Martin Monreal izango da Osasunako entrenatzailea sasoia amaitu arte

Enrique Martin Monreal izango da Osasunako entrenatzailea denboraldia amaitu arte. Jose Manuel Mateo kargutik kendu berritan, taldeko presidenteak onartu zuen harekin hitz egiten hasiak zirela. Azkenean ez da ezustekorik izan. Talde egoera larritik ateratzeko ardura Martin Monrealena izango da (Tebas-Muru Artederreta, Nafarroa, 1956).

Martin Monreal Ezagun zaharra da Osasunan. Beheko mailen eta bigarren taldearen arduradun izan da azken urteetan. Lehen taldeko entrenatzailea ere izandakoa da, gainera. Teknikaria Martinen miraria-rengatik ezaguna da. 1996-1997ko sasoian, Osasunak lau entrenatzaile izan zituen, eta Monrealek liga bukatzeko bost jardunaldi falta zirenean hartu zuen. Osasuna bigarren B mailarako jaitsieran postuetan hondoratuta zegoen, salbaziotik sei puntura, eta Monrealek lau partida irabazi zituen jarraian harrobiko jokalariekin jositako talde batekin. Azken jardunaldirako, matematikoki zuen ziurtatuta salbazioa. Aurretik, 1993-1994an ere hartu zuen taldea, Pedro Mari Zabalza ordezkatuz, baina ezin izan zuen eragotzi 2. mailara jaistea.

Osasunako zuzendaritzak Mateo entrenatzaile kargutik kentzea erabaki zuen atzo. Taldea jaitsiera postuetan sartuta dago, eta Mateoren eskutik ez da etorri espero zen susperraldia. Hark Jan Urban ordezkatu zuen postuan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.