Jauregi barrokoa izan zen XVIII. mendean, eta baita errentapeko etxebizitzen multzo bat ere. Espartinak, gaseosa, ardoa eta kirol arropa saldu zituzten eraikineko etxabean, XIX. mendeko erdialdetik aurrera; eta urtebete luzez, Maravillas gaztetxearen egoitza ere izan zen, harik eta Poliziak indarrez hustu eta zigilatu zuen arte. 2019ko urtarrilaz geroztik hutsik egon da Rozalejoko markesaren jauregia, Iruñeko Nabarreria kalean. Gaur irekiko ditu ateak berriro, Nafarroako Memoriaren Institutua hartuko baitu aurrerantzean. Oroimenak, ordea, aspaldi egina zuen habia egurrezko ate eta harrizko pareta horien artean, mendez mende pilatutako iraganaren lekuko isila izan baita Rozalejo, hiriko Alde Zaharrean.
Iruñeko izendegi ofizialen arabera, jauregia «Rozalejoko markesarena» da, baina egiazki, nobleziak ez zuen zerikusirik izan haren sorrerarekin. Luis Gendika militar bilbotarrak eta haren emazte Maria Ignacia Aldunate iruindarrak sustatu zuten proiektua. 1713. urtean ezkondu ziren, eta lotura horren ondotik, Gendika sendiak ondasun eta higiezin ugari eskuratu zituen Nafarroan: etxebizitzak Iruñeko Kale Nagusian eta Merced eta Tejeria karriketan, etxabe bat San Nikolasen, jaurerri bat Olatz Txipian… Nabarreria kalean, berriz, zenbait etxebizitza bloke erosi zituzten, eta horiek eraitsita, gainean eraiki zuten jauregi barrokoa; bizitoki izateaz gain, Gendika Aldunate familiaren arrakastaren ikur izan zedin.
1739an hasi ziren jauretxea eraikitzeko lanak, eta lau urte iraun zuten. Familiak zenbait mailegu eskatu behar izan zituen obrak burutu ahal izateko. Izan ere, eskualdeko zurgin eta hargin trebeenak kontratatu zituzten proiektua gauzatzeko. Kanpora begirako proiektua nahi zuten gendika-aldunatetarrek, eta Iruñean mende horretan eraikitako etxerik ikusgarrienetako bat sortu zuten. Erakusleiho bat, etxe bat bainoago.
Udaletxearen «bikia»
Rozalejoko jauregiaren aurrealdea lehen aldiz ikusten duten askori ezagun egiten zaie. Izan ere, eraikinaren egiturari eta diseinuari dagokionez, Iruñeko udaletxearen bikia da: estilo eta garai bertsukoak dira biak ala biak —hamar urte geroago eraiki zuten udaletxea, 1753 eta 1756 bitartean—, eta hiru gorputz gainjarrik osatzen dute fatxada. Nabarreriako jauretxean, zutabeak estilo dorikokoak dira; udaletxean, berriz, hiru arkitektura ordena klasikoak erabili ziren: dorikoa, jonikoa eta korintoarra. Detaile hori kenduta, enbor arkitektoniko bereko ezpalak dira bi eraikin barrokoak.
Nafarroako parlamentariak, Rozalejoko jauregiko zaharberritze lanak bisitatzen, iaz. JESUS DIGES / EFE
Familia aberats baten bizitoki izateko sortu zen Rozalejoko jauretxea, baina, egiazki, Gendika Aldunate senar-emazteek ez zuten inoiz halakotzat erabili. Eraikina amaituta eta fatxadan familiaren armarria jarrita egonagatik ere, etxea hutsik egon zen hainbat urtez. 1790. urtean, Luis Gendikaren eta Maria Ignacia Aldunateren hirugarren semeak, Francisco Ignacio Gendika Aldunate mariskalak, erretiroa hartu zuen, eta Nabarreriako jauretxera mugitu zen. Zenbait gela alokagai jarriak zituzten ordurako.
1808an, Napoleonen tropek Iruñeko Ziudadela bereganatu zuten urtean, familiako beste kide baten eskuetara pasatu zen eraikina: Policarpo Daoiz Salaren eskuetara, hain zuzen. Urte batzuk lehenago, Rozalejoko markesa noblezia titulua ere jasoa zuen oinordetzan; hortaz, Iruñeko bizilagunak «Rozalejoko markesaren jauregia» izena erabiltzen hasi ziren Gendika Aldunate familiaren etxeaz hitz egiteko.
Rozalejoko markesa 1861. urtean hil zen, eta ordutik aurrera, Nabarreriako jauregia etxebizitza multzo bilakatu zen: Iruñeko familia nobleez eta burges aberaskumeez gain, militarrak, merkatariak eta klase sozial apalagoko herritarrak izan zituen maizter.
Bentak eta gaztetxea
XIX. mendeko hondar urteetan eta XX. mendearen hasieran, zenbait bentak, ostatuk eta saltokik ere ateak ireki zituzten jauregiaren etxabeetan. Han ziren, besteak beste, ardotegi bat, espartinak saltzen eta konpontzen zituen denda bat eta Uzcarre gaseosa fabrikaren egoitza. Atanasio kirol dendak ere erakusleiho bat izan zuen Rozalejoko jauregian.
Nafarroako Gobernuak 2005ean erosi zuen eraikina, baina hutsik eduki zuen urte luzez, eta ez zuen hura erabiltzeko proiekturik aurkeztu, harik eta, 2017ko irailaren 3an, Alde Zaharreko zenbait gaztek okupatu zuten arte.
‘Gernika’-ren erreprodukzioa, Maravillas gaztetxe atarian, eraikina hustu zuten egunean. JESUS DIGES / EFE
Abenduan inauguratu zuten Maravillas gaztetxea. 1936ko gerran militar kolpistek Larragan eraildako Maravillas Lambertoren omenez jarri zioten izena —haren ahizpa Josefinak ere parte hartu zuen gaztetxearen ekitaldi batzuetan—, eta memoria historikoarekin lotutako zenbait jarduera antolatu zituzten okupatutako gunean.
Gaztetxeak zabalik iraun zuen hamasei hilabeteetan, Foruzaingoa eta Espainiako Polizia hirutan saiatu ziren eraikina indarrez husten. Iruñeko Udalak eta gaztetxeko zenbait kidek negoziazioak abiatu zituzten gaztetxea beste eraikin batera lekualdatzeko, baina elkarrizketek ez zuten fruiturik eman. Azkenerako, Nafarroako Gobernuak eraikina husteko agindua eman zuen, eta Poliziak bortizki kanporatu zituen gazteak: 50etik gora zauritu eragin zituen Poliziaren oldarraldiak. Zazpi lagun atxilotu zituzten hurrengo egunetako protestetan, desordena publikoa leporatuta. Horiez gain, 22 gazte epaitu zituzten handik hilabete gutxira, «usurpazio delitua» egotzita. Denak absolbitu zituzten.
Ordutik, itxita egon dira Rozalejoko markesaren jauregiko ateak, pareten artean gordetako oroitzapenei eutsi nahi baliete bezala.
