Urte osoan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute bihar

Abenduaren 3a Euskararen Eguna dela profitatuta, Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta Euskarak 365 egun kanpaina jarri dute martxan euskaraz urte guztian bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Hiztun gisa eskubideak aldarrikatzeaz gain, egunerokoan euskara baliatzearen beharraz ohartarazi nahi dute. Oskar Zapata Topaguneko Nafarroako arduradunak jakinarazi duenez, urte osoan euskaraz bizitzeko beharrak eragiten duen kezkaren harira jarri dute kanpaina martxan.

"Nolabait, Euskaltzaleen Topaguneko kideok orokortu dugun kanpaina bat da", dio Zapatak. Oraingoz, abiapuntuan daudela ohartarazi du. Hala ere, halako kanpainen aitzindariak badira Euskal Herrian. Izan ere, iaz, Durangoko Berbarok antzeko ekitaldi bat egin zuen. Orduan, Topaguneko kongresua egin ostean, argi gelditu zen bazkideen artean plazara ateratzeko gogoa gero eta handiagoa zela. Beraz, zerbait egiteko beharraren inguruan aztertzen hasi ziren Topaguneko kideak.

Horri esker egingo dute jaialdia bihar, 19:00etan, Iruñeko Burgoen plazan. Dena den, Zapataren irudiko, abiapuntua soilik izango da urte guztian euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapenean. Euskal Herriko 30 eskualde eta herrietan izango dira antzeko jaiak. Euskara kalera ateratzeko beharra sentitu dutelako jarri dute euskalgintzako eragileek martxan kanpaina.

Iruñerrian euskarak duen egoerari buruz galdetuta, Zapatak dio batetik badagoela nahia egunerokoa euskaraz egitekoa. "Euskaldun eta euskaltzaleen aldetik badago euskaraz bizitzeko eta plazan agertzeko nahia. Baina argi eta garbi dago gurea ezkutatzeko kanpaina bat ere badela". Hala, uste du ezinbestekoa dela biharkoaren antzeko ekinbideak abian jartzea.

Gainera, tokian tokiko Topaguneetako bazkideek halako ekinbide bat elkarlanean gauzatzea oso garrantzitsua dela ohartarazi du Zapatak. "Iruñean badakigu sarritan konplikatua dugula, eta halako ekinbideek lagungarri izan beharko lukete", azaldu du Zapatak.

Elkarlana sorburu

Iruñerrian hainbat bazkide ditu Topaguneak: Atarrabiako Karrikaluze, Berriozarko Zorroka, Karrikiri, Euskaldunon Biltoki eta Zaldiko Maldiko Iruñean... Topaguneak berak aurkeztu zien proposamena bazkideei, bai Iruñerrikoei baita Iruñerritik kanpo daudenei ere. Izan ere, Nafarroako euskalgintzako kide guztiei aurkeztu zien Topaguneak ekinbidea, eta oso harrera ona izan duela azaldu du Zapatak.

Azken egunetan D ereduaren inguruan hainbat komunikabide eta politikari helarazten ari diren mezu ezkorren aurrean, euskaldunen hizkuntza eskubideen aldarrikapenak jai giroan egitea "ezinbestekoa" dela dio Zapatak. Euskarazko ereduaren aurka abian jarri den kanpaina "zitala" dela salatu du. Gaineratu duenez, ongi diseinatutako kanpaina da, haurren aurrematrikulazio kanpaina otsailean hasiko delako, hiru hilabeteren buruan. "Baina egia esateko, nire ustez, hemen egin behar duguna da gureari eutsi; guk D ereduaren aldeko argudio sorta zabaldu behar dugu". Aldarrikatu du D eredua dela ikasleak euskalduntzen dituen eredu bakarra. Haren irudiko, ez da komenigarria euskararen ereduaren aurkako harra elikatzea, baina azalpenak eskatu behar direla adierazi du.

Arazo eta eztabaidez gaindi, biharko jaia baikortasunez ospatu nahi dute. "Ez da gauza handia izango, baina jai giroan egingo dugu, bizipoz eta gozamen beharra dagoelako", aitortu du. Egitaraua xumea izango den arren, euskara elkarteetako kideen elkarlana erdietsi dute. Horri esker, aste osoan eragile horietako kideak Euskarak 365 egun kanpaina iragartzeko kartelak paratzen aritu dira, Iruñean eta Iruñerrian, batez ere. Alde horretatik, pozik agertu da proposamenak harrera ona izan duelako. Urtero egiteko asmoa dute bihar Burgoen plazan egingo dutena. Dena den, ez dute etorkizunerako helburu handirik zehaztu nahi izan.

