“Mitoak dira modu bat errealitate konplexua sinplifikatzeko”

“Mitoak dira modu bat errealitate konplexua sinplifikatzeko”

Kattalin Barber

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle dira Lohitzune Zuloaga (Errenteria, Gipuzkoa, 1981) eta Paz Frances (Iruñea, 1983). Soziologian eta Zuzenbidean doktoreak, hurrenez hurren. Mitos sobre delincuentes y víctimas kaleratu berri dute, Gema Varona adituarekin batera. Zigor sistemaren inguruan sortzen diren mitoak mahai gainera ekarri nahi izan dituzte haien inguruko hausnarketa bultzatzeko

Nola sortu da liburu hau egiteko proiektua?

LOHITZUNE ZULOAGA: Gema Varonarekin kriminologiari buruz ari ginela, ikusi genuen beti zeudela errepikatzen ziren ideia batzuk alor horretan. Ideia batzuk behin eta berriz agertzen zirela mahai gainean. Lanaren helburua ez da mito edo ideia horiek hutsean uztea, baizik eta mito baten inguruan bereiztea zer den egia, zer ez, eta zer-nolako erabilera duten norbanakoak deshumanizatzeko edo giza eskubideak kontuan ez izateko.

PAZ FRANCES: Mitoak barneratuak dituzten pertsonentzat egin dugu liburua, baina, aldi berean, erreminta erabilgarria izan daiteke profesionalentzat ere, gure ustez, orain arte ez zelako existitzen gisa horretako lanik, hain zuzen ere.

33 mito ageri dira lanean. Horietako pare bat aukeratu, eta nola funtzionatzen duten azaldu ahal duzue?

L.Z.: Adibidez, etorkin adingabeen inguruan bi mito daude: gazteek delitu asko egiten dituztela eta etorkinak delitugileak direla. Horrez gain, uste da gazteek ez dituztela legeak errespetatzen eta haientzako zigorrak bigunak direla. Mitoaren egia zatia izan daiteke gaztaroan konfrontazio gehiago dagoela legearekin. Horri deitzen zaio kriminalitatearen kurba, baina ez da zehazki adin txikikoekin gertatzen. Hor dago okerra. Esaterako, 14 urte edo gutxiagoko nerabeek egiten dituzten delituak oso-oso gutxi dira. Auziaren egungo egoera aztertu dugu. Lapurreta txikiak izan ohi dira adingabeen delituak. Hori guztia esanda eta adingabeen legeari erreparatuz, ikus dezakegu zigorrak gero eta gehiago gogortu direla. Legeak erakusten du zigorrak ez direla bigunak haientzat, eta kasu batzuetan, hain zuzen, politika publikoak gogorragoak dira adingabeentzat helduentzat baino.

P.F.: Niri gustatzen zait mito hau: alderdi politikoek ezer egiten ez dutela azaltzen duena. Gainera, abiapuntua edo oinarria da beste hainbat mito ulertzeko. Herritarren segurtasunarekin edo delinkuentziarekin arazo bat baldin badago, esan ohi da hori gertatzen dela arduradun politikoek ez dutelako ezer egiten. Politika publikoak neurri eta estrategia multzoa dira gatazka egoera bat erregulatzen saiatzeko. Baina egiteak ez du esan nahi aldi oro legeak onartzea edota neurriak hartzea. Alderdi politikoek gauzak egiten dituzte. Arazoa da agian beti berdin egiten dutela, gure ikerketen arabera. Adibidez, delinkuentzia arazotzat jo denean, heltzeko modu bakarra zigor sistemaren bidez izan da, legeak gogortuz. Egiten dute, baina eraginkorra ez den bide batetik.

Gogoeta egin duzue liburuan zigorrak gogortzearen inguruan. Norantz goaz arlo horretan?

P.F.: Lohitzunek aipatutako mitoa oso garrantzitsua da, eta gure liburuaren abiapuntua indartzen du. Gaur egun, zigor zuzenbidea erabat zigortzailea da, eta, sistematikoki, irtenbidea beti izan da zigorra handitzea. Ondorio larri eta arriskutsua du horrek. Horregatik sortu dugu liburua; arazoa konplexua da, baina, behintzat, liburuak parada ematen du gizarteak kontzientzia hartzeko eta ikusteko badaudela beste irtenbide batzuk, edo, gutxienez, ondorioez jabetzeko.

Mitoak beti existitu dira, eta beti existituko dira?

P.F.: Mitoak beti existituko dira. Gizartearen espresioa direlako, hain zuzen. Batzuek, agian, garrantzia galduko dute, eta sortuko dira berriak, aldi berean. Guk jorratu dugu zer gertatzen den mitoak erabiltzen direnean helburu zehatz batekin.

L.Z.: Mitoek badute beren funtzio soziala. Errealitatea oso konplexua da, eta mitoa izan daiteke modu bat sinplifikatzeko edo ulertzeko. Genero indarkeriaren legeak ez duela ezertarako balio dioen mitoa dago. Egia da legea egin zenetik, estatistikoki, hil dituzten emakumeen kopurua ez dela murriztu. Baina azaldu nahi dugu ezin dela bakarrik horrela ebaluatu, lege batek badituela helburu asko, eta, ondorioz, ezin duela berehalako ondoriorik izan.

Hedabideek zer-nolako rola betetzen dute mitoak zabaltzeko orduan?

L.Z.: Ni, egia esan, kritikoa naiz hedabideak manipulatzaileak direla dioen ideiarekin. Egia da hedabideek lan egiten dutela berehalakotasunetik eta gertaera jakin batetik abiatuta, eta egia da fenomeno bat azaltzeko beharrezkoa dela ikuspuntu zabalagoa izatea. Baina ez dut uste egitura handi bat dagoenik atzean herritarrak manipulatzeko, baizik eta badirela bereganatu diren dinamika zehatz batzuk.

Biktimen inguruan ere mito asko daude, liburuan jaso duzuenez. Zeintzuk nabarmenduko zenituzkete?

P.F.: Biktimen kapituluan jarri dugu Gemaren aipu esanguratsu bat: “Biktimek gidoia bazter uzteko eskubidea dugu”. Inoiz kontuan hartzen ez diren elementuak aipatu ditugu hor. Biktima guztiak desberdinak dira, eta haien beharrak ez dira kontuan hartzen; sistemak ez ditu kontuan hartzen. Gainera, aurreiritzi asko ditugu biktimen inguruan, eta aurretik pentsatutako ideiak, haien jokabideari buruz: nola jokatu behar duten, zer erantzun behar duten… Delitugileentzat prozedura desberdinak daude delituaren arabera, baina biktimarentzat beti zigor prozedura bera dago.

L.Z.: Delitugileei buruz ez dago itxaropenik; biktimei buruz, ordea, bai; horrek egiten du egoera desberdin.

Askotan, onen eta gaiztoen arteko bereizketa egiten dugu, baina fenomenoak ertz asko ditu, ezta?

P.F.: Bai, biktima beti ona da; gaiztoa, berriz, delitugilea. Fenomeno hain konplexuak azaltzen ari garenez, logika binarioak ez du funtzionatzen, beste hamaika bide daudelako. Baina prozesu penalak behar du sinplifikatzea, gizarteak bezala.

L.Z.: Gainera, gerta daiteke pertsona bat delitugilea izatea, eta, aldi berean, biktima ere. Hori ere izan behar dugu kontuan.