Baztango zinegotzi baten aurkako presioak salatu dituzte

Baztango Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia txostenak polemika ugari piztu ditu. Erdiz Bizirik taldeak esan du, Magna enpresaren eta Baztango Garapenerako Elkartearen inguruko lagunek udalbatzarkide bat estu hartu zutela apirilaren 10eko udalbatzaren aurretik. “Mafiosoen antzeko jokabidearekin Baztango ekonomian funtzio produktibo argia duen bazkaleku komunala eztabaida publikorik gabe eta presio bidez desegin nahi izan dute”, azaldu dute plataformako kideek.

Baztango udalbatzak onartutako planak Erdizeko bazkaleku komunala dagoen bezala utziko du. Erdiz Biziriken arabera, Magna enpresak eta Baztango Garapenerako Elkarteak nahi zuten bazkalekua jarduera industrialerako erreserba gisan kalifikatzea. Plataformako kideek gogora ekarri dute, Erdizek hainbat babes neurri dituela eta ibarreko ekonomiaren oinarrietako bat dela. “Ehun baserritar inguruk erabiltzen dute bazkalekua, eta horrek eragin ekonomiko, sozial eta kultural handia du. Halaber, Erdiz Aldude izeneko Zainketa Bereziko Eremuan dago, eta horrelako tokietan harrobiak egitea debekatzen du Europak”.