Uxue Rey Gorraiz
Behingoz aditu ditzaten atera dira berriz kalera protesta egitera. 0-3 zikloko hezitzaileek jasaten duten diskriminazioari kontra egiteko borrokan jarraitzen dute Nafarroako 0-3 Plataformako kideek. Urteak dira lan baldintza hobeak eskatzen ari direla, eta orain pandemiak nabarmen kaskartu du hezitzaileen egoera. Itxialdiak normaltasunez lan egitea galarazi dien honetan, kontratua eten diete askori, eta apenas duten etorriko denari buruzko informaziorik. Etorkizunari so, ziurgabetasuna da nagusi, epe motzean zein luzean. Plataformako kideek eskatu dute langileak berehalakoan itzul daitezela lanera. “Kinka larrian” daudela salatu dute.
“0-3 zikloa oso zaurgarria izan da beti, eta, zaurgarritasun hori areagotu egin da orain, pandemia garaian”, azaldu du Steilas sindikatuko Diana Bruñok. Krisialdia iritsi aurretik ere asko ziren, plataformako kideen esanetan, zikloan hobetu beharrekoak. Batik bat, soldatak igotzea eta lan baldintzak hobetzea aldarrikatzen dute aspaldi hezitzaileek, baita ratioak jaistea ere. Salatu dute, gainera, haur eskolak kudeatzeko eredu desberdinak izateak kalte nabarmena egin diela, beste behin, profesional batzuei.
Hiru urte arteko haurrentzako zikloa ez dago Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren barrenean, eta, hortaz, udalen esku dago haur eskola bakoitzaren kudeaketa. Udal batzuek modu zuzenean egiten dute lan hori, baina askok enpresa pribatuen bitartez kontratatzen dituzte hezitzaileak. Udal haur-eskola gehienek funtzionatzen dute horrela (zehazki, %92k), plataformako kideen arabera. Hain justu, plataformak salatu du kudeaketan enpresa batek parte hartzen duen kasu horietako askotan kontratuak eten egin zaizkiela hezitzaileei, eta kexu dira hori ikusita.
Plataformak eskatu du martxoaren 25eko Errege Dekretuak jasotzen duena betetzeko. Izan ere, dekretu horren arabera, ezin da aldi baterako enplegu erregulaziorik egin Administrazio Publikoarentzat lan egiten duten enpresetan, baina hezitzaileek salatu dute baldintza hori ez dela bete, hori baita askok egun bizi duten egoera.
Azaldu dute “premiazkoa” dela langileak “berehalakoan” lanera itzultzea. “Ikasturtea ixteko eta datorrena antolatzeko garaia da orain”, esan du, kezkatuta, LAB sindikatuko Amaia Urzelaik. Haren esanetan, “ezinegona” da nagusi hezitzaileen artean.
Itzuli beharra argudiatzeko asmoz, plataformako kideek zerrenda bat osatu dute, erakuste aldera egiteko asko dituztela haurrak eskoletara itzuliko ez badira ere. “Memoria idaztea, familiak agurtzea, materialak itzultzea, telefono bidezko arreta ematea, matrikulazioa antolatzea… Lan handia dago orain”, zehaztu du Bruñok. Gainera, orain ekin behar liokete, haien esanetan, abuztuan hastekoa den ikasturtearen antolaketari; esaterako, koronabirusaren eraginez aintzat hartu beharko diren protokoloak prestatzeari.
“Baztertuta gaude”
“Krisialdi honek agerian utzi du inoiz baino beharrezkoagoa dela udal haur-eskolak kudeaketa eredu bakarraren menpe egotea, eta argitu du kudeaketa horrek zuzenekoa izan behar duela”, adierazi du Bruñok. Hezitzaileek maiz kritikatu dute handiak direla 0-3 eta 3-6 zikloen artean dauden desberdintasunak, “biak borondatezkoak izan arren”. Horregatik, plataformaren eskakizun nagusia da Hezkuntza Departamentuak osorik har dezala 0-6 zikloaren gaineko kudeaketa, finean bi adin-tarteetan baldintza beretan aritu daitezen. Hala balitz, egungo egoera oso bestelakoa litzateke, Bruñoren iritziz. “Hezkuntza Departamentuak esan izan balu ziklo hau premiazko zerbitzua dela, 3-6 zikloarekin esan duen bezala, udalek beste modu batean jokatu izanen lukete, eta hezitzaileak etxetik lanean arituko ziren behintzat”.
Errealitatea oso bestelakoa da, ordea, LABeko Urzelaik erantsi duenez: “Dena airean dago, eta, kasu batzuetan, langileek ez dakite abuztuan lanera itzuliko diren ere”. Zalantzaz beteak daude, eta erantzun premian dira, ezinbestean.
Hain zuzen ere, erantzun eta irtenbide bila, 0-3 Plataformak hainbat erakunderi helarazi dizkie bere aldarrikapenak, Hezkuntza Departamentuari berari, kasurako, udal haur-eskolak hark kudeatu beharko lituzkeela sinetsita daudenez gero. Bestalde, eta udalez gain, alderdi politikoekin ere saiatu dira harremanetan jartzen.
Oraingoz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa da plataformari modu zuzenean erantzun dion bakarra. Helarazitako gutunean, federazioak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak erabaki duela udal haur-eskolak aurtengo ikasturtean berriz ez irekitzea, eta gaineratu du toki-entitateek, hau da, udalek, “ahalmen txikia” dutela horren gainean bestelakorik egiteko. Era berean, azaldu dute hezitzaileen lanari dagokionez ere Nafarroako Gobernuak zehaztutakoa errespetatu behar dutela, eta, haur eskoletarako matrikula eta aurrematrikula abian den honetan, prozedurak egoki funtzionatzeko behar adina langile ari direla lanean dagoeneko.
Dena dela, Udal eta Kontzejuen Federazioa prest agertu da 0-3 Plataformako kideekin bilera bat egiteko, plataformakoen aldarrikapenak “xehetasun handiagoz” zein diren jakiteko.
Plataformari ongi iruditu zaio federazioa hitz egiteko prest agertu izana, baina kideek argitu dute ez dutela askorik espero. “Oso errealistak gara. 0-3 zikloa azkeneko postuan dago Hezkuntza Departamentuaren lehentasunen zerrendan”, esan du Bruñok. Bestalde, gaineratu du udalak “lanez gainezka” daudela orain, eta ez dela erraza gaiari heldu ahal izatea. Kideek adierazi dute, ordea, aldarrikapenei eutsiko dietela, “langileen eta haurren eskubideengatik”.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku