Analisia: eztabaidaren atzeko aldea

Analisia: eztabaidaren atzeko aldea

Joxerra Senar / BERRIA

Nork irabazi du? Nork galdu du? Telebistako eztabaidok eraginkorrak al dira? Eztabaida dei al dakioke herenegun Navarra TV-n Jose Javier Esparzak eta Adolfo Araizek izandako elkarjotze dialektikoari? Galderak bata bestearen atzetik ateratzen dira eta, zintzotasunez jokatzeko, ziurtasunik ez da erantzunetan. BERRIArako eguneko kronika amaitu eta sare sozialeko lehen erreakzioak irakurtzean, espero zitekeen erreakzio oldea irakurri ahal izan nuen. Norbere lubakietatik egindako posizionamendua. EH Bildukoentzat, Adolfo Araiz sendotuta atera zen; UPNkoentzat, Jose Javier Esparza atera zen garaile; eta gainerako alderdietako ordezkarientzat, eztabaidak ez zuen ezertarako balio izan eta euren alderdiak atera ziren indartuta.

UPNk bere lana egin zuen, lan zikina. Barcinaren aldean eraberritzea aldarrikatu duen hautagaiak betiko UPN gogorarazi zuen, Barcinak gogoz txalotuko lukeen diskurtsoa erabiliz. Azken finean, Esparzaren eraberritzea, hitzez hitz, aurpegi aldaketa huts bat baino ez da, eta estrategia oso sinplea du. Ia ziurrenik hauteskundeak irabaziko dituela jakinik, eskuineko sektore zabala ahalik eta gehien mobilizatu eta, legealdi honek eragindako sumina ikusirik, botoak abstentziora joatea saihestu nahi du.

Horretarako, oso baliagarri zitzaion eztabaida. Bere burua aurkeztearekin batera, erasora jo zuen, eta ohiko mamuak erabili zituen: ETAren indarkeria, euskal nazionalismoaren mehatxua eta Nafarroaren egungo estatusa ez ukitzea. Arlo ekonomikoan, Hobetu litekeen arren Nafarroa egoera onean utzi dugu mezua errepikatu zuen. Gehitu dosi horri EH Bildu «beti» Nafarroaren ongizatearen aurka dagoela eta bere kudeaketaren aurkako UPNren ohiko totemak: zaborra eta Gipuzkoa.

Tekla horiek eta datuak nahierara erabilita jokatu zuen etengabe, oso oldarkor. Erasora, arerioari, behar bazen, hitza janez, gutxieneko errespeturik erakutsi gabe, une oro aurkaria soken aurka eduki nahi duen boxeolariaren modura, kolpe baxuak jotzeko prest. Telecincoko eztabaida zabarrenen estiloan. Ezusterik? Batere ez.

Arrisku handiagoa zuen EH Bilduren apustuak, nahiz eta eztabaida egitea koalizioarentzat lehen garaipen bat izan. Luzaroan zilegitasuna ukatu dion alderdia, UPN, komenentziaz eztabaidatzeko prest azaltzen zen oraingoan. Duela lau edo zortzi urte nekez egingo lukeen halakorik; egoera politikoa zenbateraino aldatu den seinale. Alta, hori ere ukatu nahi izan zuen gero Esparzak, hasieran aipatu baitzuen eztabaidarekin ez ziola zilegitasunik eman nahi EH Bilduri. Esanak esan, eman zion.

Ziurrenik, EH Bildu ez zuen ezustean harrapatu UPNren agresibitateak. Esparzaren aldean, tonu lasaiagoa eta irekiagoa izan zuen Araizek. Bakegintzan, kasurako, une oro hatza begian luzatzen zion arerioari, eskua luzatu zion eta elkarbizitza denen artean eraikitzeko beharra azpimarratu zuen. Esparzak berera segitu zuen, ETAren lohira bultzatu nahirik Araiz. Eztabaida aurrerago joan ahala, UPNren hipotekak, azpiegituren gehiegikeriak eta Agoizko Udalean Esparzak berak utzitako ondare txarra gogorarazi zituen Araizek. Demokrazia lau urtean behin bozkatzera ez dela mugatu behar ere oroitarazi zion, baina bere topiko eta gezurrekin erantzun zion Esparzak.

Eztabaida baino boxeo norgehiagoka izan zen hura, eta oso zikina, gainera. Arbitrorik gabe, puntutara nork irabazi duen jakin gabe. Garaipena baino gehiago, bakoitzari lehiaren eraginkortasunak balio zion, eta, apika, Esparzak bere intereserako oldarkorregi jokatu zuen. Ziurrenik, eskuineko sektorean zenbaitek Araizi eta bere iraganari bereak eta bi esateko gogoa eta grina erabili zuen Esparzak, baina UPNren kudeaketarekin haserre dagoen gehiengo handi eta isil horrentzat, benetan, bere moduek esan al zioten ezer? Iritzia aldarazteko balioko al dio?

EH Bilduri dagokionez, Esparzarekin ez ezik, Uxue Barkosen itzalarekin ere borrokatu zen herenegun Araiz. Maiatzaren 24ko gauari begira, denek dakite Nafarroako mapa politikoa zatitzera eta are gehiago aldrebestera doala. Gobernua osatzeko zailtasun handiak egongo dira, eta UPN, PP zein PSNri bigarren itzuliaren aukera haizatzea interesatzen zaie udazkenean aldaketaren aldarria ahulduko den esperoan. Egoera horren aurrean, Geroa Baik posibilismoz zentraltasuna eskuratu nahi du, eta Barkosek berak herenegun onartu zuen aldaketa ez dela mugatu behar koalizio gobernu bat osatzera. Gutxieneko akordioak hitzartuta beste aukerak ere egon daitezkeela iradoki du. Aukera horren giltza izan nahi du. Atzean, PSNren betiko dantza madarikatua ere antzematen da, berriro ere aldaketaren aldarria eginez, gainerako partaideak mareatzeko gertu eta EH Bildu ezer ez egiteko aitzakia gisa erabiltzeko prest… berriro.

Joko hori interesatzen zaio Geroa Bairi, benetako lehia bigarren indarra izatean datza eta. Hark izango du aldaketaren lidergoa, eta nor nagusituko den ez dago argi. Horren jakitun, eztabaida batean UPNren aurrean aurkeztuta, tantoa irabazi du EH Bilduk. Hala ere, koalizioak, Geroa Baik eta besteek kontuan hartu behar dute derrigorrean elkarren beharra dutela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.