Udalerriaren erdigunean badago ere, Lizarrako Mendizale Elkartearen egoitzan mendi kutsua nabari daiteke. Atetik sartzean, eskuinean, eskalada egiteko rokodromo bat dago; ezkerrean, berriz, mendian ateratako hainbat argazki, horman itsatsita. Euskal Herriko erliebearen mapa bat ere badago, eta, ziur aski, mapa horretan ageri diren tontor ugaritan izanak dira elkarteko hainbat kide. Izan ere, Lizarrako Mendizale Elkarteak 75 urte bete ditu aurten, eta, sortu zenetik gaur egun arte, bertako kideek mendi irteera ugari egin dituzte. Helburu argi bat izan dute beti: Lizarrerriko biztanleen artean mendizaletasuna sustatzea. Antolatzen dituzten jarduera gehienak mendiarekin loturik daude, baina mendizale elkarteak Lizarrako dinamika sozialetan eta kulturaletan ere parte hartzen du. Gaur egun, seiehun bazkide inguruk osatzen dute Lizarrako Mendizale Elkartea.
Elkartea «oso soziala» dela azpimarratu du taldeko lehendakari ohi Guillermo Moratinosek, eta esan du garrantzia duela gaur egun Lizarran egiten diren jardueretan. Dena den, elkarteko egungo lehendakari Inma Genbek hastapenetara jo du, eta erakutsi du Lizarrako Mendizale Elkarteak sortu zenetik izan duela garrantzia arlo sozialean Lizarran. Izan ere, elkartea diktadura frankistaren garaian eratu zuten, eta, Genbek dioenez, garai hartan zeuden «murrizketa ugarien» aurrean askatasunez aritzeko «babesleku bat» zen Lizarrako Mendizale Elkartea. «Gune seguru bat zen topaketarako eta jarduerak antolatzeko», adierazi du. Gainera, Genbek esan du mendi irteerak zirela elkarteko kideek euskaraz hitz egin zezaketen «une bakarra», garai hartan bizi izan zirenek kontatutakoaren arabera.
Elkarteak 75 urte bete izanak «harrotasuna» sentiarazten dio Moratinosi. Genbek, berriz, aipatu du elkartea «lagunak egiteko fabrika bat» dela. Genbek hamabost urte inguru daramatza bazkide, eta Moratinosek, hogei urte inguru. Elkarteko batzordekide Koldo Jordanak 45 urte daramatza, eta hark nabarmendu du gaur egun «dena indibidualistagoa» den arren mendizale elkartean oraindik jendea batzen dela mendira irteerak egiteko.
Askotariko jarduerak
Lizarrako Mendizale Elkarteak askotariko jarduerak antolatzen ditu urtero, baina mendi irteerak dira gehienak. Txango horien berri ematen du elkarteak bere webgunearen bitartez, eta irteeren inguruko datu teknikoak ematen ditu. Aurten hainbat txango egin dituzte elkarteko bazkideek; besteak beste, Larra-Belaguako mendietan, Aizkorrin (Gipuzkoa) eta Gorbeian (Araba) izan dira. Dena den, nazioartean ere egiten dituzte txangoak. Genbek kontatu du nazioartean egin zuten lehen txangoa Marokora egindako bat izan zela, eta lehendakariarentzat, Moratinosentzat eta Jordanarentzat txango berezia izan zen hura. «Dena oso ongi atera zen, eta hor egin genituen orain arte iraun duten mendizale elkarteko lagunak», adierazi du Moratinosek.
Haurrentzako irteerak ere prestatzen ditu Lizarrako Mendizale Elkarteak. Haurrei dagokienez, urtero egiten duten jarduera bat Olentzeroren ospakizuna da. Elkarteak Larraitza mendian duen aterpean antolatzen dute, eta, Jordanak dioenez, haur ugarik parte hartzen dute, eta jarduera «oso polita» da. Larraitzako aterpean urtero egiten duten beste ospakizun bat Finalista Eguna da. Moratinosek azaldu du egun hori elkartea osatzen duten mendizaleen «topaketa eguna» dela, eta hainbat ekintza egiten dituztela. Aurten ekainaren 7an ospatu dute Finalista Eguna, eta, besteak beste, herri kirolak egin zituzten, dominak banatu zituzten, eta herri bazkari bat egin zuten.
Lizarrako Mendizale Elkarteak Finalista Eguna ospatu zuen lehen urtea. 1951n sortu zuten elkartea, eta 1953tik Finalista Eguna ospatzen dute mendizale elkarteko kideek.
Hala ere, elkartearen oinarrietako bat bazkideen prestakuntza da, eta horren garrantzia nabarmendu du Moratinosek: «Uste dugu prestatutako mendizale batek istripu gutxiago eta gaitasun handiagoa izateko aukera duela». Aurten, Huescako (Espainia) Lizara aterpean neguko alpinismo ikastaro bat egin dute.
Konpromiso soziala
Moratinosek azpimarratu du elkarteak hiru oinarri dituela: mendi irteerak, prestakuntza eta «elkarte sozial bat» izatea. Lizarran urtero egiten dituzten jarduera garrantzitsuenetariko bat Mendi Astea da. Aurten hamahirugarren atala ospatuko dute, urrian. Aste horretan, besteak beste, filmak eta dokumentalak proiektatzen dituzte, eta hitzaldiak egiten dituzte. Elkarteko bazkideek esan dute Mendi Astean parte hartu dutela Euskal Herriko eskalatzaile ugarik, eta, besteak beste, Pou anaiak, Alex Txikon, Edurne Pasaban eta Juanito Oiartzabal aipatu dituzte.
Euskara bultzatzeko jarduerak ere antolatzen ditu Lizarrako Mendizale Elkarteak. Mendian Mintza izeneko ekinbidea antolatu dute Garean elkartearekin batera, eta aldian behin mendi txangoak egiteko «mintzatalde irekia» da hori. Horrez gain, hainbat urte daramatzate Korrikan kilometroa erosten. Beste gai sozial batzuk ere lantzen dituzte. Esaterako, bost urte inguru daramatzate Espainiako Minbiziaren aurkako Elkartearekin elkarlanean, asteazkenero «ibilbide osasungarriak» egiten Lizarra inguruan.
Lizarrako Mendizale Elkarteko kideen argazkia, 1951n, Gorbeian. LIZARRAKO MENDIZALE ELKARTEA
Herrian beste hainbat elkarte eratzeko ere garrantzitsua izan da Lizarrako Mendizale Elkartea; izan ere, aipatu dute mendizale elkartetik sortu direla, besteak beste, Larraiza dantzari taldea eta Lizarrako Espeleologia Taldea. Horrez gain, esan dute Lizarrako ikastola ere elkarteko kideek sortu zutela.
Etorkizunari begira, Genbek dio gaur egun egiten ari diren jarduerekin jarraitu nahi dutela. Jordanak, berriz, nabarmendu du erronketako bat gazteengana iristea dela. Elkarteko kideek azaldu dute haur askok egiten dituztela mendi txangoak, baina haurren eta helduen arteko adin tarteko jende gutxiago dagoela.
