Kapitalismoaren kontrakoa ere bada

Kapitalismoaren kontrakoa ere bada

Edurne Elizondo

Hiru urte eta bost hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen, animalien askapenaren alde lan egiteagatik. Zigor erdia kartzelan eman zuen; eta bertze erdia, berriz, estatuak zaindutako etxe batean. Baldintza zorrotzak ezarri zizkioten: ezin zen egon animalien aldeko mugimenduarekin lotura zuen inorekin, ezin zuen Interneten idatzi, ezin zuen bere auziari buruz inorekin hitz egin. “SHAC kanpainako ekintzaileon kontrako legeak egin zituzten, propio”. Nicole Vosper galesak (1988) 16 urterekin egin zuen bat kanpaina horrekin (Stop Huntingdon Animal Cruelty); 21 zituenean sartu zuten espetxean, eta, orain, 28rekin, animalien alde jarraitzen du lanean. Nafarroan egon da, Iruñeko Ekintza Antiespezista taldeko kideen eskutik, SHAC kanpainan ongi eta gaizki egindakoei buruz hitz egiten. Argi erran du: “Gure borroka politikoa da; kapitalismoaren eta estatuaren aurkako borroka ere bada; ezin dugu ahaztu estatuak beti babestuko duela animaliak zapaltzen dituen industria”.

Erresuma Batuan sortu zuten SHAC kanpaina, baina nazioartera zabaldu zen, laster. Hamaika herritan egin zuten harekin bat, animalien askapenaren aldeko mugimenduarentzat ikur bilakatzea lortu arte. Telebista kate batean 1997. urtean erakutsi zuten dokumental bat izan zen haren oinarria: Huntingdon Life Sciences (HLS) laborategietan gertatzen zena agerian utzi zuen lan horrek. Animaliekin saioak egiten zituen Europako laborategirik handiena zen, garai hartan; munduko hirugarrena. Hura ixteko asmoz sortu zen SHAC kanpaina, 1999an.

“Ez zen sinadurak biltzeko kanpaina bat izan, sabotaje ekonomikoa izan zuen helburu: laborategiak, haren hornitzaileak, bezeroak eta gainerakoak izan ziren kanpainaren jomugan”, gogoratu du Vosperrek. Lan hori egiteko hamaika tresna erabili zituztela nabarmendu du, hori izan baitzen HLS laborategien aurkako kanpainaren ezaugarri nagusietako bat. “Gutunak idatzi eta faxak bidali genituen; manifestazioak antolatu eta hamaika protesta egin genituen karrikan”. Urte bakar batean, adibidez, 800 manifestazio egin zituzten. Ez hori bakarrik. Langileen etxeen aurrean ere egin zituzten elkarretaratzeak. “Laborategiekin zer ikustekorik zuten guztiei erraten genien ezin zutela jarraitu han egiten zutena babesten”. HLS enpresarekin lan egiten zuten guztiak agerian uztea zen helburua. Kanpaina Ameriketako Estatu Batuetara zabaldu zenean, HLSren aurkako ekintzaileek bitan okupatu zituzten New Yorkeko burtsaren bulegoak.

Kanpainak parte hartze zabala izan zuen. Laborategien porrot ekonomikoa lortu nahi zuten ekintzekin batera, Animaliak Askatzeko Fronteak ere (ALF) bereak egin zituen. “HLS enpresarentzat aritzen ziren hamaika laborategitan sartu ziren, eta animalia anitz askatu zituzten”.

Hamaika motatako ekintzak, eta hamaika tokitan eta herritan. Urratsez urrats egin zuen gora kanpainaren dimentsioak, eta lortu zuen animaliak erabiltzen zituen industria ezustean harrapatzea. Ondorioak nabarmenak izan ziren. “Gobernuak lau aldiz eman behar izan zion dirua HLS enpresari, porrot egin ez zezan”, azaldu du Vosperrek. Hamaika hornitzaile galdu zituzten laborategiek; aseguru etxeak ere haiekin zuen kontratua eten zuen, eta inork ez zien berria egin nahi izan. “Kanpainak eragin handia izan zuen”. Galera ekonomikoak ere nabarmenak izan ziren: “Zazpi milioi libera galdu zituen HLSk 2008an, Erresuma Batuan”.

Errepresioaren bidetik

Arazo ekonomikoei aurre egiteko gobernua izan zuen lagun HLS etxeak. Polizia ere bai, animalien aldeko ekintzaileen aurka egiteko, Vosperrek argi utzi duenez. Are gehiago, propio laborategien aurkako manifestazioak eta protestak debekatzeko legeak egin zituztela salatu du. “Laborategi baten aurkako manifestazio batean parte hartzeagatik bost urteko espetxe zigorra jasotzen ahal zenuen. SHAC kanpaina haientzat arrisku bat zela konturatu ziren”. Brian Cass auziko polizien arduradunetako batek onartu zuen “industria guztientzako mehatxua” zela SHAC kanpaina. Hor erabilitako taktikak ekonomiaren bertze hainbat sektoreren aurka ere baliatuko ote zituzten beldur ziren.

Mehatxu horri aurre egiteko, errepresioaren bidetik jo zuen estatuak. Horixe nabarmendu du Vosperrek. “2007. urtean, 700 polizia erabili zituen operazio baten ondorioz, 32 pertsona atxilotu zituzten”. Bertze zazpi atzeman zituzten 2009an, eta sei, berriz, 2010ean. Lau eta 11 urte bitarteko zigorrak jaso zituzten, xantaia-konspirazioagatik.

Lehenago jarri zen martxan SHAC kanpainako ekintzaileen aurkako errepresioa, AEBetan. 2004. urtean, zazpi pertsona atxilotu zituzten. Haietako sei zigortu eta sartu zituzten espetxean.

Nicole Vosper 2011ko martxoan eraman zuten kartzelara, hemeretzi hilabetez sententziaren zain egon eta gero: hiru urte eta bost hilabeteko zigorra ezarri zioten. Kartzela barrukoak ekarri ditu gogora. “Drogak, indarkeria, matxismoa”. Eta agerian utzi du, batez ere, elkartasunik eza. “Poliziak ongi egin zuen bere lana; jendea beldurtu zen, eta, horren ondorioz, inork ez zuen nahi espetxean ginenokin lotzea”.

Poliziak ekintzaileen artean “nolabaiteko hierarkia” ezarri zuen. “Eta hierarkia horren arabera, taldeetako buru zirenen aurka egin zuen, espetxean sartzeko”. Horregatik, elkartasun sare sendo batekin batera, haiek egindakoaren gisako kanpainetan “deszentralizazioa ere” beharrezkotzat jo du Vosperrek. “Tokian tokiko taldeek duten garrantzia ezin dugu ahaztu”.

SHAC kanpainak hamarkada bat iraun zuen; eta, neurri batean, ez da oraindik amaitu: “Herbehereetako bi ekintzaile, Sven eta Natasha, Erresuma Batura noiz eraman zain dira, epaiketa egiteko; hamalau urteko espetxe zigorra jaso dezakete”. Elkartasuna eskatu du Vosperrek haientzat; elkartasuna, etorriko diren erasoei aurre egiteko ere. “Errepresioak berriz joko baitu animalien aldeko mugimendua. Prestatu behar dugu, zaindu”.