Esparza eta Araizen arteko eztabaidaren hamar gako eta zenbait jakingarri

Esparza eta Araizen arteko eztabaidaren hamar gako eta zenbait jakingarri

Jon Ordoñez / BERRIA

Ez dirudi Esparzak eta Araizek atzo egin zuten eztabaida erabakigarria izango denik maiatzaren 24ko bozetan, baina utzi zituen ostiralean hasiko den kanpainan gako izan daitezkeen zenbait jarrera.

1.- Esparzak ez zuen argazkirik nahi Araizekin Eztabaida ere horrela hasi zuen Esparzak, Araizekin eztabaidatuz zilegitasunik eman nahi diola ukatuz. Araiz 21:15ean iritsi zen, eta ordu laurden geroago Esparza. Argazkilariak estudiora hautagai bakoitza bere lekuan zegoela deitu zituzten. Hautagai bakoitzak pantaila bat zuen atzean, eta Araizen bizkarrean zegoen pantailan bezala Esparzaren atzean zegoen pantailan ere, argazkietan ikus daitekeenez, EH Bilduren logotipoa jarri zuten. Behin eztabaida amaituta, UPNko hautagaia korrika joan zen, Araizekin hitz erdirik egin nahi izan gabe; makillajea kendu ere egin gabe. Esparzaren hasierari garbi erantzun zion Araizek: “EH Bilduri zilegitasuna ez dio UPNk ematen, herritarrek baizik”. Makillajea kenduta, geroago joan zen Araiz.

2.- Babestuta eta bakarrik

Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez parlamentariekin eta Xabi Lasa Berriozarko alkatearekin iritsi zen Araiz estudioetara. Esparza, berriz, Sergio Sayas parlamentariarekin eta Oscar Arizkuren UPNko idazkari nagusiarekin. Estudioan bakarrik ziren, baina atsedenaldian bi prentsa buruak eurengana gerturatu ziren. Esparza gogorrago aritu zen, eta eztabaidaren amaieran urduri agertu zen, bere onetik aterata ia, behin eta berriz Araizek hitz egiteko zuen txanda moztuz. Baten batek esan zuen gero Sayasek eztabaidetan duen jarrera dela hori. Araiz, berriz, lasaiago egon zen, presidente batek behar duen jarrerara gehiago gerturatuz. Oso zuzen agertu zen; zuzenegi agian? Norberak baloratu beharko du zer jarrera zaion gertuagokoa, zer eskatzen dion hautagai bati.

3.- Ez zeuden denak Araizek garbi utzi zuen Nafarroak eta nafarrek aldaketa behar dutela, eta hori esan eta berehala aipatu zituen Geroa Bai, Ezkerra eta Podemos-Ahal Dugu. Atzoko eztabaida bi hautagairen artekoa zen soilik, eta Navarra Television-eko langileek eztabaidaren ondoren BERRIAri azaldu ziotenez, eurek bi hautagaien eztabaida proposamena jaso besterik ez zuten egin. “Beste hautagai batzuek beste aurrez aurreko batzuk hitzartzen badituzte, prest gaude gu horiek ere egiteko”.

Maiatzaren 13an, Nafarroako Hitza-k, Euskalerria irratiak eta BERRIAk antolatuta, Aldaketa ereiten mahai ingurua izango da Katakraken: EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu. Aurreko astean izan zen Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera hitzaldi sortaren lehen mahai ingurua, euskalgintzako eragileena. Gaur egingo da bigarrena, eta BERRIAk zuzenean emango du. Kultura izango da mintzagai: administrazioek orain arte aplikaturiko kultur politika, edukirik gabeko azpiegitura erraldoiak lehenesten dituen eredua, artista eta sortzaileen beharrak eta beste izango dituzte hizpide. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak zuzenduko du.

4.- Iragana eta aldaketa

Bi ardatz izan zituen eztabaidak. Esparzak Araizen iraganari heldu zion, bere etorkizuna zapuztzeko asmoz. Araizek, berriz, Esparzaren iraganari heldu zion, etorkizunean aldaketa behar dela azpimarratzeko. EH Bilduko hautagaiak behin baino gehiagotan egia ez esatea leporatu zion UPNkoari, eta esan zion, besteak beste, gezurra dela HBn gatazka sozializatzearen aldeko bozketa batean parte hartu zuenik. Araizek esan zuen politikoki eta sozialki Nafarroa larrialdi egoera batean dagoela, eta aldaketa posible dela.