Jaialdia, gutxi gorabehera, 19:00etan hasiko da, Iruñeko Alde Zaharreko plazan. Lehenik, dantzaldia izango da. Horren ostean, manifestu bat irakurriko dute Topaguneko hainbat kidek, kanpainaren arrazoi eta helburuen berri emateko, besteak beste.

Aldaketa sozialaren beharra aldarrikatu dute Gizakia Herritar fundazioko kideek

"Krisia albo batera uzten ari da gizartearen zati bat", hori uste du Patxi Lasak, Gizakia Herritar fundazioko presidenteak. Bost urte bete berri ditu Gizakia Herritar fundazioaren mendeko Paris 365 elkartasun jantokiak. Aldaketa sozialaren beharra nabarmendu dute fundazioko kideek, eta kritikatu egin dute instituzioak krisia nola kudeatzen ari diren. "Lehenengo, esaten zuten krisirik ez zegoela; gero, baietz, baina denbora gutxirako bakarrik, eta bitartean, legedia gero eta zorrotzagoa egiten ari dira. Ezagutzen genuen ongizate estatua desagerrarazi dute", esan du Lasak.

Azken 21 hilabeteetako balorazioa egin dute fundazioko kideek. Pozik daude euren lanarekin; besteak beste, bost urtean 47 pertsonarentzako aldi baterako lana lortu eta 111.000 bazkari eta afari eman dituztelako. Datozen urteetarako, hiru proiektu berri dituzte esku artean: eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea egiaztatzea, Europara hedatu eta lan egitea, eta gizarte ekintzailetasuna garatzea. Horrez gain, hurrengo urtean bulegoak eta jantokia lekuz aldatuko dituzte. Bazkideak lortzeko kanpaina jarriko dute martxan urte berriarekin batera. Egun, 415 bazkide inguru ditu Gizakia Herritar fundazioak, eta bi urteko tartean 1.000 izatera heldu nahi dute.

Bost urte pasatu dira Paris 365 elkartasun jantokia martxan jarri zuenetik Gizakia Herritar fundazioak. Baina geroztik beste hainbat ekinbide eta proiektu eraman dituzte aurrera. Fundazioak sei proiektu ditu martxan momentu honetan. Jantokia inauguratu zutenetik 111.000 afari eta bazkari eta 23.203 gosari eman dituzte. Orotara, 1.293 pertsonari eman diete jaten. Elikadurarekin lotua, Oinarrizko Saskia egitasmoa ere martxan dute: horren bitartez, hamabost egunean behin, diru sarrera txikiak dituzten 63 familiari jaki saski bana ematen diete.

Iaz, martxan jarri zuten Txoko Txiki Paris 365 proiektua. Bertan, 35 familia eta 59 umek parte hartzen dute. Txoko txiki integrazio gune bat da. Horretarako, jolas baliabideak eta hezkuntzakoak, jolasak, tailerrak, txangoak, hiri kanpalekuak eta umeentzako laguntza eskolak eskaintzen dira. Horren bitartez, umeak ludotekan dauden bitartean, gurasoek lana lortzeko ikastaroak jaso edo lana bila dezakete.

Hala ere, fundazioko kideek uste dute enplegua dela heldu beharreko gai nagusia. Haien aburuz, enplegu bat lortzean pertsona bakoitzak bere bizitza berrantolatzen du, inoren laguntzarik gabe. "Arazo nagusia lanik eza da. Laguntza eske datorren jendea ez da etortzen erosotasunagatik edo alferkeriagatik, jende askok arduragabeki hala esaten badu ere. Lanik ez duelako etortzen da", azaldu du Lasak.

Enplegua sortzeko helburuarekin Paris 365 Catering iraunkorra sortu zuten. Janari zerbitzu horri esker, 30 pertsonak lana lortu dute. Horrez gain, Taldeentzako Sukaldaritza tailerren bitartez, 15 pertsonak aldi baterako lanaldia izan dute. Nabarmentzekoa da, era berean, 2013ko abuztutik urrira bi lanpostu sortu zituztela San Andres Errota ostatuaren kudeaketa aurrera eramateko.

