Orbaizetako arma ola zaharberritzeko aurrekontua onartu dute

Orbaizetako arma ola zaharberrituko dute. Espainiako Sustapen Ministerioak, Nafarroako Gobernuak eta Aezkoako Batzar Nagusiak adostu dute lanetarako aurrekontua. Orotara, 861.347 euro bideratuko dituzte. Haraneko Batzar Nagusiek kudeatuko dituzte diru laguntzak.

Ministerioak bideratuko du diru kopururik handiena, 629.998,55 euro. Nafarroako Kultura, Turismo eta Erakundeen Harremanetarako departamentuak 200.000 euro baino gehiago jarriko ditu. Aezkoako Batzar Nagusiek ordea, aurrekontuaren %2,48 hartuko dute euren gain.

Arma olan egingo diren lanetan berezko teknika eta materialak errespetatuko dituzte. Hala ere, harresi zaharrak eta berriak bereiziko dituzte. Gainera, atzera bueltarik ez duen lanik ez dute egingo.

Orbaizetako arma ola Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuten 2007. urtean. Aezkoako baliabide garrantzitsua da. Ondasun historiko berezia izateaz gain, Iratiko oihaneko beste gune turistiko garrantzitsu bat izan daiteke.

Historia korapilatsua

Orbaizetako arma ola burdinola bat zegoen tokian eraiki zuten 1784. urtean. Espainiako armadak artilleriako militarrek diseinatu eta garatu zuten lantegia. Burdina urtuzko bonbak, granadak eta hainbat motatako munizioa egiten zituzten. XIX. mendearen erdialdean, 40 lagun inguruk lan egiten zuten olagizon moduan, eta, horietatik aparte, egurra eta minerala ekoizteko langile asko zituen arma olak.

Lantegiak mende bateko iraun zuen gutxi gorabehera, baina, gerren eta ezbeharren ondorioz, hainbat alditan deuseztatu eta berriz zabaldu zuten. Konbentzio gerran Frantziako armadak erre egin zuen 1794an. Ondoren, Napoleonen armadak suntsitu zuen Independentzia gerran (1808). Zumalakarregi karlistaren gudarosteak ere 1834an erre egin zuen, eta 1869an eta 1871n, bi sute izan zituen. Hainbat aldiz berreraiki ostean, arma ola zaharkitua gelditu zen labe garaien industria modernoaren aldean.