 19an.
Martxoaren 15ean goizaldean iritsiko da Korrika Altsasura, 03:11n. Sakana zeharkatu, eta eguerdi aldera iritsiko da Iruñera. Ordu bietan iritsiko da Txantreara, eta arratsaldeko seiak arte egonen da; Sanduzelai izanen da zeharkatuko duen azken auzoa. Etxauriko bidea hartuko du ondoren, eta Villatuertan bukatuko du lehenengo eguna. Bigarren egunean Agoitz eta Orreaga inguruan ibiliko da Korrika, eta hurrengo egunean, martxoaren 17an, Beran hasiko du ibilbidea. Burgin bukatuko du. Martxoaren 18an, Tafallako bidea hartuko du, eta Erribera bisitatuko du. Azken eguna izanen da martxoaren 19a; Azagran hasi, eta goizeko zazpietan Muestik igaroko da. Nafarroatik igaroko den azken herria da izango Mues.
Korrika iritsi baino lehenago, hala ere, Korrika Kulturalak hamaika emanaldi eginen ditu. Otsailaren 11tik 15era bitarte musika eta argazki erakusketa egonen da Iruñeko Hegan&Dream espazio sortzailean. Lekunberriko Kantinan Gazta zati bat dokumentalaren emanaldia eginen dute otsailaren 17an, arratsaldeko seietan. Tuterara iritsiko da hilaren 21ean Korrika Kulturala, eta Balitzen Hioa ikuskizuna eskainiko dute Castell Ruiz kultur gunean, arratsaldeko zortzietan. Egun eta ordu berean, Burlatako kultur etxean Morritson eta Gartzia antzezlana egonen da ikusgai. Iruñean, Nafarroako ginkana antolatu du Korrika Kulturalak martxoaren 2rako. Lekukoaren bila arituko dira parte hartzaileak. Martxoaren 7an izanen da Korrika Kulturalaren azkeneko emanaldia, eta Berriozarko Mendialde eskolan Pisukideak antzezlana taularatuko dute.
“Ideia bat baduzu, etorri New Yorkera; ederki hartuko zaituzte”
Bihar arte egonen da Maite H. Mateoren (Iruñea, 1978) erakusketa ikusgai Iruñeko Konestable jauregian. Maputxeen argazkiak paratu ditu Mateok. Hilabete bat egon zen haiekin Argentinako Neuquen eskualdean, maputxeen errealitatea eta egiten ari diren borroka islatzen. Erakusketaren aurkezpenean egon zen Mateo Iruñean, baina dagoeneko itzuli da New Yorkera (AEB) , duela sei urte han bizi baita.
Txikitatik atsegin du Mateok argazkigintza. "Bi anaia zaharragoak ditut, eta konturatu nintzen haiek nik baino askoz argazki gehiago zituztela". Aitari kamera kendu, eta argazkiak ateratzen hasi zen. "Geroago, lehengusuak nire lehenengo kamera oparitu zidan". Ordutik, ez du atseden hartu. Arte Ederrak ikastera joan zen Bilbora, baina pintura landu zuen. "Inoiz ez nuen pentsatu argazkilaritza nire ogibidea izanen zenik, baina egun batean konturatu nintzen margotzea baino argazkiak ateratzea nahiago nuela". Orduan erabaki zuen New Yorkera joatea. Kazetaritza argazkigintzan graduatu zen New Yorkeko Nazioarteko Argazkigintza Zentroan, eta, egun, han eta hemen freelance gisa aritzen da. "Ez da lanbide erraza, baina gustuko dut; egun osoz hiriko historiak bilatzen aritzen naiz". Gizarte gaiak izaten dira haren lanaren ardatz. Gero, egunkariei bidaltzen dizkie, eta erantzunaren zain gelditzen da. "Askotan ez dizute ezta erantzuten ere".
New Yorken Sandy urakanak utzitako hondamendia egunez egun jarraitu zuen, eta Wall Street Journal-en publikatu zizkioten bere argazkiak. Argazkiekin batera testua bidali zuen, baina kazetari batek Mateoren testua bere egin, moldatu eta bere izenean sinatu zuen. "Horrelakoa da hemen kazetaritza", aitortu du. New Yorkeko hedabideez gain, hemengo egunkarietara argitalpenak bidali ditu Mateok. "Askotan esaten didate nire argazkiak publikatuko dituztela, baina gero agentzietakoak jartzen dituzte; merkeago ateratzen zaie".
