Kultur ereduak mintzagai, Katakraken

Kultur ereduak mintzagai, Katakraken

Euskarari buruzko joan den asteko mahai inguruaren ondotik, gaur kultura izanen dute mintzagai Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldien bigarren mahai inguruan: administrazioek orain arte aplikaturiko kultur politika, edukirik gabeko azpiegitura erraldoiak lehenesten dituen eredua, artista eta sortzaileen beharrak eta beste izanen dituzte hizpide. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak zuzenduko du Kultura edukiak eta edukiontziak mahai ingurua. Oskar Estanga bertsolari eta musikariak, Mikel Soto Txalapartako editoreak eta Leire Urbeltz ilustratzaileak parte hartuko dute.

Azken mahai ingurua hurrengo astean izanen da: maiatzaren 13an, hauteskunde kanpaina betean, eztabaida publikoa eginen dute hainbat alderditako hautagaiek, alternatiba politikoa eraikitzearen inguruan. EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek parte hartuko dute, eta Juan Kruz Lakasta kazetariak zuzenduko du saioa.

Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldia Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak elkarlanean antolatutako egitasmoa da, eta alor ezberdinetan lanean diharduten pertsona ezagunak bilduko ditu Iruñeko Katakrak liburu dendan, hausnarketa sustatzeko. Egoera politiko eta ekonomiko nahasiaren erdian, itxaropen zantzu argiak, ideia eta proposamen berriak antzeman daitezkeela-eta antolatu dira euskalgintzaren, kulturaren eta gizarte gaien inguruko hiru mahai inguruak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.