Edurne Elizondo
Kultura ere bada konfinamendutik ateratzeko gogoz; koronabirusaren pandemiak ekarri duen osasun krisiak arlo guztietan izan du eragina, eta karrikak beren jarduera garatzeko erabiltzen dituzten artistek anitz sumatu dute espazio horien falta. “Etxean gelditu behar genuela errepikatzen ziguten, baina gure lana kalean da”, azaldu du Jabi Landa kale artistak.
Horregatik, Civican zentroaren inguruko espazioa bere egin du Landak, asteon, Open/Ireki proiektuaren bidez; gogoz, gainera. Xabier Latasa, Leire Urbeltz, DJ Reimi eta Yummygyals taldeko dantzariak ere batu dira ekinaldira. Lanean ariko dira, hilaren 30ean proiektua burutzeko besta egin arte.
Osasun krisiak ekarri duen oraingo egunerokora egokitzeko beharra dago Open/Ireki proiektuaren atzean. Zehatzago erranda, moldatzeko behar horren inguruko gogoetak ekarri du astelehenetik abian den ekinaldia. Aldebikoa izan da hausnartzeko lan hori, gainera: batetik, parte hartzen duten artistek egin dute; eta, bertzetik, Civican zentroko kideek, beren espazioa moldatzeko eta segurtasunez zabatzeko ardurak bultzatuta.
Ondorioz, zentroaren ondoko Civican plaza egokitu egin dute erakunde horretako arduradunek: publikoa egoten ohi zen espazioa artistek hartuko dute aurrerantzean, eta ikus-entzuleak, berriz, agertokia zen eremuan kokatuko dira.
Espazioa aldatu da berriz ireki ahal izateko, eta ideia hori da proiektuan parte hartzen duten artistek garatu dutena, hain zuzen ere. Latasak eta Landak bat egin dute, neurri batean: “Ideia beraren inguruan aritu gara: hiria berriz zabaltzeaz, espazioak irekitzeaz, baita hiria osatzen duten dendari txikiek zabalik jarraitzeko duten beharraz ere. Horren guztiaren inguruko hausnarketa egin dugu, baina estilo eta teknika ezberdinak erabili ditugu”, kontatu du Latasak.
Bera izan da lanean hasten lehendabizikoa. Astelehenean hasi zen Civican plazan kokatutako hiru prismetako bat margotzen. Koronabirusarekin estu lotu den hitz baten inguruko gogoeta islatzea hartu du helburu, egun duen zentzu negatiboari buelta emateko: “Agerraldi hitz madarikatu bilakatu da egunotan; birusaren agerraldien beldur gara; berriz agertzea, baina, gauza hagitz polita izan daiteke, eta hori nabarmendu nahi dut nik; kultura bera ari dela berriz agertzen gure artean”, erran du.
Jabi Landak ideia beraren inguruko hausnarketa hartu du abiapuntu. Bertze hitz bat jarri nahi izan du artistak, halere, bere lanaren erdigunean: “Loratzeko beharraz aritu nahi dut”. Latasaren ondotik, Leire Urbeltzek ekinen dio lanari, eta Landa izanen da bere prisma margotzen azkena.
Musika saioak eta besta
Ekainaren 26an amaituko dituzte Latasak, Urbeltzek eta Landak beren obrak. Proiektuak, halere, baditu adar gehiago, eta horien bidez ere, Civican plazako espazioa okupatzeko bertzelako moduak saiatuko dituzte.
Gaur, 18:00etan, Aitor Burgi, DJ Set, ariko da Civican plazan. Eta hurrengo ostiralean, berriz, ordu eta toki berean, Iñaki Kreatorrek eginen du bere saioa.
Azken ekinaldia hilaren 30ekoa izanen da. Egun horretan, Urbeltzek, Latasak eta Landak egindako obrak izanen dira erdigunean, berriz ere. Kaleko artearekin lotutako bertze hainbat diziplinak ere eginen dute bat proiektuaren azken txanpa horretan, eta margoen, musikaren eta dantzaren arteko solasaldia proposatuko dute parte hartzaileek.
“Elkar ezagutzen dugu, eta aritu izan gara bertze hainbat alditan elkarrekin; ongi funtzionatzen dugu”, azaldu du Jabi Landak, hilaren 30eko azken besta horretan ariko diren artistei buruz. Batetik, Xabier Apestegi DJ Reimik hartuko du bere gain musikaren ardura. Ez da ohiko DJ bat, bizikleta bat baliatzen baitu bere musika zabaltzeko. “Bozgorailuak jarri dizkiot; beraz, espazioan alde batetik bertzera mugitzeko aukera izanen dut nik”.
DJ Reimik jarriko die musika Yummygyals taldeko kideek Mimeticos izenburupean prestatutako proiektuan ariko diren hiru dantzariei: Dhelia Aranaz, Aitziber Ganuza eta Marina Otamendi izanen dira 30ean, Civican plazan, zehazki. “Taldean zazpi gara, baina oraingoan hiruk parte hartuko dugu. Gogoz gara, kaleko artearen inguruko jarduera ezberdinek eginen dutelako bat proiektuan. Landarekin egin izan dugu lan, eta ongi moldatzen gara”, azaldu du Aranazek.
Landak ere parte hartuko du azken bestako performancean, eta dantzariekin batera ariko da, aurretik margotutako lanen inguruan. “Dantzarien arropa margotuko dut, eta, modu horretan, Latasak, Urbeltzek eta nik egindako muraletan barnetatuko dira”.
Egun horretarako propio sortutako koreografia bat ere eskainiko dute dantzariek. “Hamar minutuko pieza bat osatu dugu; erronka bat izan da guretzat, gure ohiko esparrutik atera garelako”, aurreratu du Aranazek.
Xehetasun guztiak bestaren egunean argituko dira. Bitartean, artisten margoen garapena ikusteko aukera izanen dute Civican plazara hurbiltzen diren herritarrek, jendaurrean ariko baitira lanean, hilaren 26ra bitarte. Karriketara itzuli nahi zuten, eta Open/Ireki proiektuk eman die lehendabiziko aukera. Espazioak eta moduak moldatzen segitu beharko dute, loratzeari ez uzteko; kultura agertzen jarraitzeko.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku