span>sanferminak 2015

Festak askatasunez gozatzeko bide luzea

Festak askatasunez gozatzeko bide luzea

Nahi ez duzun lizunkeria bat edo arrotz baten piropoak entzun behar izatea eraso bat da, mozkorti batek ipurdia ukitzea eraso bat da, norbaiti ezetz esateagatik irainak jasotzea eraso bat da... Horiek guztiak ohikoak dira jaietan, baina askok normaltzat jotzen dituzte. Emakume asko orain hasi dira halako jarreren inguruan ahotsa goratzen, bortxaketez edo jipoiez gaindi ere, intentsitate baxuko indarkeria oso errotuta baitago gure jendartean". Ekintzaile feminista da Zurine Altable (Iruñea, 1980). Urteak daramatza sexu parekidetasunaren alde eta indarkeria matxistaren kontra lanean, eta, iaz, sexu erasoen kontrako lantaldea osatu zuen beste bi emakumerekin batera, Gora Iruñea plataformaren barruan. "Auzoetako jaiak nahiz sanferminak askatasunez gozatzeko eskubidea" bermatzea da taldearen xedea.

Hasiera batean, hiru kidek osatzen zuten lantaldea. Sei dira orain. Kide berrienetako bat da Kai Galarza (Gasteiz, 1987). Haren irudiko, orain arteko esperientzia "oso aberasgarria" izan da parte hartzaile guztientzat: "Askotariko pertsonak biltzen gara, eta hori positiboa da, ideia eta iritzi ezberdinak parteka daitezkeelako". Lan kargarik handiena sanferminen aurreko asteetan izaten duten arren, urte osoko prozesua da haiena: "Irailean hasten gara batzartzen, eta sanferminen ostean amaitzen dugu sasoi bakoitzeko lana. Astean behin egiten ditugu bilerak, plangintzak adosteko, balorazioak egiteko, ideiak planteatzeko...", azaldu du Galarzak.

Hiru ardatz nagusi ditu lantaldearen jardunak: "Iruñeko Udalarekiko harremanak, auzoetako jai batzordeekin batera egiten dugun elkarlana, eta azkenik, sanferminetarako propio antolatutako egitasmoak". Sexu erasoen berri emateko telefono zenbakia, kontzientziazio kanpainak eta autodefentsa feminista ikastaroak dira, besteak beste, Gora Iruñearen jardunak eta hausnartze etengabeak eman dituen fruituak.

Lantaldearen sorreraren lekuko eta protagonista izandakoa da Aitziber Arriaga (Iruñea, 1984). Haren esanetan, sexu erasoen kontrako egitasmoaz gainera, parekidetasunaren aldeko ikuspuntua nagusi da Gora Iruñea osatzen duten talde eta eragile guztien artean ere: "Gure taldearen lan esparru espezifikoa sexu erasoena da, baina Gora Iruñearen barruan, beste alor batzuk ere jorratzen ditugu, jai parekideak bermatze aldera. Hainbat irizpide dira aintzat hartzen ditugunak: besteak beste, erabaki guneetan andrazkoak izatea, edota oholtzaren gainean ere emakume artisten edo emakumez osaturiko taldeen presentzia bermatzea".

Udalarekiko harremana

Sanferminetan kanpaina eraginkorrak diseinatu ahal izateko, ezinbestekoa izan da Iruñeko Udalarekin elkarlana sustatzea. Maiatzeko hauteskundeen osteko egoera eta aldaketa politikoa "lagungarriak" izanen direla uste dute Gora Iruñea taldeko kideek, baina administrazioaren jarrera aldaketa aurretik gertatu zela nabarmentzen dute. "Iaz hasi ginen udalarekiko harremanak normaltzen eta elkarlanerako bideak zabaltzen", dio Altablek. Sanferminak Berdintasunean udal taldeko kide da Gora Iruñea ere, beste hainbat elkarte, sozietate eta eragilerekin batera. "Guretzat, garrantzitsua izan zen bide hori urratzen hastea, ordura arte, administrazioaren eta herri mugimenduen arteko espazio komunik ez zegoelako. Zorionez, iazko esperientzia ona izan zen, eta aurten jarraipena eman diogu harremanari".

