Estatuko estolden kiratsa Montejurran

Estatuko estolden kiratsa Montejurran

Montejurran, karlisten mendi sakratuan, odola isuri zen gaur duela 50 urte, 1976ko maiatzaren 9an. Karlisten eta antifrankisten bilkura izan behar zuen hura tragedia bihurtu zen bat-batean. Mendiaren iparraldeko hegalean, Iratxeko monasterioaren inguruetan, gabardina luzea eta txapel gorria zeraman gizon batek tiro egin zion Aniano Jimenez santandertarrari (Espainia). Handik hiru egunera hil zen, ospitalean. Mendiaren tontorrean, berriz, ingurua lainopean zela, metrailadore batek tiroak sortaka bota eta baletako batek bihotzean jo zuen Ricardo Garcia Lizarrako (Nafarroa) gaztea. Hantxe bertan hil zen. Egun hartan gertatutakoa karlisten arteko borroka baten ondorio izan zela zabaldu zuen bertsio ofizialak, eta kontakizun horrek erroak bota zituen, gaurdaino. Alta, estatuko estolden kiratsa zerion. Diktadorea hil ondorengo gobernu frankistaren operazio bat izan zen krimen hura.

Bi hilabete lehenago, Polizia Armatuak bost langile hil zituen tiroz Gasteizen. Trantsizioaren hasiera hartako bi mugarri nagusiak izan dira Gasteizkoa eta Montejurrakoa, baina memoria kolektiboan ez dute bide bera egin. Josu Chueca historialariaren ustez, Gasteizkoa «potentzia handiagokoa» izan zen; baina, gainera, Alderdi Karlistaren bilakaerak berak ere zerikusia izan du Montejurrako gertakaria oroitzeko moduan: «Korronte politikoa ahulduz joan da, eta nahiko umezurtz geratu dira memoria bultzatzeko orduan».

Duela 50 urte, Reyes Berruezo eta Javier Aldaz militante karlistak ziren, eta, haien ustez, «gezurrezko kontakizuna gailendu da». Alderdi Karlistak hasieratik salatu zuen orduko Espainiako Gobernuarena izan zela erantzukizuna. Susmo hori uxatzeko asmoz, Manuel Fraga Iribarne garai hartako Gobernazio ministroak azpimarratu zuen «anaien arteko borroka bat» izan zela Montejurrakoa. Berruezok argi du mezu hura «eraginkorra» izan zela: «Saldu zuten bi talde karlistaren arteko gatazka bat izan zela. Ez da egia, baina gehienek halaxe uste dute».

2023an, Jose Luis Ruiz de Gordoa orduko gobernadore zibilaren semeak aitaren paperak utzi zizkion Alderdi Karlistari. Agiri horien bidez, baieztatu egin zuten operazioa Carlos Arias Navarroren gobernuak antolatu zuela eta atzean Manuel Fraga bera zegoela. Ruiz de Gordoaren eta Fragaren arteko gutun trukaketan aipatzen da «gero eta erradikalagoa den ospakizun iraultzaile bat» dela Montejurrakoa, eta Espainiako erregeari «irain» egiten ziotela han. Hala, helburua zen karlismoaren sektore tradizionalek ekitaldiaren kontrola hartzea eta bidea hasi berria zuen monarkia babestea. Horretarako, nazioarteko eskuin muturreko kideei ordaindu zieten. Birkonkista deitu zioten operazioari.

Karlismoaren bilakaera

Baina nolatan bihurtu zen karlismoaren sektore zabal bat erregimen frankistaren etsai? 36ko gerran, karlistek estatu kolpea babestu zuten, Francoren gudarosteen adar garrantzitsua izan ziren, eta etsai politikoen aurkako jazarpenean parte hartu zuten. Diktaduran, erregimenaren babes instituzionala zuten. Alta, mugimendua ez zen homogeneoa. «Karlismoaren fenomenoa ulertzea ez zen erraza orduan, eta ez da erraza gaur egun ere. Ez zegoen karlismo bakarra. Hainbat karlismo zeuden», laburbiltzen du Berruezok. Diktadura garaian, Francoren aurkako sentipena zabalduz joan zen. «Sektore bat oso antifrankista zen. Kostatu zitzaidan ulertzea eskuineko antifrankismoa zela».

