Hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri diote Iruñeko gizon bati, indarkeria matxistagatik

Hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri diote Iruñeko gizon bati, indarkeria matxistagatik

Nafarroako Auzitegiak hemezortzi urteko eta 11 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Iruñeko gizon bati, indarkeria matxistagatik. Zehazki, 24 urteko gizonari leporatu diote bikotekidea bortxatzea, hari tratu txarrak ematea eta mehatxu egitea. Horrez gain, 15.000 euroko ordain-kaltea eman beharko dio bikotekideari. 

Nafarroako Auzitegiak jaso eta jakinarazi duenez, gizonak 2023ko abenduaren eta 2024ko irailaren artean egin zituen eraso horiek. Biktimaren arabera, gizonak «umiliatu» egiten zuen, bere lagun eta senideekin egotea galarazten zion, eta nola jantzi agintzen zion. 2024ko urtarrilean bortxatu zuen aurrenekoz, eta jipoitu eta etxean giltzapetzen zuen maiz, emakumeak ez bazuen sexu harremanik izan nahi. 

Hala, Nafarroako Auzitegiak ebatzi du emakumeak «tratu txar fisiko eta psikologikoak» pairatu dituela, eta «manipulazio eta kontrol emozionalean» oinarritzen zela beren harremana. Bestalde, oraingoa ez da gizona indarkeria matxistagatik zigortzen duten aurreneko aldia. Epaitua eta zigortua izan baitzen 2021eko irailean eta 2022ko martxoan.