Jaiotzak dolua dakarrenean

Jaiotzak dolua dakarrenean

Kattalin Barber

Haurdunaldiaren 31. astean erditu zen Raquel Besora. Adrian hilda jaio zen, eta Julen, berriz, bizirik. “Pozik nintzen Julen bizirik zegoelako, baina, era berean, hautsita, Adrian hilik zegoelako”. 2011n galdu zuen Besorak Adrian. Harentzat, urte gogorrak izan dira azkenak. Duela hiru urte, haurdun gelditu zen berriro. Beldurrak hartu zuen, baina dena ongi atera da.

Marta Martinezek irailean jakin zuen ume bat galtzea zer den. Haurrak taupadarik ez zuela esan zioten 36. asteko ohiko ekografia egin ziotenean. “Aurreko egunetan mugimendu handia sentitu nuen sabelean. Diotenez, zilbor-hestea hiru buelta emanda zuen lepoan, eta ito egin zen”.

Besoraren eta Martinezen kasuak ez dira bakarrak. Nafarroan, bizpahiru ume hiltzen dira hilean, erditzean edo handik egun gutxira. Beste hainbat amarekin batera, Besorak eta Martinezek babes talde bat sortu dute orain, erditzerakoan edo jaio ondoren umea galdu duten gurasoei eta familiei laguntzeko. “Antzeko egoerak bizi izan dituzten familientzako espazioa da gurea. Haurra galdu dute, eta konfiantzazko toki bat eskaini nahi diegu, sentitzen dutena esateko, entzuteko, partekatzeko…”, esan du Besorak. Dolua egitea oso “mingarria” dela jakinarazi dute, baina dolu hori eginda bakarrik egin dezaketela aurrera. El hueco de mi vientre sarearen bidez jarri dute martxan ekinaldia, Iruñean.

Joan den larunbatean egin zuten aurkezpena, eta pozik daude, guraso eta familia askok interesa agertu zutelako. “Gehienek esan digute beharrezkoa zela, horrelako zerbaiten beharra zutela”, azaldu du Martinezek. Orain arte Iruñean ez zegoen horrelako laguntza eskaintzen zuen talderik. Asmoa da bilerak hilabetean behin egitea. Hurrengoa, hain zuzen ere, martxoaren 13an izanen da, 19:00etan.

Iruñeko taldeko bultzatzaileek esan dute dolu mota hori ez dagoela batere onartua gizartean. “Askotan esan digute lasai egoteko, gazteak garela, edo beste seme-alaba bat izanen dugula aurrerago. Baina guk hil berri den seme-alabaz hitz egin nahi dugu, eta askotan ez dugu espazio hori aurkitzen gizartean”. Ez bakarrik gizartean. Haurra hilik jaiotzen baldin bada, ezin da familia liburuan erregistratu. “Ez da existitzen”. Besorak eta Martinezek salatu dute gizartean eta erakundeetan, egoera hori arlo guztietan ukatzen dela. “Galera horrek ez du izenik. Nola esaten zaio ume bat galtzeari?”.

Emakumeek lagun eta ezagunen bitartez egin dute bat. Laguntza eske, babes eske. Horrela osatu dute taldea, eta erabaki dute laguntza zabaltzea eta horrelako esperientziak izan dituztenekin partekatzea, guztien artean laguntza sare bat osatzeko asmoz. “Sentitzen duzuna esateko leku bat, bakarra ez zarela ikusteko leku bat, orainari aurre egiteko leku bat, bizitzari eusteko leku bat”, esan du Martinezek. Izan ere, haurdunaldian hildako umeen gaia beti izan da “tabu antzekoa” gizartean, “isildu beharrekoa”. Taldeek ez dute sendatzen, baina lasaitu eta mina arintzen laguntzen dute. Horixe baita helburua.

Duela gutxi gertatu zitzaion Martinezi. Erabaki asko hartu behar izan zituen umea galdu zuenean. Hilik jaiotako umearen aurpegia ikusi nahi ote zuen, besarkatu edota kulunkatuko ote zuen, adibidez. Hasieran ez zuen nahi. “Bakarrik gorrotoa nuen, haserre nengoen”. Iritzia aldatu zuen, ordea, eta semea besotan hartu zuen. Zinez eskertuta dago, eta orain onartzen du esperientzia baliagarria izan zitzaiola dolua gaindituz joateko. “Nire semeari agur esan diot”.

Era berean, semea galdu zuenean ospitalean jaso zuen tratu beroaren garrantzia nabarmendu du Martinezek; Besorak, berriz, “gaiaz lasaitasun osoz hitz egitea” gomendatzen du, “psikologikoki mesede handia” egiten duelakoan. Hala egiten dute etxean, eta natural tratatzen dute heriotza. “Julenek badaki bikia zela, eta noizbehinka erritual txikiak egiten ditugu”, esan du. Oroitzapenez hitz egin du. Izan ere, ez du hilik jaiotako umearen oroigarririk, baina doluetan oroitzapenak zeharo garrantzitsuak dira. “Bizitza eman nahi duzu, eta bat-batean, heriotza da zuregandik ateratzen dena. Inor ez dago horretarako prestatuta, inork ez luke egon behar”.

Profesionalak trebatu

Heriotza perinatal baten ondoren, berebiziko garrantzia du osasun langileek gurasoei ematen dieten arretak. Horregatik, gertatutakoa kontuan hartu behar dute, eta leuntasunez tratatu, gurasoen dolua ahalik eta osasuntsuena izan dadin, dolu konplexua garatu ez dadin eta arreta ahalik eta zuzenena izan dadin. Hori adierazi du Patricia Roncallo psikologoak; babes taldean egonen da laguntzen. “Amek sentimendu asko dituzte momentu horretan, oso une gogorrak dira, eta aukerak eskaini behar zaizkie, bai eta denbora eman ere, zer egin erabakitzeko, lasaitasunez”.

Besorak, adibidez, ez zuen semea agurtzeko denborarik izan. “Azkar eraman zuten, eta senarra eta biok ez genuen aukerarik izan besarkada bat emateko”. Oraindik ez du ulertzen zergatik ez zioten harekin egoten utzi, eta gogoan ditu ospitalean saihets zitezkeen hainbat gauza. Pozik da, halere, badakielako gaur egun tratua asko aldatu dela. Gainera, jakinarazi du Nafarroako Ospitale Gunean protokoloa lantzen ari direla, jaioberria galdu duten familiak hobeki artatu ahal izateko.

Seme-alabak jaio aurretik, erditzean edo epe laburrean galdu dituzten familiei babesa ematen ariko dira Besora eta Martinez; babesa jasotzen ere bai. Harrigarria dirudien arren, momenturik latzenetan ere ikasi egin du Martinezek: argia dagoela bidearen amaieran. “Prozesu bat da hau; ekaitz baten erdian nago orain, baina badakit hemendik aterako naizela”. Ez dagoelako bakarrik. Ez duelako bidea bakarrik egin behar izanen.