1968an egin zuen klik. Sektore haren Espainiako tronurako hautagaia, Karlos Hugo Borboi-Parmakoa, Espainiatik kanporatu zuen Francok, eta, handik gutxira, Juan Carlos Borboikoa oinordeko izendatu. «Auzi dinastikoan galtzeak are gehiago aldendu zituen Francorengandik, eta jarrera antifrankista hartu zuten», azaldu du Josu Chuecak. Bat dator Berruezo.

Reyes Berruezo eta Javier Aldaz, Iruñean. Biak militante karlistak ziren 1976an, nahiz eta Berruezo alderdia uztear zen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hori 1969ko Montejurrako ekitaldiaren bezperan azaleratu zen lehen aldiz. 1939tik, urtero egiten zuten tontorrerainoko gurutze bidea, eta euren buruzagiari gorazarre egiteko ekitaldi politikoa ere izaten zen, baina, 1969an, Francoren argazki bat erre zuten Lizarrako Foruen plazan, eta haren aurka oihu egin. Han zen Javier Aldaz, artean nerabea zela: «Jende guztiak oihukatu zuen ‘Franco traidorea, behera erregimena!’. Gogoan dut nola aritu ziren guardia zibilak fusilen kulatekin jendeari kolpeka. Korrika alde egin genuen handik autobusetarantz». 

Horrekin batera, belaunaldi gazte bat sartu zen. «Gerra zibileko erreketeen seme-alabak ginen, Stockholmgo sindromea genuen. Ezin ginen bat etorri egin zutenarekin, baina gure gurasoak errespetatzen genituen. Ezkerrerantz egin genuen, uste baikenuen frankismoaren aldeko karlismoaren irudia ezabatzea zegokigula», azaldu du Berruezok. Bilakaera ideologiko oso azkarra izan zen urte gutxian: katolizismo soziala baztertu eta sozialismo autogestionatura egin zuten jauzi; Espainia bat eta bakarra defendatzeari utzi, eta nazionalitateak babestu; diktaduraren parte izateari utzi, eta antifrankistekin batera demokrazia aldarrikatzen hasi.

«1976an frankismoaren estatu aparatua osorik zegoen oraindik, eta Espainiako erregea babestu beharra zegoen»

REYES BERRUEZO Militante karlista ohia

Ondorioz, Montejurrako ekitaldiak bestelako kutsu bat hartu zuen. «Antifrankismoaren bilgunerik handiena zen», aipatu du Berruezok. Behin Franco diktadorea hilda,  eta oraindik ere ekitaldi politiko guztiak debekatuta zeudela, antzematen zen 1976ko Montejurrako ekitaldia berezia izango zela. Baina inor gutxik susmatzen zuen zer gertatuko zen zehatz-mehatz. Aldazek, aldiz, nabaritu zuen «zerbait handia» etortzear zela. «Astebete lehenago, ikaskide nuen lagun min batek deitu zidan. Kristo Erregearen Gerrillariak taldeko kide zen, eta, negarrez, asko maite ninduela esan zidan, eta ez joateko erregutu».

Ruiz de Gordoaren paperen arabera, gobernuaren planaren parte bat zen Espainiako karlismoaren sektore tradizionalistako kideak biltzea, eta Montejurran bildutakoak kolpeka kanporatzea. Errepideko kontroletan, segurtasun indarrek galarazi egingo zieten karlista antifrankistei hara joatea, eta tradizionalistak babestuko zituzten. Gainera, Argentinako, Italiako eta Frantziako eskuin muturreko mertzenarioak errekrutatu eta finantzatu zituen zerbitzu sekretuak. Berruezok argi du helburua: «1976an frankismoaren estatu aparatua osorik zegoen oraindik, eta estoldek ere berdin jarraitzen zuten. Espainiako erregea babestu beharra zegoen. Oinarrian Juan Carlos erregea oso ahul zegoen, eta oposizio monarkiko oro higatu beharra zegoen hura sendotzeko».

Jakinik ikusmin handia piztu zela, prentsa akreditazioak banatzen aritu zen egun hartan Berruezo, Iratxeko monasterioaren atzealdean. «Oso gauza gutxi ditut gogoan. Bizkarra eman genien gertaerei». Txoko hartara akreditatzera joandakoen artean zen Josu Chueca, ordu hartan LKI Liga Komunista Iraultzaileko kidea eta Zutik aldizkariaren egileetakoa. «Testuinguru politiko bero-bero hartan, karlista ez ginenok kuriositatez joan ginen hara». Gehienez 36 argazki ateratzeko karretea eta kamera zeramatzan soinean. Goiz joan zen, eta hamarrak aldera entzun zuen oihua, monasteriotik egurrezko gurutzea ateratzen ari zirenean: «Badatoz gerrillariak».

