“Helmugan denak hunkituta ikusteak hunkitu ninduen ni”

“Helmugan denak hunkituta ikusteak hunkitu ninduen ni”

Edurne Elizondo

Bakarrik ailegatu zen Maialen Oñate (Iruñea, 1992) helmugara, urrezko domina eman zion Abiadura Patinajeko Europako Txapelketako maratoian. “Ezin sinetsi” zegoen. Patinen gainean zoriontsu da, baina, kirol emaitzen gainetik, lehian hasi zenetik lortutako lagunak jarri ditu.

Irabazi bezain pronto, ezin sinetsi zinela erran zenuen. Zergatik?

Aurreko eguna nahiko txarra izan zelako. Nekatuta nengoen, eta ezin nuen imajinatu ere egin hurrengo egunean irabaziko nuenik. Presiorik gabe atera nintzela uste dut, eta gauzak ongi atera zitzaizkidan.

Nolakoa izan zen lasterketa?

Italiarrak ziren aurkari nagusiak, argi eta garbi. Maratoia lasterketa luzea da, eta argi genuen erasoaldiak izanen zirela. Hala izan zen, baina lortu genuen ongi erantzutea. Bi buelta falta zirenean erabaki zen lasterketa. Konturatu nintzen bi patinatzaile frantziar mugitzen hasi zirela. Ongi ezagutzen ditut, eta ohartu nintzen poliki-poliki ari zirela aurrera egiten. Haien atzean jartzea erabaki nuen, eta, azkenean, erritmoa aldatu zutenean, haiekin joan nintzen.

Eta lehena ailegatu zinen helmugara; non, eta etxean. Berezia izan da garaipena?

Helmugara ailegatu, eta mundu guztia hunkituta zegoela ikusi nuen, eta horrek hunkitu ninduen ni. Sekulakoa izan zen. Azken lau kilometroak bakarrik egin nituen, eta gogorrak izan ziren, baina jendeak izugarrizko indarra eman zidan.

Protagonista izateko ohiturarik ez duzula ere erran zenuen. Patinatzailea edo emakume kirolaria zarelako?

Patinajea ez da futbolaren gisako kirol bat. Gutxi ezagutzen da, eta are gutxiago emakumezkoena. Erdigunean egoteko ohiturarik ez dugu, eta, horregatik, helmugara ailegatu nintzenean, hagitz txiki sentitu nintzen.

Ez da kirol hagitz ezaguna, oro har, baina Iruñean zaletasun handia dago, ordea.

Bai, Iruñean bada patinajearen inguruko kultura. Espainian bertze inon baino gehiago. Patinatzaile anitz daude. Baditugu estalitako hiru pista inguruan, eta erdigunean, gainera, hiri zirkuitu bat. Udaberrian hasten gara Antoniuttiko pista hori erabiltzen, eta jendeak patinatzen ikusten gaitu. Zaletasuna sortzen laguntzen du horrek. Europako txapelketa egin izanak ere eman dio bultzada gure kirolari.

Zu nola hasi zinen?

Bost urte nituenean hasi nintzen. Kirola beti maite izan dut. Donibaneko igerilekuan ikusi nuen ikastaroa egin behar zutela patinatzen ikasteko, eta nebak eta biok izena eman genuen. Nebak laster utzi zuen, baina nik ez. Gero eta gehiago murgilduz joan nintzen, eta hogei urte joan dira jada.

Zer eman dizu kirolak urteotan guztietan?

Niretzat hagitz kirol erakargarria da patinajea. Kirol bizia da, beroa, eta harrapatu egiten zaitu. Gainera, kirol arloaz harago, patinajeak aukera eman dit jende anitz ezagutzeko. Lagun hagitz onak lortu ditut, eta haiekin izan ditudan momentuak biziki estimatzen ditut. Erranen nuke lagunekin bizi izandako gauza horiek guztiak kirol emaitzen gainetik daudela niretzat. Elkar zaintzen dugu denok.

Maite Anzin patinatzailea ondoan izan duzu zure bidean, adibidez. Garrantzitsua da kirolaren esparruan gisa horretako harremanak garatu ahal izatea?

Hamalau urte nituenetik izan dut ondoan Maite. Gero kanpora joan zen ikastera, eta, denbora tarte batez, nork bere bidea egin zuen. Baina itzuli zen, eta azken urteotan egunero entrenatu gara elkarrekin. Gauza anitz partekatu dugu. Ongi ezagutzen dugu elkar, eta pistan elkarri laguntzen diogu. Pistatik kanpo ere, lagun handiak gara.

Zaila da kirolak eskatzen dizun erritmoari eustea?

Lan handia egin behar da. Hemezortzi urte bete nituenean, erabaki nuen lehiaketa bazter uztea. Patinatzen jarraitu nuen, baina ez nuen neure burua gehiegi estutu nahi. Itzultzea erabaki nuen, halere, kirol hau maite dudalako. Neure buruari gehiegi ez exijitzea erabaki nuen, eta gauzak ongi joan direla uste dut.

Zaletasuna handia da emakume gazteen artean, baina gutxiago dira lehian aritzen direnak. Zergatik?

Egia da. Kategoria apalenetan emakume gehiago daude, baina, adinean gora egiten dugun neurrian, joera alderantzizkoa da, gehiago dira mutilak. Gu desagertuz joaten gara: kirola uzten dugu, hamaika arrazoi direla medio. Finean, emakumeak ikusezinago gara kirolaren esparruan, eta horrek badu eragina. Hainbat herritan, oraindik ere, emakumeok sari txikiagoa jasotzen dugu.

Zu patinatzaile gazteak entrenatzen ari zara. Nolakoa da bertze arlo hori?

Hagitz kontent nago lan horrekin. Patinajea deskubritzen ari diren neskekin ari naiz, eta hagitz polita da hori.

Erreferente bilakatu zara haientzat. Garrantzitsua da hori?

Ez dakit erreferente bat ote naizen haientzat. Ni saiatzen naiz nire onena ematen, eta, lehiaketaren gainetik, garrantzitsuena egiten dutenarekin gozatzea dela irakasten. Ongi pasatzea irabaztea baino garrantzitsuagoa da.

Zer asmo duzu datozen hilabeteotarako?

Patinatzen ongi pasatzen jarraitu nahi dut, batez ere. Asteburuan Zubiri, Iruñea eta Gares arteko bi etapako maratoia dugu. Proba gogorra da, baina hagitz polita, eta maite dut.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku