TVEk baztertu egin du sanferminetan ‘reality’ bat egiteko asmoa

TVEk baztertu egin du sanferminetan ‘reality’ bat egiteko asmoa

Sanferminetako peñen federazioak arbuiatu egin du jaiei buruzko reality bat egiteko Espainiako Telebistak esku artean duen proposamena. El Periódico egunkarian argitaratu da berria: hainbat jende ezagunek sanferminetako entzierroan parte hartuko luke, eta telebista saioak, berriz, entzierroan korri egiteko nola prestatu diren erakutsiko luke. Zeppelin ekoiztetxeak ekoitziko luke programa.

TVEk aitortu du proiektua mahai gainean zegoela eta aztertzen ari zela aukera, baina baztertu egin du aukera hori.

Peñen federazioak gogor kritikatu du asmoa: “Horrelako telebista saioen ukitu sentsazionalista ikusirik, erabat ezegokia iruditzen zaigu gure jaietan oinarriturik egitea”. Peñak beldur dira halako saioekin urteetan sanferminetan eginiko lana alferrik galdu ote den. Hau da, eraso sexistarik gabeko jai parte hartzaile eta pluralak galbidean jarriko ote dituen.

Iruñeko Udalari eskatu diote koherentziaz jokatzeko eta ez emateko baimenik halako egitasmoei. Enrique Maiak gaur bertan hitz egin du aferaz, eta esan du “izugarria” litzatekeela halako saio bat egitea. Esan du udalari baimenen bat eskatuz gero ez diotela emango, eta gogorarazi entzierroa grabatzea debekaturik dagoela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.