Bide horretatik jarraitzeko, etorkinentzako aholkularitza zerbitzua eta Paris 365 Bizikasi institutua dituzte. Lehenengoan, etorkinei aholkularitza juridikoa ematen diete, euren egoera hobetu ahal izateko. Bizikasi institutuan, ordea, hainbat prestakuntza ikastaro eskaintzen dituzte.

Eurek egindako lanarekin pozik badaude ere, oraindik egiteko asko dagoela uste dute fundazioko kideek. Iruñerrian jende askoren egoera gero eta gordinagoa dela ohartarazi dute. Hori ikusirik, gizarteari gogoeta "zintzoa" egiteko eskatu diote.

@sarean

Arkitekturarekin lotutako webguneak.

www.coavn.org. Euskal Herriko Arkitekto Elkargo Ofizialaren webgunea da. Besteak beste, aurtengo sariketaren inguruko informazioa dago eskuragarri.

www.coavna.com. Nafarroako Arkitektoen Kolegioko webgunea da, herrialdeko informazioa dago, batez ere.

“Antikomertziala irabazien bila ez dabilen sorkuntza kulturala da”

Sorginkale banatzaile antikomertzialak hamar urte daramatza Sorgin Gaua antolatzen. Hasieran, sorkuntza alternatiboaren erakusleihoa izatea nahi zutena banaketa alternatiboaren erreferente bilakatu da. Iker Otxoa (Zizur Nagusia, 1982) eta Karlos Andion (Zizur Nagusia, 1991) Sorginkale osatzen dutenetako bi dira, eta belaunaldien nahasketaren adibide dira. Sorgin Gauaren antolaketaz, banaketa alternatiboaz eta horren zentzuaz jardun dute.

Zer da sorkuntza alternatiboa edo antikomertziala?

IKER OTXOA. Antikomertziala, hain zuzen, irabazirik lortzen saiatzen ez den sorkuntza kulturala da. Bide alternatiboetatik zabaltzen den sorkuntza, eta gure ustez, izaera aldarrikatzailea ere baduena.

Zergatik lantzen duzue banaketa alternatiboa?

KARLOS ANDION. Mugimendu alternatiboan, kultura oso arlo garrantzitsua da. Uste dugu gaur egun printzipio antikomertzialak ahaztuta daudela hainbat gune autogestionatutan. Txosnetan oso ohikoa da 3.000 euro kobratzen dituen talde bati deitzea. Guk zirkuitu alternatiboa aldarrikatu nahi dugu. Nafarroan talde eta banatzaile ugari dago. Mugimendu hori guztia koordinatu eta bultzatu nahi dugu.

I.O. Beti alternatiben inguruan hitz egiten dugu: bizimodu alternatiboak, lan alternatibak, gure bizitzako arlo guztietan. Horregatik, garrantzitsua da sorkuntza kulturalean ere sistemak eskaintzen digunari alternatiba bat ematea. Banatzaileen sare horrekin eta talde antikomertzialekin, alternatiba bat sortzen ari gara. Era horretan, abestietan esaten denarekin koherente izateko modu bat da.

K.A. Sortzeko eta banatzeko orduan, baliabideak jartzen ditugu bide ez kapitalistetatik sorkuntza aurrera eraman nahi duten pertsonentzat. Horregatik hasi ginen Sorgin Gaua egiten, talde antikomertzialekin kontzertu handiak egin daitezkeela erakusteko.

Nola sortu zenuten Sorginkale?

I.O. Sorginkale 2000. urtean sortu genuen Zizurko gazte batzuen artean. Kultura eta ideia libertarioen inguruko jakin-nahia genuen. Jakin-nahi hori asetzeko, liburutegi libertario bat sortzea bururatu zitzaigun. Geroago sortu zen banatzailearen proiektua, Sorginkale deitu zena. Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka banatzailea zena kolektibo bilakatu zen, eta hainbat egitasmorekin hasi ginen. Denak kultura libertarioaren inguruan.

Zer motatako ekinbideak eramaten dituzue aurrera?

