2.500 kilometro

Pausorik pauso beti bidea eginez, geroa irabaziko genuela ikasi genuen Lizarran, duela orain hogeita bortz urte; ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, korrika ere hogeita hamabortz urte daramatzagu; eta aurtengo Nafarroa Oinez-en lema Hamabortz, ama bat izanen da.

Bide luzea eta helmuga bat: euskaraz bizitzea eta euskal kultura lau haizeetara zabaltzea, euskaraz bizi den herria oraindik ere bizirik dagoela erakustea. 2.500 kilometro korrika eman ditugu aurten, beti bezala bakoitzarengan sortzen dituen nerbio eta esperantzaz. Kontent eta alai euskarak egoera hobea bizi duen Nafarroako herrietan, harro eta burua goitituz bertzeetan, gure oihuak zoko eta burmuin ilun guztietara ailega daitezen.

Hizkuntza baten alde munduan dagoen ekimenik handiena dela ere jakin dugu aurten artikulu baten bitartez, eta dozenaka hizkuntzatara itzulita irakurri ahal izan dute atzerrian. Badirudi egia direla hasieran aipatutako hiru lema horiek, pausorik pauso eta kilometro andana horiek korrika egin eta gero, gure amari (hizkuntza) eusten ari garela, gogoz eta egunerokoan, normalizaziora bidean.

Badago kontrakoa erraten duenik ere, baina ezin da ukatu egun hauetan ikusi dugun ilusio eta jendetza guzti horren indar bizia!

Bertze 2.500 kilometro eginik, Korrikaren ibilbidearen distantziarekin bat etorriz, atzerritik heldu zaizkigu ere Kaxubiako lagunak. Nonbait Poloniaraino iritsi dira gure euskararen hotsak, Gdynia izeneko hiriraino, eta han kaxubiera hizkuntz gutxitua solastatzen direnen taldetxo bat Euskal Herria bisitatzen egon dira egun hauetan. Nafarroa Oinez-en parte den Txikiak Handi proiektuaren baitan, kaxubiera eta euskararen arteko zubiak lantzen ari dira han eta hemengo haur eta helduak.

Izan ere, kaxubiarrentzat euskaldunak eredua gara. Poloniako Pomerania eskualdean bizi diren 240.000 biztanletik 108.000k kaxubiera dakite, azken hamarkadetan hizkuntzak egin duen berrindartze lanaren ondorioz. Hala ere, ez dago hizkuntza ofizial gisa onartua, nahiz eta herritarrek kaxubiera babesteko eta indartzeko eskubidea duten. Hortaz, 1992. urtetik aurrera irakaskuntza publikoan hautazko irakasgai gisa aukeratu daiteke, eta ikasturte honetan, konparazio baterako, 18.000 ikasle ari dira kaxubieraz ikasten.

Horiei laguntza emateko prest, eta haiengandik ikasiko dugulakoan ere, bertze hainbertze ekinbideren artean, lehenik baztandar bat egon zen Kaxubian eta orain haiek etorri dira geurera. Bilbora iritsi ziren pasa den astean, Korrika Jaira espresuki, eta egun batzuk eman dituzte gure bazterrak ezagutzen.

Mende eta mendietan barrena euskara bizirik mantentzeko egin dugun eta egiten dugun guztiaren berri izan dute, eta esker oneko agertu dira gu bezalako herria ezagutzeko aukera izateagatik. Gu ere baikortasun horren parte garenez, erran dezagun ozen 2.500 kilometro eta hamaika gehiago eginen ditugula txalaparta eta adarren soinuak ez daitezen sekula isildu!