Orain, beste proiektu bat du esku artean. Capoeiran aditua den Brasilgo emakume bat mundu osoan bidaiatzen ari da umeei dantza brasildarra irakasten. Baliabiderik gabeko umeak dira gehienak. Datozen hilabeteetan, Mateok bere kamerarekin jarraituko dio herrialdez herrialde. Horretaz gain, Buenos Airesen (Argentina) maputxeen inguruko erakusketa eginen du ekainean. Duela urte bat joan zen Neuquenera. "Hasieran, ez ziren nitaz fidatzen, eta kostatu zitzaidan argazkiak ateratzea; normala da, hainbeste aldiz engainatu dituztenez, beldur dira".
Bizirik irauteko, hala ere, Mateok denetarik egiten du: ekitaldietako argazkiak eta jakien argazkiak, adibidez. Orain dela sei urte iritsi zen bere bikotekidearekin New Yorkera. Argazkigintza eskolako urtea "gogorra" izan zela gogoratzen du. "Oso intentsiboa izan zen; lan handia egin nuen. Gainera, ikasleak oso lehiakorrak dira, eta guztiek onenen artean onenak izan nahi dute". San Fermin izeneko ostatua —bed and breakfast— du mutil-lagunak. Lau logela dituzte, eta Euskal Herriko jendearen bisita izaten dute maiz. "Badakitelako gurekin ez dutela ingelesez hitz egin behar".
"Guztia du hiriak: turismoa, artea eta finantzak. Mikromundu bat da". Askoren ametsa da New York, eta Mateok dio hirian ametsak egia bihurtzen direla. "Ideien eta aukeren hiria da; ideia bat baduzu, ederki hartuko zaituzte hemen". Trabarik ez dutela jartzen eta proiektuak garatzeko laguntza eskaintzen dutela jakinarazi du. "Guk, adibidez, erraztasun handia izan genuen ostatua muntatzeko". Nafarroan eta beste herrialdeetan horrelakorik ez dela gertatzen dio. "Burokrazia nekagarria da; ilusiorik gabe gelditzen gara".
Harlem auzoan bizi da Mateo. "Auzoa oso arriskutsua dela esaten dute, baina ez da egia: erabat aldatu da, New Yorkeko Soho berria izanen dela esaten dute". Latinoamerikar asko bizi dira bertan, eta, hasieran, auzoko tabernetara edo dendetara joaten zirenean gazteleraz hitz egiten zietela gogora ekarri du Mateok. "Gure doinua nabaritzen zuten ingelesez hitz egin arren; baina guk ingelesez hitz egin nahi genuen!".
Argazkilaritzako lehenengo proiektuak latinoamerikarrei buruzkoak egin zituen Mateok. "Haien historiak izugarriak dira, oso gogorrak". Argazkilariaren ustez, aurpegi bikoitza dute: alde batetik, ilegalak dira, baina, bestalde, zergak ordaintzen dituzte, eta hirian egoten uzten diete. "Gobernuari komeni zaio". Dominikar baten bizimodua gertutik jarraitu zuen Mateok. "Seme-alabak ikusi gabe bost urte zeramatzan, eta egun osoan lanean aritzen zen familiari dirua bidaltzeko". Alde hori ezagutu zuen Mateok, baina jakin nahi izan zuen familiak diru horrekin zer egiten zuen. Dominikar Errepublikara joan zen. "Familia ongi bizi zen, seme-alabak eskolara joaten ziren... Baina merezi du bereizketak eta sufrimenduak?". Argazkilariak ziurtatu du askotan ez dutela bizimodu hobea lortzen.
Oposizioak uste du nahitaez Eguesibarko alkateak dimisioa eman behar duela
UPNk Eguesibarko alkate Josetxo Andia eta Estefania Clavero zinegotzia kargua uztera behartu beharko lituzkeela iritzi dio Eguesibarko oposizioak. NaBai, Bildu, PSN, Ezkerra eta PPN alderdiek "herritarren borondatea" entzuteko eskatu diete UPNko kidee...
ZIKOINEI ONGIETORRIA SAN ADRIANEN
Zikoinei ongietorria egin zien Gurelur elkarteak San Adrianen lehengo larunbatean. Izan ere, Erriberako herria da zikoina bikote gehien duenetako bat. Udaletxeko lorategian zikoinei buruzko materiala ikusgai izan zuten bertan bildu zirenek, eta, zikoi...
250.000 euro irabazi dituzte Lizarran Onceren bitartez
Joan den larunbatean, Lizarrako Asuncion Fernandezek ia 250.000 euro banatu zituen Lizarran. Izan ere, berak saldutako 47.683 zenbakia zuten txartelak saritu zituzten zozketan. Fernandezek hilabete gutxi daramatza saltzaile gisa; azaroan hasi zen. Den...