K.A. Sorgin Gaua da urtean egiten dugu ekitaldirik ezagunena. Guk lokal bat dugu Zizurren. Astelehenero irekitzen dugu 17:00etatik 20:00etara. Han saltzen dugu materiala: CDak, biniloak, zintak, kamisetak, liburuak, fanzinak... Liburutegia ere badugu lokalean. Nahi duena etor daiteke, eta liburu bat hartu. Guk hori apuntatzen dugu eta listo. Lokala Zizurreko Alde Zaharrean dago, jaietan txosnak jartzen diren tokiaren ondoan. Lokalaren ondoan ere Rock etxea dago, autogestionatutako musikarako entsegu lokalak.

Banatzeaz gain, sortu ere egiten duzue?

K.A. Bai, orain arte diskoak grabatu ditugu gehienbat. Urtero disko pare bat argitaratzen ditugu. Oro har, Nafarroako taldeekin lan egiten dugu, baina baita beste toki batzuetakoekin ere. Ameriketako talde batzuen lanak ere argitaratu ditugu. Baina diskoetatik harago joan nahi dugu. Duela gutxi Comunidades sin estado en la montaña vasca (Estaturik gabeko komunitateak euskal mendietan) liburuaren argitalpenean parte hartu genuen. Hagin argitaletxeak publikatu du liburua.

Sorgin Gaua berezia antolatu duzue aurten. Zeintzuk dira programazioan dauden ekitaldirik garrantzitsuenak?

K.A. Normalean Sorgin Gaua larunbat batean egin izan dugu. Aurten aste oso bat egitea erabaki dugu. Asteartetik aurrera, Zizur Nagusian eta Iruñean hainbat ekitaldi egingo ditugu: hitzaldiak, kantautoreak... Kontzertuek erakartzen dute jende gehien. Ostiralean eta larunbatean kontzertuak izango dira Zizur Nagusian; orotara 20 bat taldek joko dute.

ETXEBIZITZA ESKUBIDEA ALDARRIKATUZ

Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformak bi etxebizitza okupatu zituen urriaren 7an Iruñeko Sanduzelai auzoan. Okupatutako etxebizitzak Nafarroako Gobernuarenak dira. Ekintza horren bidez plataformak salatu nahi du etxebizitza publikoak hutsik dauden bitartean, gero eta herritar gehiago etxerik gabe daudela. Hori guztia salatzeko, Dozenaka lagun bildu ziren joan den larunbatean Sanduzelain, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko.

Hizkuntza txatxua

Euskarak ez du ezertarako balio". Mila aldiz entzun dudan esaldi madarikatua. Pozoitutako hitz-jarioa. Oraingoa bestelakoa izan da, ordea. Astean bitan hamar urteko mutil bati eskola partikularrak ematen dizkiot. Denetarik pixka bat: matematika, euska...

“Fisioterapeutok ezinbestekoa dugu etengabeko formakuntza”

"Jendea gugana dator osasun arazo bat duelako, hori kontuan izan behar dugu beti", dio Garazi Subiza fisioterapeutak (Iruñea, 1989). Osasunaren arloan lan egitea erantzukizun handia dela uste du. "Fisioterapeutok, medikuek eta erizainek bezala, ezinbestekoa dugu etengabeko formakuntza". Horretan ari da, lanean dabilen bitartean. Krisia nabari badute ere, euren lana gero eta ezagunagoa eta errespetatuagoa dela uste du Subizak. "Gero eta informazio gehiago dago, baina instituzioek lan handiagoa egin beharko lukete gure lana ezagutarazteko. Adibidez, jendeak ez du zertan jakin buruko mina fisioterapiaren bidez ken daitekeela; ibuprofenoa hartzen dute, eta listo". Gainera, osasun zientzien artean fisioterapia gutxietsia dagoen arloa dela uste du. Horren adibide moduan, fisioterapiak arlo publikoan duen presentzia eskasa jarri du. "Egun, gure lana egiteko askoz aukera gehiago daude arlo pribatuan publikoan baino. Eta ez da eskari faltagatik".