Oro har, udalaren jarreran "txip aldaketa" sumatu dute ekintzaile feministek. "Lehen, sanferminetan sexu erasoak gertatzen zirenik ere ez zuten onartzen; orain, berriz, salatu egiten dituzte. Iaz, adibidez, salaketa aurkeztu zuten, sexu eraso baten irudi batekin iragartzen zen enpresa baten kontra. Lan handia dago oraindik egiteko, baina urrats bat da", gaineratu du Galarzak.

Hala ere, UPNren oinarrizko politiketan ez da sakoneko aldaketarik gertatu, Gora Iruñea taldeko kideen ustez: "Aurrerapausoak egon direla onartuta ere, UPNren politikaren ildo nagusiak ez dira aldatu. Ez dugu ahaztu behar, orain arte, Iruñeko Udala alderdi eskuindar eta kontserbadoreen eskuetan egon dela, eta hori agerikoa da. Horregatik, oso albiste pozgarria da guretzat, Iruñean aldaketa politikoa hezurmamitu izana".

Oro har, administrazioak, pixkanaka-pixkanaka bada ere, iritzia aldatu izana borroka feministaren ondorioetako bat dela uste du Altablek. "Mugimendu feministak hamarkada oso bat darama sexu erasoak salatzen, eta lan horren fruituak dira orain ikusten ditugunak. Lehen gutxi batzuek bakarrik egiten genituen aldarrikapen horiek; orain, gizarte osoak onartu ditu. Sozializatu egin da arazoa".

Galarzaren arabera, indarkeria sexista "egiturazko indarkeria" da. "Gizartean errotua dagoen biolentzia mota bat da, eta herrietako jaiek, gainera, testuinguru ezin aproposagoa eskaintzen dute, halako erasoak ikusezin bihurtzeko. Horregatik, lanketa ideologiko sakona eta iraunkorra behar da, jendartearen ikusmoldea errotik aldatzeko".

Itunak eragileekin

Emakumeen askatasuna bermatzeko bidean, Gora Iruñearen lantaldeak eginiko ekarpena nabarmentzen dute ekintzaileek. Arriagaren ustez, "izugarria" da bi urteren buruan egindakoa: "Lehendik egindako lan eskerga errentabilizatu dugula uste dut. Aspaldi, ahaleginak eta bi egiten genituen hainbat alorretan, baina bakoitzak bere aldetik, eta ikusgarritasun gutxi zuen esfortzu horrek. Dena lotzeko haria falta zitzaigun. Orain, kanpaina bera egiten dugu auzoetako jai guztietan, erasoen kontrako prebentzioa eta erantzuna barnebiltzen dituen ikuspegi orokorradaukagu, eta eragileekin batera sinatutako itunei esker, gure borroka askoz eraginkorragoa da".

Autodefentsa ikastaroak eta kanpainak antolatu ditu Gora Iruñeak azken urtebetean, eta apika-apika, gizartearen ikuspegia aldatzen ari dela uste dute hiru ekintzaileek. "Hala ere, asko dugu oraindik egiteko", gehitu du Altablek. "Erasoak, nahiz eta intentsitate baxukoak izan, salatu egin behar dira. Eta jaietan olagarro lerdetsu bat hurbiltzen bazaigu, ez dugu zertan alde egin. Espazioa gurea ere badela frogatu behar dugu, eta guztion artean, jarrera horiek agerian utzi, erasotzaileak izan daitezen alde egiten dutenak".

“Sanferminetako jaigunea tresna bat da guretzat, ez helburua”

“Sanferminetako jaigunea tresna bat da guretzat, ez helburua”

Hilabete falta da sanferminetarako, eta Gora Iruñea-koak hasiak dira jai alternatiboen egitaraua prestatzen. Gorka Izko da (Iruñea, 1983)plataformako bozeramailea.

Gora Iruñea-k jaigunea paratuko du aurtengo sanferminetan? Zein da egungo egoera?

Udalak, urtero bezala, lehiaketa antolatu du Runa parkeko eremuan eginen den kultur eskaintza esleitzeko, eta, azken urteetan bezala, deialdira ez aurkeztea erabaki dugu. Berez, lehiaketara inor aurkezten ez den hirugarren urtea da honako hau, eta, irabazlerik ezean, udalak lekua guri uztea espero dugu. 2013ko eta 2014ko egoera errepikatzea, alegia.