Korrika batean egin zuten NA-111 errepiderantz; Aiegiko errepidetik zetozen tradizionalistak eta faxistak. «Gora Espainia» eta «Montejurran gorririk ez» oihuka, besteak beste. Bi taldeek talka egin zuten Iratxe upategiaren parean. Elkarri oihu egin, eta gabardina luzea zeraman gizonak pistola atera zuen. Han zen Aniano Jimenez; «koldarra» deitu zion gabardinadunari, eta hark lau metroko distantzian egin zion tiro. Larri zaurituta eta konortea galdurik, monasteriorantz eraman zuten Jimenez. Handik hiru egunera hil zen. 

«Lurrera erori ginen. Metrailetaren tiro sorta entzun zen. Etzanda, lohi tantekin zipriztindu ginen. Gutako bat ez zen altxatu. Poloan erredura bat zuen, bihotzean»

JAVIER ALDAZ Militante karlista ohia

Orduantxe heldu zen Chueca hara, eta argazkiak atera zituen. Gabardinadun gizona Espainiako Armadako komandante bat zen, Jose Luis Marin Garcia-Verde. «Denbora dezente egon zen pistola eskuetan, hamar bat minutu. Ez ninduen ikusi, baina ondoan zuenak bai, Emilio Berrak». Argentinako Triple A talde paramilitarreko kide hark pistolarekin apuntatu zion Chuecari: «Argazki makina jaitsi nuen ziztu batean, eta hark pistola ere bai, baina lortu nuen argazkia ateratzea». 

Argazkietan beste pertsonaia batzuk ageri ziren Berraren eta Marinen alboan. «Ez genekien nortzuk ziren: hilabete batzuen buruan jakin genuen». Indarkeriaz beteriko iragan beltza zuten atzean: besteak beste, Augusto Cauchi italiar faxista, hainbat atentaturen egilea, gerora ETAren aurkako gerra zikinean parte hartu zuena; Stefano Delle Chiaie, Espainiako eta Latinoamerikako diktaduren zerbitzura atentatuak egindakoa eta BVE Batallon Vasco Españoleko partaidea; Rodolfo Almiron Triple Ako kidea eta gerora Fragaren segurtasun arduradun izana; eta Jean Pierre Cherid, gerora GALeko partaide izana eta 1984an ustez bonba bat manipulatzen ari zela hildakoa.

Faxistek burdinazko borrak, kateak eta pistolak zeramatzaten, eta kolpeka aritu ziren mendiko makilak baino ez zituzten karlisten aurka. Han bertan ziren guardia zibilek ez ikusiarena egin zuten. Berruezo: «Jendeak etsituta esaten zien: ‘Baina ez al duzue ezer egin behar? Armak dituzte’». Erantzun zieten ez esku hartzeko agindua zietela, baina, azkenean, haietako bat karlisten eta faxisten artean jarri zen. Jose Luis Marin ez zuen atxilotu, ezta identifikatu ere. Bitartean, lehen zaurituak heldu ziren Iratxera. «Gure aretoan sartu zen Maritxu Olazaran, eta esan nion esajeratu hutsa zela, baina berehala jabetu nintzen odoletan zela».

Tontorrean, metrailadorea

Behean zer gertatzen ari zen jakin gabe, gurutze bidean zihoazenak mendi tontorrera heldu ziren 11:00k pasatuta. Haien artean zen Javier Aldaz, Javier Erize Iruñeko alkatearekin batera. Behe lainoak inguraturik, eskuin muturreko taldeetako kideen hesi batek galarazi egin zien aurrera egitea. «Poliziek identifikatzeko besokoak zeramatzaten, eta atzerantz eginarazi ziguten. Halako batean, haietako batek esan zuen on Sixtok hitz egingo zuela. Txistuka hasi gintzaizkion, eta orduan entzun zen agindua: ‘Sua!’». Jose Arturo Marques de Pradok, tradizionalisten buruetako batek, arma automatiko batekin egin zuen tiro, eta jarraian, arroken artean zen metrailadore batek sortaka disparatu zuen. «Lurrera erori ginen: muino txikiz eta arrokaz beterik zen ingurua. Metrailetaren tiro sorta entzun zen. Etzanda, lohi tantekin zipriztindu ginen. Altxatu, eta haiek atzerantz egin zuten. Gutako bat ez zen altxatu. Poloan erredura bat zuen, bihotzean bertan. Odoletan zen. Suspertzen ahalegindu ginen, baina Erize pediatra zen, eta esan zidan ez zegoela ezer egiterik. Berehala hil zen». Ricardo Garcia zen.

