Burlatako lau gazte epaituko dituzte astelehenetik aurrera Auzitegi Nazionalean

Burlatako lau gazte epaituko dituzte otsailaren 18tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hori dela eta, joan den asteburuan, Burlatako herritarrek babesa eta elkartasuna adierazi zieten Eleak mugimenduak deituta egin zuten manifestazioan, eta, egunotan, ekitaldiak antolatu dituzte. Gaur goizeko hamarretan, herri kirolak izanen dituzte, eta, arratsaldeko ordu batean, auto karabana bat Burlatan.

Aitor Torrea, Iñaki Torrea, Iñigo Gulina, eta Dabid Urbina gazteak dira auzipetuak. Heldu den astelehenean, asteartean eta asteazkenean epaituko dituzte, Madrilen. 2007ko azaroko polizia operazio batean atxilotu zituzten, eta bost eguneko inkomunikazio aldian torturatu egin zituztela salatu zuten. "Independentziaren alde antolatu eta borrokatzeagatik" atxilotu zituztela adierazi du Eleak mugimenduak.Urtebete baino gehiago kartzelan egon ondoren, bermepean libre atera ziren 2009an, eta bost horietatik lau epaituko dituzte datorren astean. Jose Javier Oses atxilotu zuen poliziak operazio horretan bertan, baina ez du orain epaiketarik izanen, Frantzian delako kartzelan, estraditatzeko zain. Lau auzipetuek 27 urte arteko kartzela zigor eskaerei egin beharko diete aurre, baita 50.000 euro baino gehiagoko kalte-ordain eskaerei ere.

Eleak mugimenduak salatu du torturapean eta inkomunikaturik egindako deklarazioak direla lau gazteen kontra Auzitegi Nazionalak epaiketa egiteko froga bakarra, eta "erabat politikoa" dela. "Gisa horretako epaiketak bertan behera uzteko exijitzen dugu; gatazka politiko eta salbuespen egoera hau luzatu baino ez du egiten", esan dute Eleak mugimenduko kideek.

Mobilizazioak ez dira amaitu, eta asteburu honetan eta hurrengo astean, gazteei babesa eskaintzen jarraituko dute herritarrek. Heldu den astelehenean, asteartean eta asteazkenean, elkarretaratzeak eginen dituzte Nafarroan, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren egoitzaren aurrean, egunero, 11:00etatik 15:00etara. Auzipetutako gazteei elkartasuna adieraztera animatu zituzten burlatar guztiak joan den larunbateko manifestazioan. Manifestazioaz gain, afaria eta kontzertuak izan zituzten Burlatan.

Bihar, manifestazioa

Horretaz gain, presoei elkartasuna adierazteko, manifestazioa eginen dute bihar, Iruñean. Herrira-k deituta, 197/2006 doktrinarengatik preso jarraitzen duten Iruñerriko lau preso askatzeko eskatuko dute. Arrotxapeko Herrira Bilguneko kide Ariane Etxeberriak hartu du hitza: "Kondena betea duten eta 197/2006 doktrinarengatik preso jarraitzen duten Iruñerriko lau presoak askatzeko eskatuko dugu". 12:30ean abiatuko da martxa, Aita Barandiaran plazatik. Etxeberriaren arabera, 197/2006 epaia helburu politiko argi batekin eman zuten: euskal preso politikoak "makurrarazteko". 2007tik, 79 pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, lan politikoa egiteagatik.

Josetxo Andia Eguesibarko alkatearen aurka ikerketa abiatu du epaileak

Iruñeko Instrukzio Epaitegiak Eguesibarko alkate Josetxo Andiaren aurka diligentziak zabaltzea erabaki du, hartara Catalunya Caixako ehun lehentasunezko akzioen erosketa ikertzeko. Alfonso Etxeberria NaBaiko Eguesibarko bozeramaileak salaketa aurkeztu zuen joan den urtean Andiaren kontra, akzio horien erosketan "ustelkeria" egon zela argudiatuta. Salaketa horren harira abiatu du ikerketa orain Iruñeko Instrukzio Epaitegiko epaile Fermin Otamendik.