Zergatik ez duzue lehiaketara aurkeztu nahi izan?

Udalaren esanetan, halako deialdi publiko bat beharrezkoa da eskaintza onena bermatzeko. Printzipio horrekin bat gatoz, baina argi utzi nahi dugu herri plataforma bat ezin dela lehiatu enpresa pribatuekin. Ez ditugu baliabide ekonomiko berberak, eta ez gaude egoera berean. Ez du zentzurik, beraz, baldintza nahiz betebehar berberak ezartzea batzuei nahiz besteoi. Horregatik erabaki genuen, duela bi urte, halako arauekin ez jokatzea, eta jarrera horri eutsi diogu aurten ere: lehiaketara aurkezteko epea amaitzen zen egunean bertan, gure proiektua aurkeztu genion Kultura Departamentuari, eta, beraz, haiek erabakiko dute. Oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Seguruenik, udal talde berri batek erabakiko du hori, dena den. Aldaketa politikoak eragina izan du Gora Iruñea-ren egitaraua prestatzerakoan?

Proposamena lantzen ari ginen bitartean, bi jokaleku planteatu genizkion geure buruari: UPNrekin segitzea ala gobernu alternatibo batek boterea lortzea. Dena den, hainbat zinegotzirekin hitz eginda, jakin dugu ekainaren 13ra arte ez dela udal gobernu berria ofizialki osatuko. Ordurako, sanferminetako gune guztiek adjudikatuta egon beharko lukete; beraz, zentzuzkoena iruditu zitzaigun orain arte bezala lanean segitzea. Aldaketa konfirmatzen bada, ongi etorria izanen da, eta saiatuko gara gure proiektuaren gainean aldaketatxo batzuk egiten; baina, edozer gertatzen dela ere, argi dugu hau trantsizio urtea izanen dela.

Zergatik?

Sakoneko aldaketak behar direlako jaien ereduan, eta, horretarako, 15 eguneko epea ez da nahikoa inondik inora. Urte osoko lanketa beharrezkoa da, zer-nolako festak nahi ditugun erabakitzeko, sanferminetako mahai eraginkor bat osatzeko eta protagonismoa herritarrei itzultzeko.

Hala ere, litekeena da Joseba Asiron izatea Iruñeko alkate berria, eta herri erakundeek sintonia hobea izan dezakete harekin, Enrique Maiarekin baino. Nabarituko al da?

Gobernu alternatiboa gauzatzen bada, agintari berriekin bilduko gara, UPNk orain arte ezarritako baldintzak ahal den neurrian hobetzeko. Adibidez, Gazteluko plazako edo Foruen plazako kontzertuak antolatzen dituzten enpresek dirutza jasotzen dute lehiaketa publikoa irabazteagatik, baina, horrez gainera, zerbitzu guztiak bermatzen dizkie udalak: larrialdi zerbitzua, komunak, agertokiak, ura, argindarra... Guri, ez. Guk den-dena lotu behar dugu geure kabuz, eta, gainera, dirua jaso beharrean, ia 30.000 euro ordaindu behar dizkiogu udalari urtero-urtero, berme gisa. Diskriminazio hori bukatzeko aukera izan dezake udal gobernu berri batek; badago denbora.

Eta, luzera begira, zeintzuk dira udal berri batek eman beharreko pausoak sanfermin herrikoiagoak antolatze aldera?

Datozen urteetan jai eredua aldatu nahi bada, herritarren parte hartzea sustatzeak izan beharko luke lehentasuna. Lehenengo urratsa izan liteke Sanferminetako Mahaia antolatzea, eragile guztiekin. Eta galdetu. Galdetu zeintzuk diren talde bakoitzaren beharrizanak —ez soilik ekonomikoak— eta helburuak, zeren alde egiten duten lan eta zein den haien ekarpena.

Etorkizunean, jai eredu berri hori ezartzen bada, zentzua izanen luke Gora Iruñea-ren txosnagunea antolatzen segitzeak?

Guk beti esan dugu jaigunea tresna bat dela, ez helburu bat. Gure xede nagusia da herritarrek protagonismoa berreskuratzea, eta, bide horretan, jaigunea oso garrantzitsua da oraindik. Baina guk proposatzen dugun eredua hiri osora hedatzea izan beharko luke erronka, eta ez gune hori betierekotzea. Hori bermatuko balitz, Gora Iruñea-ren festaguneak ez luke zentzurik izanen; are gehiago: nahiago genuke 2015eko jaigunea azkena izanen balitz.

