“Kultura herritarra bada, anitza eta aberatsa izanen da”

Nafarroako Gobernuak bultzatu duen kultur elitista, kontsumitzaile eta pasiboari aurre egingo dion aldaketa sumatzen da. Horixe uste dute Estanga, Soto eta Urbeltzek, eta aldaketa horrek nolakoa behar lukeen gogoetan aritu dira Katakakren. Gobernuarekin gertatzen dena gertatzen dela, egile eta eragile aktiboak behar ditu kulturak, herri kulturan oinarritutakoa, denok aberastua. Horiek izan dira Nafarroan aldaketa eraikitzeko parte hartzaileek eman dituzten ideietako batzuk.

Behetik gora eginez, hitz eginez, gogoetatuz, bide berriak urratuz, kultura birpentsatu behar da, hizlarien ustez, Baina baliabideak ere beharrezkoak dira, kulturaren instituzionalizazioa ere bai, ez oraingoa, baina behar dira erraztasunak emango dituen egitura bat, gaur egun oso urrun ikusten diren prozesuak ahalbidetzeko. “Gure bide horiek ekarriko dute aldaketa”.

Zer egin galdetu aurretik, zer dagoenari buruz aritu dira hizlariak. Nafarroako kulturari buruzko gogoeta bat egiteko eskatuz hasi dute mahai ingurua. Ez da ikuspegi baikorra, inondik inora:

Mikel Sotorentzat “oso urrun dago” egungo jarduna berak pentsatzen duen kultur ereduetatik. “Ez dago benetako kultur politikarik. Helburu gisa ez da ulertzen, baliabide gisa baizik”. Oscar Estangak ideia horri “pasibotasuna” erantsi dio, kultur pasibo eta kontsumitzailea da gaur egun Nafarroako Gobernuak bultzatzen duena.

Krisi garaiotan, gainera, dena du galtzeko kulturak, Leire Urbeltzen ustez, eta bere “uste utopikoan”, kulturak gainerako arloak eraldatzeko balio du. Gaur egun, ordea, ez du errekonozimendurik.

Nafarroako Gobernuak bultzatzen duen kultur ereduaren isla dira, bestea beste, diru laguntzak bideratzen dituen modua Sotorentzat. Baluartek, adibidez, jaten duen zatia “izugarria” da. Nahiago du diru hori Baluartera bideratzea ezein futbol taldera baino, baina oso “kultura elitista” bultzatzen duela-eta kezkatuta dago.

Hainbat egoera normaltzat jotzeak kezka sortzen dio, berriz, Estangari. Sanferminetan Malu kantariaren kontzertua ezin dela kendu pentsatzeak. Kontzertu handi batean baino prozesuak eta lekuak egotea da garrantzitsua harentzat. Espazioak behar dira, baina espazio horietan garatuko diren prozesuak dira garrantzitsuak.

Bigarren mahai ingurua

Euskarari buruzko joan den asteko mahai inguruaren ondotik, gaur kultura izan dute mintzagaiNafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldien bigarren mahai inguruan: administrazioek orain arte aplikaturiko kultur politika, edukirik gabeko azpiegitura erraldoiak lehenesten dituen eredua, artista eta sortzaileen beharrak eta beste izan dituzte hizpide.

Azken mahai ingurua hurrengo astean izanen da: maiatzaren 13an, hauteskunde kanpaina betean, eztabaida publikoa eginen dute hainbat alderditako hautagaiek, alternatiba politikoa eraikitzearen inguruan. EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek parte hartuko dute, eta Juan Kruz Lakasta kazetariak zuzenduko du saioa.

Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldia Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak elkarlanean antolatutako egitasmoa da, eta alor ezberdinetan lanean diharduten pertsona ezagunak bilduko ditu Iruñeko Katakrak liburu dendan, hausnarketa sustatzeko. Egoera politiko eta ekonomiko nahasiaren erdian, itxaropen zantzu argiak, ideia eta proposamen berriak antzeman daitezkeela-eta antolatu dira euskalgintzaren, kulturaren eta gizarte gaien inguruko hiru mahai inguruak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude