Bidean jarraitzeko prest dira

Bidean jarraitzeko prest dira

Iruñeko Geltoki espazioak hiru urte bete ditu. Arduradunek nabarmendu dute proiektua «sasoiko» dagoela. Iruñeko Udalarekin duten hitzarmena 2024ko abendura arte dago indarrean.

Edurne Elizondo

Iruñeko Geltoki espazioak hiru urte bete ditu. Proiektuko arduradunek geldialdi bat egiteko aprobetxatu dute urteurrena, atzera begiratu, eta egindako bideak ekarri duena aztertzeko: “Erakutsi dugu posible dela bertze modu bateko gizarte bat osatzea”, nabarmendu du Geltoki Iruña elkarteko presidente Carlos Reyk, hedabideen aurrean egindako agerraldian.

Ekonomia solidarioa, kultura alternatiboak eta elikadura subiranotasuna sustatzeko asmoz jarri zuten abian Geltoki, hain zuzen, eta 2018tik, bide horretan “urratsak” egin dituztela azaldu dute arduradunek. “Azken hemezortzi hilabeteak bereziak izan dira, pandemiak dena baldintzatu duelako, baina, hala eta guztiz ere, Geltoki sasoiko dago”, erran du Geltokiko koordinatzaile Lander Martinezek.

Carlos Reyk zehaztu du hasieran oinarri hartutako helburuak “betetzea” lortu dutela; horretan ari direla. 2018ko ekainaren 9an inauguratu zuten Geltoki, eta orduko Iruñeko zinegotzi Patri Peralesek erran zuen “dinamika ezberdinen sortzaile” izan nahi zuela proiektuak. Reyren ustez, hori lortzen ari dira, eta “ospatzeko modukotzat” jo du.

Duela hamar urte

Geltokik hiru urte bete ditu, baina Geltoki Iruña elkarteko kideak —REAS, Emausko Trapuketariak, Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseilua, EHNE sindikatua eta Eskuz Landutako Jangaien Ekoizleen Elkartea— duela hamar hasi ziren proiektua mamitzen. Orduko Iruñeko Udalak, baina, ez zuen ontzat hartu, eta egitasmoa bazter batean gelditu zen, 2016ra arte.

Aldaketa gertatu zen Iruñeko Udalean, 2015ean, eta arduradun berriek oniritzia eman zioten autobus geltoki zaharraren egoitza Geltoki proiektua garatzeko erabiltzeko jasotako proposamenari. Udalak espazioa atontzeko lanak egin zituen 2018ko otsaila eta maiatza bitartean, ia 684.000 euroren inbertsioa eginda. 900 metro koadroko espazio bat da Geltoki egun, eta dendak, erakusketa eta informazio gelak, eta kafetegi bat ditu, bertzeak bertze.

Oinarri dituzten balioek gidatzen dute Geltokiko kideen bidea: “Tokiko produktuari eta ekoizleei eman nahi diegu duten balioa, eta jarri nahi ditugu erdigunean”, nabarmendu du Katrin Ginea koordinatzaileak. Kulturaren esparruan ere tokiko sormen prozesuak eta tokiko artisten lanak nabarmendu nahi dituzte Geltokin.

Hitzarmena udalarekin

Kapitalismoaren eta multinazionalen arautik kanpoko errealitate bat eraiki nahi du Geltokik; eta hori egin nahi du “gizarte ehuna” baliatuz. Espazioa elkarte eta kolektibo anitzen topagune izan da hiru urteotan, eta sare hori sustatzen jarraitu nahi dute Geltokiko kideek.

2024ko abenduaren 31ra bitartekoa da Geltoki Iruña elkarteak Iruñeko Udalarekin egun duen hitzarmena. “Hitzarmena bertze hiru urtez berritzeko aukera dago”, ezagutarazi du Katrin Gineak. Proiektua “sendotu” dela nabarmendu du, eta aurrera jarraitzeko prest direla. “Herritarren babesa” jaso dute, eta Iruñeko Udalarena ere nahi dute, bidean jarraitzeko hitzarmenak sinatzen segitzeko.