Nafarroako Hitza puntueus da

Nafarroako Hitza puntueus da

Jon Ordoñez

Argia, sinplea eta irakurterraza”. Hala azaldu zien atzo Ion Orzaiz Nafarroako Hitza-ko zuzendariak webgune berriak zer izan nahi duen eta nolakoa izango den aurkezpenean. Zaldiko Maldiko elkartean egin zuten aurkezpena Orzaizek eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Patxi Zabaleta Aralarreko parlamentaria, Mikel Bujanda eta Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratikoak eta Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendaria eta Gontzal Agote zine kritikoa. Lara Madinabeitia BerriaTBko bideogileak bideo batean jaso zuen ekitaldia.

Nafarroako Hitza-ren webgunea .eus da atzotik, eta aldaketa horrekin batera itxura eta eskaintza berritu ditu. Orzaizek azaldu zuenez, ostiralero Nafarroan argitaratzen den astekariko edukiak jasoago daude orain, eta horrekin batera, BERRIAko Nafarroako albisteak eta egunean egunekoak ere bilduko dituzte.

Sare sozialetan, gainera, bere presentzia indartuko du. Twitterreneta Facebooken eduki propioekin egongo da, eta YouTuben Nafarroako bideoak biltzeko kanal bat sortu du. Nabarmentzekoa da, gainera, datorren astetik aurrera bozei begira antolatu dituen mahai inguruak zuzenean ikusi ahal izango direla BerriaTBren bitartez.

Atzoko ekitaldian aurkeztu zituen Orzaizek maiatzeko hauteskundeetara begira Nafarroako Hitza-k antolatu dituen hiru mahai inguruak. Hirurak zuzenean streaming bidez ikusi ahal izango dira. Nafarroako Hitza elkarlanean arituko da Nafarroako beste hedabide euskaldunekin, lekuko hutsa izan beharrean protagonista izan nahi duelako.

Elkarlan horren isla dira hauteskundeen atarian Nafarroako Hitza-k, Euskalerria Irratiak eta BERRIAk antolatu dituzten jardunaldi publikoak, kulturaren, euskalgintzaren eta politikagintzaren gaineko hausnarketa sustatzeko eta kazetaritza lana karrikara ateratzeko. Nafarroa Ofizialetik Nafarroa errealeradute izenburuAzken mahai inguruan Hamaika telebistak ere parte hartuko du.

Apirilaren 29an,  Nafarroak euskaraz bizi nahi du solasaldia izango da, Kontseilua, AEK, IKAko ordezkariak eta euskalgintzan diharduten beste batzuekin. Ion Orzaizek berak zuzenduko du.

Maiatzaren 6an, berriz, Kultura: edukiak eta edukiontziakizango dute mintzagai kulturaren esparruko gonbidatuek. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak zuzenduko du.

Maiatzaren 13an —kanpainan, bete-betean—, EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrako hautagaiek Aldaketa eraikitzen gaiaz hitz egingo dute jendaurrean. Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko kazetariak zuzenduko du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.