Aurtengo egitaraua aurreratzerik bai?

Egitarauaren aurkezpenarekin arazo txiki bat dugu: kontzertuek erakartzen dute arreta osoa. Horregatik, aurten nahiago izan dugu izen gutxi batzuk aurreratu [Gatillazo, Zea Mays, Ze Esatek...], eta bestelako ekitaldiak azpimarratu. Izan ere, guretzat, kontzertu handiak antolatzea baino garrantzitsuagoa izan daiteke, adibidez, haurrentzako eskaintza integral, hezitzaile eta zabala egitea, tokian tokiko produktu ekologikoekin osatutako otamenak eskaintzea, eta abar. Azpiegiturei dagokienez, iazko gunearen formatuari eutsiko diogu: agertokia, taberna, haurrentzako puzgarriak, rokodromoa... Eta eguraldiak uzten badigu, haurrentzako igerilekua ere paratuko dugu.

Parekidetasunaren aldeko konpromiso irmoa hartu duzue ere...

Bai, hori da gure proiektuaren ardatz nagusietako bat. 2013an sortu genuen parekidetasuna lantzeko lantaldea, eta, ordutik, hazi egin da nabarmen. Gaur egun, sei pertsona ari dira gogotsu lanean, eta urte osoan biltzen dira, ez bakarrik sanferminei begira. Iaz, autodefentsa feminista tailerrak antolatu genituen, eta, sekulako arrakasta izan zutenez, eskaintza Iruñeko auzo guztietara hedatu dugu. Horrez gain, parekidetasuna zentzu orokorragoan landu nahi izan dugu; besteak beste, kultur eskaintzan. Jai egitarauan, adibidez, ahalegina egin dugu agertoki gainean emakumez osaturiko taldeak egon daitezen.

Elkarte bat sortu dute sanfermin herrikoi eta laikoen alde

Elkarte bat sortu dute sanfermin herrikoi eta laikoen alde

Edurne Elizondo / BERRIA Iruñeko bestek aspaldiko izaera herrikoia berreskura dezatela nahi dute hainbat herritarrek, eta helburu horrekin sortu dute Txupin Etxepare elkartea Iruñeko Peñen Federazioko eta Memoriaren Autobusa taldeko kideek. Eskaera batekin jarri dute martxan taldea: Iruñeko Udalari galdegin diote Veleta peñako kideen ondorengoek bota dezatela aurtengo sanferminetako txupinazoa. Veletako kideak izan ziren sanferminetan...

Javier Erize iruindarraren “Kilikon” kartelak iragarriko ditu aurtengo sanferminak

Javier Erize iruindarraren “Kilikon” kartelak iragarriko ditu aurtengo sanferminak

Javier Erize artista iruindarraren “Kilikon” izeneko kartelak iragarriko ditu 2015eko sanferminak, Iruñeko Udalak gaur eguerdian iragarri duenez. Caravinagre kilikia sanferminetako kartelaren protagonista izanen da laugarrenez (azkenekoa 2012an). Iruñeko Arte eta Lanbide eskolan ikasi zuen Erizek, eta hainbatetan aurkeztu ditu lanak sanferminetako kartel lehiaketara. 2013an, finalista izan zen “Santo” izeneko kartelarekin. “Kilikon” egiteko, pintura akrilikoa eta...

TVEk baztertu egin du sanferminetan ‘reality’ bat egiteko asmoa

TVEk baztertu egin du sanferminetan ‘reality’ bat egiteko asmoa

Sanferminetako peñen federazioak arbuiatu egin du jaiei buruzko reality bat egiteko Espainiako Telebistak esku artean duen proposamena. El Periódico egunkarian argitaratu da berria: hainbat jende ezagunek sanferminetako entzierroan parte hartuko luke, eta telebista saioak, berriz, entzierroan korri egiteko nola prestatu diren erakutsiko luke. Zeppelin ekoiztetxeak ekoitziko luke programa. TVEk aitortu du proiektua mahai gainean zegoela eta aztertzen ari zela...