Epaileak berak jakinarazi duenez, ofizioz jarraitu beharreko lege urraketak izan direla pentsatzeko motiboak daude. Hala ere, ez du tramiterako onartu Etxeberriak Andiaren aurka aurkeztutako salaketa. "Prokuradoreak ez du inolako botererik aurkeztu, eta hori ezinbestekoa da salaketa tramiterako onartzeko", adierazi du ohar baten bitartez epaileak.

Ikerketa abian jarri ahal izateko, Eguesibarko Udaleko idazkariari lehentasuneko akzioen erosketaren inguruko dokumentazioa eskatu dio epaileak. Horrez gain, Andacelay SL Eguesibarko enpresa publikoari buruzko informazio ematea ere nahi du. Eguesibarko oposizioko alderdi guztiek, PPNk izan ezik, Andiaren dimisioa eskatu dute, orain arte egin duen kudeaketa "txarragatik".

Hain zuzen ere, abenduan, oposizioko alderdiek mozio bat onartu zuten Andiak kargua utz zezan eskatzeko. Horrez gain, udal kontuetan lehentasunezko akzioak erosteagatik egindako "zuloa" gaitzetsi zuten. Udaleko buruaren aurka auzibidea hasteko aukera aztertzea ere adostu zuten, "lehentasunezko akzioak eta antzeko finantza produktu arriskutsuak erosteagatik". Izan ere, Europako Batzordeak baieztatu duenez, halako produktuak erosten dituztenek, etorkizunean izan ditzaketen galeren zati bat beren gain hartu behar dute.

Jakina da 2011n Andiak Aldacelay enpresa publikoko 100.000 euro baliatu zituela Catalunya Caixaren lehentasunezko akzioak erosteko. Hain justu, Andia bera, banku horretako langilea da, nahiz eta Eguesibarko alkate postua betetzeko baimena daukan. Abenduan egindako batzorde batean, alkateak berak onartu zue "hanka sartu" zuela akzio horiek erosita. Esan zuen inbertsioa egiteko orduan "segurtasuna eta errentagarritasuna" izan zituela helburu nagusi, baina inbertsio horren ardura bere gain hartzeko eskatu zion oposizioak.

Ataka zailean badago ere, badirudi Josetxo Andiak ez duela Eguesibarko Udaleko alkatetza uzteko inolako asmorik.

Beste ustelkeria kasu bat

Joan den astean ere, beste behin, dimisioa emateko eskatu zion oposizioak, hirigintzarekin lotutako ustelkeria kasu baten harira. Eguesibarko oposizioko alderdi guztiek —PPN kenduta— bat egin dute auzi horretan, salaketa jarri dute alkatearen kontra Agoizko auzitegian. Hala, dagoeneko, justiziaren esku dago Carolina Potau Eguesibarko zinegotzi ohiak Andacelay enpresa publikoan erabiltzen zuen ordenagailua. Oposizioak jakinarazi duenez, ordenagailu horretako dokumentuetan egiaztatzen da Potauk Laranzor enpresarekin zuen erlazioa. Enpresa horrek Eguesibarren etxeak eraiki ditu. "Potauk Andacelayko ordenagailutik Laranzor enpresa pribatuko kontuak kudeatzen zituen", ohartarazi zuten joan den astean oposizioko ordezkariek.

Izan ere, Potauk Eguesibarko Udalean lan egiteaz gainera, eraikuntza enpresa kudeatzen jarraitzen zuen, eta etxebizitzan eraikitzeko lehiaketak ematen zituen. Andia alkatea eta Estefania Clavero UPNko zinegotzia Potauren konplize izan direla uste du oposizioak eta horregatik erabaki du auzitara jotzea. Hori ikertzen laster hasiko da justizia.

CHEko buruen agerraldia eskatu du Uxue Barkosek

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak Xavier de Pedro Ebroko Ur Konfederazioko presidenteak Esako urtegiko eskuin hegaleko mugimenduen berri eman dezala eskatu du. Barkosen irudiko, ezinbestekoa da Ebroko Ur Konfederazioak azaltzea "lur irristaketa zein ...

