Edurne Elizondo
Ezohiko gauak ekarriko ditu Iruñeko abuztuak: harri artekoak izanen dira, Harresietako Jaialdiari esker. Iruñeko Udalak antolatu du zikloa, hirugarrenez, Creacity proiektuaren barruan. Iruñeko, Baionako eta Hondarribiko gotorlekuei balio kulturala eta turistikoa emateko helburua duen egitasmoa da Creacity. Ziudadela izanen du agertoki nagusi, baina jaialdiak Iruñeko bertze hainbat auzotara ere eramanen ditu musika, dantza eta antzerkia, atzo hasi eta hilaren 22ra bitarte. 164.000 euroko aurrekontua du aurtengo programak. http://www.pamplonaescultura.es/eu/events/festival-de-las-murallas-2018/ helbidean dago jasota.
“Jaialdi askotariko bat prestatu nahi izan dugu, mota guztietako publikoek izan dezaten aukera gustuko zerbait aurkitzeko”, nabarmendu du Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maider Belokik. Sail bereko zuzendari Maitena Muruzabalek erantsi du Udalak helburu hartu duela “artea karrikara eta pertsonengana hurbiltzea”. Jaialdiak, zehazki, Ziudadela, Guadalupeko gotorlekua, hiriko harresiak eta O plaza bilakatuko ditu bere agertoki. Ikuskizun guztiak doan izanen dira. “Bereziak izanen dira abuztuko ilunabar eta gauak”, berretsi dute udaleko arduradunek. Ezohiko gauak Iruñeko abuztuan.
Diziplina anitz
Ziudadelan, hainbat diziplina uztartuko dituzten ikuskizunak izanen dira nagusi. Musikak, dantzak, kale antzerkiak eta zirkuak eginen dute bat. Gisa horretako proposamena aurkeztuko du, adibidez, Shakti Olaizolak: Baldin Bada izenburuko lana eskainiko du asteartean. Egun berean, Enkore musika taldea ariko da espazio horretan. Asteazkenean, berriz, Christophe Pavia artista eta Melanie Spettel dantzaria ariko dira, elkarrekin, Mysterieuses coiffures izenburuko performancean. Amer y Africa taldeak Enva eskainiko du, eta, Lazy Daisy Band taldeak, berriz, kontzertua.
Ostegunean, Dj Momek hartuko du agertokia, eta Nueveuno taldeak, berriz, zirkua eta dantza uztartuko ditu Sinergia 3.0 izenburuko lanean. Hilaren 14an, Traspediante konpainia ariko da Ziudadelan, batetik; bertzetik, Anne Etxegoien musikariak emanaldia eskainiko du. Akrobaziak egiten duten trebezia erakutsiko dute The Black Blues Brothers taldeko kideek, hilaren 15ean; biharamunean, Up Arte taldekoak izanen dira agertokian. Musika, berriz, Zenet taldeak eskainiko du.
Hilaren 18koa zonbien gaua izanen da. Hamabi eta hamazazpi urte bitarteko gazteentzat scape room berezia antolatu du udalak, zonbiak protagonista bilakatuta. Dantza bilakatuko du protagonista Maduixak, hilaren 21ean, eta, 22an, azkenik, Cirque Rouages konpainiaren ikuskizunak itxiko du jaialdia, Ziudadelan.
Guadalupeko harresian dantza bertikala izanen da protagonista, La Glo Zirko eta La Banda konpainien eskutik. Gaur ariko dira, 21:00etatik aurrera. Hilaren 10ean, La Bandak errepikatuko du, eta Compagnia dei Folli ere ariko da. Hilaren 17an, berriz, Linea d’Aria, eta La Banda, hirugarrenez. Zaldi Zurian ere dantzak hartuko ditu txokoak, Carmen Larrazen zuzendaritzapean. O plazan, berriz, kale antzerkiaz, dantzaz eta musikaz gozatzeko aukera izanen da, bertzeak bertze, Arantxa Villanuevaren konpainiaren eta Lindy Hop taldearen eskutik.
Flamenko jaialdia
Harri arteko ikuskizunak ez dira Iruñeko abuztua berezi bilakatuko duten bakarrak: hilaren 21etik 26ra, Flamenco on Fire jaialdia eginen dute, bosgarrenez, izen bereko fundazioak antolatuta, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin, bertzeak bertze. Kontzertuak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta bertze izanen ditu Iruñeko flamenko jaialdiak. Aurten, emakumeak omendu nahi ditu. Programa www.flamencoonfire.org helbidean dago.
Baluarteko oholtzan izanen dira, bertzeak bertze, Mayte Martin, Belen Maya eta Estrella Morente; Martin eta Maya hilaren 21ean izanen dira Iruñean; Morente, berriz, 22an. 24an, kontzertu berezi bat hartuko du agertoki horrek: Tomatito gitarra jotzaileak eskainiko du, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera.
Irudia: Iruñeko Udala