Amorru kolektiboaren indarra

Edurne Elizondo

Amorrua, antolatuz gero, aldaketak eragiteko tresna boteretsu bilaka daiteke. Lelo hori bere egin du Iruñeko Farrukas talde feministak. Indarkeria matxistak eragindako amorruak ekarri zuen kolektiboaren sorrera, duela bost urte, eta amorru horrek eraman ditu bere kideak autodefentsa feministaren aldeko aldarria egitera.

Ozen, gainera. “Amorru kolektiboaren indarra” baliatu nahi dute, patriarkatuaren aurka borroka egiteko. “Erasotzen gaituztenean, geure burua defendatzeko zilegitasun osoa daukagu”, erran dute, argi eta garbi,”eta hori sinetsi behar dugu; bada garaia”.

Iruñeko Txantrea auzoko bestetan txosnetan gertatuko eraso matxista batek piztu zuen feministen amorruaren kandelaren mukia. Borroka moldeak aldatzeko beharra sentitu zuten Iruñeko hainbat feministak, amorru horri bidea emateko. Karrika, gaua eta besta espazioak gozatzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan zuten, “askatasunean eta berdintasunean”.

Gogo horrek ekarri zuen 2014ko sanferminen aurreko manifestazioa: gauez egin zuten protesta emakumeek, beltzez jantzita, aurpegia estalita, eta zuziak eskuetan. “Lau izanen ote ginen beldur ginen; mila inguruk egin zuten bat”, gogoratu dute Farrukas taldeko kideek, hunkituta.

2014. urtekoa izan zen lehendabizikoa, eta haren ondotik sortu zuten kolektiboa, berez. Geroztik, urtero egin dute sanferminen aurreko gaueko protesta, eta Euskal Herriko bertze hainbat herritan eta hiritan ere hasi dira gisa bereko manifestazioak egiten. “Bazen gure barruko amorru hori erantzun bilakatzeko beharra”, azaldu dute kolektiboko kideek.

Erasoei erantzuteko zilegitasuna jarri dute mahai gainean Farrukas taldeko kideek, hasieratik. Asmo horrekin bat egiten du kolektiboak lelotzat hartutako esaldiak: Beldurra aldez aldatuko da. “Gure aurkako eraso gero eta bortitzagoen aurrean, modu gero eta bortitzagoan erantzuteko eskubidea aitortu diogu, azkenean, geure buruari”, berretsi dute kolektibo feministako kideek.

Urrats hori egin izanak eragin zituen kritikak, hasieran. “Beldurra aldez aldatuko zela erratea gehiegizkoa iruditu zitzaien anitzi; ez zuten ulertu. Egoera aldatuz joan da, halere, eta gure mezua onartzen hasi da gizartea”.

Emakumeek beren burua defendatzeko eskubidea dutela; hori da Farrukas taldeko kideen mezua. Oinarrizkoa eta argia, baina, hala eta guztiz ere, barneratzeko zaila, bai eta emakume anitzentzat ere: “Emakume batek jasandako erasoari erantzuten dioenean, kanpotik zalantzan jartzen da jokabide hori; eta barrutik ere, emakumeak joera du pentsatzeko agian ez zela hainbertzerako, erantzuna gehiegizkoa izan dela… Geure burua epaitzen dugu, barruraino sartu zaigun patriarkatuak hartzen duelako hitza”. Patriarkatuaren ahotsa isilarazi nahi dute Farrukas taldeko kideek, hain zuzen ere, eta, ematen duen erantzuna edozein dela, babesa agertu egungo sistema matxistak zapaldutako emakume orori. “Bortizkeria jasaten dugunean, erantzun bortitza emateko eskubidea dugu”, berretsi dute.

Ahizpatasuna

Munduan egoteko modu bat da autodefentsa feminista. Jarrera bat. Ibiltzeko eta esertzeko modu bat. Eta lotuta ekartzen du herritar gisa emakumeek dituzten eskubideen defentsa. Ahalduntzea da, eta ahizpatasuna bultzatzea. Horri buruz anitz dakite Farrukas taldeko kideek, sororitatea baitute kolektiboaren oinarri nagusi. “Indar asko ematen diogu elkarri”.

Emakumeen arteko sareen garrantzia agerian gelditu zen aurreko astean, Farrukas kolektiboak maiatzaren 11n eginen duen besta iragartzeko antolatutako ekinaldian. Zabaldin egin zuten bat taldeko kideek eta haien lagunek, besta giroan. Erakusketa bat jarri dute han, kolektiboak egindako bost urteko bideari buruz. Egindako urratsen lekuko diren kartelak eta argazkiak zintzilikatu dituzte Zabaldiko paretetan.

Haietako bat da 2016ko sanferminetako txupinazoarena. Egun hartan, Farrukas kolektiboak koordinatuta, Euskal Herri osoko 70 emakume sartu ziren Iruñeko Udaletxe plazara, eta Autodefentsa feminista leloa idatzia zuen

pankarta handi bat zabaldu zuten.

Egun horretakoak emozioz gogoratu dituzte Farrukas taldeko kideek. “Sekulakoa izan zen; plaza, txupinazoaren egunean, gizonezkoen espazio bat da, eta emakumeen aurkako bortizkeria handikoa, gainera”, salatu dute. Horregatik, argi dute “gauza handia” izan zela han sartzea, pankarta zabaltzea eta beren espazioa defendatzea. “Kolpeak eta irainak jaso genituen”, azaldu dute. Baina merezi izan zuela argi dute: bestaren erdigunean jarri zuten autodefentsa feministaren aldeko aldarria.

Borrokan jarraitzeko gogoz dira Farrukas taldeko kideak; amorrua borrokarako tresna bilakatuz, eta sistemak zapaldutakoen arteko sareak osatuz, amorru hori antolatzeko eta bideratzeko. Atzera ere begiratu nahi izan dute kolektiboko feministek, aurrekoek egindako urratsak aldarrikatzeko, eta feminismoaren memoria egiteko. “Hori ere beharrezkoa da”. Memoriak eta orainak bat eginen dute maiatzaren 11n, Iruñeko Jazar espazioan. Egun osoz ospatuko dute feministek farrukak direla.