Lasaitasunik ez Esan

Hutsik dago Esako Lasaitasuna urbanizazioa astelehenaz geroztik. Urte osoan bertan bizi diren bederatzi lagunek etxea utzi behar izan dute; ondoan duten Esako urtegiko eskuin hegala, eta mugitzen ari deenz, luiziren bat eragin dezake. Ez dute batere lasaitasunik izan egunotan, eta "ezusteko handia" hartu dute.

Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak diote euriteen ondorioz mugimenduak izan direla, eta dagoeneko eskuineko hegala egonkortzeko lanak hasi dituzte. Baina Lasaitasunako bizilagun Cristina Igoak ez du uste euriteak arrazoi bakarra izan direnik. "Eremua ez da egonkorra. Alde batetik, urtegiko eskuin hegala mugitzen delako eta, bestalde, Pirinioetako autobia egin zutenetik pitzadurak agertu direlako etxeetan". Egunkarien bidez jakin zuen berria. "Iruñean nengoen, eta ez nuen inolako abisurik jaso; nik deitu behar izan nuen zer gertatzen zen jakiteko", azaldu du. Astelehena bitarte izan du denbora etxetik ezinbesteko gauzak ateratzeko. Gurasoek etxea dute urbanizazio berean, eta Esako Udalak herriko beste etxe batera lekualdatu ditu. Haiekin biziko da denbora batez beste etxe bat eman artean.

Ehun etxe inguru daude Lasaitasuna eta Esako Begiratokia urbanizazioetan. Gehienak bigarren etxebizitzak dira: "Seguruenik, denbora batez etxerik gabe geldituko dira", azaldu du Roberto Martinez Esako alkateak. Inoiz ez dutela horrelako egoerarik pasatu azaldu du Martinezek, eta oso kezkatuta daudela jakinarazi du. "Azkenaldian euri asko egin du inguruan, eta horrek eragin zuzena izan du", aditzera eman du. Ez du ukatu, hala ere, urtegiko lanek eta autobideak eragina izan dutela.

Maria Angeles Ruizek lehenbailehen itzuli nahi du etxera. "Ez dakit zenbat denbora egonen garen etxetik kanpo; batzuek lau hilabete esaten dute, beste batzuek, urtebete; batek daki. Baina noiz itzuliko naizen ez jakiteak kezkatzen nau gehien". Ruizek ez du ezustekorik hartu. "Argi zegoen egoerak txarrera eginen zuela", aitortu du.

Astelehenean bilera izan zuten urbanizazioetako bizilagunek Raimundo La Fuente Ebroko Ur Konfederazioko zuzendari teknikoarekin eta Patxi Fernandez Nafarroako Gobernuko Barne ordezkariarekin. Bai Ruizek baita Igoak ere alboratu egin dituzte Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak eman dituzten arrazoiak. "Ez zuten askorik esan, eta euriteengatik gertatu dela argudiatu zuten; kalte-ordainak ez zituzten aipatu ere egin", azaldu du Igoak. Haserre dago, informazio gutxi duelako eta ez dakielako zer gertatuko den.

Orain Guardia Zibilak "zaintzen" ditu bi urbanizazioak, eta bizilagunak baino ezin dira sartu. "Segurtasuna jarri behar izan dugu lapurretak ez izateko", azaldu du alkateak. Pasa den ostiralean, Nafarroako Gobernuarekin bildu zen, eta bi urbanizazioak husteko "gomendioa" eman zioten. "Neurri prebentiboa izan da, baina pertsonen segurtasunak du lehentasuna".

Azken urteetan zundaketak eta leherketak bizi izan dituzte Esan. Bai urtegian, bai eta Pirinioetako autobia egitean ere. Tunelak egiteko leherketak egin zituzten mendian, eta, ondorioz, pitzadurak agertu dira urbanizazioetako hainbat etxetan. "Urtegia handitzeko lanek zerikusia izan dute pitzaduretan, baina ez dute onartzen", esan du Igoak. Oraingoz, lasaitasuna ez da itzuliko herrira. Lurrak behera egiteko arriskua dago. 2006an gertatu zen bezala.