Halere, korrika jaitsi zuten mendian behera, pentsaturik oraindik salba zitekeela. Noizbehinka ahoz ahokoa egiten zioten, baina alferrik. Mendian gora zihoan Josu Chueca, eta hura ikustean, argazkia atera zion. Berruezok ere mendian behera ikusi zuen. «Gogoan dut mendian behera zetozela oihuka: ‘Hildako bat, hildako bat’». 

Bi lagun hiltzeaz gain, beste 30 zauritu zituzten. Ez zuten inor atxilotu. Erasotzaileei ez zitzaien inongo zigorrik ezarri. Handik astebetera, Marin Garcia-Verdek bere burua entregatu zuen, baina amnistia legearen bidez aske geratu zen. Fragak, Arias Navarrok eta buruzagi tradizionalistek ez zuten epaile baten aurrean deklaratu. Sixto Borboi-Parmakoa Espainiatik alde egitera behartu zuten, ez zezan eman operazioa prestatzeko Espainiako erregearekin izandako elkarrizketen berri. 

«Montejurrakoak erakutsi zuen estatu aparatuak prest zeudela gerra zikinean aritzeko orduan eta beranduago, GALen garaian»

JOSU CHUECA Historiagilea eta gertaeren lekukoa

Mende erdi geroago, bi ideia nabarmendu dituzte Aldazek eta Berruezok. Hildakoak ez ziren  nabarmendu behin ere politikan. Garcia Lizarrako gazte bat zen, eta Jimenez langile katolikoen mugimenduko kide bat. «Ez zenez inoren kontrako erasoa izan, guztion kontrako erasoa izan zen. Gutako edonor izan zitekeelako sentipena nagusitu zen», dio Berruezok. Bertaratutako askoren artean ezintasuna eta porrot sentsazioa nagusitu ziren. «Erabat umiliatuta geunden, eta politikan aktiboago jardun beharra nagusitu zen: ‘Hau [karlismoa] amaitu da, eta politikan eraginkorrena den tokian ekin behar da’». Hala, Berruezoren esanetan, militante askok beste norabide politiko bat hartu zuten. «Alderdiko hainbat kideri honela entzun nien: ‘Amaitu da galtzeko garaia’», gaineratu du Aldazek, eta baieztatu du haietako batzuek ETAn amaitu zutela.

Alderdi Karlistari min handia egin zion hark guztiak, baina Chuecak ez du uste horrek eragin zuenik alderdiaren gainbehera. «Hori gertatu edo ez, karlismoa gain behera etorriko zen, ezinbestean. Lehen hauteskundeetan legez kanpo egon baziren ere, 1979an Karlos Hugo Nafarroako hautagai izan zen, eta ez zuen ordezkaritzarik lortu». Berruezoren ustez, operazioak «erabateko» arrakasta izan zuen. «Alderdi Karlista desagertu egin zen agertoki politikotik. Montejurrakoa gertatu izan ez balitz ere, antzera gertatuko zen. Alderdiak iragana ordezkatzen zuen, eta jendeak zerbait berria nahi zuen».

Bukatzeko, ondorio nagusi bat azpimarratu nahi izan du Chuecak. «Orain plazaratu diren agiriek frogatu dute estatua erabat inplikatuta egon zela. Montejurrakoak erakutsi zuen estatu aparatuak prest zeudela gerra zikinean aritzeko orduan eta beranduago, GALen garaian».

[galleries:horizontal:154]

BIHAr bi ekitaldi Montejurran

Gertakari haiek izan zirenetik 50 urtera, Lizarrako Udalak lehen aitortza instituzionala egingo die bihar biktimei. 12:00etan hasiko da ekitaldia, kultur etxean. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordeak eta Mikel Kolomo udalaren Montejurrako batzordeko buruak hitz egingo dute, baita senide eta zaurituek ere.
Alderdi Karlistak, berriz, asteburu berezia antolatu du. 11:00etan, Iratxeko monasterioaren parean izango dira, hura memoria gunea dela aitortzen duen plakaren inaugurazioan. Etzi Montejurrarako gurutze bidea egingo dute.