5.- “Lau gauza aurpegira” Eztabaidarako gonbidapena onartzerakoan Esparzak esan zuen “lau gauza” esan nahi zizkiola “aurpegira” Araizi. Eta lau gauza horiek izan ziren bere diskurtsoaren ardatz: “ETA, indarkeria, gaitzespena eta barkamena”. Une oro baliatu nahi izan zuen UPNko hautagaiak eztabaida horretara bakarrik mugatzeko. Araizek ezker abertzaleak egin duen autokritika gogoratu zuen, eta gaineratu zuen aitortu dutela biktimen mina. Gaineratu zion nafarrak ez dituela kezkatzen berak zer gaitzesten duen edo ez, eta beste arazo batzuk dituztela. Orokorrean argudiorik ez zuen eman Esparzak berari bozkatzeko, eta Cesar Oroz komikilariaren komiki bat erakustera ere iritsi zen bere jarrera defenditzeko: “NIre bandera mendeetakoa da”. Hainbat perla utzi zituen gainera Esparzak. Esan zuen, besteak beste, sindikatuek enpresak ixten dituztela, maiatzaren 24an Nafarroako bandera eta ereserkia daudela jokoan eta ez duela nahi gobernua Bilbon izango duen Nafarroa. Bilbon dagoen gobernu bakarra udalarena dela aintzat hartuta, pentsatzekoa da Sabin Etxeaz ari dela, baina ez zuen garbi utzi. Esan zuen, gainera, ez duela nahi Nafarroarentzat 100dik 25 eserleku soilik dituen parlamenturik. Txiolari batek gero gogoratu zuen bezala, ordea, Espainiako Kongresuan 350 ordezkaritatik bost ditu soilik Nafarroak, eta Senatuan, 266tik ere bost. 6.- “UPNren gehiegikeriak”, mahai gainean Araizek, berriz, datu ekonomikoetan oinarritu zuen bere agerraldia. UPNren gobernuak —Esparza bera kontseilaria da— azken urteetan hainbat azpiegituratan gastatu duen dirutza jarri zuen mahai gainean, eta aurpegiratu zion Esparzari euren lagunen mesederako egin dutela; ustelkeria hitza ere aipatu zuen. Itzalpeko bidesariak, Navarra Arena, Los Arcosko zirkuitua… Nafarroaren zorra 600 milioi eurokoa izatetik 3.167 milioira pasatu dela gogoratu zuen. Kontuen Ganberak berak horrelakoak eraikitzen hasi baino lehen zer erabilera sozial izango duten neurtu behar dela esan duela ekarri zuen gogora Araizek, eta EH Bildu ere horren alde dagoela. Esparzak erantzun zuen esanez Los Arcoseko zirkuituak onura handia egin diela hango taberna eta jatetxeei (60 milioi euro balio izan zituen).   Aspergarria, Esparza. Gaur egungo arazoak (ekonomikoak, adibidez) konpontzeko asmorik ez dauka? Beti berdin. #DebateNA2015 #NafarrokGaraile — Uxue Etxebeste (@UxueEtxebeste) May 4, 2015

7.- Agoitz, beldurraren eta erridikuluaren artean

Maiatzaren 24ko hauteskundeetan UPNren hutsune handienetako bat da Agoizkoa. Esparzaren herria da, eta alkate izan zen 1999tik 2007ra. Esparzaren arabera, ez dute lortu han hautagaitzarik ateratzea herritarrak “beldurrez” bizi direlako ETAren indarkeriagatik. Araizek, ordea, erantzun zion ez dutela lortu hautagaitzarik ateratzea inork ez duelako lotsagarri geratu nahi, Esparzak berak herrian utzi zuen egoera txarragatik. Esparzak dio agoiztarrek orduan egindako “inbertsioak” gozatzen ari direla.

8.- Bildustan

Esparzak lotsarik gabe esan zuen Nafarroa munduan bizitzeko leku onenetako bat dela, eta aspaldiko topikoen defentsa egin zuen, esate baterako, Nafarroan elkar bizi behar dutela jotak eta zortzikoak. Arcadia horren aurrean Gipuzkoa Bilduren kudeaketaren eredu jarri zuen, eta hondakinen gaia Nafarroako kanpainan sartu nahi izan zuen, argudiatuz dirutza ordaindu duela Gipuzkoak “adreilu bat ez jartzeagatik”. Baliatu zuen hori kritikatzeko Bilduren zerga erreforma Gipuzkoan, eta gaineratu zuen: “Zergekin frijitu nahi gaituzte”. Araizen erantzun zion esanez XXI. mendeko komunala zerbitzu publikoak direla eta gehiago duenak gehiago ordaindu behar duela.

9.- Lehen pausoa

Adolfo Araiz gustura atera zen eztabaidatik (Esparzak ez zuen BERRIArekin hitz egin nahi izan, presaren presaz edo, besterik gabe, interes faltagatik). Denbora gutxi izan zela azaldu zion EH Bilduko hautagaiak BERRIAri, eta eurek ordu eta erdiko eztabaida eskatu zutela; UPNk, ordea, ez zuen nahi izan. Gaiak azkar joan ziren bat bestearen atzetik. Mamiari dagokionez, Araizek azpimarratu zuen EH Bilduk eta UPNk elkar ulertu beharko dutela, eta nabarmendu zuen etorkizunari begira hori eskaini ziola Esparzari eztabaidaren lehen zatian.

10.- Irabazle nor?

Zaila da eztabaida batean nork irabazi duen argitzea, baina gauza bat argi dago: argi-ilunekin bada ere, politikak irabazi zuen. Lehen aldiz egin da aurrez aurreko eztabaida bat, eta hori bere horretan positiboa da. Egia ere bada, atzoko mahai inguruak ez zuela islatzen Nafarroan dagoen aniztasun politikoa, baina aintzat hartuta orain gutxira arte pentsaezina zela UPN eta Bildu eztabaida batean aurrez aurre aritzea (Araizek aurpegiratu zion Esparzari ezker abertzalearen legez kanporatzearen alde egon izana), aurrerapauso bat da. Eztabaida nahasia izan zen, eta Oihane Garzaron moderatzaileari gehiago parte hartu ez izana leporatu zaio (bi hautagaien prentsa arduradunek hitzartu zuten eztabaida nola egingo zen). Parte hartze horrek, baina, askotan eztabaida bera hiltzen du, eta atzokoa behintzat oso bizia izan zen. Aukeran motzegia, bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.