PRESIDENTEAREN IBILBIDEA IRUDITAN

2011ko maiatzaren 11n izan zen Aizarotzen Yolanda Barcina Nafarroako presidentea hautatzeko hauteskunde kanpainaren harira. Ekitaldia, ETAren aldeko pintaketa bat atzean zuela egin zuen. Bide batez, herrian ETAren jarrerarekin epelak zirela salatu zue...

Raxoi ez da Rajoy

Bai, jaun-andreok. Aldaketa etorri da. Raxoy ez da jada Raxoi, Rajoy baizik. Urtarrilean, oraindik ere, Raxoi zen, eta izen horrekin, 24an eta 25ean, adierazi zuen burujabetzari buruzko Kataluniako parlamentuaren adierazpenak ez zuela "ezertarako" balio, ez zuela "inolako ondorio juridikorik". Urtarrilaren 30ean, berriz, Urkullu Raxoirekin elkartu zen Moncloan, ez Rajoyrekin. Eta urtarrilaren 31n, PPren ustelkeria auziak Raxoi eta alderdiko buruzagiak zipriztindu zituen.

Baina, kasu!, otsailaren lehenbiziko egunean etorri baitzen aldaketa, hurrengo eguneko egunkarian islatu zena. Egun hartan, beraz, Rajoyk hitz egin zuen, eta ez Raxoik. Eta, hortik aurrera, Rajoyk, eta ez Raxoik, bere aurkako salaketa oro ukatu zuen, eta bla bla bla.

Irakurle, honaino ailegatuta piperrik ere ulertu ez baduzu, jakin ezazu diagnostikatu gabeko patologia sendaezina dudala: edozein testu irakurtzen dudalarik —izan kaleko afixa, zirkulazio seinalea, dendako oharra zein egunkariko albistea—, begirada beti, baina beti-beti, xehetasun linguistiko tontoenera joaten zait. Bortz axola maisu lana irakurtzea ere; gaizki idatzitakoa eta/edo oso ezberdin izkiriaturikoa gelditzen baitzait beti kaskoan.

Gaixotasun kronikoa da. Baina ez kezkatu. Ongi nago.

Eta gaixotasun horregatik ikusi dut —eta, nik bezala, ni bezain gaixo daudenek ikusi dute— BERRIAk dagoeneko ez duela Mariano Raxoi idazten, Mariano Rajoy baizik.

Aldaketa egin zuten egunean berean ohartu nintzen aldaketaz —egunero irakurtzen baitut BERRIA, eta zuk ere gauza bera egin beharko zenuke!—. Hasieran pentsatu nuen Politika saileko erredaktorea Rajoy X-z eta I-z idazteko arauaz ahantzia zela. Baina gero konturatu nintzen AEBetako korrespontsalak eta zuzendariak berak ere Rajoy zerabiltela. Alegia, arau aldaketa zegoela horretan.

Bere garaian, Euskaldunon Egunkariaren Estilo Liburuak zehazten zuen "Herri Katalanetako eta Galiziako izenak katalanez eta galegoz" eman behar zirela. Oker ez banago, BERRIAk arau horri eutsi zion. Eta horren, arabera, Rajoy Raxoy moduan eman behar genuen. Eta guk, txintxo-txintxo, Raxoi.

Eta orain berriz buelta. Ongi. Rajoy.

Beharbada, nik hau idatzi (otsailak 6) eta zuk irakurri duzunerako (otsailak 15 edo geroago), BERRIAk azalpenak eman ditu aldaketa honen inguruan. Ezetz espero dut. Bertzenaz, hurrengo bi paragrafoek grazia guzti-guztia galduko lukete.

Ergelkeriaren kasualitatea. Aldaketa gertatu baino astebete lehenago, nik Raxoi idatzi nuen arbelean, izen sintagma zer den azaltzeko adibide batean. Ikasleek, noski eta berriz ere, pentsatu zuten ni Martekoa nintzela. Eta nik baietz, Martekoa nintzela, eta Marteko euskaldunek Raxoi idazten zutela. Eta beraiek Martekoak izan nahi bazuten, Raxoi idatzi beharko zutela. Orain Venuskoak izan beharko dugu.

Eta bukatzeko, eskaera bat: mesedez, abisua eman Anjel Lertxundiri, Raxoi idazten segitzen baitu.