Hazia, berriz loratzeko prest

Hazia, berriz loratzeko prest

Edurne Elizondo

Hazi emankorra: halakoxea da Bortzirietako emakumeen memoriaren baratzean duela urtebete ereindakoa. Eskualdeko andreen historia jasotzea eta zabaltzea hartu zuten helburu bultzatzaileek, eta horretan aritu dira azken hamabi hilabeteotan. Oraindik ez dute uzta guztia bildu, lanean segitzeko prest baitira, Bortzirietako adin batetik gorako emakumeen eta gazteen arteko zubi lana egiteko asmoz.

Hazia ez da agortu, harri artean erein bazuten ere. Izan ere, Harritik hazia izenburuko antzezlana da emakumeen memoriaren inguruan azken boladan Bortzirietan egindako lanaren iturburua. Lan hori 2017. urtean estreinatu zuten, Beran. Berako Euskara Batzordeak bultzatuta, herriko eta inguruko bertze hainbat herritarrek prestatu zuten, memoria historikoa lantzeko. Bost emanaldi egin eta gero, iazko uztailean Arantzan inauguratutako baratzearekin eman zioten segida proiektuari: memoria lantzen jarraitzea zen kontua, eskualdeko emakumeen memoria. Baratzeak loreak eta landareak eman nahi ditu, bai eta orain arte ezkutuan gelditu den andreen historia jaso eta zabaldu ere.

Esther Carrizo da Harritik hazia antzezlana eta Arantzako baratzea sortzeko lan egin dutenetako bat. “Kontent” da, duela bi urte hasitako “bidaia” oraindik ez delako amaitu, eta, noraino joanen diren argi ez badute ere, bidean urratsak egin eta hurrengo geltokira ailegatzeko irrikan direlako martxan jarri ziren pertsona guztiak. “Talde sendoa osatu dugu, eta ari gara bidea egiten. Zoragarria da”, nabarmendu du.

Bihar besta bat eginen dute azken hamabi hilabeteotako lana ospatzeko. 12:00etan hasiko da prestatu duten ekinaldia, Arantzako plazan. Herriko eskolako haurrek parte hartuko dutela erran du Carrizok, baina ez du xehetasun gehiago argitu nahi izan. Arantzako eskolako ikasleekin emakumeen memoriaren gaia landu dute, hain zuzen ere, azken ikasturtean. “Sakondu beharreko gaia da hau; hori argi genuen proiektua martxan jarri genuenetik”.

Haur eta gazteekin aritu dira lanean, zehazki. Jasotako emakumeen berri eman diete, hasteko, eta datorren ikasturterako plana egin dute jada: “Eskualdeko emakumeen historia eta istorioak biltzen segitu nahi dugu, eta jada gure esku ditugunekin zerbait sortu”, erran du Carrizok. Asmoa da, oro har, “hausnarketa bultzatzea”. Horretarako, adin batetik gorako emakumeak elkarrizketatu nahi dituzte, haien bizipenen eta istorioen berri jaso eta idazteko. Idatziz jasotako informazio hori, gero, eskualdeko bertsolariekin landu nahi dute. “Bertsolari gazte anitz dago gure eskualdean, eta anitz dira emakumeak, gainera”. Gazteon bertsoen bidez, zubi bat eraiki nahi dute garai bateko eta bertzeko emakumeen artean.

“Bizitzarena” da emakumeen esparrua, Carrizok nabarmendu nahi izan duenez. “Emakumeak dira zaintzaz arduratu direnak, bertzeen ondoan egon direnak. Baina hori guztia, horren inguruan dagoen ezagutza guztia, ezkutuan gelditu da”. Horren inguruko gogoeta da baratzeak bultzatzen jarraitu nahi duena, hain zuzen.

Gobernuaren laguntza

Biharko bestarako itxurarik onena erakutsi nahi du Arantzako baratzeak, eta Carrizok eta bertze hainbat herritarrek garbitzeko eta atontzeko auzolana egin zuten aurreko astean. “Garbitu, eta negurako prestatu dugu”. Biharko ekitaldia plazan hasiko dute, baina, herriko hainbat txoko zeharkatu eta gero, baratzean amaituko da. “Ekar ditzatela landareak eta emakumeen istorioak hona etortzen direnek”, eskatu du Carrizok.

Auzolana izan da nagusi azken urtean. Arantzako Udalaren eta hango herritarren parte hartzea eskertu du Carrizok. Nafarroako Gobernutik 8.000 euroren diru laguntza jaso du Arantzako Udalak baratzeari eusteko, hain zuzen ere. Bortzirietako herritarrak lanean jarraitzeko gogoz dira.