Askotarikoa bezain aberatsa

Kattalin Barber

Nafarroako musika ondarea askotarikoa bezain aberatsa da. Horrela definitu du Maria Guembero-Ustarrozek. Antzinarotik gaur egun arte, tradizioko errepertorio kultua, ahoz transmititutako musika tradizionala eta hiri musika herrikoiak landu ditu Navarra. Música liburuan. “Garai historiko bakoitzean Nafarroaren soinu paisaia osatu duten errepertorioen ikuspegi panoramikoa eskaini nahi izan dut”. Emaitza 366 orriko lan bat da: Nafarroako musikaren lehen historia orokorra.

Musikologoa da Guembero-Ustarroz, eta Bartzelonako CSIC Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluan ari da. Beste lurralde batzuekin konparatuz, Nafarroak duen ondare musikala “ikaragarria” dela dio. Nafarroako Errege Teobaldo I.a eta Karlos II.a aipatu ditu. Lehenengoa troberoa izan zen, eta 60 pieza baino gehiago konposatu zituen. “Lurralde gutxik esan dezakete errege konpositore bat izan zutela eta musika gordetzen zuela”. Arreta berezia eskaini die idazleak garai bakoitzean nagusi izan ziren musika jardunei, musikari nagusiei eta genero, estilo eta konposizio nabarmenenei.

Erdi Aroan jarri du arreta, garai hartakoak baitira ezagutzen diren lehen musika iturriak. Garai horretan ere Gilen Machault poeta ezagunak Karlos II.a erregearentzat lan egin zuen, adibidez. “Ohiz kanpoko zerbait da Nafarroan gertatu dena. Lurralde txikia da, baina aberatsa”. XVI. eta XVII. mendeetan, berriz, Nafarroako eliza batzuetako musika kaperak antolatu eta finkatu ziren, eta ondoren jarraitutasuna izan zuten lurraldeko organo jotzaileen sare garrantzitsuek. Historiaurreko eta Antzinaroko “zertzelada batzuk” besterik ez ditu eman: “Badakigu soinuak egiten zituztela, baina ezin ditugu erreproduzitu. Txilibitu modukoak erabiltzen omen zituzten”.

Horrez gain, liburuak Nafarroaren eta beste eremu geografiko eta kultural batzuen arteko truke musikal “oparoak” erakutsi ditu, baita nazio mailan eta nazioartean oihartzuna izan duten garai guztietako musikari nafar ugarien errepasoa egin ere. XVI. eta XVIII. mendeen arteko “aberastasun musikalaz” mintzo da musikologoa. “Nafarroa sakonki aztertzen baduzu, konturatzen zara musika ez zela mugatu bakarrik katedraletara edota Iruñera; lurralde osora hedatu zen: musika bizirik zegoen”, azaldu du. Faltzes, Corella eta Viana herrietako elizetan, adibidez, polifonia egiten zuten. Hortaz, ikerlariak uste du garai horretako musika ez zegoela oso zentralizatuta.

Iruñean ez ezik, Nafarroa osoko herrietan musika presente zegoen, bizitzaren parte baitzen. Organo jotzaileen inguruan sortzen zen musika. “Musika edergarri bat balitz bezala ulertzen dugu askotan, zerbait pasiboa balitz bezala, baina XX. mendera arte musika bizitzaren parte izan da”.

Diskoak sortu eta musika grabatzeko gailuak zabaldu zirenean, musika kontsumitzeko modua aldatu zen: “XVI. mendeko konpositore bat etxean entzun dezaket; lehen ezinezkoa zen. Baliabideak behar ziren musika sortzeko eta, gainera, musika hori erreproduzitzeko; musika eremu sozial gehien duen artea da”.

“XIX. mendearen erdialdera arte, elizak ziren Nafarroako kontserbatorioak; ez zegoen besterik”. Pertsona batek musika ikasi nahi bazuen, elizara jo behar zuen, eta parrokietako organo jotzaileekin ikasten zuen hasieran. 1858. urtean sortu zuten Iruñeko Musika Akademia, Mariano Garciaren gidaritzapean, eta horren ondotik zabaldu zen musika: “Erlijioa alde batera utzita, musika irakasten hasi zen, eta geroago zabaldu zuten Nafarroako Kontserbatorioa, 1957an”.

Ikerketa bultzatu

Liburua irakurle ororentzat da, ez espezialistentzat. “Informazioa eman nahi izan dut. Kontsultarako material gisa ere erabil daiteke, gero eremu jakin batean ikerketak aurrera eramateko. Gustatuko litzaidake gazteak eta ez hain gazteak honetara animatzea”. Idazlearen esanetan, “hutsune” nabarmena zegoen musika arloan, eta hori betetzeko egin du Navarra. Música liburua. “Bitxia da: beste arlo batzuetan badaude lanak, baina Nafarroako musikari buruzko historia orokorrik ez zegoen”. Higinio Anglesek 1970ean argitaratutako Nafarroako Erdi Aroko musikaren historia aipatu du, baina, horrez gain, “argitalpen solteak” baino ez dira egon.

Liburua ontzeko garaian, horiek guztiak bildu ditu. Urte asko daramatza Guembero-Ustarrozek Nafarroako musikaren historia lantzen: hamar urte guztira; baina azken lau urteetan “sakonago” lan egin du. “Alde horretatik, zaila izan da materiala biltzea. Oraindik gutxi dira nafar musikariei buruzko ikerketa sakonak, baita kontserbatzen diren musikaren inbentarioak eta iturrien katalogoak ere”.

Nafarroan musikaren inguruan sortzen den gehiena “sakabanatuta” dagoela uste du Guembero-Ustarrozek. “Kultur etxeetako musika ikuskizunak, abesbatzak eta musika bandak… Gauza asko egiten dira, baina sortzen diren heinean desagertzen dira; ez dago inor Nafarroan hori guztia biltzeko”. Horregatik uste du Nafarroan musikaren dokumentazio zentro batek “zeregin inportantea” izango lukeela. Ondarea eta materiala gorde eta zaintzea ezinbestekoa dela dio musikologoak. “Ondarea ez ahazteko ahalegina egin behar dugu”, amaitu du.