Mundu berri baterako leihoak

Mundu berri baterako leihoak

Asier Garcia Uribarri

Kasualitatez. Uda bukaerako elkarrizketa arrunt batean sortu zen Lakabe (Nafarroa) herri okupatuan Huts argitaletxea egiteko ideia. Veronica Reza eta Arkaitz Leon liburuzale amorratuak dira, eta iruzkin arrunt batekin hasi zena proiektu bilakatuz joan da. Gaia lantzen hasi, eta egun batzuetara Ines Muñoz batu zitzaien. “Hasieran ideia-jasa egin genuen, eta hortik proiektua definitzera jo. Ideia asko bagenituen ere, konkretura jotzea erabaki genuen: ‘zer egin dezakegu?’ galdetu genion geure buruari, eta hortik jo genuen”, azaldu du Leonek.

Lanean hasi aurretik, ildo editoriala zehaztu zuten. “Beste mundu bat” irudikatzen duten testuak publikatu nahi dituzte. “Definizio horretan denetarik sar daiteke, baina ez genuen genero batean zentratu nahi, ideia batean baizik”, dio Muñozek. Badakite egungo gizartearen kritika eta ikuspegi alternatiboak lantzen dituzten argitaletxe ugari daudela Euskal Herrian, eta baita atzerrian ere. Baina, eskaintza horretan, Lakabetik euren “alea” jarri nahi dute. “Egun dagoena osatu nahi dugu. Publikatuko ditugu beste argitaletxe batzuek aterako ez dituzten liburuak, eta, horrela, aukera gehiago egongo da. Guk ez dugu nahi besteak baino hobeto publikatu, beste ikuspegi bat eskaini baizik”, esan du Muñozek.

Martxan jarri, eta berehala bi proiektu hartu dituzte esku artean: La poesía de los árboles (Zuhaitzen poesia) eta Un pueblo perdido (Herri galdu bat). Lehena, Ignacio Abellak zuhaitz eta basoen inguruan diharduten poemekin egindako hautaketa bat da, Leticia Ruizfernandezek ilustratutakoa. Aurretik beste argitaletxe batek publikatutako lana da, baina egun katalogotik kanpo dago. Egileekin harremanetan jarri, eta ez zuten arazorik izan baimena eskuratzeko. “Proiektua egileei azaldu genienean berehala eman ziguten baiezkoa. Publikazio berria Lakabetik ateratzeak izugarri poztu zituen”, esan du Muñozek.

Un pueblo perdido, berriz, Leonek berak egindako lana da. Fantasia generoko eleberria da, trilogia bateko bigarren zenbakia. “Fantasia genero gisa oso gutxietsia dago. Badirudi dena dela Tolkien edo antzekoa. Nik fantasia epikoa lantzen dut, baina oso nabarmena da gure gizarteari egiten zaion kritika”, azaldu du Leonek. Bere lehen lana bere kabuz publikatu zuen, eta bigarrena Hutsekin egingo du. Hala ere, Leonek nabarmendu du Huts ez dela izango euren lanak publikatzeko argitaletxea. “Zerbait publikatzeko orduan, hirurok ados egon behar dugu. La poesía de los árboles lanari berehala eman genion baiezkoa. Nire lana publikatzea, ordea, urtarrilean erabaki genuen. Besteek liburua irakurri eta baiezkoa eman ostean”.

Horiek dira esku artean dituzten bi proiektuak, eta nahikoa lan badute proiektua zabaldu eta finantzaketa lortzeko. Baina lehenengo lanak aurrera atera ostean, haur literaturarekin lotutako zerbait publikatu nahiko lukete. Oraingoz euskarazko lanik ez dute esku artean, baina argitaletxean toki nabarmena eskaini nahi diotela azaldu dute Muñozek eta Leonek: “Oraingoz garatzen ari garen proiektuetan buru-belarri sartuta gaude. Behin hauek bukatzean, gure hurrengo pausoak zehaztuko ditugu, eta euskarak tokia izan behar du bertan”. Lanak lortzeko, idazten ari diren ezagunengana jo dute, baina edonor jar daiteke harremanetan eurekin.

Argitaletxea martxan jartzeak ordu askoko lana dakar, baina baita publikazioak ordaintzeko diru kopuru handia ere. Gastuei aurre egiteko eta proiektua martxan jartzeko, Interneteko Verkami plataforman finantzaketa kolektiborako kanpaina aurrera eramaten ari dira. “Ez da ohiko finantzaketa kolektiboa, dirua jartzen duen jendea liburuak erosten ari baita. Gero publikatzen ditugunean baino pixka bat bat merkeago. Egia da proiektua aurrera ateratzeko dirua behar dugula, baina hori ez da izan finantzaketa kolektiboa martxan jartzeko helburu nagusia. Hasiberriak gara, eta argitaletxea ezagutarazteko modu bat da”, dio Muñozek.

Eskutik eskura

Huts argitaletxearen proiektuak beste mundu baten aldeko ideiak zabaldu nahi ditu, eta hori euren hartu-emanetan ere landu nahi dute. “Hedapena egiterakoan, guk geuk joan nahi dugu liburu denda eta azoketara; liburuak erosiko dituztenekin harremana ahal bezain zuzena izatea nahi dugu”, dio Muñozek. Txiki sortu dira, eta horrela jarraitu nahi dute. “Lakaben urteak dira etxeko ogia egiten dutela, baina arrakasta izateagatik ere, ez dute mugarik gabe hazi nahi. Hutsekin bide bera egin nahi dugu”.

Lizentzien gaia ere eztabaidagai izan dute Lakaben. “Badira urte batzuk Creative Commons lizentziak heldu zirela Euskal Herrira, eta eztabaida handirik gabe hedapen handia izan dute. Guk, hasteko, Creative Commonseko hirugarren lizentziarekin aterako ditugu lanak. Bertan, egile aitortza eskatzen da, eta irabazi asmorik gabeko kopiak egiteko baimena ematen da, baina ez dira lan eratorriak onartzen. Hala ere, aurrera begira gure lizentzia propioa sortzeko aukera eztabaidatzen ari gara”, adierazi du Leonek.

Hutsekin batera, beste proiektu bat ere egin dute: Amaigabea edizioak. Bertan, euren lanak publikatzeko aukera eskainiko diete Hutsetik kanpo argitaratu nahi duten guztiei. “Badago jende asko autoedizioaren alde egiten duena, bai eurek nahi dutelako, eta bai inongo argitaletxek ez duelako haien lana atera nahi. Guk pertsona horiei bitarteko bat eskainiko diegu. Lantalde bera gara, baina proiektu ezberdinak dira”, dio Leonek. Modu horretan, beste finantzaketa bide bat irekiko dute.

Martxan da Huts argitaletxea, Lakabetik mundura literatura leiho bat irekitzeko asmoz sortutako proiektua. Udaberriarekin batera, apirilean, esku artean izango dituzte euren lehen liburuak. Mundu berri bat bihotzean daramatenek zer irakurri gabe geldi ez daitezen.