Saltxitxa taloa
Paderborn 140.000 biztanle inguru dituen hiria da, Alemaniako Ipar Renania-Westfalia land edo estatuan dagoena. 1992. urtean gure hiriburuarekin senidetu egin zen, eta, lotura horri esker, Oberena dantza taldearekin hara abiatu ginen 2008. urtean. Krisiaren hastapenetan joan ginen Sanferminetako egitarauan sarri irakurri genuen hirira. Oraindik ez zen alarmarik, eta oraindik ere ez genekien Errepublika Federaleko kantzilerraren aurpegia behin eta berriro ikusiko genuenik gure etxeko telebistan.
Esan bezala, Paderbornera abiatu ginen, saltxitxak eta garagardoa dastatzeko gogoz (badakizue, aurreiritziak). Autobusa lepo bete genuen, eta dantzari guzien artean pertsona bakarra mintzo zen alemanez. Arraroa zen; bitxia iruditu zitzaigun iruindar batek hizkuntza hori ezagutzea. Bidaian zehar, beraz, bere alboan izan ginen hau eta hura nola esaten zen galdezka: danke, hallo, bitte...
2013. urtean, baina, orduan arraroa edo exotikotzat genuena ohiko bihurtu da, edo bihurtzen ari da behinik behin. Gazteok Alemaniara joan behar dugula esaten digute han eta hemen. Hego Euskal Herrian no future, hanka egin lehenbailehen! Eta hasi dira batzuk alemana ikasten, eta hasi da alemana nonahi agertzen, eta orain badirudi alemana jakin behar dugula gazte guziok. Hizkuntza eskolan, adibidez, 1. mailan eskari gehien izan duen hizkuntza da dagoeneko (1.415 eskari); ondotik, ingelesa eta frantsesa (1.228 eta 1.222).
Baina, hara! Derrigorrezko lehen hezkuntzara ere ailegatu da. Heldu den ikasturtetik aitzinera alemanezko ereduan ikasteko parada izanen dute Iruñeko haurrek. Victor Pradera Ikastetxe Publikoak eskainiko du hizkuntza horretan oinarrituriko eredua. Orain arteko eredu eleaniztun bakarrari, hau da, D ereduari aurre egiteko eredu elebiduna asmatu zuen Nafarroako Gobernuak (edozein eredutan txerta daitekeen PAI). Orain, eredu eleaniztun bakarrari, hau da, D ereduari aurre egiteko eredu eleaniztun berri bat asmatzeko asmoa ez ote duten ere pentsatzen hasi naiz. Badakizue hemen denak balio duela euskararen kaltetan baldin bada.
"Neska-mutil orok, nonahi bizi delarik ere, ingelesa ikasteko eskubidea du", esan du berriki Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek. Euskara ez, euskara ikasteko eskubidea ez baitzaio bermatzen nonahikoa den nafarrari. 2008an, Paderbornen ginelarik, pentsaezina zen kontseilari batek ingelesa ikasteko eskubidea defendatzea. Bost-hamar urteren buruan, agian, adituko dugu kontseilari baten ahotik alemana jakiteko eskubidea dutela haur guziek. Euskalerria irratiak ez du lizentziarik izanen, Euskal Telebista ikusteko arazoak izanen ditugu, baina lasai, taloan saltxitxa sartu eta alemanez ikasteko eskubidea aldarrikatuko dugu.
Gorrentzako eta itsuentzako filmak ostegunero Iruñean
Zinema Guztiontzat deituriko egitasmoaren bitartez, ostegunero-ostegunero itsuentzat eta gorrentzat egokitutako filmak eskaintzen dituzte Iruñeko Karlos III.a etorbide Side zineman, Navarra de cine enpresaren eskutik. Duela hamar urte, Iruñeko Zinema Jaialdiko kideek itsu zein gorrentzako film egokituak eskaintzea erabaki zuten. Dimas Lasterra Navarra de cine enpresako arduradunak dioenez, hasieran Powerpoint batekin egiten zituzten egokitzapenak. Orain, berriz, sistema propioa asmatu dute, baita patentatu ere. "Itsuei entzungailuak paratzen dizkiegu, hala filmean deskribatzen ez diren gauzak nolakoak diren azaltzeko; gorrek, berriz, azpidatziak izaten dituzte", dio Lasterrak. Gainera, ohiko zinemetan dauden filmak eskaintzen dituzte egokituta. Esaterako, ostegunean, Django Unchained eskaini zuten. Lasterrak nabarmendu duenez, itsuak edo gorrak diren lagunez gain, inolako mugarik ez duten pertsonak ere joan daitezke zinemara. "Itsua den norbait bere senideekin batera etor daiteke Zinema Guztiontzat emanaldietara", jakinarazi du Lasterrak.