Duina eta ilustratua

Duina eta ilustratua

Edurne Elizondo

Heriotzara bidea, artearen bidez. Horixe egin dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Heriotza duina eta ilustratua izenburuko erakusketa baliatuz. Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak antolatu du, auzia mahai gainean jartzeko eta gogoeta sustatzeko prestatutako jardunaldien barruan. Hilaren amaierara arte egonen dira obrak ikusgai, NUPeko Sario eraikinean.

Erakusketa laguntzeko, arteak heriotza irudikatzeko erabilitako moduak jorratu ditu NUPeko heziketa artistikoko irakasle Imanol Agirrek. Artearen historiari egin dio so, eta erakusketan

jasotako lanekin zubiak eraiki ditu. Sarion, zehazki, hogeita hamar artista gaztek heriotzaren inguruan egindako gogoetak zintzilikatu dituzte. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak eskatuta egin dituzte lanak. Parte hartzaileen artean dira Jaume Montserrat, Berta Artigal, Maria Beitia, Marc Vicens, Marina Guiu eta Marta Bellvehi, bertzeak bertze.

Emaitzak argi erakusten du artearen historian heriotzaren inguruan egileek izandako kezkak, galderak eta hausnarketak indarrean direla, oraindik ere, neurri handi batean. Batetik, bizitzaren partetzat aurkezten dute artista anitzek heriotza; bertzetik, heriotzaren bertzaldeko errealitate bat islatzen dute beren lanek. Mezu ororen gainetik, halere, duintasunaren ideia nabarmentzen da obretan; heriotzaren orduan nork bere erabakiak hartzeko duen eskubidea aldarrikatzen dute artistek.

Bat eginda

Imanol Agirrek heriotza irudikatzeko moduak sailkatu ditu. “Ez da sailkapen zientifikoa; pentsatzeko nire modua islatzen du”, zehaztu du. Hasteko, arteak heriotza eguneroko gauzatzat duela nabarmendu du irakasleak. Henri Cartier-Bressonen argazki bat gogoratu du horretarako: irudi berean haurrak jolasean eta hilkutxa daraman autoa agertzen dituena. “Bizitzak eta heriotzak bat egiten dute”.

Bigarrenik, arteak hiltzen ari denaren inguruko pertsonak eta egoerak irudikatu dituela nabarmendu du Agirrek. “Dolua agertzen da, bizirik gelditzen direnen mina”. Heriotza margotu zuten artisten artean Munch aipatu du NUPeko irakasleak, bereziki: “Amaren heriotzak erabat markatu zuen, eta gaia behin eta berriz agertzen da bere lanetan”. Munchen lanetako batean artistaren arreba ageri da, urte gutxirekin, hil berri den amaren ondoan. “Halaxe gertatu zen, eta horrek arrasto sakona utzi zion artistari”.

Trantsizio gisa irudikatu dute artista anitzek heriotza, hirugarrenik. “Espazioen arteko trantsizio gisa; bai eta gorputzaren trantsizio gisa ere”, azaldu du Agirrek. Sarioko erakusketan ere agerikoa da trantsizioaren ideia hori. Heriotzaren orduan bitan zatitzen diren gorpuak irudikatu dituzte artista anitzek.

Heriotzaren eta loaren arteko anbiguotasuna ardatz hartzen duten artisten lanak aipatu ditu Agirrek, laugarrenik. Millaisen Ophelia lana da adibiderik argiena. Erakusketan Millaisen obraren berrirakurketa egin dute hainbat egilek, hain zuzen.

Hilketek eta suizidioek eragindako heriotzak ageri dira Agirrek egindako sailkapenean, azkenik. Erakusketak ere egiten du gai horiei buruzko hausnarketa. Finean, heriotza duinaren aldeko mezu ilustratua osatu dute lanek.