Planaren bi aurpegiak

Planaren bi aurpegiak

Kattalin Barber

Bi energia plan izan ditu, orain arte, Nafarroak, eta hirugarrena bidean da. Nafarroako Gobernuak 1990eko hamarkadan egin zuen lehenbizikoa. Xabier Zubialde Sustrai Erakuntzako kidearen aburuz, “ausarta” izan zen lehen plan hura, egungo egoera planteatu zuelako. 1995etik 2000. urtera arteko egitasmoak jaso zituen. Bigarrenak Castejongo zentral termikoak izan zituen ardatz. Hirugarrena, berriz, “eskasa” da, Zubialderen hitzetan, guztiaren alde egiten duelako, eta “energia negozio gisa” hartzen jarraitzen duelako.

Uztailean aurkeztu ondoren, energia planaren zirriborroa jendaurrean erakusten ari da Nafarroako Gobernua asteotan. Bilera irekiak antolatu dituzte, eta gaur bertan, 17:00etan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan izanen dira herritarren proposamenak jasotzeko. Asteartean, berriz, Irurtzunen. “Lehenengo aldiz, eta hasiera-hasieratik, parte hartzailea izan da energia plana; eragile eta interes taldeekin bilerak egin ditugu elkarlanean aritzeko”, azaldu du Martin Ibarrak, gobernuaren 2030era begirako energia planaren zirriborroaren kudeatzaileak.

Sustrai Erakuntzako kideari, hala ere, ez zaio “nahikoa” iruditzen: “Ez da berdin Nafarroarentzat energia plan bat egitea edo Nafarroan energia plan bat egitea. Iruditzen zait azken hori egin nahi dutela Nafarroan. Enpresek dute lehentasuna, eta ez gizarteak”. Galdera bota du Zubialdek: “Nori egiten dio mesede plan honek? Norekin egon da gobernua zirriborro hau egiteko?”.

Ibarrak azaldu du zirriborroa prestatzeko 60 bilera baino gehiago egin dituztela, eta planaren “gardentasuna” azpimarratu du. Nafarroako Gobernuko webgunean proposamenak eta iradokizunak bidaltzeko aukera dago. Baieztatu duenez, plana abenduan iritsiko da Nafarroako Parlamentura. “Orain, proposamenak egiteko eta eztabaidatzeko garaia da”, esan du.

Berriztagarriak erabat

Azken bi hamarkadetan kontsumo energetikoak gora egin du Nafarroan. “2008. urtera arte; krisiarekin behera egin zuen”, adierazi du Zubialdek. Gobernuak aurkeztutako zirriborroan haize energiaren potentzia bikoiztea aurreikusten da. “Energia burujabetzarantz joan nahi dugu”, adierazi du Ibarrak. Horregatik, azterketa bat egin dute, eta haize parke berriak jartzeko guneak zeintzuk liratekeen zehaztu dute: “Sustatzaileek aukera izateko”. Horren kontra azaldu da Zubialde. Berak azaldu duenez, 2008an %18koa zen energia berriztagarrien kontsumoa. Egun, %25ekoa da. “Gure menpekotasuna gutxitu dugu, baina ez berriztagarriak garatu ditugulako, baizik eta kontsumoa jaitsi delako, eta berriztagarriek lehentasuna dutelako erabiltzeko orduan”.

Argindarrean “paradoxa energetikoa” gertatzen ari dela dio: “Haizea baldin badabil, hiru orduetatik batean erabiltzen dugun elektrizitate osoa berriztagarrietatik dator %100”. Egoera berria da Nafarroan. Zubialderen ustez, haize erroten parke gehiago jartzen badituzte, Nafarroak behar duen baino elektrizitate gehiago ekoiztuko du. “Soberan baldin badago, salduko dugu. Goi tentsioko lineak egin eta esportatu. Nafarroak ez du behar”. Zehaztasun txikia eman du Zubialdek: “Egia da egoera berri hau haizearen araberakoa dela. Baina onuragarria da? Nire iritziz, ez”.

Soberan baldin badago energia berriztagarrietatik probetxu gehiago ateratzea galdegin du Zubialdek. “Gizartearen mesedetara antolatu behar dugu energia eredua”.

Bi aukera ikusten ditu Sustrai Erakuntzako kideak energia planerako: “Plan guztien plana izan daiteke, edota engranaje moduan aritu beste planekin: mugikortasun eta hondakinen planekin, adibidez. Baina plan honetan ez da hitz egiten trenari buruz, eta oso gutxi mugikortasunari buruz”. Auto elektrikoen alde egiten du planak. “Egun, Nafarroako gizarteak autoan egiten ditu joan-etorri gehienak. Gustatuko litzaiguke bizikletan edota garraio publikoan egitea. Baina oraindik ez da horrela”, dio Ibarrak. Horregatik, planean auto elektrikoa sustatuko dutela esaten dute. Sustrai Erakuntzako kidearentzat, berriz, tren publikoa sortzea “egokiagoa” litzateke.

Kontsumo eredua aldatu beharra dagoela. Horretan bat egin dute Zubialdek eta Ibarrak. Aitortu dute, gainera, konplexua dela errotik aldatzea, baina horretan ari direla. Energia ondorioa dela eta ez kausa, hala azaldu nahi izan du Zubialdek: “Hori ulertu behar dugu. Gizarteak eskatzen du, eta eredu energetikoa ematen zaio. Nola jaten dugun, nola mugitzen garen, nola ekoizten dugun… Horrek guztiak du eragina energian. Hori da aldatu behar duguna”.