Subizak batxilergoa bukatu zuenean ez zuen oso argi zer ikasi nahi zuen. Osasun zientziak gogoko zituen, baina hortik aurrera zalantzak ugariak ziren. "Pixka bat itsuki sartu nintzen. Ikasketak bukatu ostean konturatu naiz zer diziplina ezberdinak diren fisioterapia, erizaintza eta medikuntza. Baina erabakitzeko garaian ez nuen horren argi", azaldu du. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi zuen, Tuterako campusean. Ikasketak bukatu, eta hilabete batzuk barru lanean hasi zen. "Osasunbidean hasi nintzen; lehenengo eta behin ospitaleetan, eta gero zenbait osasun etxetan. Azkenaldian arlo pribatuan baino ez dut lanik aurkitu". Bere lana ganoraz egiteko sektore pribatuan lan egin behar duela uste du Subizak, eta horrek amorratzen du. Gainera, kontsulta pribatuetara joaten den jende asko lehenago zerbitzu publikoetatik pasatu delako.

Orotariko jendea joaten da fisioterapeutarenera. Badaude klinika espezializatuak, besteak beste, ginekologian, pediatrian eta kirol munduan. Horietan, bakoitzaren alor zehatzeko patologiak tratatzen dituzte. Subiza ez da oraindik espezializatu, eta, egun, askotariko kasuak ikusten ditu. Baina badira behin eta berriz errepikatzen diren gaitzak, hala nola bizkarreko minak, gerrialdekoak, zerbikalak, buruko minak, laneko eta kirol munduko lesioak, tendinitisak eta ziatikak. Adin guztietako jendea joaten da horrelako zentroetara, eta gazteak gero eta gehiago dira. Baina, Subizaren aburuz, hori ez da gazteak gero eta okerrago daudelako, baizik eta informazio gehiago dutelako.

Hala ere, Subizak uste du oraindik ere jendeari fisioterapeutarenera jotzea kostatzen zaiola, eta hori gizartean errotuta dauden ohiturengatik dela dio. "Medikuntza tradizionalean oinarritutako osasun sistemak, oro har, mediku eta botikei indar handia ematen die, eta osasun arloko bestelako zientziak bigarren mailan uzten ditu". Hala ere, mina denean Subizak azken momentura arte ez itxoitea gomendatzen du. Baina hori baino garrantzitsuagoa prebentzioa dela dio. Hiru puntu jotzen ditu Subizak beharrezkotzat, gorputzeko gaitzak saihesteko. Lehenik eta behin, ariketa fisikoa eta luzaketak egiteko ohitura hartzea. Horrekin batera, elikadura zaintzea aholkatzen du Subizak. "Elikagai motak eta prestatzeko modua zaintzea, garaian garaiko elikagaiak kontsumitzea eta otorduak errespetatzea gure gorputza zaintzeko gakoak dira". Azken aholku moduan, bakoitzaren egoera psikosoziala zaintzea gomendatzen du. Hau da, egunerokotasuneko estresak eta arazo emozionalak bideratzeko modu eraginkorra izatea.

Etenik gabeko ikasketa

"Fisioterapiak etengabeko formakuntza eta birziklapena eskatzen du", esan du Subizak. Hainbat kurtso egin ditu, eta, horrez gain, Osteopatia ikasketak egiten ari da. "Gehiago dakidan heinean, konturatzen naiz oraindik ikasteko zenbat geratzen zaidan", aitortu du Subizak. Oraindik alorren batean espezializatu ez bada ere, lan egiteko modu batean espezializatzen ari da. Horregatik, Osteopatia ikasketak egiten ari da, bere ezagutzak osatu eta aberasteko. Zientzia zabala baita fisioterapia, eta beste hainbat zientziatatik edan dezake. Horrekin lotuta, Subizak gogoratu du masajeak eman baino gauza gehiago egiten dituztela. "Masajea oso baliagarria den teknika bat da, baina, beste askoren artean, beste teknika bat baino ez da".

Fisioterapeutek jendearen osasunarekin lan egiten dute. Hori kontuz ibiltzeko gaia da. Askotariko jarrerak ikusi ditu pazienteen aldetik. Gainera, pazientearen jarrera giltzarria da norberaren gaitzek hobera egin dezaten. Hori lortzeko, kontsultara joaten direnen konfiantza lortzea da Subizak bilatzen duena. "Bakoitzari zer gertatzen zaion eta zer egingo diodan azaltzen diot. Pazienteak jakin behar du zergatik ukitzen diozun hanka. Informazioa ematea gakoa da".